Artxiboa Uztaila 2009
Daukagunaz jabetu eta daukaguna baloratu
Bruce Springsteen Donostiaz liluratua joan omen da. Besteak beste, zera esan omen du: “hemen bizi zaretenok, behar bada, baloratzen ez dakizuen bizi-kalitatea duzue”. Auskalo gauza berbera esaten ote duen ala ez gure Nagusiak leku guztietan. Edozein modutan, seguru gero donostiar guztiek ez dutela Arbelaitzenean afaltzen eta Maria Cristinan lo egiten. Baina, hala ere, nik bete-betean sinesten diot, aurretik hitzez hitz entzuna baitut irizpide beretsua.

Oso oker ez banago 1995an eratu zen Donostian INPUT (International Public Television) delakoaren Screening Conference izeneko biltzarra eta, lekuko antolatzailea Euskal Telebista zenez gero, hainbat bilera izan nuen Kanadako CBC telebista publikoaren zuzendaritzarekin. Batetik, nik neuk joan behar izan nuen Kanadara bertara eta, bestetik, Northwest Territories eskualdeko zuzendaria Donostiara etorri zen, hemengo azpiegiturak bertatik bertara ezagutze aldera.
Ez zuen Maria Cristinan lo egin, Londres hotelean baizik –hondartzaurrean, beraz— eta ez nuen Oiartzungo Zuberoara eraman, Igeldoko Akelarrera baino, ez baitzen alferrik Pedro Subijana, garai hartan, ETBren sukaldari ofiziala.
Igeldoraino igo eta, ezin ba Olgeta Parketik Donostialderako ikuspegia erakusteke jaitsi. Ilunabar lasai, baketsu eta gorrixka horietakoa zen, eta munduko herrialderik aberats eta ederrenetakotik etorritako emakume prestu, ilustratu eta dotore harek aho zabalik galdetu zidan, harri eta zur: Zuek jabetzen al zarete daukazuen herriaz?
Behar bada esaldia, benetalaria izateaz gainera, erretoriko samarra ere bazen eta, horretara, ez zitzaioan erantzunik zor. Baina gogotik erantzun nion, ordea: Bai.
Bai, ni bai behintzat. Izan ere, abertzaletasuna munduan zehar ibiltzen osatzen den gaixotasuna dela dioten sasijakintsuek frogatzen duten bakarra zera da: zein gutxi atera izan diren euren txokotik, euren erreferentzia bakarreko txokotik alegia.
Beste historia bat
Emakume prestu, ilustratu eta dotore hura gauza izan zen, bai, Donostiaren edertasunaz zein Euskadiren aberastasunaz konturatzeko. Kanadan eta Donostian elkarrekin egon ginen bospasei egunetan ez zen, ostera, gai izan ETBren nondik norakoa ulertzeko. Ez zidan ulertu ez Yellowknifen eta ez Iqaluiten, inuitek beste telebista-kontzeptu bat (ez etnografiko hutsa) behar zutela esan nionean eta, are gutxiago, Euskal Herrira etorri eta kalean ezer gutxi entzuten zen hizkuntzaz egun guztiko programazio normaldua egiterik merezi zuenik.
Behar bada, ezer ulertzen ez zuelako ez zidan galdetu: Zuek jabetzen al zarete daukazuen telebistaz? Baina galdetu izan balit segurutik erantzun bat besterik eman ezin: Ez.
Baina hau, esan bezala, beste historia bat da. Ala berbera ote?
Familiaren logistika hausten denean
Valentziako hainbat eskola publikotan, eta bertako Hezkuntza Sailaren babespean, erabaki berri omen dute ikasle gatazkatsuekin ez gehiago eztabaidatan aritzea eta, are gutxiago, euren gurasoekin. Gertakari larri samarren bat jazoz gero lehen abisua ematen zaio gaztetxoari eta bigarrenean, berriz, etxera bizpahiru egunetarako. Eta kitto. Geroztik arazoak errotik konpondu omen dira.
