Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2009

Artxiboa 2009

Jaiotza ala Parke Jurasikoa ote?

Gure ama zenak ez luke gaur egungo Jaiotzarik ulertuko. Batetik, jaiotzaren ordez Olentzaro dagoelako; bestetik jolasteko erabiltzen delako eta, jolasteko denez gero, ardiekin, txerriekin eta behiekin batera, Haginzorrotz, Buztanoker eta bestelako dino-senideak tarteko direlako. Auskalo Jaiotza ala Parke Jurasikoa ote den, baina ez gure txikiei kontrakorik esan. Sinkretismo berria ote?

Gure ama zenak, Auroritak, sekulako Jaiotzak egin ohi zituen urtero. Bai Margolaneko eskaparateetan (hainbat aldiz irabazi zuen lehen saria) eta baita etxean ere. Eskaparate aurrean jendea gainezka bildu izaten zen ikusteko; etxean, ostera, lau neba-arreba baino ez ginen. Dena guretzat. Gabonak baino astebete lehenago jarri, Errege egun ostean kendu eta hurrengo urterarte. Baina, hori bai, hurrengo urtean guztiz ezberdina, sekula ez gero aurreko urteko kopiarik.

Hilabete lehenago edo ekiten zion amak. Aurrenik kartoi berezia egiten zuen etxean bertan --hainbat egunkari-orrialde elkarrekin arrain-kolaz pegatuz--, eta berak egindako kartoi aproposaz moldatzen zituen gero mendiak, haitzak, errekak, putzuak, leizeak, basamortuak...  Oinarrizko orografia osatu ostean komeni bezala margotzen zuen dena (ura urdinez, larreak berdez, harkaitzak arrez...) eta, ondoren, tokian tokiko, eranskinak: hemen errekatxoetatik ekarritako harri koskorrak, hor mendian jasotako goroldio eta landare-hostoak eta han, aldiz, hondartzan bildutako harea.

Hainbat metro karratutako jaiotza demasa egiten zuen, perspektiba eta guztikoa. Horrela ikasi nuen nik zergatik urruneko irudiek hurrekoek baino handiagoak izan behar zuten. Inoiz hainbat ispilu errenkadan parez pare jarriz lortu zuen Belengo portalearen sekulako barne-sakontasuna. Ematen zuen irudiak barren-barrenean zeudela, baina efektu optikoa besterik ez zen. Noiz eta nola ikasi ote zituen trikimailu haiek ez dugu sekula jakingo. Artista zen gero gure amatxo.

Benetako arte-obrak ziren eta, horretara, ikusteko, gozatzeko eta harrotzeko balio zuten baina ez, ordea, jolasteko. Gutako inor ez zen ukitzen ausartu ere egiten. Segurutik gaur egun ez lukete, ordea, pare bat ordu osorik iraungo.

Gure ama zenak ez luke gaur egungo Jaiotzarik ulertuko. Batetik, Haurtxo txikia, Ama Birjina eta San Joseren ordez Olentzaro dagoelako; bestetik perspektika ez delako inondik ere baliorik zainduena, ezta Belengo giroa gehien jagon beharrekoa ere; hirugarrenik bete-betean jolasteko erabiltzen delako eta, jolasteko denez gero, ardiekin, txerriekin eta behiekin batera, Haginzorrotz, Buztanoker eta bestelako dino-senideak tarteko direlako. Auskalo Jaiotza ala Parke Jurasikoa den, baina ez gure txikiei kontrakorik esan. Sinkretismo berria ote?

          Jaiotza

Amatiño 2009/12/31

Sexua eta ideologia

Neri betidanik gustatu izan zait sexua, giza-zibilizazioaren asmakizun handienetakoa iruditzen zait, benetako artetzat dut eta gizartearen baitan –aipatu nahiz ez— pil-pilean dagoen gaia delakoan nago. Zelan arraio ideologia oinarritzat duten giza-taldeek (alderdiek) ez lukete ba izan behar sexuaz eta sexuaren ondorioez iritzi propiorik?

Zenbaitek besterik uste arren, 1979tik 1985ra bitartean izan ezik, nik neuk oso eragin gutxi izan dut Eusko Alderdi Jeltzalearen jarduera eta norabide ideologikoetan. Ez dut esaten hau ona edo txarra denik. Horrela izan dela baino. Eta, batere zalantzarik gabe, ez gero EAJk aukerarik ukatu didalako, ni neu ez naizelako gauza teoriatan dozena erdi folio  eskas idazteko baino.

