Artxiboa Azaroa 2009
Ideologia norberaren kontu, ez inoren bizkar
Gaur komunista batekin bazkaldu dut. Bai, benetako komunista batekin. Geratzen diren bakarrenetako batekin. Bospasei lankideren artean komunikazio-enpresa dute eta merkatu-plazan ari dira itxurazko arrakastaz. Enpresa kudeatu beharra omen da norberaren ideologiaren egiazko galbahea. Beste guztiak ipuinak omen. Teoria hutsa. Ideologia norberaren kontu frogatu behar omen da, ez inoren bizkar.
Nere laguna benetan ona da bere lanbidean. Ofizioa ezagutzen du, erabat profesionala da, guztiz aditua eta gutxik duen bezainbateko esperientziaren jabe, inori leporatzen ez dakigun hainbat kanpaina ospetsuren diseinugilea. Janzkeraz frantziskotarra ematen du eta neska-lagunarekin bizi da, doi-doi, ganbara batean.
Ez ditut bere lankideak askorik ezagutzen baina, elkarrekin lan egin ahal izateko, antzerakoak izan behar, ezin gero arras ezberdinak izan. Guztiek ere Gipuzkoako edozein hitzarmen kolektibopeko langileek baino gutxiago irabazten dute baina, hori bai, inoiz gehiago behar izanez gero, guztion diru-kutxatik hartu baino ez dute.
Badakite tipo “arruntak” ez direna. Ez dute euren burua eredutzat eta ez dute uste mundu guztiak eurek egiten dutena egin beharko lukeenik. Beraiek askatasun osoz hautatutako bizimodua da, euren ideologiari atxikia, pozik bizi dira eta euren buruarekin leial izan nahi dute.
Bada mundu honetan kartujo joaten denik, misiolari, gobernuz kanpoko erakunderen baten laguntzaile edo legendunen erizain. Ez gara beraz komunista izan nahi dutenen hautuaz asaldatuko. Galdera ordea zera da, zergatik enpresa sortu? Komunista izanik, ze premia dago enpresa kapitalista sortzeko? Zer dela-eta merkatu-plazara lehian atera behar hori? Zergatik ez funtzionari izan, inoren menpeko behargin soil, eskean aritu edo subsidiorik subsidio bizitzen ahalegindu? Zer erantzungo eta… gu guztion benetako neurkina enpresa delako, merkatua.
Alegia, teoria eta praktikaren arteko iragazkia enpresa baino ez delako, ideologiaren galbaherik zorrotzena merkatua besterik ez delako. Hau da, anarkista, komunista, sozialista, abertzale edo kristau izan nahi duzula… bapo, sortu ezazu nahi duzun enpresa eta ahalegindu zaitez zure ideologia enpresaren barruan indarrean jartzen. Ez du balio lan-orduetan pinochetista izan eta lanetik kanpo allendezale. Edo enpresa-kudeaketan unibertsalista eta lagunartekoan soberanista. Edo Indiako haurrek egindako jantzien salmentaz aritu eta igandetan mezatara joan. Edo, beste modu batez esanda, anarkista, komunista, sozialista, abertzale edo kristau izan nahi duzula… bai, baina froga ezazu zeure ideologia eguneroko lanean, ez lanetik kanpo. Laburbilduz, ez inoren bizkar, zeure kontura baino.

Ez gara adimena zer den jakiteko bezain adimentsuak
Hans Magnus Enzensberger erudito babariarrak esan bezala: “Ez gara adimena zer den jakiteko bezain adimentsuak”. Eta, beraz, adimena zer den ikasten ez dugun artean, ez gara gero zer arraio den ere ez dakiguna neurtzen hasiko!
Donostian izan berri da Javier Fernandez-Han (Houston, Texas, 1994) Versatile deritzan egitasmoaren diseinatzailea, munduko txairoen energia- eta jaki-premiak asetu ahal izango omen dituen sistemaren asmatzailea. Norbaitek pentsa dezake 15 urteko nerabeak nekez asmatu dezakeela horrelakorik baina, kontu izan, gure mutikoak 9 urte baino ez zituela ideia hau lantzeari ekin zionean. Javier Fernandez-Han argia denik ezin uka, segurutik bere adimen-kozientea gutako edonorena baino altuagoa da, baina horrek ez du esangura Afrikako edozein boskimano analfabeto bera baino argiagoa ezin denik izan.
