Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2009 Abuztua 11 Ilbarritzetik Usurbilera joandako organo erromantikoaren eresia
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Ilbarritzetik Usurbilera joandako organo erromantikoaren eresia

Bagenekien Gipuzkoa dena, munduan, biztanleko jatetxe onik gehien duen lurraldea. Ez genekien, ordea, Gipuzkoa bera dena, munduan, organo erromantiko onik gehien duena.

Musika Hamabostaldiak berezitasun hau goraipatu nahi izan du eta, aurtengoan, aparteko organo-zikloa antolatu Donostian, Usurbilen eta Azkoitian. Baita Jose Manuel Azkue organojole ospetsu zenari omenaldia eskaini ere Artzain Onaren katedralean.

Guztietarik organo erromantikorik berezienetakoa Usurbilgoa omen da, XIX. mendean  Albert de l´Espée baroiak Ilbarritzeko (Bidart) gazteluan jartzeko  enkargatu zuena. Gure Baroia ez zen gero euli-kaka. Sei gaztelu, jauregi edo etxetzar zituen Frantzian eta seiretan jarriarazi zuen organo galant bana. Jakina dirutsua zena baina ez, horratik, alprojegia, organoa jotzen ere bai baitzekien. Eta dezente ondo nonbait, jazza bailitzan bat-bateko inprobisaziotan artista samarra zen-eta

Baina gatozen berriro Euskal Herrira. Baroiak Ilbarritzeko gaztelua eraberritzeari ekin arren, azkenean saldu egin zituen euskal ondareak. Lehen Mundu Gerran Ilbarritz ospitaletzat erabilia izan zen, ondoren euskal atzerriratuen babesleku eta, geroxeago, gudaloste naziaren gotorleku. Gaur egun, Ilbarritzeko golf kluba da.

Kontua da, ordea, zorioneko organoa Usurbilgo parrokiak erosi zuela –usurbildarren dirulaguntzaz— 1920an eta, geroztik, han dagoela maitte-maitte gordeta.

Urteak joan eta urteak etorri, oraingoan eraberritu egin dute, buru belarri txukundu, zor zitzaizkionak ezarri eta hantxe dago isilik misilik, etenbako ilunabarrean, organo-joleren batek noiz eskua sartuko zain.

Igandean, Esteban Elizondo maisuak gogotik heldu zion eta, eliza entzulez beteta, Gorriti, Beobide, Otaño, Mokoroa, Urtega eta Guridiren eresiak eskaini zizkigun.

Baditugu lehen-lehen mailako organoak, baditugu lehen-lehen mailako organo-joleak eta baditugu, guk jakin ez arren, lehen-lehen mailako organo-musikagileak ere.

 Usurbilgo organoa

Amatiño 2009/08/11
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04