Esan bezala, nere eragin apurra 1979tik 1985ra bitartean izan zen, euskal erakundeak ez izatetik izatera pasatu ziren garai hartan, Eusko Kontseilu Nagusian hasi (1979), Eusko Jaurlaritzan jarraitu (1980-82) eta ETBren zuzendari gisa dimititu arte. Hainbat egitasmo burutu eta indarrean jartzeko aukera izan genuen orduan. Ez jakina, gure merituz, pare-parean gertatu ginelako baino.

Proposamen ideologikoen arloan nik EAJri eskainitako laguntzarik nabarmenena Zestoako Ezohiko Biltzar Nagusiaren (1985) aurretik izan zen, “2.000rako Abertzaletasuna” izenburupean aurkeztutako Oinarri Politikoak eta Programa txostenaren erredakzioan alegia. Kulturaz eta helduen euskalduntzeaz batez ere eta komunikabideez bereziki. Eta hau guztia gogoratu nahi dut gaur, ez komunikabideez hitzegiteko sexuaz baino.

Oso oker ez banago Joseba Arregi zen kultura lan-batzordearen arduraduna eta horren esparru zabalari zegozkiokeen atalak ordenatu eta lana banatzerako orduan, ezjakinaren ausardiaz galdetu nuen ea sexuaz ez ote genuen ezer landu behar. Batzordekideok aho zabalik begiratu ninduten, sexu-ideologiaz, jarreraz, jardueraz eta jokabideez alderdi-proposamenak egin beharko ote genituen edo zeharo harrituta nonbait.

Ez zen horrelakorik batere egin, noski, eta behar bada batzordekide batek baino gehiagok ezin asmatu izango zukeen zer ote neukakeen nik buruan. Hala ere, geroztik sarri uste izan dut ez zela inondik ere proposamen txarra izan. Ni segurutik ez nintzen orduan –eta orain ere ez— sexuaren eta ideologiaren uztarketaz ganorazko ideiarik azaltzeko gauza, baina bakoitzak ahal duena eskaini behar du. Zintzook ideia, serioek teoria eta argiek, berriz, praktika.

Ez. Ez nuen nik EAJren programa politikoan sexu-azterketarik proposatu arlo horretan zer esan askorik nuelako, gizarte-mailan ikaragarri garrantzitsu iruditzen zitzaidalako baino. Neri betidanik gustatu izan zait sexua, giza-zibilizazioaren asmakizun handienetakoa iruditzen zait, benetako artetzat dut eta gizartearen baitan –aipatu nahiz ez— pil-pilean dagoen gaia delakoan nago. Zelan arraio ideologia oinarritzat duten giza-taldeek (alderdiek) ez dute ba izango sexuaz eta sexuaren ondorioez iritzi propiorik?

Orduandik jende asko atera da armairutik, eta ez naiz homosexualez ari. Gaur sexua eta bere inguru-mingurua gizarte guztian zehar dago barreiatua, familian, eskolan, lagunartean, komunikabideetan, epaitegietan zein parlamentuetan.  Baita gure pentsalarien iritzi-artikuluetan ere.

Egun Joseba Arregi bezalako intelektualek sexuaz (ere) idazten dute:

Con la educación sexual que no conoce otro límite que lo técnicamente factible, se va creando una atmósfera de irresponsabilidad en el comportamiento sexual, aunque se afirme que el fin último de todo es precisamente contribuir a una sexualidad responsable, pero poniendo para ello todos los medios que sólo pueden conducir a lo contrario.

Hoy se vende como el triunfo del progresismo la realidad social existente, y, lo que es peor, se proclama que el derecho se debe adecuar a esa realidad, en lugar de someterla a un examen de razón.

Nik uste dut Joseba Arregik arrazoi duela, bete-betean. Baina, 1985ean, nik.

                    evolucion_anticonceptivos

Amatiño 2009/12/30

Edozein gezurrek balio du sasiegia defenditzeko

Larriena ez da datuon interpretazio okerra, maltzur jokatu nahia baizik. Datu okerrak kaleratzen dituenak badaki zertan diharduen. Eta, hala ere, datuok manipulatzen ditu hobe beharrez, ingurumenaren izenean, salbatzailearenak eginez: bere sasiegia hain segurua da eze, beharrezko defentsa egiteko gezurrak ere balio baitio. Batere lotsa eta espanturik gabe, gainera.