Interneten jardun besterik ez dago “inteligentzia”, “adimena”, “adimen-kozientea”, “adimen artifiziala”, “emozio-adimena” eta honelako sarrera nahi beste aurkitu ahal izateko. Zer esanik ez gero “inteligentzia-testa”, “adimen-testa” eta CI zein QI bezalako siglak eta akronimoak. Kontua da, ordea, hori guztia ez dela egia, egia osoa behintzat, egia erlatiboa beraz, funtsean gezurra alegia.
Denok dakigu zer den adimen-testa. Hau da, adimena neurtzeko froga, saiakera, azterketa edo etsamina. Baina galdetuko bagenu: Zer da adimena? Erantzunik zuzenena Edwin G. Boring psikologoarena litzateke: Adimena da adimen-testek neurtzen dutena. Ez gutxiago, baina ezta gehiago ere. Zer denik ere ez dakigun zerbait ari gara neurtzen, jakituriaren eta inteligentziaren izenean, hori bai.
Zenbait autorek dioenez, adimena neurtu nahia Mendebaldeko gizarte aurreratuaren guraria besterik ez da, Modernitatearen fruitu mediatikoa eta, funtsean, gaur egungo gizarte nartzisista bere arbasoak eta aurreko belaunaldiak baino argiagoa dela sinetsi nahi izanaren obsesioa. Baina ez da egia. Alegia, eboluzio-legeari jaramonik egingo badiogu behintzat (eta kontra dagoena ausartu dadila argi esaten), XXI. mendeko gizateria ez da Neolitoko nekazaria baino argiagoa, ezta zatia lehenagoko Homo Sapiens ehiztaria baino azkarragoa ere.
Mendebaldeak munduaren ardaztzat duenez gero bere burua, nahastu egiten ditu gizadiaren berezko adimena eta kulturaz ikasitako ezagutza. Baina ezagutza eta adimena ez dira gauza berbera. Seguraski Botswanako boskimanoek ez lukete sekula asmatuko gure edozein neska-mutikok gaindituko lukeen testa. Baina, alderantziz --eta hau da inoiz onartu nahi ez duguna--, seguru gero Nobel saridunik argienak ere ez lukeela boskimanoek jarri liezaioketen oinarrizko testik errazena gaindituko.
Hans Magnus Enzensberger erudito babariarrak esan bezala (En el laberinto de la inteligencia. Anagrama, 2009): Ez gara adimena zer den jakiteko bezain adimentsuak. Eta, beraz, adimena zer den ikasten ez dugun bitartean, ez gara gero zer arraio den ere ez dakiguna neurtzen hasiko!

Ez da desagertuko nere irudimenetik
Egunotan gain behera botatzen ari dira orain 120 urte inguru kaputxinoek Lekarotzen eraikitako ikastetxea. Guztira 10.000 ikasletik gora pasatu omen dira handik eta, besteak beste, Jesus María Leizaola -lehendakari zaharra-, Aita Donosti, Nicanor Zabaleta, Jorge Oteiza, Pedro Migel Etxenike eta Jesus Aizpun, UPNren sortzaile eta lehendakaria. Baita aipatuko ez ditudan nere sasoiko hainbat lagun ere. Hain zuzen, nik eskubaloian sekula jokatu dudan partidarik onena Lekarotzen izan zen. Garaipenik bakarrenetakoa gero Oronotzeko ikastetxearen historian. Bai, Oronotze esan dut, ez Lekarotze.
Lekarotzeko ikastetxetik Oronotzekora bederatzi kilometro baino ez daude, baina bi giza-esparru ordezkatzen genituen. Lekarotzen zeunden handik atera eta unibertsitatera sartu behar zutenak goi mailako ikasketak egiten jarraitzeko eta Oronotzen, berriz, erdi mailako ikasketak bertan amaitu eta hamazortzi urterekin lanean hasi behar genuenok. Urtean lau aldiz (eskubaloian zein futbolean, joan-etorrian bina partida) baino ez genuenez topo egiten, ez genuen elkarren berririk ere jakin izango gure Oronotzeko maisuak diferentziak nabarmentzen ahalegindu izan ez balira.