Urteak dira nik eskola-girorik ezagutzen ez dudana baina Valentziako eskola-andereñoari jaramonik egingo badiot, iazko ikasturterarte sekulako eragozpenak omen zituzten adin txikiko neska-mutikoak mendean hartzeko. Batetik, ikasleen ardurarik eza eta harrokeria punttua (zer egingo didazu ba?); bestetik inor zigortu ezina (nere gurasoei esango diet); eta, guztia gutxi bailitzan, gurasoekin inondik ere eztabaidatu ezina, zer gerta ere beti euren seme-alaben defentsan ateratzen ziren-eta.
Esan bezala, azkenean erabaki zuten ikasleak etxera bidaltzea. Azalpen handirik emateke, inor zigortu beharrik gabe, gurasoekin batere eztabaidatu aurretik. Bizpahiru egunetarako etxera bidali, gurasoei ohartarazi eta kitto. Zertan datza formula magikoa?
Arrazoi magikoa da guraso gazterik gehienen logistika ez dagoela gaur egun prestatua adin txikiko seme-alabak etxean geratzeko eta ustekabean, programaz kanpo, lan-ordutan, etxean geldituz gero senitarteko barne-oreka hausten dela. Horretara, gurasoak hasten omen dira kezkatzen seme-alabak etxean geratzen zaizkienean, gaztetxoez beraiek arduratu behar dutenean eta familiaz kanpo inori errurik leporatu ezinik geratzen direnean. Logika familiarra (gurasoak, aitona-amonak, izeko…) prest omen dago haurra gaixotuz gero norbait etxean geratzeko baina, eskolatik bidali dutelako baldin bada, berdin ote? Ez da nonbait berdin.
Ondorioz, gurasoek ez omen dute ezer ulertzen, beraiek joaten ei dira eskolara otzan samar konponbide bila eta, gezurra dirudien arren, ikasleak gurasoen errieta jasotzen du “gehiago eskolatik botatzeko aitzakiarik ez emateko” aginduaz.
Ez dakit hau guztia zenbateraino ote den berria. Ezta antzerako zerbait indarrean ote dagoen ala ez euskal eskolan ere. Baina artean, hona musu-truk, irakasle valentziarrak kontatutakoa, prezio berean.

Jose Rementeria, azken alkimista
Debako Aldazabal-Murgia (Errementerianekoa) jauretxe-ostean bada gaztelu moldeko eraikuntza xelebre samarra. Guztiz anakronikoa, afariketako “exin" gaztelua dirudi. Eta kaletik ikusten ez bada ere, dorrearen aurrekaldean zazpi puntako izarra du eta honako leloa: “Horizontes. El más allá de las fronteras la vida”. Zer arraio ote?
Aldazabal-Murgiatarren* aztarrenak XVII. mendekoak diren arren, jauretxearen osteko dorre hori Jose Rementeria medikuak jaso zuen 1960ko hamarkadan edo. Behatoki modura eraiki omen zuen eta hainbat teleskopio jarri izarretara begiratzeko, nahiz-eta zenbaitek uste izan, garai hartan hondartzan zegoen gazte-aterpetxera Espainia guztitik udaran etorri ohi ziren meninak (Falangearen "Frente de Juventudes"eko neskatilak) aurrez aurre ikuskatzeko erosi zituela.
Rementeria, mediku on eta ospetsua
Jose Maria Rementeria Aberasturi (José, Don José, Pepe) Deban jaio zen 1894an eta Madrilen hil, 1970an. Medikuntza-ikasketak Valladoliden egin zituen eta kirurgia-doktoradutza lortu 1930ean, Neumatósis quística intestinal. Su relación con la úlcera gástrica y su tratamiento tesiaz. Aurretik beste hainbat arlo landu zituen Parisen zein Vienan eta, 1924tik aurrera, Madrilgo Hospitaleko Kirurgia Sailburua izan zen. Gerrialdeko anestesia epidurala deritzan teknikaren aitzindarietakoa, 1931an, eta Espainiako Kirurgialari Elkartearen sortzaileetakoa eta idazkari, 1936an.
