Artxiboa Urtarrila 2010
Lanari laga
Behar bada albistea berria da baina ez, ordea, egoera. Espainiar gobernuak erretiro-adina atzeratuko omen du. Eta inori ez diot entzun “ay, ze ondo”. Gazkien hartu dutenak berrogeita hamar urteren bueltan daudenak izan dira. Hirurogeitik gorakooi ez digu eragin handirik egingo eta berrogeikoek, nonbait, urruti samar ikusten dute. Dena dela, lanari laga behar horrek ez nau batere asebetetzen. Ez nahiezta, eta are gutxiago nahita.
Llabur-llabur esanda, badirudi arazoa ez dela katramilatsuegia. Alegia: gero eta urte gehiago bizi gara. Hurrengo urteetan jubilatuen kopurua ikaragarri gehituko da eta langileena, ostera, nabarmen gutxitu. Hau da, gero eta gehiago izango gara pentsioa kobratu nahi izango dugunok eta, aldi berean, gero eta gutxiago gizarte-segurtasuna ordainduko dutenak. Horretara, pentsioak murriztuko ez badira, ordaintzaileek gehiago ordaindu beharko dute urteko ala --beste aukera bat-- urtero orain beste baina urte gehiagotan.
Hala ere, eztabaida honetako urte-kontuen gainetik, ni gehien harritzen nauena jendeak lana uzteko duen presa da. Zertarako ote? Ni bonba atomikoa bezain zaharra naiz, beste hogeitabosten bat urte bizitzeko asmoa daukat eta ez dut ulertzen zenbaiten erretiroa hartzeko irrika. Nere ustez, presarik ez izateko arrazoi nagusiak hiru dira, besteak beste:
- Kronologia-arrazoia. Izan ere, aurten jubilatuko banintz, ez dut sumatzen zer arraio egingo ote nukeen hiruzpalau urte barru jubilatuz gero egin ez nezakeenik. Bizitza luzea da. Zergatik eta zertarako ajenda aurreratu? Utz gero egutegia bere gisara!
- Ideologia-arrazoia. Ni beharrean hasi nintzenean (1963) sei laneguneko astea zen eta hamar eguneko oporrak. Gaur egun, aldiz, lau egun t’erdiko astea dut, hilabeteko oporrak, lantzean behingo zubiak eta, gutxi bailiran, Gabonetan zein Aste Santuan, zubitzarrak. Ondo dago sozialak izatea, ezkertiarrak, ekologiazaleak, modernoak, aurrerakoiak, solidarioak etab. Baina inork ez du gero pentsatuko “eskubidetzat” jotzen ditugun zenbait lan-aldarrikapen kontserbadoreak eta insolidario hutsak ez direnik ezta?
- Biologia-arrazoia. Gazteagoek jakin ez arren, hirurogeitik gorako helduen hiztegian berbarik amorragarrienetakoa, ahal dela gutxien erabili beharrekoa, “laga” da: erretzeari laga, edateari laga, afaltzeari laga, irtetzeari laga, kirolari laga, larrua jotzeari laga, gidatzeari laga… etab. Nik ere, 65 urteko edonork bezala, kristoren beldurra diot aipatutako guzti horri laga beharrari. Baina hau guztia egia izanik –eta arras ulergarria, noski--, zer dela eta lanari laga nahi hori?
Inork aitortzen ez duen arren, zahartzaroaren adierazgarririk handienetakoa lanari laga beharra da. Izan ere, gizarteak ez gaitu ofizial zahartzen, erretzeari, edateari, afaltzeari, kirolari edo larrua jotzeari lagatzeagatik, lanari lagatzeagatik baino. Eta, paradoxa bada ere, inork zahartu nahi ez duen mundu honetan mundu guztiak nahi du lanari laga…
Ba… nik, ez.

Gezur-zuloa
Zeure buruaren jabe izaten jarraitzeko Oskar Wilde jaunari jaramon egin besterik ez duzu: “Sekula ez ditut kritikatu behar ditudan liburuak irakurtzen, euren eraginik sufritu ez dezadan”.
