Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2009 Apirila

Artxiboa Apirila 2009

Scarlett Johanssonen biribilguneak

Komunikabideen konstanteetako bat zinismoa da. Alegia, beraiek dauzkate inori leporatu ostean gaitzesten dituzten jarrera berberak. Segurutik zaila da eskizofrenia horretatik ihes egitea eta, gainera, komunikabide guztiak ez dira jakina berdinak, baina zalantza izpirik ez gero komunikabideak direla, oro har, beraiek salatzen dituzten jokabideen barreiatzailerik nabarmenenak.

Tesi handirik egin beharrik ez dago. Hainbat egunkarirekin batera plazaratutako XL Semanal (1.121 zenbakia) osagarriaren azala ikusi baino ez: Scarlett Johansson aktoresaren argazkia eta titulutzat, Una mujer de negocios: “Los hombres sólo ven mis curvas”. Errukigarri gero gure Scarlett gajoa, biribilgune erotikoak baino dohain eta ahalmen gehiago omen ditu eta gizakumeok, nonbait, ez bide dugu besterik buruan.

Zorioneko biribilgune ederrez gainera Johanson andereak zer gehiago eskaintzen ote duen jakin-minez irakurri dut barrualdean datorren sei orrialdeko erreportajea eta, antza denez, kazetariaren zein Scarletten beraren ardurarik nagusienak ez dira negozioak, altura (uste baino txikiagoa), ile-kolorea (joño, ez da ilehoria) eta bularrak benetakoak ote diren (bai, lasai, badira) baino. Negozioei dagokienez, berriz, badirudi Reebok, Moët & Chandon, L’Oreal eta beste hainbat markaren iragarkiak egitea dela zinegintzaz aparteko haren diru-iturria... beti ere aho ederra, berna luzeak, ipurdi tinkoa eta bular tenteak begi bistan direlarik. Izan ere, aldizkariaren azalean agertzen den modelu androgino samarra izan ezik, barrurako aldizkariak hautatu dituen zazpi argazkiak aktoresaren emetasun oparo, naro eta joriaren adierazgarri dira.

Beraz, laburbilduz. Scarlett Johansonek besterik gura arren, gizonok ez gara gauza bere biribilguneak ikusteko baino. Buruan besterik ez dugulako, jakina, baina, baita ere, bera horretan saiatzen delako buru-belarri (edo “titi-ipurdi” esan beharko al genuke?) eta komunikabideek beste proposamenik egiten ez digutelako.

Ah, eta gainera, ezin gero ukatu, Scarlett Johansonen biribilguneek nere libido lotia iratzartzen dute. Ez dakit espezie garatua ala garatubakoa naizelako baina, zer gerta ere, ez naiz, honez gero, darwinismoa zalantzan jartzen hasiko.

             

 

Amatiño 2009/04/26

Lekak, saiheskixa eta pellak

Gaurko gaztiok "leihoa" eta "zaldia" esaten ikasi dabenetik neurri haundi batian amaittu dira Eibarko euskerian kontrako oratulekuak. Honek ez dau esangura, hurrik bez, "leihua" eta "zaldixa" erabiltzeagatik gaztiok euren gurasuok baino euskera hobia egitten dabenik. Baina hori beste kontu bat da.

Eibarren behintzat lekak lekak dira, saiheskixa saiheskixa eta pellak pellak baina, Asier Sarasuak bere blogian diñuanez, Beterriko taberna jatorren baten menuan zera irakorri egin ei dau oin hurrengo: “Bainak, kostilla eta letxefrita”. Eta gero esango dabe Eibarren erderakada mordua erabiltzen dogula.  

Eibartarron erderakada-entzutia ez da bart gabekoa. Neska-mutikotan takian potian entzun bihar izaten genduan Eibarko euskerian kontrako egurra eta abarra,  Gipuzkoa aldera juaten giñan bakotxian gehixenbat.  Bentania zala, kaballua zala, itxura danez beti zeguan atxekixaren bat guk normal-normaltzat jotzen genduan euskerian kaltian mortalak eta bi esateko. Alperrik gero Sebero Altube euskaltzale jakintsuak Eibarko euskeria goratu biharra edo gure Juanito San Martin euskaltzainak sekulako ahalegiñak alde egin nahixa. Ordurako, eibartarron euskerian kontra jardun biharra ondotxo zabalduta zeguan Euskal Herri guztian zihar. Euskal Herrixan edo, hobeto esan, Gipuzkoan baino ez, nahiz-ta orduan edozenbatek uste izan aurrenengo maillako euskal mundua Itziarren hasi eta Donostian amaitzen zala.

