Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2008 Iraila

Artxiboa Iraila 2008

Lehengusinaren alaba

Demagun Sevillatik bueltan norbaitek esaten dizula Andalusiako Energia Agentziaren lehendakariarekin biltzeko aukera izan duela eta haren eskuminak luzatzen dizkizula. “Goraintziak? Neri? Zer dela-eta? Nik ez dakit barren nor denik ere!” Eta erantzuna: “Zelan ez duzula ezagutzen, ez al duzu ba senitarteko?”

Duela hamar urte arte anekdota hutsa izan zitekeena zalantza pizgarria dateke gaur egun, Sareak bapateko aukera ematen baitu hainbat segundutan Andalusiako Energia Agentziaren lehendakaria nor arraio den jakiteko. Nor izango eta, Isabel de Haro Aramberri. Joño!

Ondoren, email pare bat aski da Energia Agentzia andalusiarraren lehendakariarekin harreman zuzenean jartzeko, gehienbat norbera ere Aranberri baldin bada, jakina. Erantzuna zehatza bezain harrigarria: bere amaren aitona Domingo omen, nere Andikaoko aitona elgoibartar berbera alegia.

Ni mutiko koxkorra nintzela, nere lehengusinetako bat Frantziara joan zen, hantxe bertakotu eta, horra, mende erdiren bueltan, haren alaba, nere iloba txikia beraz, Sevillan ernarazi, heziketaz  eta hezkuntzaz frantsesa izan arren, berak dagoeneko aitortu didanez.

Familia gehitzea beti ere pozgarria omen da.

 Isabel de Haro Aramberri

 

 

Amatiño 2008/09/28

Normalak…

Jaime Rosales: “He construido un personaje verosímil. Juega con niños, compra discos y echa un polvo… El terrorista es una persona normal, y en toda persona normal existe un monstruo, más en los hombres que en las mujeres”. Alegia, denok normal samarrak bide gara eta, aukeran, monstruo-arrisku gehiago omen gizonetan, emakumetan baino... Nahiz eta emakumea terrorista izan?

Zalantzarik ez gero ETAkoak normalak direna. Horretarako ez zegoen filmerik egin beharrik. Terroristak ez dira buru bikoak, ezta eroak ere. Bi buru balituzte zirkoan amaituko lukete eta eroak balira, zoroetxean. Baina ez batean eta ez bestean, espetxean  nahi ditugu.

ETAkoak normalak direna betidanik jakin izan dugu. Umezale dirateke, diskoak erosten dituzte eta larrua jotzen dute. Normalak dira, jakina, ustelak, iruzurgileak, xenofoboak, pederastak edo matxistak normalak izan ohi diren bezalaxe. Kolonbiako karteletako narkotrafikatzaileek zein Siziliako mafiosoek familia dute biziki maite eta naziak gai izan ziren juduez egindako xaboiaz euren seme-alaba kuttunak laztankiro ikuzteko. Normalak ezezik, abertzaleak, kultoak, sentikorrak, zorrotzak, txukunak eta maitagarriak ere izan ziren.

Jaime Rosalesek ordu t´erdiko filme mutua egin du. Aukera bat da, bere aukera, baina hitzaren informazioa ukatu du. Ausardia ote ala ausardiarik eza?

Oraindik ere zenbaitek modernotzat jotzen du harako esaera zaharra: Hobe irudi bakarra, mila hitz baino. Hitzak ugari eta irudiak urri ziren garaietako atsotitza da hori. Baina irudiak lar eta hitzak gar bihurtu zaizkigun honetan, Bernardo Atxagari aitortu beharko arrazoia, barrena hamabi urte joan baitira hitzaren indarra aldarrikatu zuenetik hona.  

  Un tiro en la cabeza

Amatiño 2008/09/24

Beldurra*

Komunikabideek jakinerazi digutenez, ezker abertzale delakoak dei egin digu bere egoera larri horretatik ateratzen lagundu diezaiogun. Horma-zokoren batean irakurri ahal izan dudan moduan: "Ilegalizazioak, atxiloketak, tortura, debekuak… salbuespen egoerari stop!"

Neri, egia esan, izugarri ondo iruditzen zait guzti horretaz ere kezkatu beharra, baina ilegalizazioak, atxiloketak, torturak edo debekuak gogoratzeaz gainera heriotza-zigorra salatzeaz ahazten direnek beldurtu egiten naute. Bai, ezker abertzaleak beldur galanta ematen dit.