Izango da, segurutik, etxean batere libururik ez duenik, baina ez dut inor ezagutzen eskasia horretaz lagunartean harrotu denik. Ezagutzen dut, ordea, etxean telebistarik ez duela eta, behin eta berriz, aukera duen bakoitzean, harro asko gogorarazten diguna. Liburu-faltaz lotsatu eta telebistarik ezaz harrotzen diren pertsona horien arteko aldea izugarria da. Lehenengoak badaki ezjakin samarra dela, jokoz kanpo ari dela eta zertaz harrotu ez duela. Bigarrenak, aldiz, ezjakin samarra izan eta jokoz kanpo aritu arren, ez da oraindik bere egoeraz jabetu eta ez daki barregarri dabilenik. Aurrena, heziketaz urri badabil ere, zentzu kritikoaren jabe da, ez dio errealitateari ezikusi egiten eta, bere neurri apal horretan, intelektual-puntturik izan badu. Bestea, aldiz, intelektual handia delakoan, konplexuz josita dago, ez da daraman bide antzuaz konturatzen eta ez du gero eta handiago gertatzen ari zaion gezur-zulo horretatik ateratzeko adorerik ("Intelektualak, telebista eta multimedia". Luis Aranberri, Gasteiz, 1996)
Gezur-zuloaren kontua ez nuen nik asmatu eta are gutxiago 1996an. Nolabaiteko gezur-zuloan bizi ginen 1960eko hamarkadaren hasierako nerabeak, Arrate Kultura Elkarteak antolatutako zine-klubean batere ulertzen ez genituen filmen osteko eztabaida sakonetan buru-belarri sartzen ginenean edota Ingmar Bergmanen “El séptimo sello” zein “El manantial de la doncella” bezalakoak superguaitzat jotzen genituenean. Baina, orduan, txarrenean ere barkagarri, 15 urte besterik ez genituen-eta.
Era berean, nolabaiteko gezur-zuloan bizi ginen 1970eko hamarkadaren hasierako guraso gazteak, Lur, Etor edo Kriselu argitaletxeen liburuak irten ahala erosi eta sailean irakurtzen genituenean. Baina, orduan, txarrenean ere barkagarri, hainbat “kausa”ren alde ari ginelakoan edo.
Nago, ordea, urteak aurrera joan arren ez ote dugun jarraitzen molde bereko gezur-zuloak ezkutatzen, baina oraingoan ez gazteegi garelako edota goiburu handirik gogotan dugulako, gure irizpiderik eza lartxo nabarmenduko ez dakigun baizik. Nik susmoa dut ez ote dagoen merkatuan makinatxo bat liburu aspergarri, inor aspergarritzat jotzen ausartzen ez dena, edota karteldegian hainbat film kritikak bestelakorik esan arren ikuslea isilik-misilik, nora ezean, uzten duena.
Honetaz guztiaz, proposamen bi baino ez nere aldetik. Film bat eta liburu bat.
1. Filma, La cinta blanca. Saririk ez zaio falta, kritikaren izar guztiak ditu eta inori ez diot gaitzespenik leunena ere entzun. Esango dizute barne-hausnarra maisuki harrotzen duen film sakon horietakoa dela, nazismoaren jatorria ulertarazten duena. Eta pantaila beltzera joan eta irteerako ipurtargia isiotzen denean segurutik esango duzu: “hau al da dena?”
2. Liburua, Cómo hablar de los libros que no se han leído. Ez dut irakurri, jakina, baina oso ona da. Hainbat aurreiritzi hausten du, zenbait gizarte-koakzio salatzen eta, behingoz, gezur-zulotik ateratzeko edozenbat errezeta eskaintzen. Hala ere, zeure buruaren jabe izaten jarraitzeko Oskar Wilde jaunari jaramon egin besterik ez duzu: sekula ez ditut kritikatu behar ditudan liburuak irakurtzen, euren eraginik sufritu ez dezadan.
Ba, horixe. Ez didazu gero esango, irakurle, asteburua konpondu ez dizudanik…
Eta nik txoria nuen maite
Hona non, ETBk egin berri dituen irudi-aldaketak direla eta, gure txoria berriro ere pantailan agertu zaigun ustekabean. Oso oker ez banago hamar urte egon da bastidore arteko kaiolan ezkutatua. Eta, bat-batean, ostera ere, uhinez uhin, begi-bistan, hegan.