Deban bertan mediku on-ona izanaren ospea du oraindik ere. Bada kontatu didanik, herriko semeren bati burua ireki eta parkinson-dardara kendu ziola.
Rementeria, jauntxo arraro eta goibela
Rementeria berriketa bako medikua zenik ez du inork zalantzan jartzen. Ezta zeharo arraroa zenik ere. Mutil zaharra nonbait, bere arrebekin bizi izaten zen Aldazabal-Murgia jauretxe zaharrean Madriletik etortzen zenetan.
Etxetzar zaharkitu, beltz, ainube, beldurgarri, tetriko eta goibela, antza. Mutil koskorra zela bertara ate joka sarri joan behar izaten zuen gizon helduak gogoan du “atea irekitzen zuten bakoitzean kate-zarata itzela entzuten” zela. “Barrualdea, berriz, ilun-iluna, koadro zaharrez eta armarri handiz gainezka”.
Bada oroitzapen bihurriagorik duenik. Zenbaiten ustez “lehortze aldera sukaldean zintzilikatzen zituen urdaiazpikoak egurraren pare gogortu izaten zitzaizkion, baita hasi gabe sitsak jan ere”. Eta, hil zenean jakin zenez, "berrogeita hamar kapela baino gehiago" omen zituen.
Baita gaiztoagorik ere. Gogotik jauntxoa, “Hijo predilecto de Deva” titulua lortu omen zuen… aldez aurretik dezente diru, propio ordaindu ondoren.
Eta zer gerta ere gaizki esaka jarduteko gertu dagoenik. Rementeria bera ezagutu zuenari masoia izan ote zitekeen galdetu eta: "Masoia? Ez, ez dut inoiz holakorik entzun, baina seguru gero bazela".
Aztarren bila
Dorrearen aurrekaldean zazpi puntako izarra agertzen da eta, nekez sumatu daitezkeen beste zenbait esaldiren artean, honako hotsandiko hau nabarmen asko irakurtzen da: Horizontes. El más allá de las fronteras de la vida
Ez dira gero ikur eta hitz arruntak. Sinbologia horrek, askorik sakondu aurretik, faxismoa edo sektaren bat edo beste gogorarazten dizkigu. Baina nekez izan zitekeen Rementeria faxista, batetik oraindik ere dorreak zutik dirauelako eta, batez ere, berak hainbat arazo eta eragozpen izan bide zituelako, Madrilen, nazionalekin.
Han-hemenka bila aritu ostean, esplikaziorik aproposena honako lerrootan laburbildu daiteke:
El Sendero de la Energía de la Vida: La Estrella Secreta de Siete Puntas. La imagen alquímica de la estrella de siete puntas Vitriol (septagrama) revela –como casi ninguna imagen—el profundo conocimiento de los grandes alquimistas como Paracelso. Muestra su conocimiento sobre la influencia de los siete planetas en el curso de la energía vital en el ser humano e incluso en el cuerpo viviente de nuestra Tierra (…) La estrella de siete puntas Vitriol es una de las imágenes más conocidas de toda la alquimia. En la Edad Media su conocimiento secreto era considerado de tal importancia que incluso la orden oculta de los Caballeros Templarios ”grababa” por el paisaje francés, en sus castillos, la estrella de siete puntas.
Beraz, ezin gero aztarren gehiago honen hitz gutxitan aurkitu: bizitzaren energia, septagrama, planetak, alkimia, ezagutza sekretua, Tenplarioak, gaztelua… Horra, nonbait, Debako mediku on bezain jauntxo arraroaren ipi-apak eta barne-zertzeladak.
Dorrea
Leloa

Aldazabal-Murgi jauretxearen ekialdea. Aurrekaldean, bi harmarrietako bat. Barrenean, behatokia, Ifar kaletik ikusita.
