Artxiboa Iraila 2009
Bankuari kobratu ala ez kobratu
Baina horretarako, balio egin behar da. Nik ez dut horrenbeste balio, eta zuk? Eta balioko bazenu zer egingo zenuke… bankuari kobratu ala bankuari musu-truk eman?
Edozein albistek du hainbat alderdi, ikuspegi eta mintzagai, eta, José Ignacio Goirigolzarriren jubilazioa dela-eta, ez da gaur irratietan beste kexurik aurrerantzean urteroko kobratuko dituen hiru milioiak baino. Baina, behar bada, albiste horren atzekaldean bada kontu azpimarragarriagorik.
Segurutik egia da, bai, krisialdia, lanik eza eta lanuztea nagusi diren unean nekez ulertu daitekeela norbait 55 urterekin jubilatzea eta, bizirik dirauneino, urtero hiru milioi kobratzea. Hala ere, ez da hori ni gehien kezkatzen nauena.
Esan nezakeen, bai, BBVA enpresa pribatua dela eta, inor kexu agertzekotan, enpresa beraren akzionistek eta beharginek kexatu beharko luketela. Baita BBVAren bezero direnek ere askatasun guztia dutela aurrerantzean nahi dutena egiteko. Baina arazoa guzti hori baino larriagoa da.
Itxura guztien arabera, Goirigolzarrirekin batera hausten da, betiko, Bilboko (BB, 1857) eta Bizkaiko banketxeek (BV, 1901) elkarrekin sortu zuten Bilbao-Bizkaia Bankuak (BBV, 1988) euskal ekonomiarekin izan zuen lotura estua. Maldan behera hau ez da egun batetik bestera gertatu. Aurretik etorri zen Argentariarekin (1999) biltzea eta ondotik, Aznar presidentearen eraginez, euskal kapitalaren aginte-murrizketa lantzea. Ibaiaren Eskuinaldean inork uste ez bazuen ere, Aznar izan zen euskal oligarkiari sekula egin zaion belarri-mozketarik handienetakoa eragin ziona. Neguriko PPko jendeak orduan esan zuen bezalaxe: Si esto nos lo hubiera hecho el PNV no se lo hubiéramos perdonado nunca. Baina PPk egin zuen eta… isildu eta kitto.
Zenbaitek esango du bost axola zaiola berari, Negurin zer arraio pasatzen den. Baina nik, ordea, aukeran, nahiago dut euskal ekonomia indartsua, auzokoa baino. Nahiago bertako jauntxoak, kanpokoak baino. Nahiago aginte-makila hurbil, urruti baino. Nahiago, azken batean, iaz 5.000 milioi euro irabazi zituen enpresaren egoitza Bilbon, Madrilen baino.
Azkenik, neri ez dit inork ezer kontatu baina, sumatu ere sumatzen dut, BBVAk Goirigolzarriri urtero ordainduko dizkion 3 milioien atzekaldean ere urrezko jubilazioa baino zertxobait gehiago dagoela. Susmoa susmo, nik esango nuke diru horrekin BBVAk ez duela jubilaziorik saritzen, Goirigolzarriren gehiago lanik egin ezina ordaintzen baino. Zalantzarik ez gero Goirigolzarrik edozein lekutan aurkitu lezakeela lanik eta hori dela, hain zuzen ere, BBVAk ekidin nahi izan duena. Alegia, BBVAk ez du nahi izan Goirigolzarri konpetentziara joan zedin. Eta hori, merkatua merkatu eta pertsonaren balioa balio, kostatu zaio kostatu zaiona.
Baina horretarako, balio egin behar da. Nik ez dut horrenbeste balio, eta zuk? Eta balioko bazenu zer egingo zenuke… bankuari kobratu ala bankuari musu-truk eman?
Goizetik ala arratsaldetik?
Bergarako Danobat Railway Systems lantegiak erreminta-makinaren sektorean sekula izan den eskaririk handiena lortu du. Laburbilduz, 63 milioi euro besteko eskaria Errusiako TVSZ enpresak trenbideak egin ditzan. Kristoren arrakasta, bai, orain dela berrogeitaka urte baino gehiago lantzen hasi zena, euskal saltzaile gazte batek galdetu zuenean, “goizetik ala arratsaldetik?”

Bergarako Danobat Railway Systems lantegiak erreminta-makinaren sektorean sekula izan den eskaririk handiena lortu du. Argazkian, Rafael Barrenetxea, Zuzendari Nagusia, trena eskutan duela.
Goi mailako teknologia
Gaur egun erreminta-makina espainiarra hirugarrena da Europako Batasunaren baitan eta Estatu espainiarreko sektore guztiaren %75a Elgoibar inguruko 60 kilometroren bueltan dago. Euskal erreminta-makinaren teknologia lehen-lehen mailakoa da orain baina ez da, ordea, beti horrela izan.