Garbi gera bedi gero, ezker abertzaleak ez nauela beldurtzen ez ezker eta ez abertzale omen delako. Ez dit batere beldurrik ematen ilargia eskatzeko kapaz delako; eta are gutxiago gorria, edo fuksia, delako. Ez, beldurra ematen dit inoren heriotzaren aurrean mutu geratu ohi delako; bere izenean erail dituzten mila lagunez ikaratu ez delako; bizkarzainez bizi behar duten herrikideak traidoretzat jotzen dituelako eta han-hemenka jartzen dituzten lehergailuak bere estrategiaren barruan daudelako.

Egunen batean gutako edonor garbituko dute, nahita ala nahiezta, eta isilik misilik geratuko dira. Baina, bitartean, gure laguntza eskatzen digute. Hori bai, Herriaren izenean.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008ko irailaren 23an.

*Zutabetxo hau igande goizean idatzia da, Gasteizko zein Ondarroako erasoen berri jakin aurretik. Santoñakoa gertatu aurretik, jakina.

 

Amatiño 2008/09/22

XIX. mendeko euskara laudiotarra

Gentza Belaustegigoitia adiskide minak bere osaba Federikoren (Laudio, 1876-1947) paper eta liburuen artean aurkitu du 1877an Bilbon argitaratutako “Cristiñau Doctrinia, Aita Gaspar Astetec erderaz escribidua” eta “Laudiyoko abade jaunen encarguz eta costuz, diar dirian baiyezcoecaz, eusquerara biyortuta” eta argitara emana.

Gaspar Astete (Coca de Alba, 1537-1601) jesuitak kristau doktrina idatzi zuen (1599) kontrarreforma katolikoaren suspergarri eta Berri Ona Ameriketan zabaldu nahirik, edozein kristauk bere arima salbatzeko gutxienez jakin behar zukeenaren oinarrizko bilduma edo. Arrakastarik ezin uka, milaka argitalpen izan baitzituen, gaztelaniaz ezezik baita beste hainbat hizkuntzatan ere. Euskaraz soilik, hegoaldeko euskalkien lain bai behintzat.

Aita Larramendik (Andoain, 1690-1766)  itzulitakoa Burgosen argitaratu zen, 1757 urtean: Cristauen doctrina, azalqueta laburraquin galdeaz ta erantzuteaz. Len aita Gaspar Astete Jesusen Compañiacoac gaztelaniaz ta orain beste jesuita batec eusqueraz ezarria.

Jose Antonio Uriartek (Arrigorriaga, 1812-1869), Louis Lucien Bonaparte printzearen eskariz edo eraginez segurutik: La doctrina cristiana traducida al vascuence, dialecto vizcaíno, variedades de Marquina, Bermeo, Arratia, Centro y Ochandiano (Londres, 1862). Ale bakarra argitaratu omen zen.

Iruñeko Muñiz apezpikuaren aginduz, berriz, 1935an argitaratu zen Lenbiziko Jaunartzerako Kristau Ikasbidea, Nafarroako apez jaun batzuek itzulia. Aingeru Irigarairi jaramonik egingo badiogu: “El euskera es francamente popular, sin ser chabacano, y se inclina hacia la forma del alto navarro, poniendo sin embargo esan, beste, jetxi, &, del guipuzcoano; un vascuence que lo leerán fácilmente todos los euskaldunes de la diócesis, donde hay tanta variedad de dialectos” (RIEV XXVI, 1935).

Laudioko bizkaiera

     Aita guria ceruetan zagozana: santificadu bedi zure icena; betor gugana zure erreinua, eguin bedi zure borondatia celan ceruan, alan lurrian. Emon eguiguzu gaur egunian eguniango oguiya; eta parcatu eiguzuz gueure zorrac, gueuk gueure zordunai parquetan deutseguzan leguez; eta ichi ez eiguzu tentaciñoan yausten; baya libradu gaguizuz gacherik. Amen. 

Laudio1

 

 

 

 

 

 

Laudio 2

 

 

 

 

 

 

 

 

Amatiño 2008/09/15

L´identité basque, selon Jean Haritschelhar

"Etre basque, c'est se considérer membre de la 'nation' basque, que l'on soit de citoyenneté espagnole, française ou américaine. C'est avoir conscience de faire partie d'un peuple, d'une communauté sociale, spirituelle et affective" (Jean Haritschelhar).

