Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2009 Urria

Artxiboa Urria 2009

Betiko lepotik kontuak

Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak alderdirik gehientsuenon onespenaz baietsiko dira eta zalantzarik ez albiste ona dena. Politikagintzan beti ere ona omen da aurrekontuak adostasun handiz onartzea eta alderdiak kinka larrietan elkarrekin konpontzen badira, hainbat hobe. Baina alderdi guztien gainetik eta politika guztien azpitik, lastima gero gobernu-aldaketa nabarmenak aurrekontu-aldaketarik nabarmendu ez izana. Behin aukera aproposa izan guztia hankaz gora jartzeko eta, hala ere, betiko lepotik kontuak.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak ez direla sekula aldatu esatea lartxo litzateke seguraski, baina hiru hamarkadaren bueltan oraindik ere lehen gobernuaren oinarrizko kontu-banaketak indarrean jarraitzen duenik nekez ukatuko du inork. Jakina gero diru-kopuruak aldatu direna, baina ez behintzat  hasierako sailkako kontu-egitura.

Mila bederatzirehun eta laurogeitik honako hogeita hamar inguru aurrekontuak Garaikoetxearen lehendakaritzapeko aurrenengoaren  oinordekoak dira. Geroztik, lau urtetik behin berritu izan diren gobernuen sailburuak nork bere larraina defenditzen ahalegindu dira eta urteak joan eta urteak etorri izan diren aldaketak ez dira inoiz kontzeptuzkoak izan. Oro har, eztabaida kuantitatiboa izan da, ez kualitatiboa. Nolabait esateko, aurrekontuak erabaki beharreko gobernu-bileretan, sailburu bakoitzaren zeregina inoiz gutxitan izan da bere ardurapeko programak mahaikideen aurrean defenditzea, zer gerta ere aurreko urteko diru-baliapideei eusten jarraitzea baino.

Seguru gero, urtez urte hainbat sailek (Hezkuntzak eta Osasunak, esaterako) izan duten etenbako hazkuntzek dezente aldatu dutela sailen arteko oreka baina, hau egia izanik, egia ere bada azken hogeita hamar urteotan ezein jaurlaritza ausartu dela bere aurreko errutina auzitan jartzen eta, horretara, guztiz eztabaidagarri dela barne-egitura aldatu gabeko aurrekonturik onena ere benetan onena ote den. Edo beste modu batez esanda: zelakoak izango ote lirateke aurrekontuak, lau urtetik behin edo, hutsetik hasi beharko balute?

Gutxien-gutxienik, lehiakorragoak. Baina ez dugu sekula jakingo.

                        

 Ajuria Enea, 1981. Guevara, Rubalkaba, Anasagasti, Ormazabal, Leizaola eta Garaikoetxea

Amatiño 2009/10/30

Autoentzako euskal argindar-sarea abian

Euskal Energiaren Erakundeak eta Repsolek elkarrekin sinatu dute, gaur, auto elektrikoen bateria-karga sarea Euskal Autonomia Erkidegoan ikertzeko, garatzeko eta indarrean jartzeko hitzarmena. Inork ez du honez gero uste berandu baino lehen autoak argindarrez ibiliko ez direnik. Baina, auto elektrikoak ibiliko badira, nonbait kargatu eta birkargatu beharko dira. Honek bi arlo landu beharra eskatzen du: azpiegitura eta teknologia berri-berria.

Energiaren Nazioarteko Agentziari jaramonik egingo badiogu, 2030erako ezarritako C02 ixuri-helburua bete ahal izateko, auto-trafiko erdiak elektrikoa izan beharko du ordurako. Betekizun honek zeharo aldatuko ditu energia-merkatua, kontsumo-ohiturak eta zerbitzu-azpiegiturak.

Euskal Energiaren Erakundea eta Repsol petrolio-konpainia zer gerta ere etorri datorren aldaketaz jabetu dira. Erakunde publikoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren energia-estrategia bideratu nahi duelako eta enpresa pribatua, berriz, liderra (Repsol, Campsa, Petronor) delako eta izaten jarraitu nahi duelako. Hitzarmenak erabateko ondorio onuragarriak suspertuko ditu euskal industriaren alorrean, Israelen eta Danimarkan edo izan ezik, beste inon ez baitago munduan honelakorik abian.