Hirurogeigarren hamarkadan euskal teknologia ez zen, inondik ere, gaur egungoaren mailakoa. Euskal erreminta-makinaren lehiakortasuna ez zegokion teknologia landuari, prezio merkeari baino. Baina ordurako hasiak ziren lehen komertzialak kanpoko merkatura ateratzen eta, tarteko, Gentza Belaustegigoitia gaztea, munduaz zelan jabetu asmatu gurarik.
Horrelako batean, gure Gentzak Alemanian ziharduela euskal erreminta-makinen onenak hitzetik hortzera aipatzen, saltzaile berritsua noiz trabatik kenduko erosleak bota zion batere errukirik gabe:
-- Erreminta-makina espainiarra saltzen al zatoz? Alemaniara? Baina gazte, nola salduko duzu ba hemen horren teknologia zaharra…. Makinatxo bat urte aurretik goaz gu. Hemen jai duzu. Zer ikasi asko daukazue oraindik. Utzi nazazu bakean eta etorri zaitez hogeita bost urte barru!
Eta Gentza gazteak, apal-apal, batere haserretu gabe, erantzun zion.
-- Goizetik ala arratsaldetik?
Alemaniarrak ez zion nonbait bat-batean ulertu, gero saltzailearen ironiaz jabetu zen, ostean irribarrea atera zitzaion, ondoren garagardo batzuk jo zuten elkarrekin eta, azkenik, lehen euskal erreminta-makina erosten amaitu zuen. Eta gaur arte. Zenbat holako ez ote den gero gertatu azken mende erdi honetan…
Gentza Belaustegigoitia
Gentza Belaustegigoitia laudiotarra, hiruzpalau hizkuntzaren jabe, betidanik izan da saltzaile ona. Kultura handiko gizona, industria-ingeniaria ikasketaz, Euskal Filologiaren lizentziatura hasi eta amaitu zuen lau seme-alaba eta berrogeitaka urte zituela.
Erreminta-makinaren sektorea utzi eta altzairu saltzeari ekin zion. Bera karguaz arduratu zenean enpresak 200 milioi pesetako salmentak zituen urteko eta alde egin zuenean, berriz, 60.000 milioiko fakturazioaz eta nazioarteko sareaz utzi zuen.
Geroztik politikagintzari eskaini zizkion bere urterik helduenak. Garaikoetxea lehendakariaren sailburuen arteko bateragile izan zen baina, aurretik, Arabako Aldundiaren Diputatu-Nagusiorde zein Aurrezki Kutxaren lehendakari. Orduantxe ezagutu nuen nik, HABE Araban zabaltzeko diru eske joan nintzaionean. Geroztik lagun minak gara. Guayabera berari zor diot. Baita etenbako edozenbat hitz-aspertu ere. Eruditoa da, eruditorik bada. Eta, gauza guztien gainetik, entzuten daki.
Gentza Belaustegigoitia azken gerra ezustean ezagutu zuten euskal haurretakoa da. Hiruzpalau urte zituela Hossegorra itsasontziz eramana, frantsesez hazia eta hezia, ez zuen Ameriketara alde egin behar izan zuten gurasoak nerabe izan arte ezagutzerik izan.
Belaustegigoitiarrak ez dira gero bart gauekoak. Gentzaren aitonaren aitona edo, Jose Pablo Ulibarri (1775-1847) idazle okondarraren Gutun Liburuan aipatzen da, Iztueta, Novia Salcedo eta Mateo Zabalarekin batera.
Zergatik izan behar du literaturak doan?
Nik neuk ez dakit zergatik poetak eta kantariak pentsalari diren eta geologoak zein sukaldariak, ostera, ez. Oraindik ere jende askok uste du intelektuala izateko letretakoa izan behar dela. Baina hau ez da behar bada harrigarriena. Txundigarriena da edozein ingeniari jakintsuk pentsatzen duela hogei lerro kaskarreko zutabetxoa idazteko gauza den kazetaria edo idazlea bera baino intelektualagoa dela. Horrek ez du beti horrela izan beharrik eta gainera, gehienetan, ez da izaten.
Javier Reverte tipo serioa iruditzen zait. Esan nahi dut, ezagutzen ez dudan arren, serioak iruditu izan zaizkidala beti bere kronikak, nobelak eta bidai-liburuak. Eta baita, jakina, bere irizpideak ere. Hala ere, El País egunkarian idatzitako ¿Por qué debe ser gratis la literatura? artikuluari arin samarra deritzat. Ni erabat bat etorri ez arren, ulertzen dut idazleak kexu izana literaturak gizartean duen balio urriaz baina, edozein modutan, ez dut uste Javier Revertek oraingoan asmatu duenik. Ez dut esango arrazoirik ez duenik, arrazoirik izanez gero ere defentsa txarra egin duela baizik.