Eta ez gero uste izan honek petralkerixok lau ganorabakoren esne-berbak besterik ez ziranik. Bere burua jakituntzat zekan hainbatek be antzerako kontuak esan izaten zittuan, bestiok mozoloak eta tontolapiko samarrak bagina letxe. Eibarko erderakadak sarri aittatzen zebezenetako bat Basarri bertsolarixa zan, Zarauzko talaittik. Bere ustez, euskera onan kalibria Granada-Errekan zeguan (horraittiok, kasualidadez, bera bertan jaixua zan) eta zenbat eta erreka-zulo haretatik urrinago bizi, hainbat eta eskasagoa, urrixagoa eta erdeldunagoa ei zan euskeria. Berak idatzitakoa da, benetako euskaldun jatorrak, erderaren ikuturik bakoak, ez leukiala inoiz efe letrarik erabiliko. Granada-Errekan moduan, itxura danez, pamilia, aparia, iparra, prailea, purrustada etab. Eta sekula ez, ostera, Eibarren moduan: famelixia, afarixa, ifarra, frailia, furrustadia…

Oin dala 35 urte inguru, nik 29 baino ez nittuala eta berak, ostera, 61 urte (oso zaharra begittantzen jatan, ni oin naizena baino gaztiagoa izan arren) trabesa bota netsan Zeruko Argia astekarixan ia nork alkarri erderakada gehixago arpegiratu. Kukurrukua jo netsan baietz berak Eibarko euskera motroilloari leporatzen zetsan erderakada bakotxeko nik, ordainetan, Zarauzko euskera garbixari beste horrenbeste ezarri. Ordurako nik itxura batian ezagutzen neban Zarautz (berak Eibar baino zatixa hobeto, seguru asko)  eta banekixan kostako arroketan ikusi nizun, parienteen enkarguak, plomuak erre, Telesforoneko bainak, kostilla eta bokadilloak eta eibartarrik kaskajoenak be sekula esango ez leukiazen perlak esaten zittuela barra-barra.

Basarrik ez zestan, baina, sekula erantzun. Eta ez, bihar bada, errazoirik ez zekala uste izan zebalako, ordurako bera Basarri bertsolari txapeldun txit agurgarria izateaz gainera aittittatuta zegualako eta ni, ostera, artian, hogeitaka urteko kazetari umemoko, lotsabako eta petrala baino ez. Baina posturiak indarrian jarraitzen dau ondiokan be, orduko karraskadia jaso gura izango leukian edozein giputxentzat.

Zarautz aittatu eta, gure ama zanari Zarautzen bertan gertatutakoa bururatu jata. Udako oporretan bertan ginala, hara nun juan jakun ama erosketak egitera eta, kale Nagusiko merkatu-plazan zarauztar ezagunaz tope egin:

Zarauztarrak:  Egunon Aurorita, aspaldiko, zer dala-ta hemen…?

Auroritak: Ba hamentxe neska, errekauak eitten.

Zarauztarrak, sasijakintsu: Ai ene, eibartarren euskera gaixoa… ez da esaten errekauak…

Eta Auroritak, lotsa-lotsa eginda: Eta… zelan esan bihar da ba…?

Zarauztarrak, harro-harro: Enkarguak, emakume, enkarguak!!!

Gauzak nabarmen aldatu dira orduandik. Gaurko gaztiok leihoa eta zaldia esaten ikasi dabenetik neurri haundi batian amaittu dira Eibarko euskerian kontrako oratulekuak. Honek ez dau esangura, hurrik bez, leihua eta zaldixa erabiltzeagatik gaztiok euren gurasuok baino euskera hobia egitten dabenik. Baina hori beste kontu bat da.

EIBAR herriaren arima aldizkarixa, 89. zenbakixa.