Geure irakasleen hitzetan, Lekarotzeko ikasleak, unibertsitariak izango zirenez gero, aberatsen semeak ziren eta lan-etorkizun arrakastatsua aldez aurretik zuten segurtatua. Guk, ordea, erdi mailako langile, dendari, autonomo eta enpresari txikien semeak ginenez, geure ahaleginez eta kemenez irabazi behar omen genuen irabazi beharrekoa. Guri ez omen zigun inork oparirik egingo. Segurutik errealitatea askoz ere konplexuagoa zen, baina behar bada horren zakar eta gordin esaten ziguten gu zirikatzeko eta suspertarazteko asmotan.
Oronotzeko futbol-taldea, 1962an. Eibartarrak, zutunik, ezkerraldetik bigarrena (Fidel Jauregibarria, G.B.), hirugarrena (Mikel Larrañaga) eta bosgarrena (Felix Del Teso "Caracas"). Belauniko, bigarrena, Luis Aranberri.
Oronotzeko eta Lekarotzeko eraikuntzak ere arras ezberdinak ziren. Gure jolas-lekuak guztiz irekiak ziren eta futbol-zelaia Baztango larre zabala besterik ez, non ardiek bertan bazkatzen zuten. Lekarotzekoa, aldiz, harri koskorrez jositako eskola-patioa, sekulako harresiz inguratua, gora begiratuez gero zerua baino ikusten ez zena. “Alcatraz” esaten genion. Ikastetxe zaharkitu hura 1962an erre zen, zorionez. Zorionez diot, ezinbestean ikastetxe berria egin behar izan baitzuten eta baita sekulako jolas-leku berriak ere, belar eta guztikoak.
Oronotzen ehun ikasle inguru ginen eta Lekarotzen, aldiz, hiru bider gehiago. Horretara, nahiz eta gure irakasleok behin eta berriz gogoratu gu ginela onenak, adoretsuenak eta kementsuenak, kiroletan behintzat gehientsuenetan Lekarotzek irabazi egiten zuen eta Oronotzek, jakina, galdu.
Baina, 1962an, suak espetxetzar zahar hura suntsitu baino zenbait hilabete lehenago, urteroko eskubaloi-partida jokatu genuen elkarren kontra Lekarotzen bertan eta, estreinako, irabazi egin genuen. Segurutik ez hobeak ginelako, are gutxiago atezaina ni nintzelako, guri (neri) dena uste baino egokiago atera zitzaigulako eta eurei, ostera, dena uste baino bihurriago.

Eskubaloi-talde irabazlea Lekarotzeko harresi barruan, erreketaren aurretik. Ezkerraldean tente, lehena, Enrique Lafuente. Belauniko, eskuinetik hasita, Ramon Idigoras "Itxi" eta Luis Aranberri.
Bai, badakit orduandik 47 urte pasatu direla eta, seguraski, memoria guztiz idealizatzeko nahiko denbora izan dudala. Baina, gertatua gertatu, poetak esango lukeen bezala... nola pentsa dezakete sinesgabeek momentu hura desagertuko denik nere irudimenetik? (LETANIA. Iratzeen esporak. Igor Estankona).
Zientzia-hezkuntza maldan behera
Zientziaz eta teknologiaz baldintzatutako gizartea omen da gurea. Hau da zenbait pentsalariri eta idazleri sarri entzun eta irakurri ohi zaien kexua. Zientzilariak eta teknologoak kezka dira, ordea, esparru honetako gero eta bokazio gutxiago delako eta zientziaren kontrako jarrerak nagusitzeaz gainera bidezidorrik errazenen aukera ugaltzen ari delako.
Estatistikei bagagozkie, gure ongizatea zientzilarien eta teknologoen inbertsio, garapen eta berrikuntzari zor diegu batez ere. Komunikabideei jaramonik eginez gero, berriz, gizartean hitzegin letretakoek hitzegiten dute. Horregatik ez da samurra, esaten denaren eta egiten denaren arteko lotura aurkitzea. Hainbatek badaki zer egin nahi duen eta nahi duen hori egiteko gertu dago. Beste zenbaitek, ostera, ez daki sekula berak zer egin nahi duen, baina beti daki besteek zer egin beharko luketen.
