Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2009 Maiatza

Artxiboa Maiatza 2009

Oñatiarrak badaki Maltzagaren berri

EAJ bitan zatitu eta EA sortu zenean, 1986an, Garaikoetxea lehendakariaren agintepeko alderdi berria erabat ahalegindu zen ia mende bat lehenago suspertutako ondare politikoaz jabetzen. EAk Jose Antonio Agirreren zein Manuel Irujoren mezua aldarrikatu ezezik, haien argazkiak eseki zituen elkartetxeetako hormetan. Honetan laburbildu daiteke gaur egungo EAren barne-zatiketa: Agirre-Irujo bikotea lemazaintzat hartu ala ez.

Eusko Alkartasunaren zuzendaritzak Batasunaren inguruko indar abertzaleen metaketaren alde nahi du nonbait apostu egin, eta Iñaki Galdosen jarraitzaile gipuzkoarrek, aldiz, Agirre lehendakariak indarrean jarri zuen abertzaletasun instituzionalaren alde.

Bitasun hau ez da berria euskal abertzaletasunaren historiaren baitan. Funtsean arazo berbera eztabaidatu zen Txibertan; antzerako Ajuriagerra eta Monzonen estrategien aurrean eta, nolabait, baita Lizarran ere.

Eta, geroztik, diferentziak murriztu ezezik areagotu egin dira. Hau da, Monzonek proposatu ohi zuen: “Abiatu gaitezen denok elkarrekin Maltzagaraino eta handik aurrera bakoitzak erabakiko du zein bide hartu”. Oraingo ezker abertzale ofizialak, ordea, hori baino gehiago nahi du, Maltzagaraino elkarrekin joateko zein bide hartu ere berak erabaki nahi baitu. Eta ziri hori ez diote Iñaki Galdosi sartuko, besteak beste oñatiarra delako.

 

Amatiño 2009/05/31

Benetako krisialdia gaitasunik eza da

“Monja-ikastetxean bekatu guztien erruduna deabrua zen. Gero, unibertsitatean, 'sistema' zen gaiztoa. Orain, berriz, eragozpen guztiak globalizazioari leporatzen zaizkio. Beti errudunak besteak dira. Noiz onartuko ote dugu guk ere erruren bat izan dezakegunik?” adierazi du gaur eguerdian, Adela Cortinak, Valentziako Unibertsitateko Etika eta Filosofia Politiko katedradunak, CEBEK Bizkaiko Enpresari Konfederazioak Bilboko Euskalduna jauregian eratu duen eztabaidan.

Urteroko Batzar Nagusiaren programa osatze aldera, CEBEKek eguneroko arazoen gainetikako hausnarketa egin nahi izan du eta Kudeaketa-krisia edo balio krisia izenburupeko eztabaida antolatu. Horretarako aurrez aurre jarri ditu Adela Cortina katedraduna eta Josu Jon Imaz Petronor-en lehendakaria.

Hiruzpalau lerrotan laburbiltzekotan, katedradunak Hezkuntza jo du landu beharreko arlorik garrantzitsuentzat eta enpresariak betidaniko baloreak aldarrikatu irtenbidetzat: baserri-korta eta taladrinaren arteko usainaz, gaur egun bizi dugun aberastasunaren oinarriak eragin zituzten enpresari eta profesionalen baloreak.

Ondoko eztabaidan ez da falta izan Albert Einsteinek krisialdiaz esan omen zuena gogorarazi duenik: “Quien atribuye a la crisis sus fracasos y penurias, violenta su propio talento y respeta más a los problemas que a las soluciones. La verdadera crisis es la crisis de la incompetencia. El inconveniente de las personas y los países es la pereza para encontrar las salidas y soluciones… no pretendamos que las cosas cambien si siempre hacemos lo mismo”.

  Adela Cortina

Amatiño 2009/05/27

De las naciones a las redes

Aurreko astean aurkeztu zen, Madrilen, “De las naciones a las redes" saiakera. Idazlanak hainbat hilabete darama sarean esekita, irakurri, jaso, kopiatu, jaitsi edo dena delakoa egin ahal izateko. David de Ugarte, Pere Quintana, Enrique Gómez eta Arnau Fuentes egileek amain eman diete zegozkiekeen eskubide ekonomikoei eta domeinu publikoaren esku utzi. Honez gero 60.000 jaitsialdi izan omen dira.