 Pellak       Lekak                

 

                    Saiheskixa

Amatiño 2009/04/24

Berdea urdinaz

Kolore berdea da naturan sarrien agertzen direnetakoa baina ez, azken hiruzpalau belaunaldion modan behintzat, erabilienetakoa. Halere, hainbat hamarkadatako joera aldatzen ari da. Gero eta urraspide gehiago jorratzen dihardu berdeak, soil-soilik ezezik, baita urdinaz batera ere. Duela mende erdi inguru, ni bezalako nerabeak moda-mundura jaio ginenean, gustu ontzat jotako balio estetikoen arabera berdeak eta urdinak ez omen zuten sekula elkarrekin ezkondu behar. Orain, ostera, modernitatea berde-urdina da*.

Manifestazioa, futbol-partida, kontzertua zein mitina izan, kolore berdeko jantzirik ez da inon nagusi agertzen.  Ez gurean eta ez inorenean. Udaberritik aurrera, zuriak, urdin argiak, gorrixkak, arrosak, beigeak, arreak, horiak, laranjak… eta udazkenean, berriz, beltzak, urdin ilunak, moreak, marroiak, kakiak… berde ilun gutxi, ostera, eta argirik batere ez.

Joan bai edozein eztegutara eta ikusiko duzu berdea zein urria den. Besteengandik bereiztu nahi duen neskak aldez aurretik dakike zer egin behar duen, soineko berdez jantzi eta kitto. Eta tanganilo gisa gorbata berdea daraman mutilak, berriz, nekez aurkituko du parekorik.

Auskalo “berdeek” egin ote zuten berdearen lehen aldarria, baina ez behintzat berdearen gizarteratzea, eta zer esanik ez berdearen komunikazioa. Zeregin honetan aitzindari izan da Iberdrola eta, zenbait adituk porrota opa izan arren, inork zalantza jartzen ez duen arrakasta lortu du honez gero.

Berdearen aukera izan da EAJren orain hurrengoko apostua eta ildo beretik Ibarretxeren azken hauteskundeetako kanpaina. Kolorea kolore eta ondorioak ondorio, ezin esan behintzat kanpaina txarra izan denik.

Ausartago, berriz, Telefonicaren berde-urdina eta, tonu argiagoetan, nabarmena gero ETBren albisteen koreografia. Dekoratuetan ezezik, baita kirol-aurkezleen alkondara zeru-urdinetan eta gorbata berde argietan ere. Ezohizko looka.

Ator berde-berdea eta gona urdin-urdina, itzelezko probokazioaz, elkarrekin jantzi zituen lehen aktoresa Ava Gardner handia izan zen, frankismoak zentsuratutako Mogambo (1953) filmean hain zuzen. Historiak ez du horregatik izan zenik esaten, baina seguru gero arrazoi batez zein bestez Ava Gardner galantak zer ikusi asko izango zuela. Hasteko, "munduko animaliarik ederrenak" berdeak zituen begiak. Baita barruko gona ere.

* Eibar.org blog komunitatea ere berde-urdina da

               

            

 

   

 

Amatiño 2009/04/22

Zikloak

Zer egin behar ote, lehen mailara itzultzeko? Auskalo! Publikoa gogoan izan, zaleak zaindu, harrobia suspertu, jokalariak eraberritu, fitxajeak egiten asmatu eta… partiduak irabazi, jakina.

Athleticen eta Deporren arteko partiduan egon nintzen aurreko larunbatean, San Mamesen. Batak zein besteak, biek ezagutu izan dute garai hoberik. Baita txarragorik ere.

Gogoan dut orain hogei urte inguru, Euskal Telebistak futbola emateari ekin zionean, Galizian ez zela bertako batere talderik lehen mailan eta Galiziako Telebistak ez zuela ordaintzerik gura izaten. Gero, berriz, batera-batera, hiru talde galiziar mailaz igo ziren: Deportivoa, Celta eta Compostela, eta denok ur-bitsetan. Zikloak izaten dira.

Euskadin lau talde haina izan genituen lehen mailan duela urte gutxi. Orain talde bi baino ez dira geratzen. Hegoaldean jakina, Iparraldean ez baita sekula lehen mailako futbol talderik izan. Iparraldeko zikloa ziklorik eza da.

Zikloa ziklo, Galeuscat-eko Convergencia i Unió, Bloque Nacionalista Galego eta Eusko Alderdi Jeltzalea agintean ezagutu ditugu Katalunian, Galizian eta Euskadin. Orain, ostera, bat bera ere ez dago maila horretan. Ziklo-aldaketa nabarmena gero.

