Artxiboa Martxoa 2010
Ontsa lehiatzeko bidea
Lehiakorrak izaten jarraitzekotan, energia urriago behar izango duen industriaren apustua egiteaz gainera, guk geuk izan beharko dugu –jarreraz, prestakuntzaz eta ezagutzaz– gero eta lehiakorragoak, oinarrizko energia kanpotik ekartzen jarraitu beharko baitugu luzaro.
Saudi Arabiako Industria ministroari galdetu diote zein ote bere etorkizun-estrategia. Baita azkar erantzun ere: “Energia asko behar izango duen industria motaren aldeko apustua”. Mendebalde osoak ahalik eta energiarik gutxieneko industria amesten duen artean, Arabiak justu bestelakoa du helburu. Arrazoia guztiz ulergarria da, alegia: energia gero eta garestiagoa izango denez gero eta erreserbarik handienak arabiar penintsulan bertan egon, saudi industria izango da lehiakorrena energia asko behar duten sektoreetan.
Beste muturrean, Euskal Autonomia Erkidegoa da –Luxenburgo, Malta eta Zipreren ondotik– kanpoko energia-menpekotasunik handiena duten europar herrialdeetakoa. Eta industria gure kontsumoaren %46,5 da, EB-27an %27,6 den artean.
Beraz, lehiakorrak izaten jarraitzekotan, energia urriago behar izango duen industriaren apustua egiteaz gainera, guk geuk izan beharko dugu –jarreraz, prestakuntzaz eta ezagutzaz– gero eta lehiakorragoak, oinarrizko energia kanpotik ekartzen jarraitu beharko baitugu luzaro.
Argia, 2010eko martxoaren 28an.
Gero jakin nuen
Astelehen goizean jaiki nintzerako gurasoak alde eginak ziren Donibane Lohitzunera, euskaldunon lehendakari zenaren elizkizunetan. Ez zen gero batere ohikoa astelehen buru zurian aita lanera ez joatea, ezta ordu horietan ama etxetik ateratzea ere. Are gutxiago biak elkarrekin alde egitea. Gero jakin nuen, iluntzean, jende ikaragarri askok Santiago zubia igaro zuena eta hiru ordu luze iraundako hileta erabat hunkigarria izan zena.
Donibane Lohitzune, 1960ko martxoaren 28an
Etxean ezer gutxi hitzegin ohi zen politikaz. Euskaraz, Euskal Herriaz eta euskalduntasunaz, ostera, bai; asko gainera. Hainbat urtetan uste izan nuen hura zela politika. Gero jakin nuen, berriz, politika euskal nortasuna baino gehiago –edo gutxiago-- zena.
Jose Antonio Agirrek hil egin behar izan zuen etxean hartaz hitzegiteko eta gero jakin nuen aita zenak erdi ezkutuan irakurri eta gorde ohi zituen De Guernica a Nueva York pasando por Berlín (José Antonio Agirre, 1942) eta Catolicismo y la cruzada de Franco (Juan Iturralde, 1956) tankerako liburuek hildakoaren nondik norakoarekin zer ikusirik zutena.
Hamabost urte geroago Telesforo Monzonen jauretxera joateko hitzordua eman zidaten, gure aitaren izenean iraultza-zerga negoziatzeko. Bueltan jakin nuen egon nintzen gela berean jarri zutena, 1960ko martxoaren 27an, Agirre lehendakariaren gaubeila.
Hurrengo hamarkadan ETB abian hasi eta, Antonio Sarasua eibartarrak beronek Agirreren elizkizunetan ateratako filma eskaini zigun telebistaz ezagutarazi eta Euskal Filmategian gorde genezan. Ordurarte ez nenkien sekulako dokumentu hura zenik ere, nere gurasoen sekuentzia eta guzti gainera.
Agirre hil zeneko 50. urtebetetze honetan jakin dut Parisko Le Monde egunkariak orduan esana: Demócrata intransigente, católico fiel, nacionalista racionado, Aguirre dejará a todos los que le han conocido el recuerdo de un hombre lúcido y sincero, totalmente consagrado a lo vasco. Google-ri esker jakin ahal izan dut, berriz, Madrilgo ABCk esandakoa: Paris, 22. José Antonio Aguirre, que fue Jefe del Gobierno de la República vasca durante la guerra de Liberación española, ha muerto en París de un ataque de corazón. Contaba cincuenta y seis años de edad. EFE. Eta Bartzelonako La Vanguardiak, aldiz, ez hil zenik, ezta mundura jaio zenik ere.