Saiakeraren nondik norakoa egileek aitortzen dute, aitaren batean, hasi bezain laster: la tesis central del libro es que el paso de una sociedad de economía y comunicación descentralizada –el mundo de las naciones— a un mundo de redes distribuidas, hijo de Internet y la globalización, hace que a las personas cada vez les resulta más difícil definir su identidad en términos nacionales. Por eso aparecen nuevas identidades y nuevos valores que a largo plazo acabarán superando y subsumiendo la visión nacional y estatalista del mundo.

Liburuak 160 orrialde inguru ditu, erraz eta atseginez irakurtzen da, gutxi ezagunak diren zenbait esparru laburbiltzen ditu (kartografiaren eragina, XIX. zein XX. mendeetako segregazionista-mugimenduak, sionismotik esperantora bitarteko pasabidea etab.), dibulgazio-balio handia datxekio eta puri-puria dagoen gaia astintzen du  baina, nolabait esateko, ondoko tesiak egileek aditzera ematen duten baino konbentzionalagoak dira. Alegia, bastidore arteko azterlana joria izanik, ondorioak ez dirateke horren berriak. Edo, beste modu batez esanda, agian berriak dira euren burua sareko l´enfant terrible-tzat dutenentzat baina ez azken urteotan politikaz zertxobait arduratu izan direnenentzat.

Aurkezle-ardura Juan Urrutiak hartu zuen eta hitzaurrearena, berriz, Josu Jon Imazek.  Ekonomilariak “hacker koadrilla batek idatzitako liburua” dela esan zuen, baita hacker definizioa eskaini ere: pionero en romper la división histórica entre productor y consumidor. Eta kimikariak, berriz, duela hiruzpalau urte indarrean jarritako no imponer – no impedir delako leloari galdera ikurra ezarri: ¿Podrá un mundo en red colaborar a superar los conflictos nacionales sin que nadie se vea obligado a renunciar a una identidad y sin que nadie tenga que imponer ninguna?

  De las naciones a las redes

Malena, Josu Jon y el vino spime 

 Aurkezpenean, hainbat etiketa informatiko mota azaldu zen. Argazkian, ardo-etiketa.

Amatiño 2009/05/24

Indar nuklearra: ialgi da plazara

Hemen da. Heldu da. Hainbat urtez lozorroan egon den eztabaida iratzarri eta suspertu da: zentral nuklearren gaia ialgi da plazara. Garoñakoak hurrengo uztailaren 5an amatatu behar izango ditu erreaktoreak, aldez aurretik CSNk (Segurtasun Nuklear Kontseilua) epea luzatzen ez baldin badu behintzat. Erabakia Alderdi Sozialistari dagokio gehienbat.

Garoñako zentral nuklearra 1970an eraiki zen eta Espainiako zaharrena da. Aurreko asteazkenean Kongresuak ez zuen onartu IU-ICVk aurkeztutako ekimena, zeinetan epea luzatzeko baimenik ez ematea eskatzen zen. PSOE, PP eta CiU eskabidearen aurka azaldu ziren eta EAJ, BNG eta ERC-IU-ICV, ostera, alde.

Biharamunean, berriz, ustebakoa gertatu zen, Jesus Caldera ministro ohiaren lehendakaritzapeko Ideas Fundazio sozialistak Garoña ixtea eskatu zuenean. Eztabaida mahai gainean dago, komunikabideetan alegia.

Eztabaida honen aurrean zenbait buru hainbat aburu segurutik baina, batez beste, hiru iritzi nagusi. Zentral nuklearren aldekoak, kontrakoak eta, berriak egitearen alde agertu ez arren, eraikita daudenak indarrrean jarraitzea proposatzen dutenak.

Alde daudenen irizpideak laburbilduz: energia atomikoa merkea da, karbono dioxido (CO2) emititzen ez duen bakarrenetakoa, zentralak oso seguruak dira, gero eta hondakin gutxiago sortarazten dute eta, gainera, gutxi zein asko denok kontsumitzen dugun energia-mota da.