Hamazortzi urte edo --1983tik 2001era bitartean, behar bada-- egin zituen jatorrizko txori zuri-berde-gorriak ETBren pantailetan. Era batez edo bestez, bai lehen katean eta baita bigarrenean ere. Baina orain hamar urte ardura-lanetan ziharduen zuzendaritzak erabaki zuen ETBrekin batera sortutako txoria eraz eta moldez aldatzea. Ez zitzaidan erabaki hura batere gustatu. Penaz hartu nuen aldaketa, egokitzat sumatzen ez diren erabakiek sortarazi ohi duten samindura punttuaz.
Oraindik ere gogoan dut Kike Gomez de Segurak (JjK - Arrasate) Luis Iriondo ETBren lehen zuzendariari eta bioi txoriaren nondik norako grafismoa azaldu zigun eguna, 1983an. Begiak itxi eta bertatik bertara ikusten ditut, mahai gainean, paper zuri handitan marraztutako txantxangorriaren hego koloretsuak, papar gorriz eta mokoa zabal-zabalik, kantari.
Luis Iriondo, ETBren lehen zuzendaria eta txoriaren aita.
Izan ere, gaur egun inor gutxi gogoratu arren, txori hura ez zen irudi hutsa, audioa ere bazuen, eta nolabaiteko sintonia gisa benetako txantxangorriaren txorrotxio-grabazioa zerion. Oinarri-oinarrizko ideia Luis Iriondorena izan zen. Ikurtzat animaliak irudikatzeko ohitura erabat zabaldua zen Europako iparraldean eta Luisek pentsatu zuen txantxangorri kantariak nabarmen adierazi zezakeela euskal sena. Eta txioka jarri zuen, berriz, Metro-Golden-Mayer ekoiztetxearen lehoiak orroa egiten zuen arrazoi berberagatik. Ez gehiago eta ez gutxiago. Animazioa Cannes-en landu zen lehenik eta Nashvillen ekoiztu, gero. Laster asko nazioarteko telebista-merkatuan ikurrik berezienetakoa bihurtu zen. Nabarmenenetakoa eta ezagunenetakoa. Baina…
Baina orain dela hamar urte inguru edo, gaurkotasunaren eta eraberrikuntzaren aitzakiaz, modernitatearen izenean alegia, egun batetik bestera ia hogei urteko tradiziotxoa hautsi zuten batere beldurrik eta espanturik gabe. Jakina gauzak gaurkotu behar direna; jakina irudiak eraberritu egin behar direna; baina aldaketak astiro egiten ere jakin egin behar da --apal, alegia--, errorik hautsi gabe, jauzi nabarmenik gabe, apurka-apurka, pittinka, ia inor ohartzeka. Halakoetan klasikorik klasikoena Coca-Colaren etenik gabeko aldaketa da, 125 urte aldatzen ari baina aldaketarik txikerrena ere sekula egingo ez balu bezala. Eta, ez ahaztu gero, MGMren lehoiak, oraindik ere, orroa egiten jarraitzen duela laurogeitaka urteren bueltan. Gu, ordea, matxinsaltoa bezala, alde batetik bestera beti urrats berritan, sekula geldirik egon ezinik, tradizioari, memoriari, kateari eta errutinari eutsi ezinik.
Orain hamar urteko zuzendaritzak erabaki bi hartu zituen aldi berean. Bata txoria moldez aldatu eta, bestea, pantailatik desagertarazi. Oraingo zuzendaritza berriak bigarren hau konpondu du. Lehenak, ostera, konponketa zailagoa du eta gainera, honez gero, nahita ere…
Txantxangorria, 1983-2001. Sukaldeko erlojua, oraindik ere abian
Espinete, 2001-2010
Eibartarra Muskizen
Virginia Berasategi triatleta, Kaiku arraun-taldea, Eli Pinedo eskubaloilaria, Juan Martinez de Irujo pilotaria eta Patxi Usobiaga eskalatzailea izan dira "El Correo" egunkariaren irakurleek aukeratutako 2009ko bost euskal kirolaririk onenak.
