Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Martxoa 03 Ezkerrak gero mutuak ez diren!
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Ezkerrak gero mutuak ez diren!

Badut nik zenbait asteburutako iraupen-eskikidea, zatia gazteagoa, bere burua nerea baino arras ezkertiarrago, aurrerakoiago, abertzaleago eta euskaltzaleagotzat duena. Ez dut nik inondik ere esango hori guztia ez denik. Baina “ezkerrak” gero mutua ez den, bestela nekez igarriko litzaioke-eta.

Ez dakit nik, benetan, eski-ildoa lekurik aproposena ote den ezkertiar-eskuindar txorakerietan bereizten hasteko. Behar bada forjan, harrobian, meatze-zuloan edo, gutxienez, taladrina usainaz… tira. Baina eskitan… ia-ia elkar ez ezagutzeko lain North Facez edo Ternuaz jantzi-jantzi eginda… Antoñita-la-fantasticaren asmamen-punttua behar da gero, giro horretan ni-zu-baino-gehiagoka aritzeari ekiteko.

Hala ere, ez dut batere zalantzan gure mutila ezkertiarra denik. Segurutik, gutxi bezain aurrerakoia ere izan izango da. Bai horixe. Ez dut ordea ulertzen horren ezkertiarra eta aurrerakoia baldin bada zer premia duen aukerarik txikirrenean gainerakook gutxiesteko edo. Ematen du gozatu egiten duela, gainera, ume aluak. Tira, bere burua lasaitzeko baliagarri bazaio ez diot nik behintzat kontrakorik esango.

Abertzale sutsua denik ere ezin gero ukatu, independentista amorratua gainera. Ni eta nitarrak ez omen gara, ordea, erdipurdikoak baino. Ez dut sekula ulertu zergatik independentistak diren abertzalerik abertzaleenak… are gutxiago kale-bazterretan “Goazen Independentziara” gisako aldarriak jartzen hasi direnetik. Betidanik pentsatu izan dut independentzia hitzak  edozenbat zentzu izan zitzakeela, baina ez nuen uste, ostera, bertara joan beharreko lekuren bat izan zitekeenik. Joan, lekua hartu, jarri, argazkia atera eta kitto. Amama gero!

Jakinekoa, berriz, nere eskikidea euskaltzalea dena, horrela aitortzen baitu berak txitean-pitean, inork galdetu ez arren. Ez dut inoiz euskalgintzaren eskala txikiko saioetan ikusi –Kilometroetan eta horrelako garauetan bai, hori bai— eta nabarmen gustukoago du egunkari-politika-jarduna euskarazko liburuak erostea eta irakurtzea baino; baina, segurutik, liburua gero eta euskarri zaharkituagoa eta kontserbatzaileagoa delako izango da.

"Ezkerrak" gero nere lagun eskikidea eta bera bezalako asko eta asko mutuak ez diren, bestela ez genieke igarri ere egingo.

 eski

 

Amatiño 2010/03/03
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04