Aurka daudenen artean, berriz, zentral nuklearren arriskuak dezente handiak dira, hondakinen arazo larriak konpontzeke jarraitzen du, eraikuntza ikaragarri garestia, uranioa urri samarra eta etorkizunak energia berriztagarrien ildotik joan behar du berandu baino lehen.

Erdipurdikoen ustez, azkenik, energia atomikoa eta berriztagarriak elkarren osagarri dira; aurrera begira ez da zentral nuklear berririk egin beharrik izango baina bai, ordea, gaur egun indarrean daudenez baliatu beharra, adituek baldintza teknikoak segurtatzen dituzten neurrian behintzat.

Zenbaitek besterik uste arren, ez dut nik uste ezkerra eta eskuinaren arteko eztabaida denik, ezta enpresari handi eta sindikatuen artekoa ere. Oro har, gobernu-erantzukizuna duten alderdiak alde daudeke eta oposiziokoak, aldiz, kontra. Eta UGT nahiz CCOO sindikatuen buruzagien artean badira energia nuklearrak egitasmo serioak landu eta jendea ondo informatzea eskatu izana aldarrikatzen dutenak (Expansión, 2009.05.20)

Amatiño 2009/05/21

Garbikeriak elgelkeria dakar

Energia-sistema espainiarra itxia eta isolatua da. Hobe beharrez edo, ez dugu Pirinioetan zehar loturarik nahi. Estu-mestuak gara energia-iturriak dibersifikatzerakoan eta zorrotzegi jokatu nahiak eramango gaitu, energia berriztagarrien kaltetan, soluziorik txarrenetara.

Seguru gero, entzule, ez duzuna sekula ur destilaturik edan. Edonork daki ur destilatua ez dela edatekoa, baina ez zikina delako, garbiegia delako baino.

Unamuno filosofo bilbotarrak ere ondo asko aditzera eman zuen ur purua edatea osasungarri ez den letxe, ideia puru-puruez baino elikatzen ez denak ergel hutsa izaten amaitzeko arriskua duela.

Primeran dago, bai, energia berriztagarriak defenditzea. Baina bestelako energia-mota guztiak uxatu eta soluzio bakarra berriztagarrietan dagoela uste dutenek, defenditu nahi omen dituzten energia berri horien kaltetan dihardute praktikan.

Europan badira energia berriztagarriak gogotik landu dituzten herrialdeak. Baina horretarako, estrategia bikoitza jarri dute indarrean: batetik, Europako energia-sisteman buru-belarri sartu, tokian tokiko berriztagarriak aski ez direnean europar saretik hornitu ahal izateko. Eta, bestetik, datorrena datorrelarik, energia-iturri guztiak osagarritzat onartu.

Energia-sistema espainiarra itxia eta isolatua da. Hobe beharrez edo, ez dugu Pirinioetan zehar loturarik nahi. Estu-mestuak gara energia-iturriak dibersifikatzerakoan eta zorrotzegi jokatu nahiak eramango gaitu, energia berriztagarrien kaltetan, soluziorik txarrenetara.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko maiatzaren 19an.

 Energia-eskabidea

Amatiño 2009/05/18

Euskal borondatea

Athleticen eta Barçaren arteko Kopa-finala dela-eta, Valentziako partiduaren inguruan bildutako jarraitzaileen kopurua batzuon eta besteon gizarte-borondatearen lekuko izan da. Irabazteko susmorik gehien zutenek zale gutxiago elkartarazi dute eta, alderantziz, irabazteko aukerarik gutxien zutenek, ostera, askoz ere jende gehiago bildu. Jarrera horri kirol-borondatea deitu dakioke. Errealitatez kanpoko borondate hori onerako ala txarrerako ote den, berriz, beste kontu bat da.

FOESSA (Fomento de Estudios Sociales y Sociología Aplicada) 1965an sortu zen Cáritas Española elkartearen eraginez,  garai hartan Espainian gertatzen ari ziren gizarte-aldaketak ahalik eta zuzenen aztertu gurarik.  Frankismoak beste hamar urte iraungo zuenik inork ez zekien arren, ordurako hasiak ziren hainbat aldaketa eta mugimendu, baita FOESSAk leial samar ikertu eta bildu  ere.  Azterketa haietako bat  espaniar "erregioetako" hizkuntza-borondateari (1970) buruzkoa izan zen.