L' Express astekari frantsesak Bienvenue chez les basques deritzan hamasei orrialdeko sail berezia eskaini zuen aurreko abuztuaren 14tik 20ra bitarteko astean: La force tranquile d' un peuple; Natura, fêtes, saveurs: un pays à découvrir; Parlez-vouz basque? izenburupeko erreportaiak, besteak beste, eta baita Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiari egindako elkarrizketa luzea ere. Ondoren, euskal nortasunari dagokion erantzun-sorta besterik ez:

L'Express: Comment définissez-vous l'identité basque?

Jean Haritschelhar: Etre basque, se sentir basque, suppose la reconnaissance d'un état de fait lié à une géographie, à une histoire ou encore à une communauté linguistique. Les motivations peuvent être différentes pour chacun.

C'est-à-dire?

Certains se pensent basques parce qu'ils sont nés au Pays basque, même de parents « étrangers », et même s'ils ne parlent pas l'euskera. Ils se sentent de « nationalité basque ». D'autres, nés de parents basques, vivent loin du pays. Ils ont souvent oublié, ou n'ont jamais appris la langue, mais ils se sentent basques par filiation. Il y a aussi ceux qui sont nés au Pays basque, de parents basques, mais qui ne parlent pas la langue. Qui leur refuserait le droit d'être basque ? Il y a enfin les eskaldun, qui parlent naturellement la langue ancestrale. Mais aussi ceux qui, venus en terre basque, ont obtenu leur lettre de naturalisation en l'apprenant. Etre basque, c'est se considérer membre de la « nation » basque, que l'on soit de citoyenneté espagnole, française ou américaine. C'est avoir conscience de faire partie d'un peuple, d'une communauté sociale, spirituelle et affective.

Un étranger qui s'installe au Pays basque a-t-il intérêt à apprendre l'euskera?

Certainement. Son intégration sera plus facile.

Vous sentez-vous plus basque que français?

Je suis de nationalité basque, de citoyenneté française et, en rêve, européen.

L'Europe vous paraît-elle un meilleur rempart que la France?

Plusieurs traités internationaux et notamment européens demandent que les langues régionales reçoivent une pleine reconnaissance juridique.

Croyez-vous à une identité génétique basque?

On a longtemps dit qu'un Basque devait avoir quatre grands-parents basques, c'était un concept du XIXe siècle. A cette période, l'affaire Dreyfus éclatait en France, l'antisémitisme était fort. Cela correspond à une époque.

Et aujourd'hui?

On n'examine plus les crânes, mais l'ADN. Je laisse faire les experts. Il paraît que le facteur Rhésus négatif est plus répandu ici qu'ailleurs. Ce sont des choses que la science devra éclaircir, je ne m'aventurerai pas sur ce terrain. Pour moi, ce qui compte, beaucoup plus que les gènes, c'est l'esprit, la culture... et la langue !

 

 Jean Haritschelhar

Amatiño 2008/09/14

Progresio geometrikoa

Berak oraindik ez dakien arren, bihar, irailak 15, benetan egun handia izango da gure etxeko nagusiarentzat, aurrenengo aldiz eskolara joango baita urte bi kunplituko dituen egun berean.

Nik bost (edo sei? irailekoa naiz-eta…) urte nituen Untzagako Madre Rosa Maria Madrazo estreinako ezagutu nuenean. Artean ez nenkien erdaraz eta negar egin nuen, baina sikera berba egiteko gauza nintzen, euskaraz besterik ez zen arren.

Ikastolako lehen egunean, Malen Gesalaga Aranberrik fardel handia eramango du hankartean eta 120 hitzen altxortxoa baino ez buruan.

Hogeita hiru hilabete behar izan zituen gure Malenek lehen laurogei hitzak ikasteko eta ia berrogeita hamar beraganatu ditu azken hilabete honetan. Progresio geometrikoa edo, segurutik.

Inork ba al daki zein adinetan amaitzen den progresio geometrikoa? Ni ez naiz gogoratzen. Honez gero, aritmetikoaz jarraitu ahal izatea ere oraintxe bertan sinatuko nuke.

Malenen berba-multzoa

Hona, ohiko moldez, Malenek orain dela hilabate esaten zituen hitzak eta, ondoren, beltzez, hilabete honetan ikasitakoak.

Aditzak.

Api (jaiki). Apurtu. Aupa (jaso). Hartu. Etori (etorri). Kantzi (jantzi). Kendu. Ñan (jan). Sato (salto egin). Txalo (txalotu).

