Amatiño
Ez dok hamabost
Edozein iritzi, ekintza, jarrera edo jokabideren aurrean izan daitezke iritzi kontrajarriak. Kontrajarriak diot, elkarren kontrakoak, elkarren antipodetan daudekeen irizpideak alegia. Baina zenbaitetan, ordea, iritzirik ezberdinenak ez dira kontrajarrienak izaten, alderatzerik ere ez duten bestelako planoetan ari direnak baino. Oteiza eskultorea eta Plazaola estetika-katedratikoaren arteko anekdota, adibidez.
Juan Plazaola (Donostia, 1919), jesulagun zentzudun eta arte-adituaren erudizioa ez dago inondik ere zalantzan. Erlijio-arteaz munduko jakitunik handienetakoa, besteak beste Deustuko Unibertsitatearen Estetika Katedradun eta Jesulagundiaren Loiola Probintziaren nagusi (1979-1985).
Plazaolak ez zuen nonbait ulertzen zer zela-eta Oteizak jarri zituen hamalau apostolu Arantzazuko santutegiaren atari-gainean, inork ukatubako tradizioak aipatzen dituen hamabiak jarri beharrean.
Eta, ulertu beharraren beharrez, Oteizari berari galdetu omen zion: Zer dela-eta jarri dituzu hamalau apostolu?
Eta Oteizak serio asko erantzun: Gehiago ez zitzaizkidalako sartzen.