Azken egunotan zenbait komunikabidetan agertu denez, 1996tik 2003ra bitartean Bizkaiko Meatzaldean hil ziren lagunen batez besteko kopurua Euskal Autonomia Erkidegoan aldi berean hil zirenena baino %14 handiagoa izan omen zen. Heriotzarik gehienak, berriz, zirkulazio-arazoz, biriketako gaitzez, hainbat minbizi-motaz eta erremediorik gabeko tumorez. Informazio honi erantsi zaio, bide batez, Petronor findegia Muskizen bertan dagoela.

Ezertan hasi aurretik aitortu behar da oinarrizko datuok egiazkoak direla bete-betean. Hau da, EUSTATen ikerketen arabera, Meatzaldeko heriotza-tasa Euskadi osoaren batez bestekoa baino altuagoa da, heriotzarik gehienak aipatutako gaixoengatik gertatzen dira eta, esan beharrik ez, Muskizko enpresarik handiena Petronor dela. Kontua da, ordea, datuok benetakoak izanik, ez dela inondik ere egia informazio horri darion susmoa. Alegia, atzekoz aurrera, Petronorren eraginez Muskizen beste inon baino jende gehiago hiltzen dela eta minbiziz zein biriketako gaitzez, gainera.

Egia edo da, bai, Muskizaldeko heriotza-tasa Euskadikoa baino %14 altuagoa dena (zehatz mehatz, %17). Baina hori egia izanda, egia ere bada, esaterako, Otxandion %43 handiagoa dena, Zeanurin %50, Diman %62 eta Karrantzan, berriz,  %86 handiagoa. Honek zer esangura ote du? Menturaz, ardiz eta behiz inguratua bizi beharra kaltegarriago dela?

Inondik ere ez. Arrazoi bakarra da Meatzaldeko biztanleak Euskal Autonomia Erkidegoaren batez bestekoak baino zaharragoak direla, eta Otxandio, Zeanuri, Dima eta Karrantzakoak, berriz, are zaharragoak. Eta zaharrek, besteak beste, arazo bat dute: hil egiten direla eta, normalean, gazteak baino sarriago eta gehiago gainera.

Egia ere bada, jakina, zaharrak zirkulazio-arazoz, biriketako gaitzez, minbiziz eta tumore gaiztoz hiltzen direna baina, hain zuzen ere, horixe da normala. Muskizen, Karrantzan eta baita, gutxienez, Europa guztian ere. Ez dira behintzat  hilgo elgorriz, gauerdiko moto-istripuz  edo espeleologia egiten.

Dena dela, larriena ez da datuon interpretazio okerra, maltzur jokatu nahia baizik. Datu horiek kaleratzen dituenak horrenbeste badaki. Eta, hala ere, datuok manipulatzen ditu hobe beharrez, ingurumenaren izenean, salbatzailearenak eginez: bere sasiegia hain segurua da eze, beharrezko defentsa egiteko gezurrak ere balio baitio. Batere lotsa eta espanturik gabe, gainera.

Adinez adin, heriotza-arrazoien artean gaitzik ohikoenak Europako Batasunean

Amatiño 2009/12/28

Duintasun eta elementu komun bila

“Eskarmentuz dakit inoiz guztiz eskuratu ezin den konkista bat dela duintasuna. Porrot etengabea, beraz” –aitortzen du Anjel Lertxundik bere azken liburuan ('Eskarmentuaren paperak'. Alberdania, 2009). Saiakera omen da. Ez diet nik adituei terminologiarik ukatuko. Are gutxiago egilea errotik saiatu dela sumatu ondoren. Saiatu eta asmatu. Ez dago hor ezein porroten aztarrenik. Literatura, informazioa, hausnarketa eta plazera elkarrekin uztartzen dituen liburu urri horietako baten aurrean gaude.

Mundua sormenezko literaturazaleen eta ez hain zaleen artean banatu beharko bagenu, nik bigarren talde honetan jarriko nuke neure burua. Lertxundiren Eskarmentuaren paperak zein talderentzat den aproposen galdetuz gero, berriz, lehen taldearentzat erantzun behar nahitaez. Baina, horra miraria –miraria, magia, lilura, sedukzioa, artea, sinesgarritaunsa edota… duintasuna--, liburua irakurleaz erabat jabetzen baita, piezaz pieza, zatirik zati, flashez flash.