Egitasmo honek autoentzako agindar-horniduraren sarea nola burutu diseinatu beharko du eta automozio-sektorean aldaketa sakonak eragingo. Lehenak ikerketa, garapen eta berrikuntza (egitura-mota, karga-sistema, software berria…)areagotu beharko du eta bigarrenak, berriz, egokitze-lan handia eskatuko die gero eta garrantzitsuagoa den energia sektoreko euskal enpresei (automozioa, elektronika, informatika, bateriak…).

                        

        Patxi Lopez lehendakaria lekuko, Antonio Brufau eta Bernabe Unda Repsolen zein Energiaren Euskal Erakundearen presidenteek sinatu dute hitzarmena

Amatiño 2009/10/29

Egunkarien azken hatsa

Egunez eguneko jaitsiera-datuen arabera, 2043ko udaberrian ahituko da prentsa idatzia Estatu Batuetan, orduan utziko dio-eta atzenengo irakurleak azken egunkaria erosteari. Noski, adibidea besterik ez da, fikzioa alegia, ezein egunkarik ez baitu iraungo azken irakurlea galdu arte, baina anekdotak argi asko azaltzen du maldan beherakoa zein larria den. Paperezko prentsarenak egin omen du.

Ez naiz zehatz gogoratzen baina, mehatz gero, 1985eko inguruan edo parte hartu nuen komunikabideei buruzko mahai-inguru batean non, besteak beste, egunkarien etorkizunaz hitzegin genuen. Oso gogoan dut, ostera, El Diario Vasco egunkariaren kontseilari ordezkariak orduan esana: paperezko egunkariak ez dira hurrengo hogeita bost urteetan desagertuko.  Hogeita bost urte geroago, iragarpen harek bi baieztapen eta galdera bat eskaintzen dizkigu. Bat, gaia ez dela inondik ere berria. Bi, Jose Bergarechek bete-betean asmatu zuela. Eta hiru, honez gero inor ausartuko ote litzateke beste hogeita  bost urteko bizi-itxaropena opa izaten?

Philip Mayer kazetariak The Vanishing Newspaper liburuan aurreratzen duenez, oraingo argitaraldien eta salmenten egunez eguneko jaitsiera-datuen arabera,  2043ko udaberrian ahituko omen litzateke prentsa idatzia Estatu Batuetan. Orduan utziko omen lioke azken irakurleak azken egunkaria erosteari. Noski, adibidea besterik ez da, fikzioa alegia, ekonomia-eskalaren arabera ezein egunkarik ez baitu iraungo azken-azken irakurlea galdu arte, baina anekdotak argi asko azaltzen du maldan beherakoa zein larria den. Paperezko prentsarenak egin du, honez gero museorik ere bai baitu: Newseum

Ipar Ameriketako merkatuaren zenbait datu adierazgarri biltzekotan, hona El fin de los periódicos liburuan barrena han hemenka bilduak:

- 18 urtetik 34ra bitarteko iparramerikarretatik %19 baino ez omen dira egunero egunkariren bat irakurtzen (ez, erosten) dutenak.

- Egunkari-irakurleen batezbesteko adina 55 urtekoa da

- 2008an egunkari-erosleen ehunekoa 1945 urtekoaren erdia izan zen.

- Iaz izan zen egunkari-enpresek sekula ezagutu izan duten urterik txarrena. Sektoreko akzioen balioa, batezbeste, %85 jaitsi zen.

- 2008an, iragarki-kopurua %25 gutxitu zen eta, aurten, %17 murriztuko omen.

- 2000 urtean, barne Estatuetako gobernu-politika jarraitzen zuten kazetariak 543 ziren, 2007an 407 besterik ez.

- Sektoreak gero eta langile gutxiago du eta jarraitzen dutenak gero eta gutxiago irabazteko gertu daude.