Argazki honek, barrena, berrogeita hamar urte daramatza gurean
Bihotza eskatu eta bihotzik eskaini ez
Richard Harris-en “The ghost writer” nobelaren ildotik, “El escritor” da Roman Polanskiren azken filma. Inoren enkarguz lanegiten duen idazleak (Ewan McGregor) bere burua eskaintzen du Erresuma Batuko lehen ministrari ohiaren (Pierce Brosnan) autobiografia idazteko. Idazleak arrazoi bi ematen dizkio argitaletxeari bera dela onena konbenzitzeko: “inork ez ditu politikarien memoriak irakurtzen” eta, irakurgarri egitekotan, saltzeko alegia, “bihotza” jarri behar omen da. Auskalo Polanskiren film hau ona ote den, ofiziorik jarri ote duen, baina ez du batere bihotzik jarri.
“El escritor” (The ghost writer, 2010) filma dela eta, zuzendaririk onenari dagokion saria irabazi berri du Roman Polanskik, aurreko hilean, Berlingo Zinemaldian. Zenbait kritikarik esan duenez, Polanskiren filmik onenetakoa omen da, “El pianista” bezain ona edo hobea. Segurutik gidoia dezentea du, aktore-aktoresen lana berriketabakoa, Polanskiren maisutza nabarmena, thriller-irrikarik ez zaio falta, GPSren pista bakana da eta amaiera nekez asma dezake inork. Baina, zer gerta ere, bihotza falta zaio. Eta, garbi gera bedi gero, ez naizela krudela edo gogorra denik esaten ari, sentimenik eza azpimarratzen baizik. Ez onerako eta ez txarrerako. Batere zirrararik ez gero.
Espioitza-generoa, CIAren azpijokoak edota zenbait politikapeko trikimailuak gustuko dituztenek gozatuko dute, behar bada, Polanskiren azken film hau. Baita maisuaren trebetasuna eta aktore-aktoresen zuzendari-lana dastatzeko gauzak direnek ere. Baina Polanskik hasiera beretik protagonistaren ahotan jartzen duen bihotzaren bila zinera doana umezurtz aterako da. “El pianista” filma egiten ahitu zitzaizkion, nonbait, Polanskiri, barne-muinetan geratzen zitzaizkion bihozberatasun apurrak.
Pierce Brosnan eta Ewan McGregor
Europarrak, aberatsak, eraginkorrak, zuhurrak eta beldurtiak
Europar Batasuna (EB-15) baldin bada munduan ongizaterik gorena duen barrutia, batez beste ondotxoen bizi omen diren horiek baino errenta altuagoa dugu Hego Euskal Herriko hiritarrok. Behar bada ez gara gu horren aberatsak garenik konturatzen baina, datuen arabera behintzat, inork ez liguke kontrakorik sinetsiko.
Dena erlatiboa da gero. Segurutik gu ez gara nahi genukeen bezain ondo bizi baina munduan ondoen bizi omen direnen baino errenta dezente altuagoa dugu. Zehatz-mehatz, arabarrek %33,94 gehiago; bizkaitarrek %27; nafarrek %23,49 eta gipuzkoarrok %20. Funcas aurrezki kutxen fundazioaren datuak dira.
Egia da, bai, 2009 urtea ez zela batere ona izan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Barne Produktu Gordina %3,3 jaitsi baitzen. Baina hori egia izanik, egia ere bada 2000tik 2008ra artean 15,3 puntuz igo zela gure Europar Batasunarekiko bateratasuna. Are gehiago, 2000tik 2008ra bitarteko bederatzi urte horietan Euskal Autonomia izan zen gehien “Europarenganatu” zen espainiar erkidegoa.
Ildo beretik, 2008an ere euskal lurraldeak izan ziren espainiar estatuaren baitan gehien hazi ziren autonomia erkidegoak. Aurrenik Nafarroa, +%1,73 eta ondoren Euskadi, +%1,69.
