Obamaren aparkalekuak
Amatiño
2009/11/04 23:35
Komunikabide guztiek aztertzen dihardute gaur Barack Obama presidente amerikarraren urtebeteko balantzea. Funtsean auzitan dagoena zera da: Etxe Zuriko aparkalekuan egoki ote dagoen, handiegi ote zaion ala agindutako aldaketak egiten behingoz asmatuko duen. Izan ere, Obamaren curriculum politikoa aparkalekuei atxikia egon izan da hasiera-hasieratik. Bai, behintzat, 2000 urtean Los Angelesen bildutako Demokraten Nazio Batzarrera joan eta… aparkalekuan sartzerik utzi ez ziotenetik. "You can't".
Erantzunik ez
Athletic-en nahi eta ezinak
Amatiño
2009/11/03 13:44
Haritz Gallastegi kazetariak dioenez, Iraizozek eskuarekin nahi izaten ditu baloiak geratu, Llorentek buruarekin golak sartu eta Amorebietak hankarekin segan egin. Behar bada, horregatik ari da gure Athletic horren estu-mestu eta nora ezean. Eskuz, buruz eta hankaz jokatzen ikasten duen egunean hobetotxoago asmatuko al du!
Ur-kulturaren oinordekoak
Amatiño
2009/11/01 23:34
Ur-kontzientzia dugu baina ez, aldiz, argindar edo gasolina-kontzientziarik. Hobeak gara grifoa ixten argia amatatzen baino. Ur-ixuria ikusi egiten dugu eta hainbat trikimailu egiteko gertu gaude ura aurrezteko, ura urria izateaz gainera denon ondasuna delakoan. Aldi berean uste dugu, ordea, argindarrik ez dela sekula falta izango eta auto-depositoan sartzen dugun gasolina gurea baino ez dela.