Hartarako, aldez aurretik, hizkuntza-borondatea zertan zen definitu behar izan zuten. Hau da: tokian tokiko gizartean bizi izateko bertako hizkuntza jakin beharra premiazkotzat sumatu ez arren, euren seme-alabei erakusteko gertu leudekeen gurasoen asmoa edo jokamoldea. Erraztasunik guztien kontrako eta zailtasunik guztien aldeko borondatea, alegia.

FOESSAk Estatu espainiarreko hizkuntza-komunitateetan egindako inkestaren haren arabera, hizkuntza-borondatea (ikasi beharrik gabeko ikasi nahia) honelatsu suertatu zen 1970an: Katalunian,  %10; Balear Uharteetan, %16; Galizian, %24; Valentziar Herrian, %28; eta Euskal Herrian, %38. Hau da, nolabait esateko, Katalunian gurasoek nahi zuten seme-alabek euskaraz ikasi zezaten, beharrezkotzat jotzen zutelako. Euskal Herrian, aldiz, beharrezkoa ez izan arren.

Honelako zerbait sumatu da berrogei urte geroago Athleticen eta Barçaren arteko Kopa-finalean ere. Valentziako partiduaren inguruan bildutako jarraitzaileen kopurua borondate horren lekuko edo da. Irabazteko susmorik gehien zutenek zale gutxiago elkartarazi dute eta, alderantziz, irabazteko aukerarik gutxien zutenek, aldiz, askoz ere jende gehiago bildu.

Jarrera horri, besteak beste,  kirol-borondatea deitu dakioke. Errealitatez kanpoko borondate hori onerako ala txarrerako ote den, berriz, beste kontu bat da. Eta ez gero pentsatu Mestallan jende gaztea eta xumea baino ez zenik bildu. Hantxe ziren, besteak beste, buruzagi sindikalak, unibertsitate-irakasleak, zientzia-ikerlariak, enpresa-zuzendariak,  goi mailako aholkulariak...

Eta, Valentziakoa gutxi bailitzan, horrez gainera, Bilboko harrera. Soziologoek badute zer aztertu.

  

Amatiño 2009/05/15

Churchill, Kennedy eta Obama

Churchillek erabaki zuen, 1911an, Britainiar Itsas Armada ahalguztidunaren oinarrizko erregaia aldatzea, ordurarteko ikatza alboratu eta petrolioaren aldeko apostua eginez. Erabaki hura ez zuen Churchillek hartu Erresuma Batuko ikatza amaitzear zegoelako Britainiar Inperioak Ekialde Ertaina mendean zuelako baizik. Horretarako sortua zen, 1909an, Anglo Persian Oil Company enpresa.

Ehun urte geroago, Barack Obamak Steven Chu fisikaria (1997ko Nobel Saria) izendatu du Energia Idazkari, Estatu Batuetako ezagutza eta ikerkuntza sare guztia energia berrien garapenaren alde jarri dezan. Kennedyk bere garaiko belaunaldi osoa ilargiratze bidean mobilizatu zuen bezala, Obamak zientziarik eta teknologiarik aurreratuenak jarri nahi izan ditu energia iraunkor eta berriztagarrien mesedetan.

Churchillek ez zuen petroliorik estreinako erabili, ez Kennedyk ilargirik aurkitu, ezta Obamak energia berririk asmatu ere.  Baina petrolioaren, aeronautikaren zein berriztagarrien historian, nork bere aldarea izango du.

Argia, 2009ko maiatzaren 17an.

       

 

Energia ez da sortzen, ez suntsitzen, aldatzen baino 

Amatiño 2009/05/11

Berrogeita hamazazpiren arteko aukera

Lezaman egon nintzen atzenengo bider, Luis Solar bateragile nagusiak aditzera eman zidan nik sekula aurretik pentsatubakoa. Hau da, une honetan, lehen mailako futbolean, guztira euskal harrobiko berrogeita hamazazpi jokalari ari direla jokatzen. Euretarik hogeitabost Athleticen. Horretara, Athleticen merkatu osoa bere taldea eta beste hogeita hamabi jokalari baino ez dira.