Batetik, Revertek pasadizoan besterik aditzera eman arren, ez dut inondik ere sinesten artistak eta letretakoak direnik intelektualik bakarrak. Eta, behar bada, ez dihardu egokiegi honelakorik dioenean:
Lo que interesa ahora de aquel suceso es reseñar que, del grupo de hombres que proclamaron la independencia irlandesa en la Oficina de Correos dublinesa, tres eran poetas, dos de ellos también profesores de lengua y el tercero dramaturgo; un cuarto era periodista y autor de letras de canciones; y un quinto, instrumentalista de gaita y profesor de gaélico. De modo que sólo dos no tenían que ver con actividades artísticas o intelectuales.
Bestetik, nik esan esango nuke hezkuntza doako den (edo izan beharko lukeen) artean, kulturak edo kulturatzat jotzen ditugun adierazpenek ez dutela izan beharrik eta, gainera, ez direla. Nik behintzat literatura –antzerkia, zinea, musika, kontzertuak, pintura, museoak, egunkariak edo aldizkariak bezalaxe— ordaindu behar izaten dut. Eta ordaintzen ez ditudan erakusketak, liburutegiak eta telebistak zergen bitartez ordainarazten dizkidate, neronek kontsumitzen ote ditudan galdetu beharrik gabe. Ez, ez dut uste kultura doakoa denik, ezta literatura ere, eta ez zait iruditzen, gainera, izan beharko luketenik ere.
Beste kontu bat da eskari-eskaintzaren plazan kultura eta literatura (edota kazetaritza, jakina) zenbaitek nahi baino merkeagoa izana. Baina honek soluzio txarra du, lar eskaintzako edo eskari urriko ekoizpenek ezer gutxi balio baitute. Lehen, orain eta gero. Seguru asko eskaria ez da gauzen balioa erabakitzeko neurririk bidezkoena baina… ba al da besterik?
Inoren aukerak
Zenbait kultura-aitzakiatan ez da txoriburu samarrik apopilo falta. Esaterako, orain hurrengo, Bernardo Atxaga eta Daniel Innerarity bikotearen hitzaldi bateratuan izandako lagunarekin kalean tope egin eta, harroxko antzera, bota zidan: Ez zintudan atzo Atxaga eta Innerarityren hitzaldian ikusi. Eta baita nik ere bat-batean, gezurretan, erantzun: Ezta nik ere zu herenegun energiaz izandakoan…. Eta bera, zer esan jakinezta, aho zabalik, ziurrenik “ez da berdina” pentsatzen. Hainbaten lagun hurkoa kontrolatzeko tentaldiaz gain, aski jendek esan beharrik gabekotzat jotzen du literatura energia baino garrantzitsuagoa dela. Ez dut ezetzik esango baina… zergatik?
Beste behin, denok ezagutzen dugun euskal aktorea kexu azaldu zen egunkarian egindako elkarrizketan nik inoiz gutxitan ikusi izan dut politikorik antzerki-saioetan salatuz. Segurutik arrazoi osoa zuen. Baina, ezta nik ere aktore askorik hitzaldi politikoetan… eta? Bai, badakit euskal politika aspergarria dena. Baina nork esan du euskal antzerkigintza entretenigarria denik?
Nik neuk ez dakit zergatik poetak eta kantariak pentsalari diren eta geologoak zein sukaldariak, ostera, ez. Oraindik ere jende askok uste du intelektuala izateko letretakoa izan behar dela. Baina hau ez da behar bada harrigarriena. Txundigarriena da edozein ingeniari jakintsuk pentsatzen duela hogei lerro kaskarreko zutabetxoa idazteko gauza den kazetaria edo idazlea bera baino intelektualagoa dela. Horrek ez du beti horrela izan beharrik eta gainera, gehienetan, ez da izaten.
Lisbeth eta Rosa
Nere neska-lagunen iritziz "Zoaz infernura laztana" historia tristea da, errotik tristea. Neri, ostera, beste hainbat adjektibo bururatu izan zitzaizkidan dezente lehenago: gogorra, deserosoa, lotsagarria, gogaikarria… Nik dakidalarik behintzat, ez dut sekula Rosa lako emakumerik bertatik bertara ezagutu. Baina, zinez diot, Tomasen bikiren bat nere ingurumarian aurkitzeko ez dago Diogenesi kriseilutzarrik eskatu beharrik.
Aurreko asteburuan, afalosteko lagunarteko solasaldian eta Vocentok argitara emandako El antivictimismo de Lisbeth Salander artikulua tarteko, tratu txarrak jasandako literatura-protagonisten “sinesgarritasuna” izan genuen mintzagai. Eta, besteak beste, aipatutako Lisbeth Salander neska ospetsuaz gainera, baita Zoaz infernura laztana eleberriaren baitan Anjel Lertxundik landutako Rosa pertsonaia ere.
Bai, behar bada, Stieg Larssonen protagonista antibiktimismoaren adierazgarririk nabarmenenetakoa dugu eta Anduren Rosa, ostera, biktimarik homologagarrienetakoa, baina, hain zuzen ere, horrexegatik zatia errazago identifikatu gaitezke Rosarekin, Lisbethekin baino.