Seguru gero izango dela zertaz kexatu, baina datuok ez dira inondik ere txarrak, nahiz eta krisialdi-hotsak gogotik jo.
Aurrera begira, berriz, datu on bi eta bat eskasa. Lehen ona: inork baino errenta altuagoa izan arren, xuhur jokatzen dugu kontsumo pribatuari dagokionez, aurrezten dakigu alegia. Bigarren ona: gure herri-administrazioak ere gastu publikoari eusten ahalegindu izan dira, orain arte behintzat.
Datu txarra, ostera, zera da: Euskal Autonomia Erkidegoa zein Nafarroa ez dira inbertsiorik gehien egiten saiatu diren eskualdeak. Zuhurra izatea ondo dago, baina denboraz inbertitzen ere jakin egin behar da geroaren goiari eutsi ahal izateko.
Amaitzeko, zilegi bekit Aurrezki Kutxen Fundazioak aipatzen ez duen nolabaiteko autodefinizioa laburbiltzea: europarrak gara, aberatsak, eraginkorrak, zuhurrak eta, etorkizunaz, beldurti samarrak.
Mundua aldrebes
Gaztela eta Leongo lehendakaritzak helegitea aurkeztu du Madrilgo Audientzia Nazionalean Garoñako zentral nuklearra 2013an ixtearen kontra. Jakina denez, espainiar gobernuak ixtea erabaki du eta tokiko erkidego-gobernuak zein inguruko udal guztiek, aldiz, 2019rarte indarrean iraun dadin nahi dute. Mundua aldrebes.
Normalean, zenbat eta herri-erakundeak urrutiago egon samurrago nahi izaten dute beharrezkotzat jotzen diren energia-azpiegitura handiak han-hemenka eraiki. Eta zenbat eta hurrago izan, aldiz, tokian tokiko gizarte-indarrek egitasmook ekidin edo uxatu nahi izaten dituzte, beste nonbait kokatu daitezen. Hala ere, lege hau ez da, oraingoan behintzat, Burgosen bete.
Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoko Juntak, Garoña inguruko udalik gehien-gehienen gurariarekin bat eginez, helegitea aurkeztu du Audientzia Nazionalean bertako zentral nuklearra 2013 ixtearen kontra.
Helegitearen arrazoiak laburbiltzekotan:
1. Espainiar gobernuak hartutako erabakia politikoa omen da, ez teknikoa.
2. Politikak estreinako hartu omen du horrelako erabakirik, adituon txostenak proposatzen duenaren kontra.
3. Ez omen da inondik ere serioa 2019arte indarrean iraun lezakeen zentrala 2013an ixtea.
4. Ez omen zaio inguruko biztanlegoaren iritziari batere jaramonik egin.
Mundua, aldrebes.
Edurneren semeak berriztagarriez hitzegingo Bilbon
“Netxu”ren semeak energia-eraginkortasunaz eta berriztagarriez hitzegingo du ostegunean, Bilboko Merkataritza Ganberan, Euskadiko Energia Klusterraren eskutik. Rafael Antxia Texasko parlamentari demokrata da, Barack Obamaren hauteskunde-kanpainaren argi-mutiletako bat eta hainbat urtez Eibarko Arraindi kalean bizi izan zen Justino Mitxelenaren biloba.
Mikel Larrañagaren tia Kandida --Arizmendiarrieta Argarate--, Justo --Larrañaga Argarate-- “panaderuaren” lehengusina, nora ezean geratu zen, Klaudio Mitxelena senarra artzain joan zitzaionean Australiara. Dirua bidaltzen zuen arren ez zen gehiago itzuli eta Kandida bizi-alargun gelditu zen Justino, Jose eta Juanito hiru semeekin. Besterik ezean lehengusuaren etxean hartu zituzten lauak, orduan Arraindi kalean zegoen okindegiaren gainean (gaur egun Arrate Kultura Elkartearen inguruan).