Flashen kontu hau 1993 urtean entzun nion estreinako Anduri, Senez aldizkarian argitara eman zuen Felix qui potuit rerum cognoscere causas (Virgiliok esana: "Zorionekoa gauzen jatorria ezagutzeko gai dena") artikulua tarteko. Baina, noski, hamasei urteren bueltan, Lertxundik testu labur heterogeneoen dinamikaz baliatzen jakin izan du eta ez, horratik, edukien kaltetan. Hau ez da inondik ere snack-barretako otordu azkar eta merkea (fast food), punta-puntako jatetxeetako dastatze-menurik hautatuenetakoa baino. Plateren deskribapenetan hasiez gero, iruzkinak, oharrak, gogoetak, hausnarrak, oroimenak, esamesak… Kalifikaziotan, ostera, adierazkorrak, bizkorrak, sentikorrak, esanguratsuak, barnekoiak, sakonak. Eta emaitzei bagagozkie, hitz bakar batez laburbildu beharrez, multiorgasmikoak. Hori da gero kapazidadea, horren eraztun-pila luze eta anitza etengabe elkarrekin kateatzekoa.

Anjel Lertxundiren eskarmentuaren baitan denetarik dago. Batetik, jakina, literaturazaletasuna, maitasuna, obsesioa, erudizioa, bizi guztiko dedikazioa. Baina, bestetik, gizatasuna, heterodoxia, begirunea, jakingura, ulertu-nahia, aitorpena, eszeptizismo-punttua, autokritika… duintasuna. Eta hau guztia, hitz lauz bezain hitz landuz, hurbil, zuzen, oneski eta maisuki.

Bostehun (ez ditut zenbatu) inguru postetarik bat aukeratzekotan, identitateaz mintzatzerakoan dioenari azpimarragarri deritzat: Banatuta gaude, ez dago herri gisa elkartuko gaituen elementu komunik. Nere aukera honek ez du etikoa, estetikoa edo filosofikoa izan nahi, zeharo praktikoa baizik. Uste bai baitut Lertxundi bera bezalakoak diratekeela, hain zuzen ere, elkartzeari ekiteko elementu komunetako bat.

 

Anjel Lertxundi, 30 urte kunplitu aurretik, Koldo Mitxelena, Ibon Sarasola eta Juan San Martin tarteko

Amatiño 2009/12/27

Jostailu gehiegi

Ez dakit zer esango ote lukeen Aita Santi Onaindiak gaur egun biziko balitz eta Olentzero eguneko opariak ikusiko balitu baina, nik lagundu beharko banio, esango nioke egun edozein umek duela orain 45 urte baino askoz-askoz ere jostailu gehiago, baina, behar bada, ez orduan bezainbateko “gerrariak”.

Gaur, zoritxarrez, jostaillu geiegi dakusgu umetxoen eskuetan, zentzunez eta gizabidez azteko kaltegarri yakezan jostaillu geiegi. Azken urteotan gure kale, zelai eta bideetan gerrariz beteta agiri dira; dana da gezia, esku-burdin, sutarma, zizpa, azaga ta abar. Onek, barriz, berez baketsu eta eder-zale dan umea sen oker ta biurriz beterik ixten dau. Len oinkadak emoten asi-barri danarentzako kalte andia, benetan. Izadia, ederra, Jainkoa, urko-laguna, aberria ta onakoak maite izaten erakusten dautsozan jostailluak bear ditu umeak” (Jolasketa. AitaOnaindia, 1965).

Dena den, Jolasketa deritzan liburua ez da jostailuei buruzko ikerketa, haur eta umeentzako jolas, abesti, ipuin eta irakurgaien antologia baino. Batez beste, guztira 380 ale inguru, 580 orrialde luzetan.

Jolas, abesti, ipuin eta irakurgairik gehienak euskal folklore eta tradizioari dagozkionak dira, noski, herrikoiak alegia, baina Aita Onaindiak pieza bakoitzari bere biltzailearen izena ezarri zion.  Gaur egungo irakurlearentzat biltzaile ezezaunak, behar bada,  baina nere adinekoentzat ezagun samarrak, batzuok bai behintzat, hots: R. M. Azkue, Esteban Erkiaga, Nemesio Etxaniz, Manuel Lekuona, Jon Oñatibia, Jokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Loramendi, Bizenta Mogel, Orixe, Kepa Enbeita, Bonifacio Etxegarai, Felipe Arrese Beitia, Lauaxeta, Otxolua, Juan San Martin, Aita Goitia etab.

