Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2009 Otsaila 11 Tertuliakideen lilurak, menturak eta kalenturak
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Tertuliakideen lilurak, menturak eta kalenturak

Gezurra dirudien arren, Joxemiel Barandiaranek eta Koldo Mitxelenak baretu zidaten neri Oteizaz nuen lilura galanta. Hainbat urtez uste izan nuen Oteiza erabateko jeinua zela. Guztiaz zekiela, alegia: eskulturaz, arkitekturaz, diseinuaz, estetikaz, filosofiaz, poesiaz, paleontologiaz, arkeologiaz, linguistikaz, filologiaz eta beste hainbat gauzaz. Baina ez zen nonbait egia.

Behin (1973?) Joxe Miel Barandiaranek esan zigun Bergaran eman zuen hitzaldiaren ondotik, Oteizak historiaurreaz eten gabe bota ohi zituen teoriak gehiago zirela ipuin politak zientzia-azalpenak baino. Tira, zorrotz asko itzulita  Aita Barandiaranek apal-apal esandakoa, Oteizak ezer gutxi zekiela hartaz, inork kontrakorik  egin ez arren.

Beste behin (1977?), berriz, Irun Literatura Sarien epai-mahaian, Koldo Mitxelenak ironia dezentez argitu nahi izan zigun Hondarribian, salamankariaren beraren gaietan behintzat Oteiza hutsaren hurrengoa baino ezjakinagoa eta arriskutsuagoa zela.

Ez, ez batak eta ez besteak ez zuten Oteiza irudigilea zalantzan jarri baina bai, ordea, bere lekuan kokatu. Oteiza jainkoa zelakoan eta… artista besterik ez. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere, jakina.

Antzerako zerbait gertatzen ari zait gure irrati-telebistetako zenbait tertuliano edo solaskiderekin. Nik beti uste izan dut horrelako trantzeetan parte hartzeko, edozein unetan huntaz eta hartaz hitzegiteko, makinatxo bat gauza sakon jakin behar dela, eta denetarik gainera. Baina, behar bada, oker nengoen edota, hobeto esan, ez nengoen erabat zuzen.

Politikaren inguruan aritu izan nintzelarik ohartu nintzen politikaz hain aditu agertzen zirenek zein gutxi zekiten eta zein informazio urria zuten, nahiz eta denetaz bolo-bolo eta barra-barra jardun, zertzelada eta katramila guztien jabe bailiren.

Geroztik konturatu nintzen, berriz, ekonomiaz ere ez zirela maisu. Ondoren sumatu nuen energia ez zela euren gairik landuena  eta azken bolada honetan ohartzen hasia naiz industriaz ere ez direla jakitunegi.

Ez, ez. Ez dezala gero inork pentsatu nik edonork baino gehiago dakidala uste dudanik. Ez, ez. Hain justu, alderantziz da. Nik hain gutxi jakinda, besteen eskasiaz konturatzeko gauza baldin banaiz… zer ez ote dute gero pentsatuko gai bakoitzean jantziak direnek… Dialez aldatu eta kitto.

Hala ere, ausardiarik behintzat ez die inork ukatuko.

Amatiño 2009/02/11
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04