Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2009 Ekaina 28 Olatz Simon, ez da gero galduko
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Olatz Simon, ez da gero galduko

Olatz Simon kazetariak irabazi du aurtengo Rikardo Arregi Sari Nagusia, ETBren Txinako ordezkaritzan egindako lan onarengatik. “Informazio emateko modu ulerterraza eta aldi berean zorrotza” izan du gogoan epai-mahaiak. Nik, hain zuzen ere, Txinara abiatu zen bezpera-egunean ezagutu nuen aurrez aurre Olatz, orain dela hamalau hilabete inguru, eta zera pentsatu nuen: “Neska hau ez da gero galduko”.

Euskadin indarrean jarri beharreko industria-egitasmoa bertatik bertara ezagutze aldera europar hiriburu handi batera joanak ginen hogeitaka laguneko teknikari eta kazetari taldea, Olatz Simon eta biok tarteko.

Bueltan, programan agindutako hegaldia hartzeko arazoak suertatu ziren. Honelakoetan ohi denez, makinatxo bat bidaiari bildu ginen hegazkin-konpainiaren bulego-inguruan, informazio eske, kexuka, nora ezean, zer egin jakinezta. Azafatak, itxurazko efikazia handi  samarrez edo, berehala erantzun zigun beste hegaldi batean sartuko ginduztela eta horretarako txartelak aldatu beharko genituzkeela. Baita guk guztiok jaramon egin eta artalde zintzo-zintzo lez erreskadan jarri ere, aldaketa bizkor hura soluziorik onena zelakoan. Baina Olatzek, taldeburua bailitzan, ezetz esan zigun, txartelak aldatuz gero, egoera berriari amore emateaz gainera,  jatorrizko eskubideak galduko genituzkeela eta, horretara, geure buruak hegazkin-konpainiaren menpe behin betiko jarri.

Oraindik ez dakit zergatik baina taldekide guztiek sinetsi egin genion eta denok aho batez  bere ardurapean jarri ginen. Olatzek, leihatilara jo zuen, jario argi eta garbiko ingelesez bota zion azafatari ez geundela konforme, ez genuela jatorrizko txartelak aldatuko, eta hegazkin-konpainiaren obligazioa nola hala  gu etxeratzea baino ez zela. Beraiek aldatu behar zutela hegazkinez, ez guk txartelez. Ez gehiago eta ez gutxiago.  Azafata zur eta lur geratu zen, zer egin ez zekielarik baina bezeroak arrazoi ote zuen beldur eta, auskalo zelan baina, pare bat ordu geroago, Bilborantza atera ginen ezertxo ere egin beharrik gabe eta, oso oker ez banago, Olatz, zuzenean Txinara.

Olatz jaio zenerako nik hainbat urte luze neramatzan aireportuz aireportu baina egun hartan Olatz izan nuen irakasle azkar. Hala ere, gehien harritu ninduena ez zen hegazkin-sistema katramilatsuaz erakutsi zigun ezagutza, azaldu zizkigun nagusitasuna, iritzi sendoa, adorea eta buruzagitza baino. Neska hau ez da gero galduko pentsatu nuen nerekiko. Eta, geroztik, telebistan ikusten dudan bakoitzean errepikatu ohi dut: Galdu ez ezik, ondotxo daki zertan diharduen.

Zorionak Olatz.

Gorka Bereziartua, Iñigo Martin, Olatz Simon eta Ttipi-Ttapako ordezkariak, gaur Andoainen. Aurtengo sarituak

 

Amatiño 2009/06/28
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30