Segurutik Lisbeth espektakularragoa da, mitogarriagoa, ikurgarriagoa eta, beraz, aldarrikatzaileagoa. Baina, aldi berean, baita arrotzagoa ere, eta ez suediarra delako, arras molde ezohikoa delako baino.
Alderantziz, ordea, Rosa ez zaigu etxeko egiten Iruñerrian edo bizi delako, drama hurbila bezain arrunta islatzen digula baizik. Lisbeth best-seller komertzialaren produktua da; Rosa, aldiz, geure gizartearen malurik latzenetakoaren ispilu. Onenean ere, Larssonenak nobela bizkorra izan nahi du; osterantzean, Lertxundirena bizitza nobelatua da. Lehenak sinesgarriarenak lortzeko mortalak eta bi egin behar dituen artean, bigarrena, berriz, esan gabe doa, berez da mortala, bene-benetakoa baita.
Nere inguruko neskei (hirurogei urtetik gorakoak) entzundakoari jaramonik egingo badiot, eleberriaren alderdirik harrigarriena Anduk erakusten omen duen eme-psikologiaren ezagutza da. Beraien esanetan, gizonezkoak nekez eman omen ditzake emakume jipoituaren horrenbeste zertzelada físiko eta psikologiko zehatz, horrelakorik soinean sufritu ez duenen baten laguntza zuzenik gabe.
Nere neska-lagunen iritziz, Zoaz infernura laztana historia tristea da, errotik tristea. Neri, ostera, beste hainbat adjektibo bururatu izan zitzaizkidan dezente lehenago: gogorra, deserosoa, lotsagarria, gogaikarria… Nik dakidalarik behintzat, ez dut sekula Rosa lako emakumerik bertatik bertara ezagutu. Baina, zinez diot, Tomasen bikiren bat nere inguru-minguruan aurkitzeko ez dago Diogenesi kriseilutzarrik eskatu beharrik.
Dena den, segurutik ez dago gizonik bere burua Tomas-tzat joko duenik baina, gutako zenbatek esango luke ez duela sekula, sekula gero, Inazioren nolabaiteko eskurik jasotzeko tentaldirik izan?
Eta amaitzeko, behin honaino helduz gero, esan dezadan Zoaz infernura laztana gaur egungo euskal erakuslehioan dagoen nobelarik irakurgarrienetakoa dela. Hasi eta buka interesa dario, erritmoa du, azelerazio-punttua, berba-ekonomia, egoera eta sentimendu konplexuak xinple asko azaltzeko trebetasuna. Darabilen hitz-jarioa beste hainbatetan baino artezagoa da, ez hain barrokoa edo jantzia, eta, laburbilduz, gustua gustu, irakurzaletasuna suspertzen duten liburu horietakoa.
Alzheimerren beldurretan
Aitortu behar dut Alzheimerri heriotzari baino beldur gehiago diodala. Eta ez da azken bolada honetako beldurra, dezente aspaldikoa baino. Hogeita hamar urte inguru bai, etxean genuen Antzuolako amama Alzheimerrez hil zitzaigula eta gure ama zena, berriz, 1998an hil zen gaixotasun berberak jota. Esperientzia latzak eta gomuta txarrak, gogaikarriak. Oinordetza horren mamuak betidanik izan nau kikilduta.
Gogoan dut 1984 inguruan Bidaurrazaga mediku naturista elkarrizketatu nuela ETBn eta, bastidore artean, nere Alzheimer arriskuaz galdetu nion, garai hartan berrogei urte ere ez nituela. Hiruzpalau itaun egin ostean, inondik ere ez nuela aztarrenik erantzun zidan. Eta ez gero batere kezkatzeko. Baina kezkak, are gutxiago obsesioak, ez dira nork bere patrikan edozein momentutan sartu edo atera ditzakeen txanponak.
Hala ere, aitortu ere aitortu behar dut, azken urteotan larritu beharrean baretu egin zaizkidala harako kezkak haiek. Ez naiz harropuzkerietan jardungo baina, sarri asko, sumatzen dut sumatu burua hankak baino arinago ote ditudan. Alegia, martxa honetan lehenago geldotuko naizela gerritik behera, samatik gora baino.
Dena den, hona gure ama hil zeneko zortzi ahapaldietarik atzena, nere barne-izuen adierazgarri:
Amesgaiztoa delarik, hainbat momentutan doain
nere kezka handia zein den, kontatuko dizut orain
berdin jazoko ote zaidan, beldurrikaraz nago zain
halere ez nuke gura, izuari eman amain.
Medikuak esan arren, nere osasunaren gain
memoriaz nagoela, ez lar arduratzeko lain
badaezpada nahi nuke, izan zure seme bikain
nik ere ondorengoak, izan ditzadan erizain.
Alheimerrak jotako amari (1998)
Habanera
Bertsotan ekina nauzu, ene bihotzeko ama
nostalgiaz ni noatzu, oraingo honetan zugana,
aspalditxoan duzunez, erabat burua joana
nor zaren zeuk jakiteko, sekulako alper-lana.