Justino Mitxelena Arizmendiarrietak, semerik zaharrenak, grabadore fina izan arren pilotari ziharduen Bartzelonan gerra atera zenean eta Mexikora alde egin behar izan zuen. Handik Miamira joan eta hantxe ezkondu, “Ketti” (Catherine) Ziburun jaiotako moda-modeluarekin. Baita elkarrekin hiru seme-alaba izan ere: “Netxu” (Edurne), “Geibi” (Gabriel) eta “Kuki” (Xabier). “Ketti” ziburutarra oraindik ere bizi da, Miamin bertan, 96 urte dituela.
Justino mendigoizale amorratua zen eta Eibarrera etortzen zen bakoitzean inguruko mendi guztietara igotzea gustatzen zitzaion. Kalamua, Urko nahiz Galdaramiño izan, denetara, banan-banan. Jose anaia Mexikora joan zen bizi izatera eta hirugarren anaia berriz, Juanito, gudari hil zen Gernikan.
Justinoren alaba, “Netxu”, Mallabiko Longa baserrian jaiotako Julio Antxia pilotari markinarrarekin ezkondu zen 1967an eta bi seme-alaba izan, Rafael eta Cristina. Hiru urte zituela, Rafael Markinan bertan bizi izan zen urtebetez eta, nonbait, harrezkero pilota-giroan hazi. 1986ko Munduko Pilota Txapelketan EEBBen izenean Gasteizen jokatzeko hautatua izan zen baina, aldi berean ikasketak egiteko beka eskaini zioten eta aita bera izan zen pilota burutik kendu eta bekari heltzeko agindu ziona.
Rafael Antxia behin baino gehiagotan egon omen da Eibarren, baita Arraten bazkaldu ere, bere inguruko zenbaitek dioenez baina Rafael bera ez da batere gogoratzen. Ondo asko gogoratzen da, ostera, Hondarribiaz, hantxe ezkondu baitzen, 1997ko uztailaren 13an.
Gaur egun Rafael Antxia finantzetan zein energia berriztagarrietan aditua den legegizona dugu. Alderdi Demokrataren barne-hauteskundeetan Obamaren aldeko kanpainaren zuzendaria Texasen, Ipar Ameriketako estaturik eskuindarrenetakoan. Hillary Clintonek erraz samar irabazi behar omen zuen arren, Antxiaren lanak eta beronek hautesle hispanoengan duen eraginak goitik behera aldarazi zuten azken emaitza.
Rafa Antxia, bossarekin
Eskuinean, txikiena, Julio Antxia, Rafaelen aita
Politikagintzaren arrakasta
Azkenean Barack Obamak lortu du hasiera beretik aldarrikatu eta agindutako osasun-sistemaren erreforma. Segurutik Obamaren beraren arrakasta ere bada baina, lehen eta behingoz, politikagintzarena. 2008ko azaroaren 4an estreinako hauteskundeetan parte hartu zutenen arrakasta eta politika egin ahal denaren artea baino ez dela uste dutenena.
John K. Galbraith ekonomilariak aspalditxo esan zuen Estatu Batuetako gizarte-banaketak nekez izan zezakeela inoiz konponbiderik, politikarengandik ezer itxaro ez zuen hauteslego-erdiak ez baitzuen hauteskundeetan parte hartzen sistema hobetu ahal izateko, eta hauteskundeetan parte hartzen zuen beste hauteslego-erdiak, berriz, ez zuelako inoiz ere parte hartzen ez zutenen aldeko erabakirik onartuko.
Galbraithek iragarritakoa eten egin da oraingo honetan. Baina, argi gera bedi gero, ez da bart gauean aldatu, 2008ko azaroaren 4an baizik, 2004an etxean geratu ziren 20 milioi lagunek botoa ematea erabaki zutenean alegia. Hau da, Galbraithek oinarrizkotzat jotako legea bete egin da, nahiz eta noizbait gertatu zitekeenik sekula uste ez izan.
Era berean, onartutako erreforma (Health Reform) ez da behar bada erreformarik onena baina, guztia ala ezer ez defenditzen dutenen aurrean, ahal dena ezer ez baino hobea dela uste dutenen politikagintzak irabazi du.