Beira (begira). Bota. Epiti (ipini). Itxi. Lapurtu (katu beltzak Kasmeloni egiten diona). Lolo (lo egin). Sartu. Urten. Zabaldu.

Jan-edanak

Aua (ura). Araiña (arraina). Buur (yogurra). Koko (txokolatea). Ogia. Txitxia (okela). Tita (galleta).

Gaztaia. Matta (mahatsa). Papa (patata). Pasta. Ura.

Senideak

Aita/aitato. Ama. Aittitta. Amama.

Aitatxo. Amatxo.

Lagunak

Abie (Xabier). Ako (Urko). Ane. Ana. Ate (Ander). Bon (Ibon). Burre (Idurre). Iane (tia Ane). Malen. Mami (Mikeldi). Nai (Unai). Nene (Irene). On (Jon).

Elene. Markel.

Animaliak

Apopo (hipopotamoa). Araiña (arraina). Ata (artza). Buaubuau (txakurra) Koko (kokodriloa). Mia (katua). Pipi (txoria).

Erlia. Eulia. Igela. Katua. Ottua (otsoa). Txiuria (txindurria).

Hainbat

Aboia (abioia). Amoia (kamioia). Argia. Haria (harea). Harria. Gol (baloia). Kaka. Makiña (Debabarrenaren kale-garbigailua). Mamaua (mantekadoa). Miñ. Tata (zapata). Tete (txupetea). Txii (txiza).

Berdia. Bonia (bozinia). Etxetto (etxea). Farolia. Gorria. Hagiña. Haundia. Hotza. Iburua (liburua). Mordua (asko). Nino (anbulantzia). Nona (gizona). Ipotxa. Obera (errobera). Pa (laztana). Pitita (pegatina). Potzua. Sorgiña. Ura. Urdiña. Txikia. Zikiña.

Esaldiak

Abe (a ver).  Agur. Aki (hemen). Alli (han). Apapa (kanpoan/kanpora). Hamen (hemen). Han. Hau. Bai. Bat (bi, hiru, lau, bos, sei, zapi, koki eta… hamar). Bapo (amaitu da). Ni. No (ez). Ako (asko). Kasko (eskerrik asko).

Beste bat. Ez. Ez daki (ez dakit). Ez da guria (ezin da hartu). Eztao (ez dago/ez dagoz). Hamentxe.

Kopinak

Api (Epi). Kaillu (Caillou). Kity. Maia (erlea). Mini (Mickey Mouse). Pi (Pirritx). Po (Porrotx). Pipo (Pintxo).

Ioin (Piolin). Miki (Mickey Mouse). 

Progresio geometrikoa

                                                      

 

 

 

 

Zer esango ote luke, astelehenekoa baleki?

 

 

Amatiño 2008/09/13

Brujas eta Segura

Bederatzigarren mendean ba omen zen, Flandrian, Brujas* izeneko baserria, Zwin badiako gazteluaren harresipean sortua eta hazia. Mende bat geroxeago, Brujas Flandriaren hiriburua zen eta, Zwin ibaian zehar merkatua gogotik garatu ahala, Europako hiririk aberatsenetakoa bilakatu, Venezia eta Genoarekin batera.

Ingalaterrako burdina, Espainiako ardoa, Errusiako larrua, Danimarkako txerria, Indiako diamanteak zein Ekialde Urruneko espeziak tarteko, historian eta politikan zer gerta ere Hansako Ligaren buruzagi, Brujasek goiari eutsi zion hurrengo berrehun eta berrogeita hamar urteetan eta London bi haina biztanle biltzera iritsi.

Baina, XV. mendean, sekula aurretik gertatu gabea gertatu zen. Handik eta hemendik metatutako lurrez, hondarrez eta jalkinez ibaiaren ur-zingoa murriztu egin zen eta gero eta itsasontzi gehiago Brujaseraino heldu ezinik geratu zen. Ordurarteko merkatua, trafikoa, lanpostuak eta aberastasuna Anberesa pasatu zen eta Brujas maldan behera, nora ezean, zati baterako gelditu: Burges-La Morte, alegia.

Gaur egun Brujas museo-herria da. Eraz eta moldez, XV. mendeko jauntxo herria bailitzan jarraitzen du oraindik ere, bertakoen murriztaile eta turisten gozagarri. Bitartean, Anberesek munduko diamanteen hiriburu izaten jarraitzen du eta, geroztik trena, autoa eta hegazkina asmatu diren arren, bere portuak gau eta egun jarraitzen du etenik gabe lanean.