Bai, beti jakin izan dugu gero eta globalagoa den merkatuan zaila dela Athleticen filosofiari eustea, eskuzabal jota ere hiru milioi biztanleren euskal harrobia benetan urria dela jakina. Baina behar bada inoiz ez dugu erreparatu, Erreala eta Alavesa kategoriaz jaitsi zirenetik munduan lehen mailan jokatzen duten euskal jokalari guztiak 57 besterik ez direna. Euretarik 25 Athleticen, 10 Osasunan eta gainerako 22 han-hemenka sakabanatuak. Hartara, Athleticen egiazko miraria --munduan zehar kasu bakartzat jotzen dena-- ez dateke hiru milioi biztanle besterik ez dituen lurraldearen taldea izana, denak ere autobus bakarrean sartuko liratekeen 57 jokalariren arteko aukera-maukera izatea baino.

Horrela ulertzen da Joaquin Caparrosek behin eta berriz erabili ohi duen hitza Athleticen aurka jokatzen duten taldeen jokalariak gutxiesteko: “Elegidos”. Hau da, aurrean tokatzen zaion edozein talderen jokalariak nolabait hautatuak edo aukeratuak diren bitartean, Athleticen jokalariak direnak baino ez omen dira, daudenak alegia. Caparrosen hitzetan, “hautatuak” ez dira Barcelonaren izarrak soilik, baita bigarren mailara jaisteko kinka larrian dagoen Betisen morroiak ere, brasildarren bat edo beste tarteko.

Ulertu ere horrela ulertzen da hobeto, datorren asteazkenean Athleticek Valentzian jokatuko duen Kopa finalak eragin duen zoramena; zentzu berean gaur Bilbon eratu den parebako agurra; eta beste horrenbeste atzo, Katedralean, erreserba-taldeak Betis gaixoari bat eta hutsa irabazteagatik sorrarazi zen zirrara.

Alboan nuen Koldo Agirrek esan zidanez: Oiloa hil aurretik egin dugu salda. Baina, jakina, Koldo zaharra edo da, eta badaki zer den Europako finala galtzea Juventusen kontra, aurretik Milan eta Barcelona eliminatu ostean. Dena erlatiboa da. Jaioko dira berriak... Benetan? Jaioko al dira!

Koldo Agirre, José Ángel Iribar y José María Argoitia en la mesa presidencial

Koldo Agirre zutik, Argoitia (ezker muturrean) eta Iribar (eskuinetik bigarrena) tarteko.

Amatiño 2009/05/10

Txikiak ere badu ajerik

Atzo, larunbatez, ASLEren* urteroko Batzar Nagusia eratu zen Gasteizen eta, besteak beste, aspaldiko lagun batekin topo egin nuen bertan. Hamabi-hamalu urte daramatza lan-talde horietako baten buru, sei langile dira guztira, bera tarteko, eta, krisiak jota, beldur da ez ote duten udara aurretik itxi beharko. Zer egin, ordea, berrogeita hamar urte inguru dituen lan-taldeak? Drama latza.

Behin eta berriz aipatu izan zaigu txikiak hainbat abantaila duela –malgutasuna, erabaki bizkorrak hartzeko aukera, bezeroekiko harreman pertsonala, atxikimendu arteza, kementasuna, sakrifizio-ahalmena etab.— baina, sarri asko, egiazkoak diren abantaila horien atzekaldean daudekeen  beste zenbait aje nahi izaten ditugu ezkutatu. Hau da: behar bezainbateko eskalarik eza, denera heldu ezina, informazio falta, teknologia-berrikuntza urria, finantziazio eskasa, borondatekeria…

Esaera zaharrak dioenez, egia da, bai, harako hura: Txikiak handia betzi leidi asmoz eta jakitez. Baina hau egia izanda, egia ere bada “asmoa” eta “jakintza” oso hitz potologoak direla, potoloegiak behar bada, eta nahi beste interpretazio izan dezaketela.

