Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2008 Urria 21 Euskal diletantismoak krisialdirik ez
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Euskal diletantismoak krisialdirik ez

Herri diletanterik baldin bada munduan, horretan behintzat ez gara azkenak. Euskal diletantismoak izango al du noizbait krisialdirik? Hobe bai gero, lehenbailehen balitz.

Ia hamabost urteko hazkuntzaren ostean krisiaren kanpai-hotsa nabarmena da eta, zer gerta ere, ezin esan gero krisialdiak zer  irakatsi ez duenik.

Esaterako, euren bizitza guztian zehar beherakadarik ezagutu ez dutenei krisiak erakutsi die bizitza ez dela “amama” eta, besterik uste izan arren, dirua ezustean garestitu daitekeela eta lepo egin.

Krisiak gogorarazi digu erakunde publikoen aurrekontuek ez dutela beti gora egin beharrik. Eta, aldi berean, aurrekontuak murriztu beharrak erakutsi digu ikutuezinezkotzat jotzen genituen zenbait partida gehiegikeria harroputz eta kanpolarrosak baino ez direla.

Irakatsi ere krisiak irakatsi digu ekonomia guztiak ez direla berdinak; gauza bat dela ekonomia finantzieroa eta bestea, berriz, ekonomia erreala eta, gurean behintzat, ekonomia erreala industria dela gehienbat, nolabaiteko progresia faltsuaren izenean horren erraz mespretxatzen eta gutxiesten dugun industria alegia.

Ildo beretik krisiak erakutsi digu zenbat jende bizi den ekonomia errealetik kanpo: funtzionariak, irakasleak, idazleak, kazetariak, artista-jendea etabar. Eta, gezurra dirudien arren,  ekonomia errealetik kanpo bizi direnak direla, sarri asko, ekonomia errealean dihardutenei zer egin behar luketen esan nahi izaten dietenak.

Herri diletanterik baldin bada munduan, horretan behintzat ez gara azkenak. Euskal diletantziak izango al du noizbait krisialdirik? Hobe bai gero, lehenbailehen balitz.

Goiz kronika, Euskadi Irratia. 2008ko urriaren 21ean.

Amatiño 2008/10/21

adibiderik ezean...

Iban Zaldua — 2008/10/21 12:45
Amatiño: adibiderik eman ezean, zaila da asmatzea zer ari zaren kritikatzen, zehazki. Izan al zaitezke konkretuagoa, mesedez? Eskerrik asko.

Euskal diletantismoa

Amatiño — 2008/10/21 18:23
Batetik, nere tesi hau ez dok bape barrixa (behin hirurogeitak harrapatuezkero ez dok gero bape erreza ezer barririk esatia, aurretik be behin baino gehixagotan aittatu izan juat). Bestetik, nik edozenbat gaitan eta arlotan sumatzen doten euskal diletantismoa kritikatzen juat; hik ez badok iñun sumatzen, horrek esangura jok neretzat horren begibistakoa dana hiretzat ez dala bape nabarmena. Eta, hirugarren, ez juat uste adibiderik jarri biharko neukianik, nik jarritako adibide konkretuaz eztabaidatzen amaitzeko arriskua izango gendukialako, eta nik ez juat arrisku horri amain emoterik nahi. Dana dala, eskerrik asko, bene-benetan.

OK

Iban Zaldua — 2008/10/22 00:27
Bale ba. Diletanteak hainbeste gauza izan daitezke, eta hainbeste arlotan eman daiteke, ezen... Baina, tira, nire bizioa izango da, historialarion enpirismoarena, gauza guztietarako adibideak bilatu behar hori alegia.
Ondo bizi.

Enpirismoa

Amatiño — 2008/10/22 23:53
Ez najeukek gura nik itxitako eztabaidia neuk eregitzia baina... hik aittatu arte ez najittuan sekula lotu Iban Zaldua eta enpirismoa. Eta, holan balitzok be (hik badiñok ezin ba nik ukatu), nik Iban Zalduaz doten irudixa enpiriko hutsa baino askoz be, askoz be gero, kreatibuagoa dok.

batak ez du bestea kentzen

Iban Zaldua — 2008/10/27 12:26
Tira, poetak zioen bezala, batak ez du bestea kentzen...

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30