Ezer gutxi ulertu-ta, larregi zaizu esana
Alzheimerrak jota duzu, buru-muinetako zana
gurpil zoroan zu zabiz, guztiz galduta laztana
auskalo non geratu den, sasoi batean zinana.
Soseguz ahaztua duzu, txikitandik ikasia
orain haurra dirudizu, errepikatzen hasia
aurrerantzean tamalez, ez da ernaltzen hazia
saiatuagatik ere, burua da nahasia.
Amatatzen ari zaizu, ideien mundu bizia,
luzaro lore izanda, orain ostera sasia
nora ezera begira, zaude jarriarazia
honako egoerarik, ez duzu zeuk merezia.
Umetan izan zintugun, benetako lagunmina
zeuk eragin zenizkigun, kezka eta jakinmina
irakurzaletasuna, eta literatur-grina
euskaldun jokamoldeak, kemen eta ahalegina.
Orain aldiz sortzen duzu, guregan negar-zotina
hainbat atsekabe eta, senitarteko samina
zertxobait egin gurarik, nagusi jakin ezina
dena emango genuke, berriz lehengoa bazina.
Aitak dihardu artean, urtez urte aguretzen
beti itxaropenetan, gauzak konpondu daitezen
komenigarri ez dena, ez ikusi da errezen
baina nahiz besterik uste, gaixoa ez da hobetzen.
Hasieran erdi txantxan, askorik kezkatu ez zen,
ondoren noizbait hasi zen, hondamendiaz jabetzen,
egun batean ahazten, bestean aldiz umetzen,
dei egin zigun azkenik, elkar aritu geintezen.
Gurpil-aulkiz daramazu, edozenbat urte triste
zer gerta ere geldirik, jaieguna eta aste
zeure burua zaintzeko, ez zara batere aske
beti inoren mendean, etxekoen buruhauste.
Gogotan zer ote duzun, ezin gero inork uste
zure ideia xumeak, asmatu gura nituzke
zentzu gabe dena da-ta, funtsean nahaste-borraste
Alzheimerra larria da, ia heriotza beste.
Ez da inondik samurra, Alzheimerra zer den esan
ez dakienak ez daki, gaitz honi zelan antzeman,
egunez ezin lasaitu, gauez ezin berriz etzan
nork asmatuko ote luke, ematen duzun beste lan.
Jateko laguntza behar, adurra jarioz edan
bakardaderik ez duzu, nahiz-ta komunean izan
hobeto zeure buruak, gomutan ere ez bailezan
horixe nahiko genuke, zuk sufritu ez zenezan.
Egunak eta orduak, erabat isil-isila
itxita zaizu betiko, hitz-sortaren maratila
inguruan bada ere, sarri bisitari pila
zeharo galdua duzu, galderantzunen gurpila.
Burubelarri gaituzu, zure mezuaren bila
ezin gero eskuratu, elkarrenganako zila
ilunean jarduteko, behar den argimutila
heriotza heldu arte, ni nerau izan nadila
Amesgaiztoa delarik, hainbat momentutan doain
nere kezka handia zein den, kontatuko dizut orain
berdin jazoko ote zaidan, beldurrikaraz nago zain
halere ez nuke gura, izuari eman amain.
Medikuak esan arren, nere osasunaren gain
memoriaz nagoela, ez lar arduratzeko lain
badaezpada nahi nuke, izan zure seme bikain
nik ere ondorengoak, izan ditzadan erizain.
"Napoleon" eta euskal nanopilulak
Ibon Aranberri kimikari eibartarrak parte hartu berri du Hull-eko Unibersitatean eratutako UKPCF (United Kingdom Polymer Colloid Forum 2009) nazioarteko konkresuan, non Donostiako Polymat Ikerkuntza Unibertsitate-Institutuak “Napoleon” egitasmoaren baitan egiten diharduena azaldu duen. Auskalo gero zergatik jarri ote dioten horren izen handi-mandia nanopilulak egiteko ikerketari baina, tira, zientziak ere bere epika-jarioa du, nonbait.
Napoleon lau urterako proiektua da, Europako Batasunaren eraginez hogeita bat unibertsitate, enpresa eta erakunde biltzen dituena, 11 milioi euroren aurrekontuaz. Euskal partaidetza Polymat Institutuaren bizkar dago, Euskal Herriko Unibertsitatearen donostiar kanpusean, Jose Maria Asua kimika-ingeniaritza katedradunaren zuzendaritzapean, Ibon Aranberri kimika-fisika doktorea, polimerotan aditua hain zuzen ere, tarteko.
Baina zertan datza Polymat Institutuaren ekarria? Ba, nolabait llabur-llabur esateko, nanoteknologien esparru barruan, nanopartikula hibridoen ikerketan. Nanoa metro bat zati mila milioi da eta hibridoa, berriz, partikula akriliko eta biobateragarrien arteko ezkontza. Akrilikoaren ezaugarririk nabarmenena geruza bihurtzeko ahalmena da eta biobateragarriena, ostera, medikuntza-erabilpena. Ondorioz, nanopilula txiker-txikerrak dira, begi bistan ikusteko baino dezente txikiagoak, banan-banan ezezik, milioika hartu beharrekoak.