Datuok Ipar Ameriketako informazio-ixuriaren lekuko dira baina honek ez du esangura gure inguruan egoera bestelakoa denik. Aurreko astean bazkaldu nuen hemengo prentsako kazetaririk onenetako batekin eta lanez aldatzekotan ari zela aitortu zidan. Arrazoiak edonork ulertzeko modukoak: egunkari guztiak urtez urte ari dira tirada murrizten. Behar bada ni jubilatu aurretik itxiko da bat baino gehiago. Eta denak itxiko ez badira ere, ezin izango didate gaur beste ordaindu. Bizi guztia daramagu edukien garrantzia aldarrikatzen. Orain, aldiz, eduki asko eta negozio gutxi. Lanbide honek onenak eman ditu.

  

 

Amatiño 2009/10/27

Funtzionatu ala ez, that's the question

“Los hombre que no amaban a las mujeres” gustura ikusi ondoren “La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina” noiz etorriko zain egon bazara, denboraz zaude iritziz aldatzeko eta, trukearen truke, hobe zenuke beste filmen bat ikustera joan, “Si la cosa funciona” esate baterako, Eibarren bertan gainera, non eta Coliseoan. Funtzionatu egiten du. Ez da gutxi.

Milenium trilogia ospetsuaren bigarren filmean ez da ezer pasatzen edo, hobeto esan, gauza asko pasatzen da baina ganorazkorik, datorren astean gogoratzeko modukorik alegia, ezer ez. La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina filma luze egiten da, titulua bera bezain luze, eta luzeegi egiten diren filmak… seinale txarra.

Pelikula amaitu baino hainbat minutu lehenago Lisbeth Salander-ek (Noomi Rapace) Mikael Blomkvist kazetariari eskaintzen dion irripar-izpi eskertsua edo izan ezik, filmak ez du ez errainurik, ez magiarik, ez bizipozik.

Hainbat errainu, magia dezente eta bizipoz ugari duena, berriz, Woody Allenen Si la cosa funciona da. Segurutik ez du Oscarrik irabaziko, ez Zazpigarren Artearen historiarik nabarmenduko, baina ordu t’erdi atseginez pasatzeko behintzat, nahiko eta larregi.

Boriz Yelnikoff (Larry David) Columbiako Unibertsitatearen irakasle jubilatua, intelektual harro eta narzisoa, bere burua goreneko jeniotzat duen harroputz eta elitista, eszeptikoa izan beharraren beharrez kontserbatzaile samarra baino ez da... Melody St. Ann Celestine (Evan Rachel Wood) ustekabean agertu arte. 

Boriz Yelnikoff, eraz, moldez, hitz-jarioz eta jarreraz erabat Woody Allen bera gogorarazten duen pertsonaia, ez da erraz jakitekoa zergatik maisuak bere burua interpretatzeko ordezkoa  aurkitu behar izan duen baina, edozein modutan, ezin esan ordezkoak maisuarenak egiten asmatu ez duenik.

Filmaren lehen ordu erdia mundiala da eta aurrera egin ahala maldan behera doan arren, sikeran barrena jo aurretik amaitzen daki, beti ere honako tesia defenditu ostean, hau da: maitasun-harremanak ustekabean suertatu ohi direla eta jarraitu baino ez dutela egiten “si la cosa funciona”. Egia ote?

                              

        Agure zaharra ni baino urte bi gazteagoa da. Arduratzekoa gero. Ni arduratzekoa, jakina!

 

 

Amatiño 2009/10/25

Hipatia, Alexandriako elipsia

“Tú no cuestionas lo que crees. No puedes. Yo debo”. Esaldi honetan laburbiltzen da Hipatia filosofoa eta Orestes prefektuaren arteko jokabide ezberdina eta, besteak beste, Amenabar zuzendariak ‘Agora’ filmean aldarrikatzen duen intelektualaren zeregina. Egiaren perfekzioa ez baita biribila, elipsia baizik.

