Amatiño
Blog-hizkuntzaz iritzirik eza
“'La gran guía de los blogs, 2008' es una obra que nace en un momento de eclosión del fenómeno de las bitácoras”. Honelaxe hasten da blogen gidaliburu honen aurkezpena eta, segurutik, arrazoiren bat izango dute egileek, ez dira-eta alferrik denak ere espainiar blosferaren guru ospetsu –eta militante-- samarrak. Baina ni ez nator bat edo, hobeto esan, ez dut bat etorri nahi, sekula ez baititut guruen –are gutxiago militanteen-- euforiak gustuko izan. Bitakoren ernamuina 2008an ote? Seguru? Eta zergatik ez 2007an?
Dena dela, ez diot post honi ekin urte bat edo beste eztabaidatzeko, zorioneko guruen iritziek –edo iritzi ezak-- ustekabean frogatzen duten tesia nabarmentzeko baino. Alegia, blogek, oraindik orain eta funtsean, euskarri hutsak baino ez direla, tresneria, hardwarra, bitartekoa, sistema, teknologia… Hau da, blogak ez direla oraindik berezko lengoaiaren jabe. Hots, blogariok ez garela oraino blog-hizkuntza berezirik sortzeko gauza izan.
Liburuak bi parte ditu. Bigarrena editoreek hautatu nahi izan dituzten zortzirehun inguru blogen gida-bilduma da eta aurrenengoa, berriz, hamabiren bat blogariren beste hainbat hausnarketa. Hamabi ez dira gero artalak, eta ez da aukerarik falta izan denetariko ikuspegiak aztertzeko, alegia: 2.0 webgunetik 2.1 delakorako pasartea; blog-plataformak; blog-erremintak; demokraziarekiko eragina; aktibisten, politikoen zein emakumeen partaidetza; komunikabideen, enpresen, herri-administrazioen nahiz unibertsitateen blogak; eta, azkenik, blogak eta artea.
Halere, azken honetan baino ez da nolabait lengoaia, adierazpen eta estetika berrien erronkarik aipatzen, eta beti ere azal-azaletik, zeharbidetik eta erarik arolenean. Esne-berba horiek erakusteko ez zen horrenbesteko arasarik behar, ezta zorioneko gidaliburu honi “gran” adjektibo handikirik erantsi beharrik ere.
Blogen fenomenoa sortu berria baino ez da oraindik eta, honez gero, aristokratatxoak koskortu zaizkio.

Blogen inguruan hausnarketatxo bat Eibarren
Jakingura