Inbertsiorik, garapenik eta berrikuntzarik nabarmenenak zientzietakoen eskutan daude, baina iritzi publikoa nahiz publikatua zientziatik eta teknologiatik urruti dira. Eta erabaki-postuetako agintaririk gehienek ez dute hezkuntza zientifikorik.
Argia, 2009.11.29 (bi astebete lehenago bidalia)
Iñaki Goirizelaia EHUren erretorea, Esther Dominguez ZTFren dekanoa eta Josu Jon Imaz txostengilea, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen 2008-2009 promozio-diplomak banatzeko ekitaldian
Arantxa Urretavizcaya. El Diario Vasco, 27.11.09
"Escuchamos con frecuencia afirmar a los representantes de nuestras instituciones su fe, casi ciega, en el empresariado, en los cocineros, en los deportistas... Pero casi nunca se acuerdan de nuestros creadores y creadoras, ni tan siquiera nos consideran como factor económico o como fuente de prestigio, como palanca para que cuando alguien oiga la palabra vasco la asocie con cultura, no con terrorismo."
Harkaitz Cano. El Diario Vasco, 27.11.09
"A mi entender seguimos siendo una sociedad de filosofía eminentemente industrial, por no decir tornillera. Nos orgullecemos más de la CAF que de Chillida o de Oteiza. Se utiliza la palabra creatividad hasta la saciedad, pero no veo que la gente que intenta enfocar su vida de forma creativa lo tenga fácil. Acabo de dar un curso de guión a ilustradores, y aunque hay gente joven y de muchísimo talento, tienen dificultades para encontrar interlocutores receptivos que tengan una mínima sensibilidad dentro del tejido cultural-empresarial. Seguimos sin tener fe en quien fabrica los intangibles."
Aldaketei aurre egiteko aldatzeko gertu behar
Dena aldakor, aldagai eta aldagarri den honetan ez da gero batere harrigarria soziologoak aldaketa soziologikoen berri ematea. Ez ohikoa, ordea, soziologoak soziologia bera eztabaidatzea, gizartea gainditu eta gizabanakoaren lehentasuna aldarrikatzea. Hauxe da, lerro bitan, Alain Touraine soziologo ospetsuak egiten duena “La mirada social” deitu azken saiakeran. Aro sozialetik aro moralerako pasabidea. Politika historiaurrea omen; ekonomia, iragana; betor kultura.
Alain Tourainek adibide ulergarri gisa dioenez: “aldaketa irudikatze aldera esan genezakeen joana dela Rousseauk eta Iraultza frantsesak ordezkatzen zuten mundua, baita Marxen eta industria-gizartearena ere, eta aurrez aurre dugula honez gero Freud-en mundua, masa-kultura, komunikazio eta ezagutza-gizartea”.
Eskubide politikoen ondotik etorri omen ziren eskubide ekonomikoak eta orain, berriz, eskubide kulturalak datoz; hau da, edonork bere hizkuntza, erlijioa, elikadura, sexu-harremanak eta familia-moldea indarrean jartzeko duen eskubidea. Beti ere bestelako eremu zabalagoetan ere esku hartzeko gertu dagoen bitartean. Gehiengoak behar omen du gutxiengoaren eskubideak gogoan izan, baina baita gutxiengoak gehiengoarenak ere.

Alain Touraine
Alain Tourainek zorrotz kritikatzen ditu intelektual ofizialak, frantsesak batez ere ("erabakiak hartzen diren lekuetan eroso kokatu diren sasi-intelektualak"), auzitan jartzen du berak Discurso Interpretativo Dominante-tzat jotzen duen jokamoldea. Akabo hastapen sakonak, moral naturala, jainkoaren erreferentzia eta tradizioen aitzakia, pertsona pertsona denez gero berari dagokio-eta azken hitza, bera baita bere eskubideen jaun eta jabe. Ez gero gizartea. Eta, hasteko, eskola ez omen da haurra gizarteratzeko, pertsona hezitzeko baino.