Sareko informazioari jaramon eginez gero, oraindik ere 1965eko aleren bat erosi daiteke Interneten. Merezi du.

Ezkerretik eskuinera: Juan Garmendia “Zeleta”, Nemesio Etxaniz, Aita Onaindia eta Eusebio  Erkiaga, Olerti Egunean (Larrea, 1974ko azaroaren 24an.)

                    

                       Bizkarra ematen, Julio Sarasua. Aurrez aurre, berriz, Aita Onaindia. 1974

 

Amatiño 2009/12/26

Natibitate eguzkitsua

Berriketabako eguna. Nork esango gero Natibitate eguna izan denik. Itsasoa, 14 gradutan. Oraindik ere otsailera bitartean dezente hoztu beharko luke. Baina, dagoeneko, azaroan inausitako buganvillari kimu berriak atera zaizkio.

Neska biek begiratu naute zera pentsatuko balute bezala: Piura gabeko agure zahar horrek zertan ote dihardu guri argazkia ateratzen. Baina galdetu izan balidate erantzun izango nieke: Eta zenbat urte beharko nituzke zuei argazkia atera ahal izateko?

Amatiño 2009/12/25

Zein jende arraroa gero, Iparraldekoa

Sebastian Gonzalez azkaindarrak lau t’erdiko txapela irabazi eta, besteak beste, pilota-jokoa (eta pilota-negozioa) zertan den Iparraldean aztertu du hainbat komunikabidek orain hurrengo. Dirudienez ez omen da batere erraza “merkatu horretan” sartzea ipartarrak arraro samarrak direlako edo. Jakina, arraroak omen dira, hegoaldekook egiten ditugun gauza normalak egiten ez dituztenez gero.

Hegoaldeko zenbait pilota-antolatzaile ezagunek argi eta garbi aitortu bezala, pare bat urte omen daramate negozio honetan eta seguimos sin entrar en ese mercado. Antza denez, urte biotan euren enpresak ez omen du hiru jaialdi besterik eratu ahal izan. Zergatik ote? Iparraldeko ohiturak arras ezberdinak direlako.

                                         

Izan ere, no están habituados a pagar precios altos por las entradas y los ayuntamientos tampoco tienen costumbre de abonar una cantidad económica por organizar un festival. Las programaciones de trinquete, por ejemplo, corren a cargo de los propios dueños de los trinquetes u organizaciones particulares. Los ayuntamientos no intervienen para nada.

Horrez gainera, Iparraldeko zaleak goiztiarregiak dira, nonbait, eta alde honetan  normalak diren orduak ez omen dituzte batere gustuko: Les gustan  los viernes. Pero no a las diez de la coche, hora habitual de las retransmisiones de ETB1. Su jornada laboral termina pronto y prefieren a las ocho de la tarde.

Eta hau guztia gutxi bailitzan, Iparraldeko jendeari programak denboraz planifikatzea gustatzen bide zaio: Necesitan tres semanas de antelación como mínimo para saber quiénes juegan y anunciar las programaciones. No les basta con una o dos semanas.

Horretara, ez nuke gaiztoegi izan baina, dirudienez:

  1. Guk prezio altuak ordaintzen ditugu eta Iparraldekoak ez daude prest.
  2. Hango jaialdien diru-kontuak antolatzaileen ardurapekoak dira. Hemen ordea, antolatzaileek dirua eskatzen diote administrazio publikoari.
  3. Hemen enpresak herririk herri aritu ohi dira zein Udalek dirua jarriko. Eta Udalak ez badu dirurik jartzen ez dago partidarik. Han, ordea, Udalek uste dute negozio pribatuak ez direla euren ardura.
  4. Han lehenago amaitzen dutenez gero lana, iluntzeko zortzietan nahi izaten dute partida. Guk, berriz, gaueko hamarretan… berandu arte lanean aritu ohi garelako, nonbait. Seguru gero hori dela benetako arrazoia?
  5. Gu azkarragoak gara nonbait planifikatzen eta haiek, berriz, geldo samarrak. Bai ote?