Adibide gisa, denok dakigu esnetan olio edo koipe-tantak daudena, nahiz eta ikusi ez. Ba, era berean, pentsa aixa modukoa, sumatu ere sumatzen ez diren milioika nanopilulaz gainezka. Pilula bakoitzaren geruza akrilikoa litzateke eta barrua, ostera, biobateragarria, medizina alegia. Ba, horixe.
Jelenen kafea
Jelen etiopiarra da eta, ezinbestean, kafe goxo-goxoa egiten daki. Egiten ezezik, baita kafe-unea zeremoniaz janzten ere, ez baita alferrik bere arbasoen artean sei-zazpi mendeko tradizioa. Jelenek kafea egitea du gustuko; lasai, astiro, batere presarik gabe, lagunartean patxadaz usaintzeko, dastatzeko, edateko, elkarrekin berriketan egiteko. Ez gehiago eta ez gutxiago.
Plazerra da gero Jelen kafea egiten ikustea, erdi belauniko, erdi kukubilko. Ezeren aurretik intsentsu usaintsua erre eta inguru-mingurua girotu. Gero kafe berdea zartaginean txigortu eta, ostean, eskuz ehotu. Bitartean ura hausberotan irakin, ondoren kafe xehea apurka apurka uretan eragin eta beheratzen utzi. Eta, azkenik, kikaratxoak bete eta, mahaira atera aurretik, banan-banan guztiak azukrez neurri berean gozatu. Dena 40 minutu inguruan. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.
Erretzen
Ehotzen
Zerbitzatzen
Jelen gurean bizi da pasaitarrarekin ezkondua. Gaztelaniaz primeran daki eta euskaraz "pixkat". Bere burua bertakotzat dauka baina, jakina, kafeak kafea behar du izan, Kafakoa alegia, eta ez behintzat Auñamendiko akeita.
Okupatuta geunden
Patxada, gertutasuna eta bakea eragiten omen zituen Mikel Atxagak. Honela esan du bere herrikideen izenean agurra eskaini dionak Urnietako hiletan*. Bai, Mikel Atxagaren heriotzaren ondotik han-hemenka entzun eta irakurri dugu abertzale handi, euskaltzale sutsu eta kazetari maisu zela. Baina, orduak pasatu ahala, beldur naiz guzti hori ez ote zen Mikelengan arras bigarren mailako; hau da, funtsezkoa besterik zela, bere gizatasuna alegia. Beste modu batez esanda, ez dugula gehienbat Mikelen abertzaletasunik, euskaltzaletasunik edota kazetaritzarik galdu, haren izakera, filosofia eta jokamoldea baizik.
Gurea gero paradoxa. Batetik, denok goraipatu izan ditugu Mikelen jarrerak, jokamoldeak eta irizpideak baina, bestetik, gehienok ez gara gauza gutariko askok betetzen ez ditugun baloreak direla aitortzeko. Mikel zorrotza zen arinkeria nagusitzen ari zitzaion munduan, maitakorra giro zitalean, apala kanpolarrosen artean, konpromisoduna axolagabeen larrainean, langilea alprojakerian, disziplinatua noraezean eta benetalaria iruzurrean.
Laburbilduz, aitaren batean esanda, Mikel orain modan ez dauden baloreetan hazia eta hezia zen. Eta hau irakurtzen diharduena ez dadila gero tronpatu. Ni ez naiz, pasadizoan, nere belaunaldia nolabait defenditzen ari, Mikel eta biok ez baikenuen elkarrekin zer ikusirik --ene kaltetan-- ez gizarte-belaunaldiz, ez jatorriz, ez giroz, ez izakeraz eta ez fedez. Ezta lan-moldez eta bizitza-egitasmoz ere. Mikel eta biok euskal kazetaritzaren patuak bildu gintuen bi ezezagun izan ginen, gure lankidetzak iraun zuen urte luzeetan ehun kilometroren bi muturretan izugarri ondo konpontzeko eta elkar ulertzeko gauza izan ginenak.
Eta ni oraintxe hasia naiz Mikelen falta sumatzen. Baina ez dut faltan botatzen abertzalea, euskaltzalea, itzultzailea, kazetaria edota beti-ere-denerako-gertu-zegoen-lankidea, Mikelen patxada-, gertutasun- eta bake-eredua baizik. Gaur egun kazetari onak, itzultzaile egokiak, euskaltzale praktikoak eta abertzale modukoak edozein lekutan daude, baita paroan ere. Salgai ez daudenak, ordea, Mikel bezalako pertsonak dira.