José Rementeria (Deba, 1894 - Madril, 1970)
* Pedro Joseph de Aldazabal y Murguia (Zestoa, 1729 - Deba, 1779) presbiteroak hiru idazlan utzi zituen: Breve historia de la aparición del más luminoso astro y brillante estrella, la milagrosa imagen de María Santísima de Iciar, Ama Virgina Santisima Yciarcuaren Bederazti urrena eta Compedio Heráldico Arte de Escudo de Armas. Según el Methodo mas arreglado de Blason y Autores Españoles.
Ahaztu egin zaigun arren
Pedro Migel Etxenikek aitortu du bera ez zela jaiki 1969ko uztailaren 21ko ordu txikietan Neil Armstrong estreinako ilargiratzen ikusteko. Ezta ni ere. Eta gu bezala, jenderik gehiena. Segurutik asmakizun hutsa da gau hartako irudiak iruzurra izan zirenik, baina ez dut inondik ere uste egia denik mundu guztiak telebista aurrean pasatu zuenik gau hura.
Eztegu-bidaian harrapatu ninduen Apolo XI.ren joan-etorriak, eta uztailaren 21n, afalosteko kafea hartzen, Telediarioan ikusi nuen nik lehendabizikoz Armstrong komandantea eskaileratik jaisten eta oina ilargian jartzen. Deiàko (Mallorca) hotel baten egongelan izan zen, frantsesez eta ingelesez inguratua, eta inork ez zuen ahalegin berezirik egin telebista aurrera hurreratzeko edo bolumena igotzeko, are gutxiago hu-la-la-ka aritzeko. Ikusi genuen aurrez aurre jarri zigutelako, ez gehiago eta ez gutxiago.
Hor nonbait irakurri dut ordurarteko telebista-programarik ikusienetakoa izan zela; beste informazio batek dio 600 milioi lagunek ikusi zutela, eta TVEren ingurumariak gogoratu du Espainian 20 milioi entzule izan zirela. Hau da, mundu guztiaren %3,3. Norberak esan eta norberak sinetsi.
Gogoratu dezagun espainiar merkatuan 1990 hamarkadan ekin zitzaiola audientziak zorrotz samar neurtzeari; 1980eko hamarkadan ez zela neurketarik, lantzean behingo telefono-inkesta baizik; eta hamaika urte lehenago, berriz, ezta hori ere.
Ahaztu egin zaigun arren, 1969an inor gutxik zuen telebistarik Lehen Mundutik kanpora. Europatik atera gabe ere, 1959an Eisenhower Madrilera etorri zenean TVEk telebista-irudiak zinera pasatu eta hegazkinez Erromara bidali behar izan zituen, handik Eurovisioz mundura zabaltzeko. Hau da, 1959an TVEk ez zuen artean nazioarteko telebista-sistemarekin lotura zuzenik. Are gehiago, TVEk 1971an ireki zuen Bilboko Telenorte eta 1980ko hamarkadan TVE2k lau orduko programazio baino ez zuen… ahaztu egin zaigun arren.
Beste kontu bat da TVEk zein Jesus Hermidak berebiziko programatzat jotzea edo jo nahi izatea harako hura. Normala. TVE espainiar telebistarik bakarra zen garai hartan eta normala da berrogei urte geroago hartaz baliatu nahi izatea, beraiek baitira lekuko bakarrak eta bertatik bertara birkontatu dezaketen bakarrak. Hori da, hain zuzen ere, euren balio erantsia.
Kontrakoa litzateke, hain zuzen ere, ezohikoa. Ezohikoa den bezalaxe ETBk egin zuena: sortu zeneko 25. urteurrena ospatu ez. Behar bada TVEk estimu handiegitan du bere burua baina ETBrenak ez du izenik. Baina hau beste historia bat da, ala erdipurdiko istorioa besterik ez ote?