Alexandria, IV. eta V. mendeen arteko zubigintzan. Erromatar Inperioaren sakabanatzearekin batera Antzinaroaren mundu klasikoa maldan behera doa eta ondorengo Erdi Aroak erakarriko duen gau iluna etorri dator. Hainbat mendetan osatutako Inperioaren mugak haustear daude eta edozenbat egitura txikerretan zatitzear. Erromatarrek luzaro ezarritako bakeak han-hemenkako gatazkatan lehertu behar du eta populismoak grekoerromatarren eskola ahaztaraziko. Barrena bizpahiru mende iraun zuen aldaketa hau pare bat hamarkadatan biltzen du Amenabarren gidoiak eta bi ikur nagusitan oinarritu: Alexandriako serapeumaren hondamena eta Hipatia (355 - 415) irakaslearen –sekula historian izan den lehen emakume matematiko eta astronomoaren— nondik norakoa.

Oinarrizko pertsonaiak eta gertakariak historiari zor zaizkion arren,  seguraski ezer ez zen zehatz gertatu Amenabarrek kontatu bezala. Baina zehaztasunik eza egia izanik, egia ere bada nekez adierazi zitekeela honen argi eta garbi orduan jazo ziren jokaera, ikuspegi eta gizatalde kontrajarrien berri. Behar bada filmak lar topiko eta arketipo ditu baina inor ez da behintzat  zine-aretotik atera ahal izango ulertu ez duenik esaten. Egiaren perfekzioa ez baita biribila, elipsia baizik.

Agora Hipatia emakume zientzilariaren omenez egindako filma da. Berori izan ezik, hipokresiak jotako hain garai zail, konplexu, iskanbilatsu eta krudelean inor ez da gero onik ateratzen. Ez paganoak, baina ezta kristauak eta juduak ere. Ez Hipatiaren beraren aita, ez anaiak, ezta Davo otseina ere. Batzuon jauntxokeria eta ardurarik ezaren eta besteon fanatismo eta dogmatismoaren artean, Hipatia baino ez da Alexandrian zutik dirauen itsasargi bakarra.

Filmaren erdia Rachel Weisz (Hipatia) da. Etenik gabeko ikerkuntzaren onetan lan, ikasi eta irakatsi besterik egiten ez duen emakume aitzindaria. Eta, hain zuzen ere, jakinguran jarritako pasio horri dario nolabaiteko morbo erakargarria. Emakumeen artean, argitasunaren eta tolerantziaren eredu delako, eta gizonezkoen artean, berriz, bere buruaren jabe den emakume lortezina are erakargarriagoa delako... nahiz eta edertasun horri eusteko filmako Hipatia benetakoa baino hogeitaka urte gazteago agertu.

Baina, bi orduko zinea zine baino ez da eta egiazko historia nahiago duenak hobe du Maria Dzielska poloniarraren datu-bilketa irakurri.

 

Amatiño 2009/10/23

Ezta larrua jotzeko ere

Azor yatea, frankismoaren ikurrik adierazgarrienetakoa, Burgosko lautadako motel baten atarian datza, lehorrik lehorrenean. Haren ugazabak luxuzko “pikaderotzat” erabiltzeko asmotan erosi zuen baina ideiak ez zuen batere arrakastarik izan. Francisco Franco eta Carmen Polo bikotearen lizar, intxaur, haritz eta sikomoro egiptoarrez jantzitako logelak (ez zuten elkarrekin lo egiten) ez dira nonbait inoren libidorik limurtzeko gauza izan.

Azor yatea Galiziako Bazan ontzioletan itsasoratu zen 1949an. Generalisimoak udaran erabili ohi zuen Kantaurian zehar, atunetan batez ere, noizik edo behin, Don Juan de Borbon tarteko, erregimenaren etorkizunari buruzko negoziotarako ere balio izan bazuen ere. Gogoan dut, mutikoa nintzela Acuarium aurrean ikusi izan nuela behin edo birritan.  47 metro zituen esloraz eta  ikaragarri galanta ematen zuen Donostiako ur txikietan.