Mikelek frogatu zigun euskaltzaletasuna ez dela pose bat, Jainkoaren legea elizari jaramon egin beharrik gabe bete daitekeela, lasterrena ez dela beti aurren heltzen, presa bidai-lagun eskasa dela, apaltasunak dakarkeela arrakasta, badela isekabako kritika zorrotzik, emateko ez dagoela trukean eskatu beharrik, koherentzia ez dagokiela hitzei ekintzei baizik, duintasunari barne-lasaitasuna dariola, aberastasuna ez dela jabego kontua, lehentasunen erabakia norberaren aukera dela eta ondo egindako lana, berriz, errutina baino ez.
Mikel Atxaga maisu eredugarria izan dugu eta adiskide maitagarria. Tamalez hil arte ez dugu denborarik izan ez haren ereduaz jabetzeko eta ezta maite gintuela konturatzeko ere. Okupatuta omen geunden.
Herr Müllerren ikasleak
Bernardo Atxaga tipo atsegin, zentzuzko, benetalari eta apal samarra dugu. Eta gainera, literatura-munduak dioenez, idazle ona. Oraingoan, berriz, espaloiz aldatu eta leku berriren batera iritsi omen da. Berak hitzez hitz ETBn aitortu bezala: “Iritsi naiz. Ez dakit oraindik seguru nora, baina iritsi naiz”. Auskalo gero nora heldu ote den gure Bernardo, baina ni ez naiz behintzat identifikatzeko gauza izan. Leku aspergarri samarra dela bai, hori bai. Baina, jakina, asperra subjektiboa da.
Laurogeiko hamarkadaren hasieran telebistaren nondik norakoa erakusten ahalegindu zitzaigun Herr Müller irakasleak zera aipatu eta berraipatu zigun behin eta berriz: telebistak, lehen eta behingoz, entretenigarri izan behar du. Guk garai hartan uste genuen, ordea, telebista ikastolako neska-mutikoak hezitzeko zela, euskara salbatzeko edo aberria askatzeko. Eta Herr Müllerrek, berriz, pazientzia handiz: bai, behar bada hori ere bai, baina aurrenik ikusentzulea entretenitzeko gauza baldin bada.
Orduan ikasi genuen –eta zenbaiti ez zaigu geroztik ahaztu— edozerk, jendea erakarriko badu, entretenigarri behar duela izan; edota, alderantziz, jendea edozertatik uxatzeko, ez dagoela aspergarri izatea baino hoberik. Eta honek zernahitarako balio du, nahiz eskola, hizkuntza, telebista, zinea, informazioa, futbola edo literatura izan. Ezin diogu gizonari bere bakardadean heroia izan dadin eskatu.
Asperrak beti ere soluzio eskasa du nonahi baina, txarrenean ere, eramangarriago da eskola-gelan, zine-aretoan edo futbol-zelaian, leku publikoetan alegia, jendeak arrazoi pottolo-pottoloak behar baititu ordua bete aurretik bertatik ateratzeko. Alderantziz, ordea, asperra zeharo mortala da telebistaren edo liburuaren kasuan, bakardadeak izugarri pazientzia gutxi baitu eta, osterantzean, iheslari asko.
Nik neuk ez dakit, benetan, nora iritsi ote den Atxaga eta jakin ere ez dakit non kokatu Frantziako zazpi etxeak. Irakurle naizen aldetik lehena ez da nere ardura eta bigarrenak, berriz, erabat aspertu nau. Ez dut esaten asmoa (aldaketa) ona ez denik; ez dut esango Atxagak ondo idazten (kontaera) ez duenik; segurutik egitasmo (salaketa historikoa) aproposa da, tankera (tarte objektiboa) berriztagarria, saiakera (musikarik eza) txalogarria eta egindako ahalegina (pertsonala) miresgarria. Baina… bainak lekarik ez.
El País egunkariak galdera-erantzun hau argitaratu zuen aurtengo otsailean:
G. ¿Cómo ve la actual situación de la literatura vasca en euskera?
E. No es tanto su estado, mucho mejor que hace 50 años, porque siempre he creído que habrá gente de referencia, que tenga algo interesante que decir, como en todas las literaturas, desde la eslovena a la anglosajona. He visto escritores buenos en ámbitos donde no había más de 200 lectores. Y eso es lo que a mí me preocupa, los lectores. Un lectorado que siempre quiere oír la misma canción porque no ha cambiado de música en los últimos 40 años arrastra a los escritores a una literatura muerta de nacimiento. En cambio, si el lector busca otra forma de estar en el mundo, una mirada diferente, crítica (y creo que ese lector existe), es posible que surja una buena literatura, necesaria.
Bapo. Ia ulertu dudan: errua irakurleena ote? Horri nola zaio izena… narzisismo ala korporatibismo? Eta, egia balitz ere, irakurleek merezi ez dituzten idazleak dituztela salatzea, hiritarrek merezi ez dituzten politikoak dituztela adieraztea bestekoa litzateke. Edozein modutan, prezio berean, ni ez naute irakurleek arduratzen, idazleek baizik, irakurleengandik lar urrundu daitezkeen idazleek. Irakurleen iritzien gainetik arrazoiaren jabe direla uste duten idazleek. Euren burua irakurleek merezi ez duten idazletzat dutenek.