Touraineren ustez orain arteko orekarik ezak berregituratzeko ordua da: soinaren eta adimenaren arteko oreka, arrazoiaren eta sentimenduaren artekoa, publikoaren eta pribatuaren artekoa, gizakumearen eta emakumearen artekoa. Pentsamendu-aldaketa hau orain dela mende erdi hasi omen zen, nahiz eta oraindik hainbat konturatu edo konturatu nahi ez.
Tourainek ez du ulertzen nola arraio dena ikaragarrizko abiadan aldatzen ari den garai honetan, globalizazioa hitzetik hortzera aipatu, informazio-teknologia berriez inguratu eta finantza-harremanek mugarik ez duten honetan, hainbat jendek –intelektualak tarteko— hitzegiten jarraitzen duen aldaketarik etorri behar izango ez balu bezala.
Hain zuzen, hauxe da Alain Touraineren liburuaren helburua: aldaketak aztertu baino gehiago, aldaketei aurre egiteko iritzi-aldaketa suspertu.
Eta tipoak 84 urte ditu.

"La mirada social. Un marco de pensamiento distinto para el siglo XXI" (Paidós, 2009)
Munillaren alde
Juan Mari Uriarte gotzainaren ustez Jose Ignacio Munillak “osasun ona du, lanerako gaitasun handia, espiritualitate sendoa eta kemen apostoliko nabarmena”. Horrez gainera, gogoratu ere gogoratu du donostiarra dela eta hamazazpi urtez Gipuzkoan bertan apaiz-lanetan aritua. Hala ere, hainbatek erabaki du hori ez dela nahiko Donostiako gotzain izateko. Zerbait gehiago behar dela. Gehiago… Zertarako?
Munilla bera harritu samarrik dago astindu den eztabaidaz: Ni ez naiz horrenbesterako aitortu du irribarrez gaur goizean Euskadi Irratiak egindako elkarrizketan. Nik ez dakit horrenbesterako den ala ez baina ni ere harrituta nago haren izendapenak kristau ez direnen artean sortarazi duen zalapartaz.
Nago, ez ote gauden guztiz ezberdinak diren arloak nahasten: gizarte-konpromisoa, kristautasuna, morala eta politika dena elkarrekin kokteleran sartu, eragin eta ondotik darion nahaste-borrasteaz nahi dugu, antza, gizona epaitu ezezik, baita aldez aurretik erruduntzat jo ere.
Munilla kontserbadorea ala progresista, eskuindarra ala ezkertiarra ote den… nik erantzungo nuke denetarik dela. Txairo eta behartsuekiko guztiz aurrerakoia eta moral kontuetan taliban-talibana. Kristautasunik ez dio (oraindik) inork ukatu eta politikaz, berriz, edozer izan daiteke, kontrajarritzat jotzen ditugun bi esparru horiek biltzen dituen edozein alderditakoa bai behintzat, eta barrena laupabost badira gurean.
Ez esan gero hori ezinezkoa denik. Munilla donostiarra da baina poloniarra ere izan zitekeen. Ez luke batere trabarik egingo Solidarnosc-en tradizioaren baitan eta hobeto konponduko litzateke Woytilarekin Ratzingerekin baino.
Aita jatorriz etorkina eta ama Donostiako merkatuan barazkiak saltzen zituen Aizarnazabalgo baserritarra, umetan nola-hala albaindutako euskara gaztaroan bere kautan landu duen mutil adoretsua dugu Munilla. Apaiz-lanetan hasi berri, Zumarragako langile etorkin-auzoko garaje ziztrin barruan gurutze handitzarra jarri eta eliza ireki zuena… Baita gero ganorazkoagoa eraiki ere, auzo-lanean, EAJren eta PSEren dirulaguntzaz, Munillak Zumarragako udalari gizarte-zerbitzutan aurrezten ziona dezente gehiago zelakoan.
