Amatiño
Erantzukizunik eza
Aurreko astean, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek aho batez erabaki zuten plan eolikoa berriro aztertzea. Albiste ona ematen du baina, onenean ere, albiste benetan petrala. Erabaki honek auzitan jartzen baitu Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuena aurreko martxoan, hankaz gora botatzen du Legebiltzar beronek 2006an onetsitako plana, muzin egiten dio zentzu berean 2002an erabakitako egitasmoari eta ez ikusi, berriz, orain hamabi urte Legebiltzar berberak hasitako prozesuari.
Hau da, laburbilduz, hamabi urte daramatza Eusko Legebiltzarrak plan eoliko ziztrin eta apaltxoa burutu ezinik. Hamabi urte ez dira gero artalak. Eusko Legebiltzarra enpresa pribatua balitz porrot egin eta ateak itxi beharko lituzke.
Denok omen gaude energia berriztagarrien alde eta haize-errotak omen, soluzioa. Bai. Baina gero, planak indarrean jartzeko orduan, dena da protesta-zotina eta inork ez du erabakirik hartu nahi.
Kyotoko protokoloa txalotuz elkarri agindu genion helburu europarrak betetzea eta gure kontsumoaren %12 energia berriztagarrietatik lortuko genukeela 2010erako. Baina Gabonak gainean dira eta %4,5ra baino ez gara heldu. Heren bat besterik ez. Noren errua ote? Errudun guztiak ez daude, ez, Legebiltzarrean, baina bai, ordea, erantzukizundun guztiak.
Eusko Legebiltzarrarenak ez du gero izenik. Nolabait definitu behar eta… nik neuk esango nuke lidergoa falta dela eta populismoa, berriz, lar, lartxo. Esanak esan, horrela ez dago goi mailako politikarik egiterik.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko maiatzaren 30ean.
Mapa honetan Euskal Autonomia Elkarteak gorri-gorri behar luke eta Nafarroak, aldiz, berde-berde.