Bertako Meatzari Aretoa gainezka zela, ekitaldia Muskizen eratu da gaur iluntzean, bigarren urtez jarraian hain zuzen ere. Urteroko sari-emanaldi hau sortze beretik Bilbon eratu izan zen 2008 urterarte. Petronorren babesa tarteko, ordea, iaz estreinako antolatu zen Muskizen eta baita aurten ere.
Txetxu Ugalde Patxi Usobiaga elkarrizketatzen
Virginia Berasategi, Patxi Usobiaga, Asier Zurinaga eta Eli Pinedo
Virginia, urbitsetan gero, Patxirekin
Nuklearra, pil-pilean
“Berriztagarriak ez dira ezkerrarenak, ezta energia nuklearra eskuindarrena ere” adierazi du Manuel Lozano Sevillako Unibertsitatearen Fisika Nuklear katedradunak Bilbon. “Espainia bezalako herrialdean energia-horniketa berriztagarriez soilik osatu nahi izana utopia da… Indar nuklearrak ez du kutsatzen, osasun-eragina urria bezain ezaguna da, sortarazten dituen hondakinak toki jakinean kokatuak daude eta kontralatuak… Gehiago dira abantailak eragozpenak baino”.
Manuel Lozanoren ustez energia nuklearra deabrua bailitzan izan da txarretsia, zientziaren aldetik eskas samarrak diren arrazoiez. Haren esanetan informaziorik eza nagusitu den arren, Espainian ez da energia nuklearraren biktima bakar bat ere izan. Zer esanik ez hildakorik edo zauriturik. Ezta bat bera ere gero. Gainera, energia nuklearraren aurka daudenak praktika esaten ari dira nahiago dituztela petrolioa, gasa eta ikatza.
Energia nuklearrak izan dezakeen kolore politikoari buruz, berriz, energia nuklearra da Legebiltzarraren bitartez kontrolatua dagoen energia-mota bakarra. Beraz, nekez esan daiteke nuklearra ‘eskuindarra’ denik. Eta afankerietan hasiez gero onartu beharko dugu energia berriztagarrien alde gehien ahalegindu zena Franco izan zela, berak eragin baitzituen sekulako urtegiak eta zentral hidroelektrikoak, gaur egun indarrean dauden zentral nuklearrik gehienak sozialistek inauguratu zituzten artean, 1980ko hamarkadan.
Berriztagarriak ez dira ezkerrarenak, ezta energia nuklearra eskuindarrena ere adierazi du Manuel Lozanok Erromako Klubaren Euskal Taldeak energiaz eratutako hitzaldi-sortaren baitan. Haren ustez, Espainia bezalako herrialdean energia-horniketa berriztagarriez soilik osatu nahi izana utopia da, badirudi zentzuzkoena aukerabide guztiez baliatzea litzatekeela. Indar nuklearrak ez du kutsatzen, osasun-eragina urria bezain ezaguna da, sortarazten dituen hondakinak toki jakinean kokatuak daude eta kontralatuak… Gehiago dira abantailak eragozpenak baino.
Lozano katedradunaren iritziz Zapaterok zentral nuklearrak onartzen amaituko du, osterantzean sekulako erantzukizunik eza izango litzateke-eta. Behar bada Obama eta Lularen hildotik jarraituko du. Ez ahaztu gero Lulak energia nuklearra defenditzen jarraitzen duela nahiz eta Brasilen, oraintsu ere, berriro pretrolio gehiago aurkitu.
Manuel Lozano
San Bizente bero, negua gero
Angel Mari Unzueta Bizkaiko Bikario Nagusiak gogoratu digu gaurko San Bizente eguna, baita esakera zaharra gomutara ekarri ere: "San Bizente hotz, negua motz. San Bizente bero, negua gero". Gaur bero egin du, ez dela oraindik krisialdiaren negua amaitu alegia.
Ortuellako Imar Industriak jaso du gaur, Patxi Lopez lehendakariaren eskutik, Marcelo Gangoiti Saria, enpresa zein ekonomia esparruan urtean zehar Bizkaian eman ohi den garaikurrik garrantzitsuena. Sariketa hau urtero eratu ohi du Muskizko Somorrostro Irakasguneak (200 irakasle eta 4.000 irakasle), Bizkaiko Diputazioaren, Spriren eta Cebeken laguntzaz.