Euskaltzaindiaren mendeurrena hamar urteren faltan
Bakeak egin beharraren beharrez, Andres Urrutia euskaltzainburuak ez du bake hitzik aipatu nahi izan baina nik neuk antzerako balore semantikoren baten susmoa hartu diot peninsulako lau hizkuntzaren elkarkidetza eta erakundeekiko leialtasuna aldarrikatu dituenean. Hau guztia Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren 90. urtebetetzean eta gaztelania, katalana eta galegoaren akademiaburuekin batera izandako ekitaldian.
Bai, laurogeita hamar urte joan dira Euskaltzaindia sortu zenetik hona eta, 50. zein 75. urteurrenak Espainiako beste hiru hizkuntza-erakunde gorenekin batera ospatu izan zituen bezalaxe, oraingoan ere ildo beretik urratu nahi izan du. Eta ez auzokoekin ondo konpondu gurarik soilik, elkarrekin egitasmo sendoagoak landu ere landu daitezkeelakoan baino. Horra, besteak beste, aurrerantzean elkarrekin lankidetza areagotzeko gaur bertan sinatutako ituna lekuko.
Urrutiaren ezkutuko ekuazioa honako hau edo da: hizkuntzek hiztunak behar dituzte, hiztunen arteko elkarkidetza errazagoa da hizkuntzen arteko harremana suspertuz gero, horretara akademiek behar dute hiztunekin bat etorri eta hizkuntzen arteko lankidetza sendotu.
Nik sarri esan izan dut Euskaltzaindia gure erakunderik iaioenetakoa dela formei jaramon egiteko orduan. Zenbaitek esango du formei amore ematea apaltasunik ezaren seinale dela. Baina formak zaintzea nork bere burua estimutan hartzea besterik ez da; eta formei muzin egitea, berriz, arlotekeria hutsa baino ez.
Hamar urte barru Euskaltzaindiak mendeurrena ospatuko du. Ez dakit nik neuk ospatzerik izango ote dudan baina Jean Haritschelharrek (Baigorri, 1923) oraingoz agindu dit baietz, bera han “izanen” dela, ducadosa eskutan duela eta bazkalostean armagnac kopatxoa noiz hartuko zain. Rikardo Badiolaren ustez, berriz, Haritschelhar mortala (kristona, demasekoa...) omen da. Baina, Rikardo oker dabil, gure Jean ez da mortala, “inmortala” baizik. Euskaltzaindia bezalaxe.

Goiko argazkian, Jean Haritschelhar eta biok. Behekoan, Euskaltzaindiak banatutako paparrekoa.

Leireko denbora-tunelak mila urte
Ez dakit noizkoa ote den denbora-tunela deritzan kontzeptua. “Time tunnel” izenburudun lehen nobela 1964koa da eta ondotik etorri zen “The time tunnel” telesail ospetsua. Hala ere, Leireko monastegiko San Virilaren "denbora-tunela"… erromanikoa da.
Teoriaz, espazioan aurrera zein atzera egin dezakegun bezalaxe, denboraz zehar ere beste horrenbeste egin omen genezakeen. Teoriaz, jakina. Bai, behintzat, Albert Einsteinek Erlatibitate Bereziaren Teoria indarrean jarri zuenetik. Newtonek, Galileoren ildotik jarraituz, 1687an esan zuen esan denbora absolutua zela. Einsteinek, berriz, 1905an frogatu zuen denbora ez dela absolutua, erlatiboa baino, obserbatzailearen araberakoa alegia.
Aukera teoriko hartan oinarrituz fikziozko literatura egin zuen aurrena Murray Leinster izan zen, Time Tunnel izeneko nobelaz (1964). Liburuak ez zuen arrakasta nabarmenik izan baina bai, ordea, hiru urte geroago Estatu Batuetako telebistan antenaratu zen sailak: The Time Tunnel.