 

Ohitura-kontuak ez dira egun batetik bestera aldatzen baina, laburbilduz, nik esango nuke prezio altuak ordaintzeko gertu dauden aberats berriak garela, diru publikoa joaten zaigula beharrezko ez diren ekintzetan eta enpresa pribatuen mesedetan. Gure udalak  euren ahalmenen gainetik ari dira, gu beranduegi oheratzen gara eta guztiok, oro har,  presaka eta harrapataka heldu ezinda bizi gara.

Amatiño 2009/12/24

Mapa aldatu digute

Jakinekoa da mapak ez direna neutralak. Gure inguruko komunikabideetako eguraldi-mapak ikusi besterik dago. Oso zaila da gero bi berdin-berdinak aurkitzea. Ia-ia, zenbat komunikabide hainbat mapa. Baina ez da harritzekoa, mapen sinbologia kultura guztietan gertatzen da-eta, sistema politiko denetan eta hainbat koiuntura ekonomikotan.

Bospasei urte besterik ez nuela Udaletxe-arkupeko eskoletan  ateratako lehen argazkian Espainiako mapa jarri zidaten atzekaldean. Edo hobeto esan, Iberia penintsularena. Txiki-txikitandik erakutsi ziguten Tarifako punta Hendaia baino gureago zela, Portugal bertatik bertara genuela eta Frantzia, aldiz, erbestean.

                                                   

                                                                               Eskolako mapa

Aldi berean, Espainiako mapa erabat zuzendua (okertua alegia) agertzen zitzaigunez, espainiar ikuspegiari esker ikasi genuen Bidasoz haraindia  “iparra” zela, nahiz eta Donibane Lohitzune  Bermio baino hegoalderago egon. Eta gu iraultza asmatzen ari ginelakoan.                           

Espainia Europako Batasunean sartu zenean, berriz, helburuetako bat izan zen posiziorik ez galtzea eta egitura berriaren ertzean ez nabarmenegi agertzea. Inork askorik konturatu gabe Europaren mapa murriztu egin zen eta ekialdeari muzin egin zitzaion gu ahalik eta erdien kokatu beharraren beharrez.

                                                             

                                                       Mendebaldera begira jarritako Europa

Baina, Errusiak mugak ireki zituen, Baltikoko herrialdeak Europako Batasunean sartu eta halakoren batean mutur-muturrean sumatzen genuen Lituaniak gogorarazi zigun Europa osoaren koordenaden ardatza hantxe bertan zegoela,  Purnuškiai izeneko herrixkan alegia. Eta gu, gizajook haurrak Paristik zetozelakoan…

                                                     

                                                                   Benetako Europa

Baina ez dira gero hor gure etsipenak amaitu. Ze, hainbat mendetan mapa-mundiaren erdi-erdian geundela sinetsi ondoren, horra non Txinak muturra erakutsi digun, Ipar Amerikak beste aldera begiratzeari ekin, Ozeano Pazifikoari txanda heldu eta, aurrerantzean, gero eta sarriago ikusiko dugun mapa sekula eskolan erakutsi ez zigutena izango den. Bai, Errege Magoak nahitaez ekialdetik etorri behar, bat-batean batere mendebalderik gabe geratu gara-eta.

                                   

                                                 Mapa-mundiaren erdi-erdian egotetik...

                                  

                                                        Ertz-ertzera pasatu gaitezke

Konturatu garenerako munduko periferiara baztertu gaituzte, itsasoa amaitu eta amildegia hasten den ertzeraino, far westik urrunenera. Zenbaitek esango du ez dela ezer pasatzen, efektu optikoa besterik ez dela, guk lehengo leku berean jarraitzen dugula tinko, ez gaituztela mugiaraziko. Bai, arrazoia, behar bada horregatik, hain zuzen ere ez dugulako nahi batere mugitu…

Munduaren mapa ari da erabat aldatzen eta gu, berriz, eguraldi-mapari begira hurrengo asteburuan nora joango  erabakitzeko.

Dena den, lasai, berriz ere lehengo garai onak berehala etorriko dira-eta. Errekonkista-garaiak alegia. Inoren kontra beti izan gara hobeak.

                                    

                                                                             Etorkizuna ote?