"We the people". Betidanik hauteskundeetan parte hartu izan duen jende-mota
Zelako sareak halako enpresak
David de Ugartek zera gogorazten digu, alegia: izar antzera zentru bakarreko sare erradialak goitik beherako enpresa handi-mandiak sortarazi zituela, geroxeago lekuan lekuko sare-multzo bilduek han-hemenkako enpresa txikiagoak eragin zituen bezalaxe eta, aurrerantzean, Internetek bideratuko sare banatuak oraindik ere sumatu baino ez diren enpresa-mota berriak sustatuko dituela, "filé" izenez bataiatutakoak, besteak beste.
Gure garaiotako nortasun-ereduei adi-adi begira, hona non aurkitu dugun gizarte-ekonomiazko antolaketa-mota berria: filé delakoa. Filés: democracia económica en el siglo de las redes deritza David de Ugartek egiten digun ekarri bakun honi. Egilea, jatorriz digitala, inondik ere alegiazkoa ez dena, gaztelaniazko Interneten zein gizarte-sareen ikerkuntzaren aitzindarietakoa da, gaur egun, itxuraz behintzat, India Elektronikoen Elkartearen altzoan eroso samar bizi dena
Sarri eman izan da tresneria teknologikoek mendez mende sortarazi izan dituzten esamolde eta literatura-genero ezberdinen berri, moldiztegiak, errotatibak, zinematografoak, telebistak zein informatikak erakarritako moldeen berri esaterako, hurrenez hurren. Eta aipatu ere aipatu izan da, zelako teknologiek halako adierazpideak eragin izan zituzten legez, sare-eredu ezberdinek ere beste hainbat antolaketa-molde erakarri ahal izango dituztela.
Izan ere, izar antzeko ardatz bakarreko sarea Frantziako Iraultzak erakarri zuen estatu jakobinoaren arketipoa den bezala, hainbat ardatzetako sare-sistema anitz samarrak suspertu zuen eskualdekako aginte, erakunde eta botere-banaketa. Eta, zentzu berean edo, Interneten ildotik indarrean jartzen ari den sare banatuak beste era bateko harreman-esparrua eragingo duela berandu baino lehen, oraindik ere han-hemenka zabaltzen hasi baino ez den arren.
Gauzak honela, eta enpresa-motei dagokienez hain zuzen, David de Ugartek zera gogorazten digu, alegia: izar antzera zentru bakarreko sare erradialak goitik beherako enpresa handi-mandiak sortarazi zituela, geroxeago lekuan lekuko sare-multzo bilduek han-hemenkako enpresa txikiagoak eragin zituen bezalaxe eta, aurrerantzean, Internetek bideratuko sare banatuak oraindik ere sumatu baino ez diren enpresa-mota berriak sustatuko dituela, Ugarte berak filé izenez bataiatu dituenak. besteak beste.
David de Ugartek burutu duen definizioari jaramonik egingo badiogu: la filé es, de todas las materializaciones del nuevo mundo distribuido, la más radical, la más sencilla, la que más debe a todas las demás. Es hija del software libre, de la blogsfera, del ciberactivismo, de las comunidades virtuales, de la globalización de los pequeños. La filé es un modo de vivir que permite a los hackers, a los bricoleurs, a los libertarios, seguir siéndolo y hacerse mayores. Dejar un legado. De conocimiento, sí, pero también de mapas, los mapas del nuevo mundo, los que se trazan no para describir lo inamovible, sino para ser construidos por personas y habitados por sus vidas
Dena den, filé delakoa enpresa-molde berria baino askoz ere gehiago omen da: reúne, en sus características principales, todos los elementos de nuestra época: nace de la experiencia de la socialización en comunidades virtuales, es transnacional y reivindica nuevas formas de democracia económica que, a su vez, la emparentan con el tradicional movimiento cooperativo.
David de Ugartek buru-belarri aztertu du kooperatibismoaren nondik norakoa eta nabarmen asko aitortzen du oraingo honetan haratago joan nahi dela: No se trata, ni mucho menos, de desdeñar las tradiciones y valores del movimiento cooperativo. Durante siglo y medio ha sido la demostración viva de que, aun bajo el industrialismo, es posible organizar de otra manera la producción, poniendo las personas en el centro. Pero la sociedad de las redes distribuidas puede ir más allá.