Urtero izaten den ohiko txosten nagusia Euskaliten lehendakari, MCCren lehendakari-orde eta Fagor Electrodomésticos enpresaren zuzendari nagusi den.Txema Gisasolak eskaini du, etorkizuneko lehiakortasunaz, maisuki eskaini ere.
Ekitaldia, besteak beste, gure herri honen aniztasunaren lekuko izan da. Denetariko aniztasuna gero. Jatorriz, ideologiaz, hizkuntzaz, ezagutzaz, lan-esparruz, gaiz, bokazioz… dena elkarrekin nolabaiteko euskal kokteleran. Bizkaiko Ezkerraldeak badu, bai, beste ezein eskualdetan nekez eman izaten den altxor hori.
Testuinguru honetan Angel Mari Unzueta Bizkaiko Bikario Nagusiak gogoratu digu gaurko San Bizente eguna, baita esakera zaharra gomutara ekarri ere: San Bizente hotz, negua motz. San Bizente bero, negua gero. Gaur bero egin du, ez dela oraindik krisialdiaren negua amaitu alegia.
Cebek, Spri, alkatea, lehendakaria, bikario nagusia, foru-diputatua eta ikastetxe-zuzendaria
Hogei urte barru %100 berriztagarriak... omen
"A plan to power 100 percent of the planet with renewables. Wind, water and solar technologies can provide 100 percent of the world's energy, eliminating all fossil fuels. Here's how". Holaxe dio amerikar irakasle biren proposamenak. Ez dator inondik ere Energiaren Nazioarteko Agentziaren iragarpenekin. Baina bost axola. Here's how. Hona hemen zelan.
Scientific American Magazine aldizkariak izenburu hau ekarri zuen, lerro handitan, 2009ko azaroko alearen azalean: A plan for SUSTAINABLE FUTURE. How to get all energy from wind, water and solar power by 2030. Besteak beste, Mark Z. Jacobson eta Mark A. Delucchi irakasleek proposatutako plangintza. Proposamen berbera, espainieraz, Investigación y Ciencia aldizkariak dakar 2010ko urtarrileko alean, 2030 urterako mundu mailako energiaren ehunetik ehunekoa --erabilpen guztietarako-- haize, ur eta eguzki-baliapideetatik lortu ahal izango delakoan.
Bi irakasleok proposatutako egitasmoak segurutzat jotzen du etorkizun iraunkorra lortu ahal izateko aukerabideak haize, eguzki, geotermia, olatu eta urtegi energiak direla onenak, haizearen indarra, eguzki-argia, lurpeko beroa, itsas-uhinen indarra eta ur-jauziena guztiz erabilgarri direnez gero. Ikertzaileok HUE (WWS) akronimoaz laburbiltzen dute, oinarrizko hiru elementuak aipatuz, alegia: haizea, ura eta eguzkia.
Egileek diotenez energia nuklearra, etanola eta karbonoa atzeman eta guztiko ikatza ez dirateke horren aukera onak, ezta petrolio eta gas naturala ere. Aldi berean, ikerketak aurkitu zuen bateria elektrikoez zein hidrogeno-pilez hornituko liratekeen ibilgailuek, HUE baliapideen laguntzaz, garraio-sektoreak sortarazi ohi duen kutsaduraren zati handia uxatuko luketela.
Jacobson eta Delucchi irakasleen proposamenak milioika haize-turbina, makina hidrauliko eta eguzki-instalazio indarrean jartzea eskatuko luke, baita inbertsio handiak egin beharra ere. Eta ez dator inondik ere bat Energiaren Nazioarteko Agentziak 2030 urterako iragarri duen energia-banaketarekin: %81 energia fosilak (%30 petrolioa, %29 ikatza eta %22 gasa), %14 berriztagarriak eta %5 nuklearra.