Franco hil ostean pare bat aldiz baino ez omen zen erabili. Behin Juan Carlos erregek, erregerena egiteko, eta beste behin, auskalo zertarako, Felipe Gonzalez gobernu-presidenteak, sozialista errepublikazaleen lotsaz eta saminduraz, eta memoria handirik gabeko eskuinaren isekaz eta kritika arolaz. Nonbait damutu zen, ez baitzen harrezkero itzuli.  

Estatuak enkantean jarri zuen 1992an. Gutxienik ehun milioi pesetan (600.000 €) atera behar omen zuen baina, zer gerta ere, ez zen azkenean lau milioi t’erditik (27.000 €) pasatu. Erosleak itsas-pub bezala erabiltzeko asmotan hartu zuen arren, ez zuen sekula santan itsasoratzeko baimenik lortu. Azkenean, beste 12 milioi (72.000 €) jarri ostean,  hiru zatitan ebaki eta Cogollos herriko erretegi baten larrainean kokatu zuen, lurretan tinko asko sustraitua eta erdi ezkutuko maitasun-logelez inguratua.

Gaur egun bertan jarraitzen du ezin bestean, egunak joan eta egunak etorri, erabat herdoildua, ugerra dariola, alferrik galdua eta itxuragabetua, inor erakartzeko batere duintasunik gabe. Ez aldekorik, inor gutxi gelditzen delako, eta ez kontrakorik, inork gogoratu ere gogoratzen ez duelako.

P1000015 por ti. Istriborra

Babor por ti. Ababorra

Popa por ti. Txopa

Amatiño 2009/10/21

Plagioak baldintzak betetzen ez dituenean

Ez, Bernardo Atxagaren ildotik ez dugu plagiorik gaitzetsiko, nabarmenduko baino. Kazetari naizen aldetik ez dagokit neri plagiorik salatzeari ekitea, nekez baitago lanbide kopiatzaile handiagorik. Baina, aldi berean, zilegi al zaigu Ramon Rotetaren egiazko sorketa-ahalmena, oraingoz behintzat, auzitan jartzea?

Ramon Roteta (Hondarribia, 1951), 1970ko hamarkadan sortutako euskal sukaldaritza berriaren partaiderik gazteena da. Arzak, Subijana, Argiñano, Castillo, Fombellida etab. 40eko hamarkadan jaioak dira. Irizar, Patxiku Kintana eta Idiakez, berriz, 30ekoak. Roteta da, sortzaileen artean, 50eko bakarrenetakoa.

Rotetak hogeitaka urte gutxi zituen Donostiako kaialdeko Kurlinka jatetxean ezagutu genuenean. Jatetxe berrizalea, txukuna, goxoa, atsegina benetan. Baita arrakastatsua ere. Hain arrakastatsua eze, Ramonek Madrilgo “El Amparo” ospetsura egin zuela joan-etorria 1979 inguruan eta, 1981tik aurrera, erroetara itzuli ostean, 30 urte baino ez zituela Roteta jatetxea Hondarribian bertan ireki zuenean.

Azken laupabost urteotan, berriz, heldu samarra beraz, eskulturaren deia jaso bide du eta, horra lekuko, Kutxa Aretoan (Boulevard, Donostia) egunotan azaltzen ari zaigun Buru lanak deritzan erakusketa.

Inoren bilakaera

Erakusketara sartu bezain laster nabari da gero Rotetaren lanak ez zaizkigula batere berri iruditzen, aldez aurretik noizbait ikusiak baizik. Besteak beste, Gorputz enborra ez litzaiguke erabat arrotz egingo Chillidaren Zabalegi baserrian ikusiko bagenu, Andrea dantzan Basterretxearen kosmogonia sailekoa izan zitekeen eta Zazpi frontoi, berriz, oteizatarra da. Hain zuzen ere, Oteizaren eragina begien bistakoegia da Rotetaren emarian. Bai izenburuen adierazpenetan (Espazio hutsean, Huts grisa, Erdi hutsa, Hutsean…)  bai Argia eta Itzala bezalako sortetan ere, eta entsegu txikien bildumak Oteizaren Debako Arte Eskola (1969) gogorarazten digu.