Munilla dugu haurren katekesiaz eta aisialdiaz (futbol-partidak antolatu eta erreferiarenak egin), HIESak jotako gaixoez eta lanik gabeko familiez arduratuz hazi eta hezitako koadjutore gaztea, bere ohea hainbat yonkiri utzitakoa. Esan gabe doa ez dudala nik imajinatzen Rouco Varela kardinala bere ohea yonkiei uzten.
Bada Munillari leporatzen dionik “por libre” ibili izana. Joño, eta “por libre” ibiltzea noizdanik da herri honetan bekatu? Ala “meritu” hori alde batekoei soil-soilik onartu behar al zaie?
Kontua da, ordea, zenbaiten ardura besterik dela, alegia, Munillak presoen alde behar beste egingo ote duen ala biktimei “orain arte baino gehiago” lagunduko ote dien. Baina Munilla gotzaina epaitzeko beste neurkinik ez dutenek, auskalo aurrerakoiak ala atzerakoiak ote diren baina, behar bada, ez dute zerurik merezi. Ez behintzat Kristorengan sinesten dutenek itxaro duten zerurik.
The death of a world
Lagunak galdetu dit ea “2012” filmak (Roland Emmerich, 2009) ikusterik merezi ote duen. Zalantzarik gabe, bai, diotsat: 158 minutu bospasei eurotan… saldo prezioan. Ezer gutxi gero merkeago arratsalde erdi pasatzeko. Ezta Eguberri osteko beherapenetan ere. Beste kontu bat da, ordea, zine-zinea ote den. Baina negozioa behintzat bai, $ 200 milioiren inbertsioaz $ 450 lortu baititu hamar egunetan. Bertan Bilbo!
Augouste eta Louis Lumière anaiek Parisko Grand Café-an --1895eko abenduaren 28an-- Cinematographe izeneko asmakizuna estreinako erakutsi eta Exiting the factory lehen filma azaldu zutenean, ezein ikuslek pentsatu zuen hura artea izan zitekeenik. Tramakulu moderno harek jendea liluratu zuen hasieran baina baita berehala aspertarazi ere, edukirik ezean teknika hutsak ez baitu inor entretenitzen etengabe errepikatu arren. Edota, hain zuzen ere, behin eta berriz gauza beretsua eten barik errepikatuz gero, are gehiago aspertzen da-eta jendea. Zinegintzaren teknika ez baina, artea, Zazpigarren Artea, 1915an sortu zen David Griffith zuzendariak The Birth of a Nation filmatu zuenean.
Atzekoz aurrera, Roland Emmerich-en 2012 pelikula, The Birth of a Nation ezik, The Death of a World izan zitekeen baina, behar bada, Sony Pictures Entertainment ekoiztetxearen zinematografo jolasgarri modernoa baino ez da. Zinematografo estatubatuarra, jakina, non guztia den handiago, garauago, galantago eta erraldoiago, ondoren dena suntsituago, birrinduago, xehetuago eta erraustuago izan dadin eta ondorioak izugarriagoak, ikaragarriagoak, harrigarriagoak eta sinesgarriagoak begitandu daitezen. Kontua da, ordea, Exiting the factory filmak, aspergarria izan arren, 45 segundo besterik ez zituela. Roland Emmerichenak, aldiz, bi ordu t’erdi luze.
Hala ere, hasierako lepotik burua, filmak ikusterik merezi ote? Aktore-aktoresa onak, gidoi landua, narrazio erakargarria eta historia sinesgarria ikusi nahi dituenak hobe du beste norabait joan. Baina, euria delako, sei eurotan eskaintza hoberik ez delako edo sekulako efektu berezirik nabarmenenak ikusi nahi baldin baditu ba… bertan Bilbo!
Azken batean, Begoña del Tesori jaramonik egingo badiogu, bada zineak serioa izateari ekin zionean zineaz aspertu zenik: “Zinea jolasa izan zen bitartean baino ez nuen gustuko izan” (Jean Cocteau. La Revue Parisiénne des Artes. Paris, 1928).
Horretara, adiskide, nahi baldin baduzu EEBBetako hegazkin-ontzirik handiena bere presidentearen buru-gainera erortzen ikusi, edo San Pedro basilikaren kupula atariko plazan errezatzen dagoen jendetzarengana jausten, edo tsunamia Tibeteko monastegiaren kontra jotzen… zorionak, sekulako aukera-maukera daukazu.

