Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Urtarrila 17 Errealaren jatorrizko bekatua
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Errealaren jatorrizko bekatua

Gurean betidanik izan gara Athleticzale. Aita bazkide izan nuen, baita anaia ere eta orain, berriz, semea. Bestelako euskal taldeekiko atxikimendurik ez da sekula zalantzan jarri, baina gure emozioa, zirrara, bihotz-ikara eta barne-dardara San Mamesen baino ez ziren loratu. Eta jarrera hau, Athletic-en meritua baino gehiago, Errealaren errua izan da.

Arrazoi berezirik –are gutxiago aitzakiarik— sekula behar izan ez zuen sentipen berezko honi hainbat azalpen eskatu izan zaio azken  hogeitaka urteotan. Galdetu ezezik, kargu ere kargu hartu izan zaigu, bai, zelan demontre izan ote gaitezkeen gipuzkoarrak eta Athleticzaleak, Errealaren gutxiespenetan edo.

Inori erantzuteko baino norberarenak ulertu gurarik, aspalditxo saiatu nintzen gure athleticzaletasuna arrazoitzen eta baita zenbait ondoriotara heldu ere, alegia: 1- Mutikotan, Athletica punta-puntako txapelduna zen eta Erreala, ostera, lehen eta bigarren mailen artean jardun ohi zuen “goitti-behera” taldea. 2- Donostia 72 kilometrora genuen eta Bilbo, aldiz, 42ra. 3- Diktadura denboran, ia ez zen Gipuzkoarik gure eguneroko bizitzan eta zer esanik ez gero, Donostiarik.

Eta, hain zuzen ere, azken hogeita hamar urteotan hiru oinarrizko arrazoiok aldatu diren heinean aldatu ere aldatu da belaunaldi gazteagoen zaletasuna, hau da: 1- Erreala pare bat aldiz izan da liga-txapeldun. 2- Autopistak Bilbo eta Donostia ordu erdira parekatu dizkigu. 3- Demokraziak “gipuzkoartu” egin gaitu, hauteskunde-barrutia, errenta-aitorpena zein komunikabideak tarteko.

Honek guztiak zentzurik zuelakoan nengoen gaur arte, baina eguerdian jakin dut, ordea, den-dena nere burmuinetako fikzio-pelikula baino ez zena. Jose Luis Orbegozo Errealaren lehendakari-ohiaren heriotza dela eta, Euskadi Irratiak haren  meriturik handiena zein izan ote zen galdetu dio Iñaki Otegi gerenteari eta baita honek batere zalantzarik gabe erantzun ere: Jose Luis Orbegozo Errealaren lehendakaritzaz  (1967-1983) arduratu arte  Erreala Donostiako kluba zen eta Gipuzkoakoa izan  zedin ahalegindu zen. Klub donostiarra gipuzkoar bihurtzea izan zen Orbegozoren meriturik handiena.

Ez diot nik Iñaki adiskideari kontrakorik esango. Baina, hori horrela bada --eta seguru horrela dela--, betidanik Athleticzale izan garen gipuzkoarrok ez gara sekula bekatari izan, jatorrizko bekatua bere burua gipuzkoartzat ez zuen Errealaren baitan baitzegoen.

Bai gero fina Errealzale ez ginen gipuzkoarron sudurra… guk arrazoi!

  Orbegozo

Jose Luis Orbegozo, Erreala gipuzkoartu zuen lehendakaria. Goian bego.

Amatiño 2010/01/17
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30