Nestor Basterretxeari jaramonik egingo badiogu, Rotetak ez du arte abstraktuaren baitan barne-eboluziorik ezagutu, inoren bilakaeraren amaiera beretik ekin baitio bat-batean. Rotetaren emaitza polita denik, estetikaz jantzia, ezin ukatu. Ikusgarria baino gehiago “ikus-garria” behar bada.  Baina, artea al da? Alegia, seguru gero Roteta gustura sentitzen dena irudigintzan eta plazer hori ezin zaio kendu baina, desagun berriro, egiazko “buru lanak” dira ala "esku lanak" besterik ez? Chillidaren logikari jarraituz, artea al da ala artisau-lana baino ez? Non hasten da sormena eta non kopia, nolabait esateko, plagioa?

Ez, Bernardo Atxagaren ildotik ez dugu plagioa gaitzesten, nabarmentzen baino. Kazetari naizen aldetik ez dagokit neri plagiorik salatzeari ekitea, nekez baitago lanbide kopiatzaile handiagorik. Kontua da, ordea, Rotetak ez duela plagiorik sumatu ez dadin bete beharreko lau baldintzetarik bat bera ere betetzen. Hau da: gizarteak dagoeneko ahaztua duen obra klasikoa oinarritzat hartu; garaiz eta lekuz aldatu; izenak eraldatu eta, azkenik, gutxienez kazetarien ezjakintasunak eta alferkeriak ez sumatzeko besteko trukaketatxoak egin.

 

Amatiño 2009/10/19

Klikak, ehunetik sei benetan atomikoak

“Eta argindarra ere baduzuela nahi duzuenean piztu eta nahi duzuenean itzaltzeko?” (Joseba Sarrionaindia. GAU ILUNEKOAK. Elkar Argitaletxea, Donostia, 2008).

A gripea dela eta, hainbat komunetako konketa aurreko ispiluan eskuak ondo garbitzeko oharrak jarri dituzte. Ostatuetan, behar baino eskuzapi gehiago ez erabiltzeko erregua egin ohi dute. EVEk ere kontsumo murritzeko bonbillak jartzeko kanpainak egin izan ditu lantzean behin. Eta, era berean, emailen bat inprimatzeari ekin nahi diogun bakoitzean mezua agertzen zaigu sarri, klikatu aurretik birritan pentsatu dezagun. Ildo beronetik ere, Bilboko Udalak programa jarri du guztion aukeran, nork  bere kontsumo eta kutsaduraren berri jakin dezan.

Jakitea beti dago ondo. Denok kezkatzen omen gara energiaz, baina ez dago batere garbi kezkatu bezainbat arduratzen ote garen. Zenbaitek besterik uste arren, kezka eta ardura ez dira gauza berbera. Ekin ala ez ekinaren arteko tartea dago bata eta bestearen artean.

Gehienetan bizi gara energia guztiz bermatua balego bezala. Haurrek badakite horman dagoen botoia sakatu eta argia berez berez, automatiko, isiotu egingo dela. Inork ez die erakutsi noiz edo noiz beste bigarren aukeraren bat izan daitekeenik. Hau idazten edo irakurtzen ari garen unean ere, seguru gaude lehenago korapilatuko zaigula programa informatikoa argia joan baino eta, segurtasunaz jabetu beharraren beharrez, bost axola zaigu, gero, argindarra nondik datorren.

Baina demagun, esaterako, ordenagailua isiotzen dugun bakoitzean honelako oharra azaltzen zaigula pantailan: GOGOAN IZAN. 100 KLIKEKO 6 ENERGIA NUKLEARRARI DAGOZKIOLA. Ez dakit ezertarako balioko ote lukeen baina ezin esan behintzat egia ez denik.

