Amatiño
Zer litzateke pilota ETBrik gabe
Euskal Telebistak lehen-lehen mailako hiru pilota-partida antolatu ditu gaur, Donostian, lehen pilota-emanaldiaren hogeita bostgarren urtebetetzea ospatzeko. Horretarako bizirik dirauten txapeldun eta primerako pilotari guztiak bildu ditu, baita azken hogeita bost urteotako hainbat zuzendari, aurkezle, ekoizle, esponsor eta abar luzea ere. Ideiaren asmatzaile, sortzaile, suspertzaile, bultzagile eta eragile, Pedro Mari Goikoetxea. Zorionak.
Orain ez da pilotarik falta telebistan baina, gezurra dirudien arren, orain hogeita bost urte arte, urtean behingo finala baino ez zen telebistaz ematen eta gainera, ordaindu beharrean, TVEk kobratu egiten zuen, “inork ikusi nahi ez zuen kirola-motari mesede egiten” ziolakoan.
Baina ez pentsa gero astakilo guztiak kanpoan zirenik. ETBk astero pilota-partidaren bat eman nahia nik neuk proposatu nionean izenik aipatuko ez dudan pilota-enpresariari, eskaintza onartu ezezik, zera erantzun zidan: telebisiñoak kalte egingo dotsa pelotiari.
Gaur arratsaldean, ostera, ez dut Atano pilotalekuan iritzi horretako inor ikusi. Ez pilotaririk, ez pilotazalerik, ez patrozinatzailerik, ez enpresaririk, ez punturik eta ez bitartekorik. Ze moduz galdetu diot aspaldiko Argiñanori eta berak erantzun: Edaderako elegante!
Pilota ere edaderako izugarri elegante dago. Hiru partiden amaieran Panpi Ladutxek honelatsu amaitzen den abestia kantatu digu: Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe. Baita bere kautan ezarri ere: Zer litzateke pilota ETBrik gabe.
Ba... horixe.
Panpi Ladutxe, pilotari eta kantari
Interesak
Irakurri... irakurleak