Amatiño
Denon artean
Telebista-programatzaileek aspalditxodanik dakite audientziarik handienak lortzeko modua ez dela beti arlo jakinekoren bateko programarik onena jartzea. Aitak futbola ikusi nahi badu, amak albisteak, amamak telesaila, alabak lehiaketa eta semeak marrazki bizidunak… atzenean familia osoak erdipurdiko filma ikusten amaitu dezake.
Ez tronpatu. Amamak telesaila ikusi beharrean filma aukeratzen baldin badu, ez gero pentsa familiak pelikula ikusten duenik amamari amore emateagatik, inori askorik gustatu ez arren guztiei onargarri samar gerta dakiekeen aukera delako baino. Bigarren aukera alegia.
Hau ez da asmakizuna, ez adibidea, ezta anekdota ere. Hau estatistika hutsa da. Eta egunero gertatzen da telebista aurrean. Baina ez telebistan soil-soilik.
Denon artean erabaki beharrak bere ajeak ditu, familiarteko telebista-programa aukeratzekoan, senitarteko igande-bazkaria prestatzerakoan, gizarte-ereduak erabakitzerakoan zein programa politikoak hautatzerakoan.
Hau guztia eliteen ikuspegitik txorakeria da, tranpa mortala, zeharo atzerakoia. Baina ez ahaztu, demokraziaz ari gara, ez gero aristokraziaz. Eta, hori bai, demokraziak liderrak behar ditu, aristokraziak ez, ostera.