Mila urte lehenagoko udaberriren batean, Nafarroako Leiren, Dom Virila abata nagusia monastegitik atera zen maitinen ostean. Txorien txirrio-txirriokaz erdi lokartu ondoren, berriro ere abatetxera itzuli zen ate-joka. Hala ere, monastegia handiagoa eta aberatsagoa ote zen iruditu zitzaion, atea dezente aldatua eta, harrigarri gero, ez zuen atezainik ezagutu. Ezta atezainak bertako abata nagusitzat hartu ere. Nolatan?
Eraman zuten bidaiari ezezaguna Domingo monastegiko abatearengana, Dom Virila ahalegindu zen bera bertako nagusia zela azaltzen, adierazi nahi izan zuen maitinen ostean egindako sartu-irtenaren ondotik berriro ere itzulia zela, baina inork ez zion sinetsi liburu zaharretan aztertu eta hirurehun urte lehenago Virila izeneko abatatxea izan zenik irakurri arte.
Leienda ondotxo dokumentatua dago --Leiren ez ezik baita Europako beste hainbat lekutan ere-- eta San Virila bizi izan zenik zalantza gutxi dago. Beste kontu bat da, ordea, non arraio egon ote zen gure Virila hirurehun urtean zehar. Baina, hau ere, ez da kasu honetan batere garrantzitsua.
Garrantzitsuena Dom Virilak bizi izandako gertakarien narrazioa da, hogeigarren mendeko ufologiak eragindako galderantzunak hainbat mende lehenago azaltzen baitira estreinako: San Virilaren harridura, monastegiaren aldaketak, fraileen janzkera eta ohitura ezberdinak, beraien arteko ulertu ezinak etab.
Eta guzti hau gutxi bailitzan, Virila Doneak erabili ohi zuen pasarteari San Virilaren denbora tunela deritza. Jakina ez dela inon misteriorik, are gutxiago miraririk, baina ez didazue gero ukatuko istorio polita denik!

Enneco Aristaren garaian sartu omen zen "denbora-tunelean" gure Virila
Jabo Irureta, ongi etorri
Hamalau urteren bueltan berriro San Mamesen izango dugu Jabo Irureta. Ez entrenatzaile gisa, kirol-zuzendari modura baino. Izugarri pozten naiz, nik neuk zer ikusirik izan nuen-eta Athletic-etik alde egin zezan edo, behar bada, ez nuen segurutik behar beste egin bertan geratu zedin.
Athletic-ek Javier Iruretagoiena entrenatzaile izan zuen garaian (1993-1995), Patxi Alonso Radio Euskadi-ren kirol-erredaktoreburu zen eta, ETB2n, audientzia handiko El Derby programaren aurkezle; lehenik Gorka Reizabalekin batera (edo aurrez aurre, hobeto esan) eta gero Patxi bera bakarrik.
Ezin jakin gero zergatik baina kontu ezaguna da Patxi Alonsok estu-mestu hartu izan zuela irundarraren lana eta berebiziko kritika latzez josi, astez aste, partidaz partida, etenik gabe. Alonsoren ustez, Iruretaren ekarria zeharo kontserbatzailea zen eta jokalarien artean eragiten zuen jokoa, berriz, guztiz aspergarria, motela, tristea, inozoa eta ganorabakoa. Ligaren erdipurdiko postuetan aritu eta Europan jardun arren, Athletic-ek talde normaltxoa zuen orduan ere baina, batere errukirik gabe, Patxi Alonsok Iruretaren ezjakintasunari leporatu ohi zizkion Athleticen eskasiak, ahuleriak eta ezintasun guztiak.