Izan ere, asmoa ez da, soil-soilik, langile amorratua izateko behar den dohaina, baita beste zenbaitekin elkartzeko gaitasuna ere. Eta jakintzak ez du esangura denetik jakin behar denik, beste zenbaiten jakintzaz batera egitasmo bateratuak osatzeko ere gauza izan behar dela baino. Elkar-lana, alegia.

Euskal enpresen ajerik handienetako bat euren txikertasuna da. Eta sarri asko txikerrak dira, txikerregiak, nahiago dutelako hil euren parekoekin elkartu baino. Elkarrekin lan egiten ez dakitelako eta sekula ikasi nahi izan ez dutelako. Elkarlaguntza bideratzeko ere asmo dezente eta uste baino jakintza gehiago behar da.

* Euskadiko Elkarte Laboral Taldea

 Txikiak handia benzi leidi...

Amatiño 2009/05/09

Estatistiken kriseilua

Apirileko datuaren arabera, langabezia %10,33 lain da Euskal Autonomia Elkartean. Azken zortzi urteotako altuena (2001, %11,1), orain dela bi urte eskas (2007, %3,3) baino dezente txarragoa baina, hala ere, duela hamabi urte (1997, %19,8) baino zatia hobeagoa. Eta, edozein modutan, Espainiako azken datua (2009, %17,36) baino askoz ere hobea. Estatistikek ez dute, behar bada, ezer konpontzen baina bai, agian, kriseilua isiotzen eta argi-mutila lanean jartzen.

Unean uneko datua baino garrantzitsuago omen da tendentzia, eta  1996tik 2007ra bitarteko langabeziaren joera ezin nabarmenago izan da maldan behera. Alegia, urtez urte: 19,7 – 19,8 – 16,6 – 14,2 – 12,2 – 9,9 – 8,3 – 8,6 – 7,8 – 5,7 – 4,1 eta 3,3.  Hau da, 35-40 urteko belaunaldiak lanari ekin zionetik hona bizi izan duen bolada on-ona izan da benetan. Joera onuragarri hori batera-batera aldatu da, ordea, azken sei hiruhilekoetan: 3,3 – 3,5 – 3,5 – 4,6 – 7,7 eta 10,3. Demaseko ezustea.

Memoria urria bide dugu. Egia da, bai, 2007an EAE (%3,3) zela, Holandarekin (%3,2) batera langabeziarik gutxien zuen lurraldea, Europako Batasunaren estatuen datuekin alderatuz gero. Baina ahaztu egin zaigu, berriz, 1996an EAE berbera zela langabeziarik gehien (%19,7) zuena Europan. Beste modu batez esanda, 1996tik 2007ra bitartean, langabeziarik gehien izatetik gutxien izatera pasatu da EAE (19,7/3,3), guztira hamasei punturen aldea. Gorabeherarik gehien izan duena, beraz. Espainiak ere gorabehera handia izan du epe horretan (17,8/ 8,3), baina ez EAErena bezain nabaria.

Hamabi urteko tarte berberean, Estatu Batuetako langabeziarik gehien (%6) eta gutxien (%4) arteko aldea bi puntukoa baino ez da izan. Beste hainbatekoa Austrian (5,2/3,6) eta Japonen (5,4/3,4); hiru puntukoa Erresuma Batuan (7,9/4,7), Alemanian (10,7/7,5) eta Frantzian (11,5/8,3); laukoa Portugalen (8/4) eta Holandan (6/2), eta bostekoa Suezian (9,9/4,9) eta Italian (11,3/6,1).

Oreka ez da nonbait gure inguruko merkatuaren altxorrik baliotsuena. Hala ere, laurogeiko hamarkadako birmoldaketetatik zein laurogeita hamarreko teknologi-berrikuntza eta nazioarteratzetik dezente samar ateratzeko gauza izan ginenez gero, ea orain, krisialdi honetatik irtetzeko ere, behar bezainbat ikerketa, garapen eta inbertsio egiten asmatzen dugun. Esanak esan, horrela baino ez zaie oraingo lanpostuei eutsiko eta berriak sortaraziko.

Eta beste formularik duenak jarri dezala martxan. Kasu honetan ez da nahikoa esatea.

Amatiño 2009/05/07

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04