Ikus txosten guztia: Energía Sostenible: objetivo 2030
Teologia, ideologia
Nabarmena da gero jendeak zein argi duen zenbait ideia. Energiari buruz inoren burua definitzeko erakutsi ohi dugun gaitasuna guztiz zehatza eta tolesgabea da. Nuklearraren aldekoa ala kontrakoa, berriztagarrizale ala ez, energia fosilen sustatzaile ala salatzaile, ekologista sutsu ala klimaldatzaile... Zirt edo zart, bata ala bestea, ez dago nonbait bide erdirik, are gutxiago erdi biderik.
Teologia, ideologia da Xabier Letek 1978an burutu eta argitara emandako koplaren izenburua. Besteak beste, lar azterketarik gabeko jokabideak salatu nahi izan zituen olerkari oiartzuarrak. Alegia, zein erraz den sarri mutur batetik bestera pasatzea, tartean ez bada gutxieneko hausnarketa seriorik. Zein erraz suertatzen den gero nork bere burua kokatzea, batere arrazoirik eman beharrik ez bada.
Teologia-ideologia da gaur egun ere nagusi energiaren esparruan. Nekez aurkitu daitezke gero beste zenbait arlotan energiarenean gertatzen diren bezainbateko jarrera zorrotzak eta kontrajarriak, aldez aurretikako batere informazio sakonik eta eztabaida zintzorik gabe.
Teknikaz –ezagutzaz-- energia erabat gai konplexua da eta praktikaz –erabilpenaz—, berriz, unibertsala. Baina guztiok ere aldrebes jardun ohi dugu, hau da: hitzegiten dugu energiari buruzko gure ezagutza unibertsala balitz bezala eta energiaz egiten dugun erabilpena, aldiz, teoria hutsa bailitzan. Denok gara energiaz jakitun eta inork ez bide du energiarik kontsumitzen. Inork ez du indar nuklearrik nahi, ez CO2 isuririk, ez haize-errotarik inguruan. Baina mundu guztiak nahi du argindarra etxean, autoa atarian eta berriztagarriak inoren larrainean.
Nabarmena da gero jendeak zein argi dituen ideiak. Energiari buruz inoren burua definitzeko erakutsi ohi dugun gaitasuna guztiz zehatza eta tolesgabea da. Nuklearraren aldekoa ala kontrakoa, berriztagarrizale ala ez, energia fosilen sustatzaile ala salatzaile, ekologista sutsu ala klima-aldaketaren ukatzaile. Zirt edo zart, bata ala bestea, ez dago nonbait bide erdirik, are gutxiago erdi biderik.
Eta hau guztia batere eztabaidarik gabe, jakina. Izan ere, zertarako behar ote eztabaida xumerik, gauzak horren argi baldin badaude? Teologia-ideologia.
Teologia, ideologia tarteko, 1978an argitara emandako diskoaren azala
Errealaren jatorrizko bekatua
Gurean betidanik izan gara Athleticzale. Aita bazkide izan nuen, baita anaia ere eta orain, berriz, semea. Bestelako euskal taldeekiko atxikimendurik ez da sekula zalantzan jarri, baina gure emozioa, zirrara, bihotz-ikara eta barne-dardara San Mamesen baino ez ziren loratu. Eta jarrera hau, Athletic-en meritua baino gehiago, Errealaren errua izan da.
Arrazoi berezirik –are gutxiago aitzakiarik— sekula behar izan ez zuen sentipen berezko honi hainbat azalpen eskatu izan zaio azken hogeitaka urteotan. Galdetu ezezik, kargu ere kargu hartu izan zaigu, bai, zelan demontre izan ote gaitezkeen gipuzkoarrak eta Athleticzaleak, Errealaren gutxiespenetan edo.
Inori erantzuteko baino norberarenak ulertu gurarik, aspalditxo saiatu nintzen gure athleticzaletasuna arrazoitzen eta baita zenbait ondoriotara heldu ere, alegia: 1- Mutikotan, Athletica punta-puntako txapelduna zen eta Erreala, ostera, lehen eta bigarren mailen artean jardun ohi zuen “goitti-behera” taldea. 2- Donostia 72 kilometrora genuen eta Bilbo, aldiz, 42ra. 3- Diktadura denboran, ia ez zen Gipuzkoarik gure eguneroko bizitzan eta zer esanik ez gero, Donostiarik.
