Amatiño
Ordenadagailu eta guztiko ile-apaindegia
Lehen, ile-apaindegira joaten ginean, galdetu ohi ziguten: “zelan nahi duzu?” Eta erantzun egokia asmatu ezinean jardun izaten genuen, benetan zail samarra baita era horretako abstrakzioari erantzun zehatzik eman ahal izatea. Orain, berriz, erantzuna askoz ere samurragoa da, galdera ere askoz ere zehatzagoa da-eta: “egunkaria, aldizkaria ala ordenagailua?”
Aspalditxo sartu ziren ordenagailuak ile-apaindegietan. Merkatuan edozenbat software berezi daude salgai, ile-apaindegien barne-kudeaketa errazteko, hitzorduak emateko, bezero-fitxak eramateko zein, 3D programak tarteko, bezerooi hainbat diseinu-proposamen zehatz eskaintzeko eta baita euren buruan zelan geratuko den aldez aurretik erakusteko ere. Belarri batetik bestera bizarra mozteko makina pasatzearekin konformatzen garenok ez dugu horrelakorik behar izaten baina hona non, ustekabean, zenbait ile-apaindegitan hasiak diren ordenagailu-zerbitzua eskaintzen noiz txanda helduko zain egon behar duten bezeroentzat.
Bai, nik dakidanez behintzat, Donostian bada gutxienik ile-pandegi bat –batez ere emakumezkoentzakoa izan arren gizonezkoei ere ilea moztu izaten diena—, bezeroa bertan sartu bezain laster, eseri orduko galdetzen duena: Zer duzu nahiago, egunkaria, aldizkaria ala ordenagailua? Eta ez pentsa gero, wifi eta guztiko ordenagailu eramangarria gainera.
Nolatan edo zer dela-eta hartu duten erabaki hori galdetuz gero, erantzunak serio samarra ematen du: Inkesta egin genuen gure bezeroen artean, zer sumatzen ote zuten faltan ile-apaindegira etortzen zirenetan eta, itxaro genituen erantzun arruntez gainera –ura, kafea, kirol-prentsa, prentsa arrosaren aukera gehiago etab.— behin eta berriz agertu zitzaigun inondik ere itxaro ez genuena: ordenagailu-eskakizuna.
Inkestak ez omen dira egin behar jaramonik ez egiteko, eta Donostiako ile-apaindegi honek ziztu bizian erosi zuen ordenagailu sorta eta zintzo asko bezeroei eskaini. Zoritxarrez, horren zintzo ez direnak bezeroak dira nonbait, honez gero ordenagailu bat desagertu baita: Badakizu, emakumeek poltsa handiak erabiltzen dituzte-eta…
Hurrengo asmakizunak ordenagailuak ile-apaindegitik atera ez daitezen berme-sistema izan beharko du. Auskalo GPSa ezarri beharko zaien, atetik irtetzerakoan entzuteko txilina ala motozikleta-giltzarrapoa baina, garbi dago gero, negozioak nekez iraun dezakeela ile-mozketa edo apainketaren ordainez bezeroek ordenagailu “eramangarria” besapean hartu eta eramaterik baldin badute.
Bide batez, zein litzateke sistemarik seguruena eta merkeena lapurrak uxatzeko?

bat
Zein da?
Telefono bila