Aurrenik Iruretak ez ikusi egin zuen, gero gogaitu, ondoren kexatu eta, atzenean, laguntza eskatu. Baita ni, ETBren zuzendari nintzenez gero, Athletic-en lehendakariarekin bildu ere baina, nonbait, ez ginen –ez nintzen— arazo hari planto egiteko gauza izan. Orduan sumatu nuen nere baitan zein zaila den harro asko maldan gora (behera, alegia) doan kazetari harroxko eta sukartsua baretzea, lasaitzea, ildoratzea, geraraztea, bere senera ekartzea. Are zailago –beste edozenbat arazo dezente larriagoak iruditu izanik— kirol arloko kritikek inondik ere hil ala bizikoak ematen ez zutelarik
Patxi Alonsok ez zion etsi eta Javier Iruretak Athletic-a utzi behar izan zuen edo utzi beharra sumatu zuen. Ez zuen presio hura jasan edota jasaterik ez zuela merezi erabaki zuen. Kontua da 95-96ko denboraldi erdialdera ospa egin zuela. Lehenik Donostiako Errealera eta handik Galiziara.
Auskalo Patxi Alonsok arrazoirik ote zuen. Daitekeena, behar bada, Jabo benetan entrenatzaile triste eta aspergarria izatea. Baina, izanak izan, zalantzarik ez gero ondoko hamar urteetan, 1998tik 2005era bitartean gehienbat, Javier Iruretak sekula historian izan den Real Club Deportivorik onenaren entrenatzaile arrakastatsua izaten asmatu zuela eta, diotenez, ez omen zen A Coruña aldean inor aspertu.
Patxi Alonsok 1996an utzi zuen ETB Telecincora joateko eta ondoko hamar urteetan kirol-mundutik kanpora ibili zen, ardi galdu samar, Ramón García, Ana Obregón, Belinda Washington eta abarren soka beretik. Geroztik, 2006tik aurrera, La Sexta tarteko, Patxi Alonso berriro dugu futbolaz mintzo. Zorionak, beraz.
Baina zorionak ere Jabo Iruretari, era batez zein bestez, zer gerta ere, bere senari, izanari eta izenari gogotik eusteagatik. Ongi etorri.

Gehiegizko hurbiltasuna
Politikariei leporatzen zaizkien ajeetakoa agintarien eta herritarren arteko gertutasunik eza da. Baina, esanak esan, gertutasunik eza ezezik gehiegizko hurbiltasuna da egungo akatsik nabarmenena.
Interes partikularren defentsan sortutako taldetan banatua dago gizartea, “arazo bakar bateko elkartetan” zatikatua alegia: energiaz, errausketaz, garraioaz, kontsumitzaile-eskubideez edo senar dibortziatuen eskakizunez. Denak zilegi, noski, baina onura orokorrari muzin eginez interes partikularrak defenditzeko arriskua dutenak.
Onura orokorra ez da interes partikularren metaketa, sintesi demokratikoa baino. Interes orokorra ez da telebista-solasaldietan edo anti-plataformetan biltzen, hiritar guztien partaidetzan, erabaki informatuen kalitatean, ebazpenen gardentasunean eta etorkizunera begira erantzukizuna bermatzeko sisteman baizik. Daniel Innerarity filosofoak esan bezala: Politikoek gaizki egiten dute, beraiek baino hobeto beste inork ezin duena egin.
Eta gaizki egiten dute erabaki antipopularrik hartzeko ez lidergorik, ez ausardiarik eta ez erantzukizunik ez dutenean.
Argia, 2009ko uztailaren 12an

Otsoa nor ote ?
Michael Jacsonen “Thriller” bideoklipa telebistaz emateko proposatu zidatean, ez nenkien Michael Jacson nor zenik ere. 1984eko udazkena edo zen, ni ETBren zuzendari izendatu berria eta Josu Erguin Produkzio Zuzendaria bulegoan sartu zitzaidan ohi zuen emozioz eta zirraraz: “Hi, Thriller bideoklipa lortu diat!”. Eta nik, berriz, “eta zer arraio duk hori?”. Geroztik hogeita bost urte joan dira hegaztadaren legetxe.