Lehen mailara itzultzea ez da erraza izaten. Galdetu bestela Errealari. Zer esanik ez, Alavesari. Edo CiUri. Urtetako kontua.

Zer egin behar ote, lehen mailara itzultzeko? Auskalo! Publikoa gogoan izan, zaleak zaindu, harrobia suspertu, jokalariak eraberritu, fitxajeak egiten asmatu eta… partiduak irabazi, jakina.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko apirilaren 21ean.

Amatiño 2009/04/20

Blogak ez omen du albiste garrantzitsutarako balio

Blogak balio al du lehen lehen mailako albisterik emateko? Paperezko egunkariak digitalak baino serioagoak al dira? Zilegi al da blogez aditzera ematea egunkari-zutabez ontzat emango ez litzatekeena? Internetek errotatibaren erantzukizuna eta sinesgarritasuna hankaz gora botako al ditu? Honelako hainbat galdera egiten ditu asteburu honetan euskal zinemetan estreinatu den “La sombra del poder” filmeak.

Euskarri teknologikoen eztabaida hau baino dezente gorapiltsuagoa da, noski, Kevin Macdonald zuzendariaren thrillerra baina, zer gerta ere, bi ordu luzetan zehar Cal McCaffrey (Russell Crowe) eta Della Frye (Rachel McAdams) zentzu horretako hainbat galdera-ikurri erantzuten saiatzen dira. Cal eskarmentu handiko kazetari tradizionala da (narrasa eta baldar samarra, zikin-usaina dario, txarto jaten du eta garagardo-edalearen tripontzia sumatzen zaio), ofizioaren jabe, iturri sinesgarrietan zein datuen zorroztasunean hazia eta hezia. Rachel, ostera, andana berriko kazetari gaztea,  pizpirina, meharra eta moldetan txukuna, interpretazio sakonetan galtzeke beti gauzak kontatzeko gertu dagoen arren... inork asmatu beharrik gabe ere gauzak gertatu egiten baitira.

Aipatu kazetari tradizionala eta blogari hasiberria ezezik, Cameron Lynne egunkariaren editorea  (Helen Mirren), Stephen Collins  kongresista (Ben Affleck), beronen emaztea, erredaktoreburua, fiskala, polizia eta abar, han-hemenka ikusten ditugun pertsonaiak basoko zuhaitzak besterik ez dira. Basoa, benetako basoa, baso ainubea, korrupzioa da, azpijokoa eta iruzurra, segurtasun publikoa pribatizatzeko egitasmoaren inguruan zenbait politiko eta enpresa garauren azpijana alegia. Eta, barren-barrenean, komunikabide-enpresen iraun beharra, barne-orekak, presioak eta salmentak.

Hala ere, protagonista guztien gainetik eta auzi-mauzi guztien azpitik, filme honek paperezko kazetaritza omendu nahi bide du, iragarki-spot gisako azken sekuentziak lekuko. Baina, esanak esan, omenaldiak zaharrei baino ez zaizkie egiten edota, zaharregiak ez izan arren, hiltzear daudenei.

Ah, eta filmearen barne-mezuari jaramonik egingo badiogu, blogak ez omen du garrantzizko albisterik emateko balio. Ez neri galdetu zergatik. La sombra del poder ikusi eta kitto.

 

 Helen Mirren, Rachel McAdams eta Russell Crowe

Amatiño 2009/04/19

Antzezlana, arra, eta zinea, emea

Zinegintzako aktore-aktoresa lanari emetasunaren esentzia dario eta antzerkikoari, aldiz, arraren balioak dagozkio. Holaxe esan zuen behintzat Shirley MacLaine (Virginia, 1934 - ) artistak orain hemezortzi urte argitara emandako nolabaiteko memorietan. Dena den, gauza bat dira MacLainek zineari zein antzerkiari ezartzen dizkion balioak eta, beste bat, harako baliook emearenak edo arrarenak ote diren.

"Zineko aktore-aktoresa lana pazientzia, tolerantzia, ñabardurekiko begirunea eta maitasun-punttua eskatzen dituen artea da. Hau da, funtsean, esentzia femeninotzat jotzen duguna. Zineak erotu ez zaitzan, patxada gorde behar duzu, denbora galtzea onartu eta zineaz ezertxo ere ez jakin arren estudioak kontrolatzen dituzten handiki agintzaileen alferrikako araupideak bete" (Dance while yo can. Baila mientras puedas, Bartzelona, 1993).

