Amatiño
Familiaren logistika hausten denean
Valentziako hainbat eskola publikotan, eta bertako Hezkuntza Sailaren babespean, erabaki berri omen dute ikasle gatazkatsuekin ez gehiago eztabaidatan aritzea eta, are gutxiago, euren gurasoekin. Gertakari larri samarren bat jazoz gero lehen abisua ematen zaio gaztetxoari eta bigarrenean, berriz, etxera bizpahiru egunetarako. Eta kitto. Geroztik arazoak errotik konpondu omen dira.
Urteak dira nik eskola-girorik ezagutzen ez dudana baina Valentziako eskola-andereñoari jaramonik egingo badiot, iazko ikasturterarte sekulako eragozpenak omen zituzten adin txikiko neska-mutikoak mendean hartzeko. Batetik, ikasleen ardurarik eza eta harrokeria punttua (zer egingo didazu ba?); bestetik inor zigortu ezina (nere gurasoei esango diet); eta, guztia gutxi bailitzan, gurasoekin inondik ere eztabaidatu ezina, zer gerta ere beti euren seme-alaben defentsan ateratzen ziren-eta.
Esan bezala, azkenean erabaki zuten ikasleak etxera bidaltzea. Azalpen handirik emateke, inor zigortu beharrik gabe, gurasoekin batere eztabaidatu aurretik. Bizpahiru egunetarako etxera bidali, gurasoei ohartarazi eta kitto. Zertan datza formula magikoa?
Arrazoi magikoa da guraso gazterik gehienen logistika ez dagoela gaur egun prestatua adin txikiko seme-alabak etxean geratzeko eta ustekabean, programaz kanpo, lan-ordutan, etxean geldituz gero senitarteko barne-oreka hausten dela. Horretara, gurasoak hasten omen dira kezkatzen seme-alabak etxean geratzen zaizkienean, gaztetxoez beraiek arduratu behar dutenean eta familiaz kanpo inori errurik leporatu ezinik geratzen direnean. Logika familiarra (gurasoak, aitona-amonak, izeko…) prest omen dago haurra gaixotuz gero norbait etxean geratzeko baina, eskolatik bidali dutelako baldin bada, berdin ote? Ez da nonbait berdin.
Ondorioz, gurasoek ez omen dute ezer ulertzen, beraiek joaten ei dira eskolara otzan samar konponbide bila eta, gezurra dirudien arren, ikasleak gurasoen errieta jasotzen du “gehiago eskolatik botatzeko aitzakiarik ez emateko” aginduaz.
Ez dakit hau guztia zenbateraino ote den berria. Ezta antzerako zerbait indarrean ote dagoen ala ez euskal eskolan ere. Baina artean, hona musu-truk, irakasle valentziarrak kontatutakoa, prezio berean.

zigorra
Mundu guztiak badu eziketa bat egiteko eskubidea, eziketa horren barnean gizalegetasuna dago, eskubide horri nik uste arrasto egokian ez dabilenak uko egiten diola, beraz kaleratzea guztiz zilegia da.
Gero etorriko dira, ereduen eta abarren eztabaida, bainan ez badogu mozten garaiz gero eta okerrago joango da. Eta telebista, bideo, joko, internet, eta abar hoietan ere, ondo eta gustora astinduko nuke zuhaitza .
Mundua aldatzen ari
Ez juat aitzen
Liberala edo
Amen
Jainkoaren esana
Gizonaren betebeharra
Amen