Thriller bideoklipa 1983ko abenduaren 2an plazaratu zuen estreinako MTVk. Ia hamalau minutu luze zen eta laburmetrai gisa ekoiztua. Ordurarte –eta geroztik ere behar bada-- sekula historian izan den bideoklipik landuen, osatuen eta garestienetakoa. Baita preziatuenetakoa ere. Nik ideiarik ere ez izan arren, Josu Erguinek ondotxo zekien edozein ekoizlek egin nahi zukeen harribitxia zena.
Bideoklip harek Michael Jacsonen bigarren albumaren –izen bereko Thriller-- aurkezpen, laburbilduma, euskarri, iragarki, eragile, suspertzaile, saltzaile eta ezarri nahi den guztia izan gura zuen. Eta, benetan gero, gogotik asmatu zuen, historia egin baitzuen. Jakina denez, harako albuma disko-argitalpenik sarituenetakoa da (58 platinozko disko, uraniozko bi, diamantezko bat eta zortzi Grammy Sari) eta bideoklipak lagundu besterik ez zion egin arrakasta-ibilbide hartan.
Bideoklipa, nolabait laburtu beharraren beharrez, txanogorritxoren ipuinaren bertsio eraberritua da. Eraz, moldez, tajuz eta zentzuz eraberritua. Ikusi nahi duenak youtouben aurkitu baino ez du nahiz eta, otsoa nor den jakiteko, azkenerarte itxaro behar. Eta, gustua gustu, luzetxo behar bada.

Ronaldo: ontsa lo egiteko bidea
Maiatzaren 14an, Valentzian, nolabaiteko zalantza esistentziala izan nuen, ni neu arrunta, normala edo ez hain normala ote nintzen. Gaur jakin dut, nere lasaitasunerako baino ez bada ere, hainbat mila lagun baino arruntago eta normalago naizena. Bi hilabeteren bueltan, azkenean, gaur lasai lo egingo dut.
Maiatzaren 14an, Mestallara sartu aurretik, Valentziako zenbait lagunekin hainbat garagardo hartzen ari nintzela, “hura” normala ote zen aztertzeari ekin genion, ez baitzen nonbait batere arrunta 25.000 zale gorri-zuri han biltzea, Athleticek noiz galduko ikusteko.
Tartean, Valentziako bertako soziologoak ziharduen kontu-kontari, barra gainetik ukalondoa kendu beharrik gabe sekulako ondorio sakonak ateratzeko gauza bide zena. Haren ustez, Athletic-en jarraitzaileak islatzen ari ziren fenomeno hura beste hainbat barne-hutsuneren lekuko omen zen. Hots, nekez azaldu omen zitekeen talde-jarrera hura trauma kolektiboren bat ez balitz. Beste modu batez esanda, Athletic zaleen zoramen hura zenbait barne-eskasiaren kanpo-isla baino ez omen zen. Are gehiago, Valentziako bat-bateko bilera hura euskaldunon beroaldiaren, egonezinaren eta patxadarik ezaren adierazgarri besterik ez omen zen funtsean. Nolabait esateko, denboraz kanpoko akelarrea alegia.
Nik, agia esan, aitzakia ona nuen egun hartan han egoteko, lanera joana nintzen-eta. Baina nere baitan urduri samar sentitu nuen burua, aitzakiaren aitzakiaz benetan urbitsetan joana bainintzen erdi ezkutuan Valentziaraino, halako aukerak hogeita bost urtetik behin baino gertatzen ez direlakoan. Hartara, ni ere, ustekabean, akerburu sasipolitikoaren jarraitzaile sukartsu ote?
Baina gaur, Madrilen, astelehen buru zuri honetan, ezein partidoren arrazoirik gabe eta batere garaipen-betarik gabe, 80.000 lagun bildu omen dira Santiago Bernabeu futbol-zelaian. Eta ni, zer esango dizuet ba, inoiz baino lasaiago lo egingo dut aspaldiko partez, beti ere patxada handia eragiten baitu jakiteak hor nonbait badirela 80.000 lagun norbera baino beroago, egonezinago, larriago, zoroago, akerrago, sukartsuago eta, politikaz ere, umezurtzago.