"Alderantziz, ordea, atzerki-lana guztiz bestelakoa da. Antzezlanak ahalegin gogorragoa eta bortitzagoa eskatzen dizu. Antzezlanak konzentrazio adimenduna eta analitiko samarra behar ditu eta, beti ere, erosotasun-sentipena, indarra eta audientziaren kontrola. Hau da, maskulinitatearen esentzia".

Antzerkian, eszenategian dagoen aktore-aktoresa da protagonista eta jendea du aurrez aurre beha, zer egingo zain. "Zu argitan zaude eta publikoa, ostera, ilunetan". Guztia antzezlanean diharduenaren kontrolpean dago: "zuk agintzen duzun artean, ikusentzulea seguru dago. Kontrola galtzen baldin baduzu, berriz, publikoak segurtasuna galduko du."

Zinea, aldiz, zenbait minutu gutxiko edozenbat sekuentziaz osotua dago eta… "Sekula ez dakizu hainbeste kostatu zaizun zatia osorik aterako den, ezta inoiz aterako denik ere. Eta atera orduko, hainbat hilabete pasatu ohi dira, inork egindako aukeraz eta loturaz. Antzerkia pertsonala da; zinea, talde-lana."

Shirley MacLaineren ustez, pelikulak egitea barne-abentura da eta antzerkia, berriz, kanpolarrosa. Ez du, ordea, esaten 1954an Hollywoodera hurreratu zen neska gazteak zineari esker egin duela karrera. Abentura luzea eta ez, nonbait, horren barnekoia. Are gutxiago lotsatia.

 

Amatiño 2009/04/12

“Gran Torino”: Clint Eastwood-en mitoak dirau

Segurutik “Gran Torino” da egungo karteldegian dagoen filmerik gomendagarrienetakoa. Beste behin, Clint Eastwood zaharrak erakusten digu ezer gutxi behar dela historia eder bat kontatzeko. Ez aurrekontu handirik, ez efektu berezirik, ez kokapen apartekorik, Zazpigarren Artearen sena besterik ez. Malenkoniaz eta klasizismoz jositako sena.

Giroa –Estatu Batuen kultura, hizkuntza eta ideologia aniztasuna-- ez da inondik ere berria Clint Eastwooden filmografian. Ezta gaia –autojustizia— ere eta are gutxiago gero indarkeriaren katarsia. Jatorriz poloniarra den Walt Kowalski Koreako gerraren beteranoa xenofobo hutsa dateke beltzen, horien, txikanoen zein irlandarren kontrako adierazpenetan baina, atzenean, bere bizitza eskainiko du nekez onar bide zitzakeen kanpotarren mesedetan.

Pegora aurrean eserita, Walt Kowalski larrutik aldatzen ari den gizartearen lekuko dugu. Atariko “Gran Torino” 1972ko Ford modelua da iraganeko altxor preziatua eta auzoan gero eta gehiago diren atzerritarrak, berriz,  uxatu ezinezko etorkizuna.  Amerikar autogintzaren krisia noizbaiteko balioen gomuta eta etorkinak, aldiz, konplexutasun berriaren adierazgarri. Hori bai, zer gerta ere, ikurrinak mastan dirau.

Botilan gordetzeko moduko filmea. Eta, argia isiotu arren, ez gero jaiki azken balada amaitu arte.

  Gran Torino berdea

Your world is nothing more than all the tiny things you’ve left behind

Amatiño 2009/04/11

Gero eta zaratatsuagoak

Bistan da elizara joateari utzi eta kirolak arratsaldeetara pasatzearekin batera, kanpolarrosa zaratatsuak bihurtu garena. Eta ez dut uste zer ospatu gehiago dugulako denik.

Euskal Irrati Telebistak kanpotarrek zelan ikusten gaituzten aztertzeko inkesta egin du. Etxe honek ez du azterketa hau enkargatu ustekabean, euskal audientziari gaia interesatzen zaiolako baino.

Hogei  urte bai, Iñaxio Arregi txantxikuarrak Eusko Irratiaren zuzendaritza utzi eta Erromara joan zela Vaticano Irratiaren arduradun. Eta berak esana da, han, jatorri guztietako jendea biltzen den San Pedroneko hartan, euskaldunok ginela inoren iritziaz gehien kezkatzen ginenak.