Eta, hain zuzen ere, azken hogeita hamar urteotan hiru oinarrizko arrazoiok aldatu diren heinean aldatu ere aldatu da belaunaldi gazteagoen zaletasuna, hau da: 1- Erreala pare bat aldiz izan da liga-txapeldun. 2- Autopistak Bilbo eta Donostia ordu erdira parekatu dizkigu. 3- Demokraziak “gipuzkoartu” egin gaitu, hauteskunde-barrutia, errenta-aitorpena zein komunikabideak tarteko.
Honek guztiak zentzurik zuelakoan nengoen gaur arte, baina eguerdian jakin dut, ordea, den-dena nere burmuinetako fikzio-pelikula baino ez zena. Jose Luis Orbegozo Errealaren lehendakari-ohiaren heriotza dela eta, Euskadi Irratiak haren meriturik handiena zein izan ote zen galdetu dio Iñaki Otegi gerenteari eta baita honek batere zalantzarik gabe erantzun ere: Jose Luis Orbegozo Errealaren lehendakaritzaz (1967-1983) arduratu arte Erreala Donostiako kluba zen eta Gipuzkoakoa izan zedin ahalegindu zen. Klub donostiarra gipuzkoar bihurtzea izan zen Orbegozoren meriturik handiena.
Ez diot nik Iñaki adiskideari kontrakorik esango. Baina, hori horrela bada --eta seguru horrela dela--, betidanik Athleticzale izan garen gipuzkoarrok ez gara sekula bekatari izan, jatorrizko bekatua bere burua gipuzkoartzat ez zuen Errealaren baitan baitzegoen.
Bai gero fina Errealzale ez ginen gipuzkoarron sudurra… guk arrazoi!
Jose Luis Orbegozo, Erreala gipuzkoartu zuen lehendakaria. Goian bego.
Ez da aski iaioena izatea
Axularrek gogotan zuen Euskal Herria zertan den denok dakigu, hitzez hitz idatzia* utzi baitzigun, marku eta muga politiko guztien gainetik. Geroztik, ez dago ordea Axularren hizkuntza-ikuspegia zalantzan, berak aipatu lurraldeei dagozkiekeen marku eta muga politikoen banaketa baizik.
Patxi Lopez lehendakariak argi eta garbi esan du zein den berak proposatu eta defendituko duen marku politikoa, alegia: autonomia-estatutu sistema, Espainiako Erresumaren zein Europako Batasunaren baitan.
Lopez lehendakariak herritarron arteko 'gizarte-ituna' iragarri zuen ostegunean
Badakit ez dela Lopez lehendakariaren proposamena euskal merkatuan salgai dagoen proposamen bakarra. Badakit zenbaitek nahiago lukeela Axularren Euskal Herri osoarentzako independentzia. Aldi berean badakit zenbait gertu legokeela neurriren batean amore emateko eta, oraingoz, Axularren Euskal Herriaren marku politikoa bitan zatitzeko, Bidasoaz honaindi zein haraindi.
Amore ematen hasiez gero, jakin ere badakit beste hainbat gertu legokeela, oraingoz, hegoaldea bitan bereizteko eta elkarrenganako abian jartzeko, noizbaiteko zubigintza erraztekotan edo. Eta, beti ere, mendebaldeko hiru lurraldeen eskuduntzak indartuz eta bermatuz.
Egia ere bada, ostera, Lehendakariari entzun besterik ez dago, euskal merkatu berean badela, gauzak dauden daudenean utziez gero ere, nahiko eta aski dela uste duenik.
Auskalo zein litzatekeen irtenbiderik onena baina, bestelako iritzi-miritzi eta esames guztien gainetik, eztabaida hau argitzeko plaza, foro edo hitzordu bat besterik ez dago: hauteskundeak. Eta gainerako guztiak esne-berbak dira.
Ez da aski parte hartzea. Ezta iaioena izatea ere. Are gutxiago iaioarenak egitea. Horrez gainera, irabazi egin behar da.
ooo0O0ooo













![patxi-f650x650_1[1]](http://farm5.static.flickr.com/4030/4276549239_23d5eecc7f.jpg)