Cherchez la femme
Mugimendu handi samarreko liburudendetan begi-bistan dago Helmut Newton argazkilari ospetsuaren SUMO bildumaren bigarren argitalpena. Etzanda gorde beharreko liburu-puskak 464 orrialde (26,7 X 37,4) ditu eta 100 eurotan dago salgai.

Liburukote berri hau orain hamar urte arrakasta handiz plazaratu zenaren bigarren argitaraldia da. Benedikt Taschen editoreak formato handiko liburua argitaratzeko proposamena egin zion eta baita asmatu ere. Ziztu bizian ahitu ziren 400 argazki erotikoren 10.000 bildumak, guztiak banan-banan egileak sinatuak. Kaxa eta guzti 35,4 kilo pisatzen omen zuen liburu bakoitzak eta, geroztik, aleren bat edo beste –argazkietan agertzen ziren ehun VIPen autografo eta guzti— 430.000 dolarretan saldu izan da enkantean.

Guztiz ezaguna da Helmut Newton (Berlin, 1920 – Los Angeles, 2004) argazki-munduan eta argazkion erotismoa, berriz, baita mundu horretatik kanpo ere. Gau-soinekoak, galtza beltzak, ligak, takoi altuak, eskote handiak, ispiluak, harreman lesbikoak eta, beti ere, emakumeen ipurdiak biluzik eta bularrak larrugorritan… nolabaiteko glamourrez, xarmaz, morboz, ezkutu-edertasunez, perbertsio-puntu oldarkorrez eta, nik uste, merkatuak onartzeko eta ordaintzeko besteko matxismoaz. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

Hainbat urtetan Marie Claire, Elle, Vogue eta Play Boy aldizkarietan lan egin ondoren, zalantzarik ez gai erotikoez gainera Helmut Newton argazkilari ona zena baina –cherchez la femme— haren heriotzaren ostean June Browne alargunak bere argazki-bilduma azaldu zuenean kritikak jakin zuen Newtonen emaztea ere ez zela hutsaren hurrengoko argazkilaria.

Helmut Newton lanean eta June Browne emaztea begira
Hain zuzen ere, zenbait martxanteren iritziz, June Browneren meriturik handiena ez omen zen izan argazkigintzan dezente ona izatea, senarrari laguntzen, hainbat ikusmolde iradokitzen eta negozioa kudeatzen asmatzea baino. Ez da, nonbait, artista axolabakoaren negozioari etekina ateratzen jakin izan duen lehen emaztea. Hain zuzen ere, zenbaiten ustez, hauxe omen zen, funtsean, Oteizaren eta Chillidaren arteko alderik nabarmenena.
June Browne, Helmut Newtonen emaztea

Otermin, Amezketako artzain kinesikoa
Hirurogeiren bat lagunek agur esan genion atzo Jose Mari Otermin adiskideari. Ez, ez zen bere hiletarik izan, erretiro-eguna baizik. 27 urte ETBren programa-zuzendaritzan jardun ondoren, Jose Mari Amezketara itzuliko da Fernandoren aztarren bila. Jose Marirekin amaitzen da, Euskal Telebistan, 1970eko hamarkadan euskal komunikabideak erakundetzeari ekin zitzaion belaunaldia.
Artzain-familian sortua, hazia eta hezia, Jose Mari Oterminek Neolitikotik McLuhanen globalizaziora ziztu bizian pasatzeko gaitasuna erakutsi du. Artzain Amezketan, sakramentino ikasle Tolosan, igeltsero Goierrin, kazetari Loiola Irratian, Euskadi Irratiaren sortzaileetakoa, programa-arduradun ETBn eta, azken bolada honetan, komunikazio kinesikoaren irakasle hainbat masterretan.
Nik ez dut gogoan baina, berak esan ohi duenez, 1982an ETBn ekiteko proposamena egin nionean zera erantzun omen zidan: “Bai, baina ni ez nauk sekula kamera aurrean aterako”. Tamalez bere hitza bete du. Tamalez diot, asmatu-ezina dugun kaletarrok telebistan agertzeko lotsarik izan ez genuen artean artzain-etorriaren jabe zena ezkutuan aritu izan baitzen. Bistan da ordurako ere, oharkabean agian, kinesikoa zena.