Batek daki zergatik. Narziso samarrak garelako? Konpleju-kontua ote? Edo, konfiantzarik eza al da? Auskalo gero… baina ez behintzat pentsa, munduko irrati telebista publiko guztiek honelako inkestarik egiten dutenik.

Dena den, egindako azterketak adierazten du kanpotarrek zaratatsu ikusten gaituztela. Beti oihuka, txilioka ari omen gara.

Bai, beti garrasika dihardugu, gero eta gehiago gainera. Pilota-partidak ikusi besterik ez dago. Lehen isil-isilik egon ohi ginen begira, noiz pilotariak tantua egingo zain, txaloei ekiteko. Eta orain, berriz, uneoro orroka eta zalapartaka.

Ahaztu zaigun arren, futbola ere isil-isilik ikusten genuen lehen. Begoñan meza entzun ostean, eguerdi aurretik izaten zen foballa San Mamesen, Angelus eta guztiko pilota-partidak bezalaxe.

Bistan da elizara joateari utzi eta kirolak arratsaldeetara pasatzearekin batera, kanpolarrosa zaratatsuak bihurtu garena. Eta ez dut uste zer ospatu gehiago dagoelako denik.

Goiz kronika, Euskadi Irratia. 2009ko apirilaren 7an.

 Begoña

 San Mames

Amatiño 2009/04/06

Denboraz kanpo

Orain ulergaitz samarra gertatu arren, 1965tik 1975ra bitarteko hamarkadako euskal munduaren zenbait eztabaida liburuetan eta kazetetan idazten genuenon artean gertatu izan ziren. Hau da, formato ezberdinen artean eta, beraz, zeharo ‘tenpo’ ezberdinetan. Denboraren kontzeptoa egungoa baino dezente geldoagoa zen, euskal giroa askoz ere estuago eta endogamikoagoa, eta idazleek zein kazetariek bakoitzak gogokoen zuen euskarrian idatzi izaten zioten elkarri.

Jakina, liburu argitara berrian idatzitakoari aldizkarian erantzun ahal izateko kazetariak  ez zuen luzamendu handirik behar izaten baina, alderantziz, kazetariak aldizkarian idatzitakoari eman beharreko erantzuna hurrengo liburuan agertu orduko…  Nik neuk horrelako ikamikaren bat edo beste izandakoa naiz, bai Gabriel Arestirekin eta baita Jorge Oteizarekin ere. Lastima ez gorde izana, bitxikeria gisa baino ez bada ere.

Behar bada guztiz bestelako egoera eta kasua izan arren, orduko giro hura oroitarazi dit Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelak. Batetik, nolabaiteko denboraz kanpoko zorabioa sumatu dut egileak Barack Obama presidentetzat jotzen duen pasartean,  aurretik idatzitako literaturak ondotik gertatukoaren berri nola eman ote dezakeen neure burua kokatu ezinik.

Bestetik, azaldu ezinezko zirrara sentitu dut, zinematik bueltan oheratu, ia errutinaz mesanotxe gaineko liburuxka ireki eta, joño, hara non gure ondarrutarra nik ordubete lehenago ikusitako filme berbera aipatzen hasi: La clase, nahiz eta berak bertsio frantsesa aipatu, Entre les murs. Auskalo gero zergatik Uribek bertsio frantsesa hautatu ote zuen --eta ez ingelesa (The class)-- Atlantiko gainetik New York aldera hegazkinez zihoala...

Dena den, berriketabako filme hau ingelesez nahiz frantsesez ikusi, Parisko College Departamental Françoise Dolton ikastetxeko ikasleek Unairen sasoikoak dira, denboraz kanpo hamahiru urterekin Kirmenen begietara jaiotako semearen sasoikoak alegia. Laurent Cantet-en filmeak ere (Cannes'08, Urrezko Maskorra) Frantziako gizartearen begietara Unairen urteekin denboraz kanpo jaiotako frantses andana berriaren zertzeladak kontatzen dizkigu. Frantses berriak ote denboraz kanpo gizarteratzen ari direnak ala Errepublika osoa ote seme-alaba berriok aspalditxo jaio izanaz denboraz jabetu ez dena?

 Entre les murs

Amatiño 2009/04/03

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04