Hala ere, hori bai, aitortu dezadan, ni ez naiz literatura-kritikari eta are gutxiago idazle. Ni Herr Müllerren ikasle besterik ez naiz. Liburuak erosten ditugun gehientsuenok bezalaxe.
Axular maisua, Materre ikaslea. Nork nori kopiatu?
Edo Axular handiak lotsa handirik gabe kopiatu zion Paristik etorritako Materre ikasle euskaldunberriari, edo Materrek irakurria zuen Axular maisuaren hitzaurrea “Gero” argitaratu baino, barrena, 26 urte lehenago.
Miren Azkarate euskaltzainak Zer da Euskal Herria? Iritzi-artikulua argitara eman berri du Noticias taldean, hor nonbait izan den eztabaida sasipolitikoa dela-eta, azken bost mendeotako tradizioa zertan den edozenbat datu eta informazio-iturri eskainiz.
Nonbaitetik hasi behar eta, Azkarate irakasleak Joan Perez de Lazarraga, Joannes Leizarraga eta Pedro Axular aipatu ditu lehen eta behingoz, baina ez du ostera gogoan izan garai bereko Estebe Materre frantziskotarra, Parisen jaio, Saran euskaraz ikasi eta Dotrina Christiana (1617) euskal katiximaren idazlea. Ene ustez Estebe Materre gogoan hartzekoa da, paristarra izaki gutxienez birritan aipatzen baitu “Euskal Herria” harako katiximaren hitzaurrean. Hona:

Gaiñerakoan badakit Euskal-Herrian añhitz moldez mintzatzen direla, eta hori bere herriko euskara zaikala hoberenik eta ederrenik; eta handik gogora emaiten deraut ene eskiribatzeko molde haur etzaiela guziei ongi iduriko. Baiña nahi dut iakin dezaten halakoek, nik hitzkuntza hunetan dakidana. Saran ikasia dudala eta hango euskara ongi erabiltzen badut ez naizela gaitz erraiteko, eta ez arbuyatzeko, zeren ezpaitakit nik hangoa baizen. Ordea eta Sarako euskara denez Euskal-Herriko hoberena eta garbiena, ez naiz ni hartan sartzen, bat-bederak emanen du bere iduritik. Eta Sarako euskara hunetzaz kontent eztenak eskriba beza bertze euskara hobeago batez eta hobekiago; ez naiz ni hargatik bekaiztuko.
Baina testu honen irakurketak Euskal Herria izena ordurako ohikoa zela adierazteaz gainera, gutxienez beste bi zertzelada erakusten dizkigu:
Bat. Pierre Lafittek* aditzera eman bezala, Materrek Saran ikasi zuela euskaraz, garbi asko aitortzen baitu frantziskotarrak berak.
Bi. Aitortu ez arren, Axular maisuaren eskutik euskaraz ikasi ez ezik, maisu jaunari kopiatu ere kopiatu ziola nabarmen asko (ala alderantziz ote?). Alderatu bestela bi testu-sail hauek:
Axularrek: Zeren anhitz moldez eta diferentki mintzatzen baitira euskal herrian (…) Nori berea iduritzen baitzaika hoberenik eta ederrenik
Materrek: Badakit Euskal-Herrian añhitz moldez mintzatzen direla, eta hori bere herriko euskara zaikala hoberenik eta ederrenik;
Axularrek: Hunetaz kontent ezpazara, egizu zuk zeure moldera, eta zure herrian usatzen eta segitzen den bezala. Zeren ez naiz ni hargatik bekhaiztuko.
Materrek: Euskara hunetzaz kontent eztenak eskriba beza bertze euskara hobeago batez eta hobekiago; ez naiz ni hargatik bekaiztuko.
Halere, harrigarriena ez da esaldion parekotasuna, liburuen argitalpen-data baizik. Izan ere, Materrek 1617an argitaratu zuen bere katixima ezezaguna eta Axularrek, berriz, 1643an Gero ospetsua.
Beraz, edo Axular handiak lotsa handirik gabe kopiatu zion Paristik etorritako Materre ikasle euskaldunberriari, edo Materrek irakurria zuen Axular maisuaren hitzaurre-zirriborroa Gero argitaratu baino, barrena, 26 urte lehenago.
-------------------------------------------------------------------------------------------------------------
*Estebe Materre
Aita Estebe Materre, San Frantsesen Ordenako fraidea etzen Eskualduna sortzez. Parisen agertarazi zuen 1606an erdarazko lan eder bat: <L’ horloge spirituelle>. Geroztik Sararat ethorri zen eta han, Axular handiarekin menturaz, eskuara ikhasi zuen eta 1617an eskuaraz <Dotrina Christiana> argitaratu. Katichima eder bat “en bascuence hermoso” dio Larramendik. Aitzin solaseko bi lerro emaiten ditugu hemen, irakurleak ikus dezan Axular’en Materre-kilako ahaidegoa.
Eskualdunen Loretegia. Pierre Lafitte. Baiona, 1931