Bere zenbait mugarri azpimarratzekotan: kazetari aldetik, 1974ko eta 1980ko euskal espedizioak Everesta; sortzailetzat, Euskadi Irratia; sustatzaile gisa, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen abenturak eta Goenkale telesaila; eta kudeatzaile modura, berriz, Euskal Herritik kanpoko telebistentzat Miramonen eragindako hainbat programa handi-mandi.
“Oterminatorrek” ETBri utzi dio baina ez, horratik, lanari. Oraintsu argitara eman ditu Bide luze bezain malkar eta Largo y tortuoso camino bilketak Amezketako historiaz, eta hainbat urtez edozenbat artxibategitako hautsak astindu ondoren, Fernando Amezketarraren historiografiaz adituenetakoa dugu honez gero.
Artzaina berriro ere borda-bidean. Sekula patxada galdu gabe, bere buruaren jabe, inguratzen zaizkion guztien habe.
Eskerrik asko hi, haizen modukoa haizelako.

Jose Mari Otermin Urtizberea
Azoreetako antizikloiari aurre egiteko
Burubelarri energia berriztagarrien alde eta sutsu ziklo konbinatuen aurka aritu ohi direnen aurrean badira beste hainbat argindarra ekoizteko energi-mota bi horiek kontrajarriak ezezik osagarriak direla defenditzen dutenak. Are gehiago, azken hauei aukera eman zaien bakoitzean beti esan izan dute energia eolikoaren sustatzailerik onena ziklo konbinatua bera dela.
Defentsa honen nondik norakoa adieraztea ez da batere zaila. Kontua da energia berriztagarriek gaur egun duten ajerik larriena energia metatu edo gorde ezina dela. Alegia, haize-errotek haizea behar dute argindarra sortzeko baina haizeak bere kaxa jotzen du, ez kontsumo-eskabidearen arabera. Orduan, gizarteak kontsumoari amain ematen dionean Azoreetako antizikloia nagusitzen baldin bada… zer egin? Ba, hain zuzen ere, haize-falta hori ordezkatzeko gaur egun dugun teknologiarik aproposena ziklo konbinatua da, premien arabera isiotzen zein amatatzen errazena, malguena da-eta.
Teoriatik praktikara, horren adibide gisa Espainiako argindar-kontsumoa eta energia-mota bakoitzaren ekarria. Esaterako, azaroaren 8an sekulako haizete ikaragarriak egon ziren eta, goizaldetik arratseko ordu txikiak arte, Espainiako argindar-kontsumoaren %50 inguru energia eolikoak (berde argiz) sortarazi zuen.

Baina San Inazio eguneko emaitzak aztertuz gero, aldiz, egoera bestelakoa izan zen. Egun beroa eta barea izan zen, haizerik batere ez gero, eta argindar-kontsumoaren %40 ziklo konbinatuei (beige kolorez) esker lortu zen.

Beraz, laburbilduz, urez (urdina), atomoz (morea), ikatzez (gorria) eta gainerakoez (berde iluna) eragindako energiak bere martxan jarraitzen duen artean aldaketa handirik gabe, haize-errotak eta kiklo konbinatuak elkarren osagarri dira, unean uneko haize-indarraren arabera. Beste modu batez esanda, ziklo konbinatua autonomoa izan arren eta energia eolikoa ez, sistemak energia eolikoaren apostua egin dezake –eta egiten du--, haizerik ezean ziklo konbinatuak segurtasun-sarearenak egiten dituelako. Ziklo konbinatuaren malgutasuna ez balitz, energia eolikoak ezin izango lieke kontsumoaren etenbako aldaketei erantzun eta ez luke, hartara, izan duen garapenik izango.
Ikus hemen uneoro haize-erroten eta ziklo konbinatuen arteko oreka. Aurreko asteazkenean (hilak 18), esaterako, ez zuen batere haizerik egin. Baina berdin-berdin jarraitu genuen argindarra kontsumitzen.