Zer gerta ere, filé enpresa-molde berri honek ez omen du nonahi eta edonorentzat balio ahal izango: Del mismo modo que hace treinta años la perspectiva no era un País Vasco articulado en torno a las cooperativas de Mondragón, aunque ya se podría entrever un potencial económico inmenso, el mundo de 2019 seguramente no será un mundo articulado en filés, sino un mundo con filé.
David de Ugarte
Petronorrek EAEko argindarraren %3,8 ekoiztuko
Udazkenetik aurrera Petronorrek indarrean jarriko du amaitzear duen kogenerazio-proiektua. Guztira 83,6 milioi euroren egitasmoa, 43,09 MW argindar ekoizteko. Muskizko findegiak 49,13 MW sortarazten ditu gaur egun. Azarotik aurrera, berriz, denera 92,22 MW. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen den argindar guztiaren %3,8.
Kogenerazioa energia-erregimen bereziaren baitan argindarra lortzeko sei moduetako bat da, alegia: hondakinen trataera, biomasa, urtegiak, haizerrotak, eguzki-indarra eta kogenerazioa bera, hain zuzen. Euskal Autonomia Erkidegoan 472 MW eragiten dira gaur egun kogenerazioz, zeinetatik 49,13 MW Petronorrek sortarazten dituen.
Hurrengo hiru urteetan beste 44,18 MW baino ez dira kogenerazioz ekoiztuko hiru lurraldeetan eta euretatik 43,09 MW, hau da %97,62, Petronorrek eragingo du. Izan ere, hurrengo azarotik aurrera Petronorren argindar-ekoizpena 92,22 MW izango da denera, Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen den argindar guztiaren %3,8.
Beste modu batez esanda, potentzia instalatuari dagokionez, Petronorren kogenerazio-sistema da, izatez, Boroako ziklo konbinatuaren %12,2 beste, Garoñako zentral nuklearraren %21 adina edo Pasaiko termikaren %43 bezainbat.
Petronor findegia, Muskizen
Bekoki aurreko titiak
“Forehead tittaes”, bekoki aurreko titiak alegia, omen da Marion Cottillard aktoresaren proposamena, gizonezkook emakumeen bularretako bitartera begiratu ez dezagun. Gure aktoresa pizpirinak beste aukera errazagoa eta merkeagoa zuen: paparrekoa itxi. Baina ez du egin nahi izan. Hori da, antza, bere arazoa.
Marion Cottillard asper-asper egina dago nonbait gizonezkook emakumeen bularretako bitartera begiratzeko omen dugun gainditezinezko joeraz eta Forehead tittaes delako sistema asmatu du, baita sarean jarri ere, bezerook bere proposamenaren abantailez lehenbailehen jabetu daitezen.
Aitortu behar dut gure frantses panpoxak bete-betean asmatu duela, nerekin bederen. Bai, aitortu behar dut nik emakumeen bularretako bitartera begiratzeko joera nabarmena dudala, emakumeek aukera ematen didaten bakoitzean bai behintzat. Izterretara begiratzen diedan bezala, bernak nagikeriaz gurutzatzen dituztenean eta Sharon Stoneren hankartera begiratu nuen legez, horretarako propio erakutsi zigunean. Darwinek ez al zuen ba honelako zerbait esan? Eta Ardik ez ote zuen antzerako zer edo zer egin orain dela... lau milioi urte t´erdi?
Bakoitzak nahi duena egin dezake, noski. Baina zalantzarik ez gero, ez ginatekeela emakumeen bularretako bitartera begira jarriko tanganillo eta guztiko atorrik jantziko balute, ez ipurdira fraka nasairik baleramate, ezta iztarretara ere ezkutuan gordeko balituzte.
Eta garbi gera bedi gero, aktoresa umoretsuak gizonezkook objektu mozolotzat hartzeko eskubidea duela, nik emakumeak objektu ikusgarritzat jotzeko aukera daukadan bezalaxe. Batere lotsa eta espanturik gabe gainera.
Egia da, bai, emakume erakargarriek ez dutela inozoak izan beharrik. Baina nork esan du emakume argiak erakargarriak ez direnik?
Marion Cottillard-ek begietara begira diezaiogun nahi du











