Amatiño
Kapitalistabako kapitalismoa
Finantza-krisiak kapitalismoaren kontrako kritikak suspertu ditu. Lotsagarriak benetan jende arrunta larru gorritan utzi duten finantzariek euren buruari jarritako soldata galantak. Baina, maltzurkeria hau, kapitalisten ondorio da ala kapitalistarik ezarena?
Bizpahiru mendetan sistema kapitalistaren prototipoa zera izan da: lanaren truke zenbait behargini soldata eskaintzen zion ugazabaren aberaspidea. Harreman honek betidanik sortu izan ditu edozenbat tentsio eta jokamolde kontrajarri baina ez da berau orainez gero gehien kezkatzen gaituena.
Kapitalista tradizionalak ez du behar bada beti jabegorik merezi izan eta ez du segurutik behar beste ordaindu, baina ez dio sekula bere buruari soldatarik blindatu. Hori egin beharra sentitu duena ez da ugazaba, jabea edo kapitalista, nagusi berria baizik: kapitalik gabeko buruzagia.
Eredu berri honek erakarri digu exekutiboen boterea, euren dirua arriskutan jartzeke inorenak bildu eta noraezean ipini dituzten kudeatzaileen txanda.
Sekulako paradoxa gero. Behar bada ez da inoiz aurretik izan gaur bezainbat aberats xume, ugazaba txiker eta ondaredun langilerik. Eta, aldi berean, sekula ez da gaur besteko dirutzarik izan kapitalaren jabe ez direnen agintepean. Kapitalistarik gabeko kapitalismoa, alegia.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008ko abenduaren 2an.

Ez dakit ba
Sentitzen dut