Amatiño 2009/12/23

Ontsa bizitzeko bost baldintza

Auskalo gero hurrengo belaunaldietan zelan neurtuko ote den gizarte-bizimodua baina gaur egun behintzat badakigu herrialderik aberatsenetan eta ongizaterik onena dutenen artean bost baldintza edo betekizun nagusi biltzen direla, besteak beste: Barne Produktu Gordin altua, Inbertsio+Garapen handia, unibertsitate onak, zientzilari ospetsuak eta enpresa garauak.

Hego Euskal Herria, oro har,  bost adierazkin horien arabera etsaminatuko bagenu, emaitza honako hau litzateke, datuak datu: Europako Batasunaren baitan herrialderik aberatsen artean gaude; Inbertsio+Garapenean erdipurdi; unibertsitaterik onenak ez dira gurean batere; zientzilariak, ez behintzat aipagarrienak; eta munduko 500 enpresarik handienetako bi Bilbon daude: BBVA (113. postuan) eta Iberdrola (208.).

Orain artekoak datu zehatzak baino ez dira, hemendik aurrera, ostera, interpretazio eztabaidagarriak. Eta interpretaziorik zabalduenetakoak zera dio: gizarte aberatsa gara; halere ez dugu behar besteko inbertsiorik egiten berrikuntzan; hezkuntzan eta trebakuntzan ez dugu ahalegin nabarmenik egiten; ez gara zientzilarientzat erakargarriak eta, geure txikitasunean, munduko enpresarik handienetako bi dauzkagu.

Ondoriorik laburbiltzekotan, berriz, hona hausnarketa bat: gure aberastasunak nekez iraungo du berrikuntzan eta garapenean ez badugu gehiago inbertitzen; are gutxiago hezkuntzaz eta ezagutzaz arduratzen ez bagara edota inkerkuntza-gune erakargarririk geure inguruan eragiten ez badugu; eta, azkenik, beti ere komenigarri litzateke, badaezpada, ditugun enpresa handiak zaintzea.

Baina, hori bai, hau modelu bat besterik ez da. Bestelakorik duenak esan dezala.

   

Ezkerrekoan, BPGz lehen mailan gaude. Eskuinekoan, berriz, I+Gz hirugarrenean

Eta unibertsitaterik onenen mapan... ez gaude

Amatiño 2009/12/22

“Egunkaria”rekin bat, hainbat argudiorekin ez

Bai, “Egunkaria libre” delako leloarekin bat nator baina ez, ostera, manifestazioaren inguruan zabaldu den zenbait lelorekin. Ez dut uste “Egunkaria” euskaraz baino ez zelako itxi zenik. Ez dut uste epaitegiko aulkian eserita dagoena “euskalgintza” denik.

Zenbat buru hainbat aburu, milaka lagun biltzen dituen manifestazioan denetariko arrazoiak aurkitu daitezke, guztiak aske eta zilegi gainera, baina Egunkariaren inguruan saltzen ari zaigun ideia da egunkari bat itxi zela, bestelakorik gabe, euskaraz zelako. Eta ez da egia.

Gauza bat da esatea Egunkaria itxi zuten une berean euskaldun guztiok erasotuak sentitu ginela eta, beste gauza bat, horri buelta eman eta atzekoz aurrera salatzea, hain zuzen ere euskaldunok erasotzeagatik izan zela.

Egunkariaren historia honetan zer salatu badago: Egunkaria bera ixtea, praktikan behin betiko itxi izanaren hondamendia, sei-zazpi urteko epaiketa luzea, luzamenduaren luzamenduz auzipetuekiko justiziarik eza, epaileen arteko mataza politikoa, euren burua intelektual ofizialtzat duten zenbaiten isiltasuna etab.

Baina hortik jo-ta-pasa egin eta aulkian eserita dagoena “euskalgintza” dela esatea lartxo da. Eta lartxo izateaz gainera, baita iruzur samarra ere, nork bere burua engainatzea, berandu baino lehen defenditu nahi omen den euskaldungoaren kaltetan bihurtuko dena. Azken berrogei urteotako eskarmentuak ezertarako balioko al digu?

Eta honek ez du esangura Bilboko manifestazioak zentzurik ez zuenik, joan behar ez zenik, edota “Egunkaria libre” leloa aldarri egokia ez zenik               

                             

Amatiño 2009/12/21

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04
errelojuori oier g, 2012/02/04
Tentuz aritzea Mikel, 2012/01/30