                                                 Argindarraren energia-iturriak. Espainia, 2007

Amatiño 2009/10/17

Santa Gadea del Cid nuklearra

Urriaren 6an, Mariano Rajoy ez zen denboraz heldu Gasteiza. Ez zen izan Madrilgo hegazkina berandu iritsi zelako edo, Santa Gadea del Cid herrian uste baino gehiago luzatu zelako baino. Busgosko berrehundaka alkate, zinegotzi eta zale bildu zituen bertan eta honako hau agindu: “Hurrengo hausteskundeak irabazten baldin baditugu ez dut Garoña itxiko”.

Santa Gadea del Cid gure inguru honetan dagoen Erdi Aroko herririk politenetakoa da. Baita ontxoen kontserbatuenetakoa ere. Ez da batere ezaguna ohiko zirkuitoz kanpo dagoelako baina, Ebroz haraindi, euskal mugetatik bospasei kilometrotaraino baino ez dago. Gasteiztik ordu erdi eskas.

Santa Gadea del Cid herriak harresi-hondar apalak ditu oraindik ere, pare bat ate sartu-irtena egiteko, beste horrenbeste plazatxo, zein baino zein zoragarriagoak, harlanduzko kale estu-mestuak, adreiluzko etxe txikerrak, eliza gotiko txukun askoa eta oraindik ere tente, zutik, harro, lerden dirauen XI. mendeko dorredun gaztelua muino-gainean. Baita, harresiz kanpo, Espino Andre Mariaren Monastegia ere, non Gasteiza hurbildu aurretik Rajoyk bere jarraitzaileak bildu zituen eta agindu beharrekoak agindu: hauteskundeak irabazten baditugu ez dugu Garoñarik itxiko.

Ea, izan gaitezen serioak. Ez ditzagun gauzak nahastu. Hemen albistea ez da Santa Gadea del Cid herrixkaren ondare-balioa, ezta Rajoy bertan izana ere. Are gutxiago  berrehundaka jarraitzaile biltzea edota Garoñako zentrala  itxi nahirik eza. Hemen albiste bakarra zera da: berrehundaka herri-ordezkari bildu zirela Burgosen mapa amaitzen den azken muturrean, inguruko alkate guzti-guztiek Rajoyk Garoña itxi ez  dezan nahi dutelako.

Ez dut nik itxi behar ez  denik esango. Baina, Ebroz honaindi, horri herri-borondatea deitzen zaio eta, sasi herri-borondate horren izenean, hainbat burugabekeria zilegiztatu.

Amatiño 2009/10/14

Laster egingo dugu automobill... elektrikoa

Cegasak Euskal Energia Klusterraren bazkide izatea erabaki du. Ezer ez da gero ustekabean gertatzen eta orain 75 urte Oñatin sortutako bateria eta pila-lantegi hau sekulako aldaketaren atarian dago. Zerbait mugitzen ari da. Cegasan, euskal industrian eta nazioarteko merkatuan. Zerbait baino gehiago.

Gaurko albistearen baitan orain hurrengo egunkarietan agertutakoa aurkitu behar. Alegia, Cegasak auto elektrikoentzako bateria-prototipoak egiteari ekin dio. Beste modu batez esanda, Cegasak argindarrez eragindako auto-eskabidea sumatzen du zenbait urte gutxi barru eta merkatuari aurre egitea erabaki du. Baita atea jo ere Euskal Energia Klusterraren peoran.

Euskal Energia Klusterra ez da gero nolanahikoa. Guztira 90 enpresa eta erakunde, batez beste 25.000 langile eta 15.000 milioi euroren fakturazioaz. Eta, besteak beste, energia berriztagarrietan buruzagi diren enpresak tarteko.

Celaya, Emparanza y Galdos S.A. 1934an sortu zen Oñatin, 1950eko hamarkadan Tximist pila guztiz ospetsuak egiteari ekin zion eta 1964tik aurrera Gasteizen kokatu zuen egoitza.

Ezin gero aipatu azken berrogeita hamar urteotako historia Juanito Zelaia gogoan hartu gabe. Juanitok denetik egin izan du bere bizitza luze eta oparoan. Orain berak egindako bateriadun auto elektrikoan ibiltzea baino ez zaio falta.

  Juan Zelaia

 

Amatiño 2009/10/13

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04