Amatiño
Bankuari kobratu ala ez kobratu
Baina horretarako, balio egin behar da. Nik ez dut horrenbeste balio, eta zuk? Eta balioko bazenu zer egingo zenuke… bankuari kobratu ala bankuari musu-truk eman?
Edozein albistek du hainbat alderdi, ikuspegi eta mintzagai, eta, José Ignacio Goirigolzarriren jubilazioa dela-eta, ez da gaur irratietan beste kexurik aurrerantzean urteroko kobratuko dituen hiru milioiak baino. Baina, behar bada, albiste horren atzekaldean bada kontu azpimarragarriagorik.
Segurutik egia da, bai, krisialdia, lanik eza eta lanuztea nagusi diren unean nekez ulertu daitekeela norbait 55 urterekin jubilatzea eta, bizirik dirauneino, urtero hiru milioi kobratzea. Hala ere, ez da hori ni gehien kezkatzen nauena.
Esan nezakeen, bai, BBVA enpresa pribatua dela eta, inor kexu agertzekotan, enpresa beraren akzionistek eta beharginek kexatu beharko luketela. Baita BBVAren bezero direnek ere askatasun guztia dutela aurrerantzean nahi dutena egiteko. Baina arazoa guzti hori baino larriagoa da.
Itxura guztien arabera, Goirigolzarrirekin batera hausten da, betiko, Bilboko (BB, 1857) eta Bizkaiko banketxeek (BV, 1901) elkarrekin sortu zuten Bilbao-Bizkaia Bankuak (BBV, 1988) euskal ekonomiarekin izan zuen lotura estua. Maldan behera hau ez da egun batetik bestera gertatu. Aurretik etorri zen Argentariarekin (1999) biltzea eta ondotik, Aznar presidentearen eraginez, euskal kapitalaren aginte-murrizketa lantzea. Ibaiaren Eskuinaldean inork uste ez bazuen ere, Aznar izan zen euskal oligarkiari sekula egin zaion belarri-mozketarik handienetakoa eragin ziona. Neguriko PPko jendeak orduan esan zuen bezalaxe: Si esto nos lo hubiera hecho el PNV no se lo hubiéramos perdonado nunca. Baina PPk egin zuen eta… isildu eta kitto.
Zenbaitek esango du bost axola zaiola berari, Negurin zer arraio pasatzen den. Baina nik, ordea, aukeran, nahiago dut euskal ekonomia indartsua, auzokoa baino. Nahiago bertako jauntxoak, kanpokoak baino. Nahiago aginte-makila hurbil, urruti baino. Nahiago, azken batean, iaz 5.000 milioi euro irabazi zituen enpresaren egoitza Bilbon, Madrilen baino.
Azkenik, neri ez dit inork ezer kontatu baina, sumatu ere sumatzen dut, BBVAk Goirigolzarriri urtero ordainduko dizkion 3 milioien atzekaldean ere urrezko jubilazioa baino zertxobait gehiago dagoela. Susmoa susmo, nik esango nuke diru horrekin BBVAk ez duela jubilaziorik saritzen, Goirigolzarriren gehiago lanik egin ezina ordaintzen baino. Zalantzarik ez gero Goirigolzarrik edozein lekutan aurkitu lezakeela lanik eta hori dela, hain zuzen ere, BBVAk ekidin nahi izan duena. Alegia, BBVAk ez du nahi izan Goirigolzarri konpetentziara joan zedin. Eta hori, merkatua merkatu eta pertsonaren balioa balio, kostatu zaio kostatu zaiona.
Baina horretarako, balio egin behar da. Nik ez dut horrenbeste balio, eta zuk? Eta balioko bazenu zer egingo zenuke… bankuari kobratu ala bankuari musu-truk eman?
Agur erregionalismo osasuntsuari
Indepentzia ekonomikoa
Indepentzia ekonomikoa