Aukera-maukeran, Brujasen eta Anberesen jarrera kontrajarrien mezua guztiz esanguratsua da: Goiari eutsi nahi izanez gero, ez munduarekiko loturarik hautsi. Eta batere aldaketarik nahi ez izatekotan, berriz, orduan onena bidea sasiz ixten uztea da. Baina, hori bai, batere aldaketarik gabe aberats izaten jarraitu nahi baduzu, orduan… orduan zeure burua engainatu besterik ez duzu egingo.

Halere, holakorik bertatik bertara ezagutzeko ez dago Brujaseraino joan beharrik. Berbera egin zuten Segurako jauntxoek orain dela 150 urte.

* Sortzez Bryggia, norvegiera zaharrean portua, kaia. Nederlanderaz Brugge da eta frantsesez, Bruges

 Brujas

 Segura

Amatiño 2008/09/12

Segurtasun sarea

Auskalo egia ote den baina mundu guztiak aho batez onartzen du euskal industria ingurukoa baino hobeto ari zaiola krisialdiari aurre egiten. Zergatik ote, ordea? Erantzunak hainbat izan daitezke baina bat, batez ere bat, euskal enpresaren nazioarteko merkatuaren aldeko apustua da.

Duela hamabost urte inguru euskal enpresarik aitzindarienak kanpoko merkatuetan saltzen ezezik, bertan kokatzen ere hasi zirenean, edozenbat kritika jaso zuten, langile merke eta irabazi errazen bila euskal gizarteari bizkar ematen ari ote ziren.

Geroztikako aurrenengo krisialdi latzak frogatu du, aldiz, merkatua nazioartean zabaltzearen abantailarik handiena ez dela fakturazioa gehitzea, arriskuak gutxitzea baino. Beste modu batez esanda, ahalik eta nazioarteko merkaturik gehienetan saltzen duen enpresaren balio erantsia ez da bezeroak erruz gehitzea, bezeroak dibersifikatzea baino.

Hau da, arrakastaren muina ez da merkatu guztietan saldu ahal izatea, krisiak merkatu guztietan aldi berean jo ezina baino. Ondorioz, nazioarteko merkatuaren aldeko apustua ez da sorterriaren kaltetan, mesedetan baino. Segurtasun sarea alegia.

ARGIA, 2008ko irailaren 14an.

 Marian Elorza

Amatiño 2008/09/11

Noiz aldatu beharra asmatu

Aurreko larunbatean, kintoen afalostean, laguna erdi mozkortu zitzaigun eta, eskailera-buruan, pailazoarena egiten hasi. Denok algara bizitan geundela, horra hor non, dsanba egin eta, buruz behera hogeitaka harmailatan zehar hankaz gora jausi eta bizkar hezurra hautsi zuen.

Bizpahiru segundoren bueltan, hasierako algarak negar-zotin bihurtu ziren. Eskailera-buruan denok ginen alai eta eskailera-barrenean, aldiz, denok zurbil. Pailazokerien aurrean alai agertzea eta bizkar hezurra hautsi ostean zurbil azaltzea ez da gero zaila.

Zailena da jakitea zein momentutan aldatu behar den aurpegia. Alegia, laguna goitik behera eroritzen ari dela, zein harmailatan utzi behar zaion adarra jotzeari eta noiz bere osasunaz arduratzeari ekin. Hau da, noiz planto egin, noiz aldaketa datorrela asmatu, noiz errealitateari aurre egin.

Ez da gero batere erraza. Baina horretan datza, hain zuzen ere, kakoa, giltza edo maratila. Bai eskailerapeko istripuetan, bai krisialdi ekonomiko latzetan eta baita, jakina, apostu politikoetan ere.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008ko irailaren 9an.

 

Hona non lasterragoa den sekulako muturrekoa hartzea, txaloak jotzeari uztea baino.

 

Amatiño 2008/09/08

Oikiako zubia

Artaditik Aizarnazabalera, Zumaiaraino jaitsi beharrik gabe autoz joaterik dagoen galdetu diot bertako baserritarrari: “Bai, aurreko horretatik jarraitu behe aldera eta puente-romanotik Okiaraino.” Joño, Oikian zubi erromatarrik ba ote?

Bai, San Migel elizaurretik Gorostiaga aldera jartzen duen  bide estu samarretik hartu eta, aldapan behera, Urola ibaiaren eskuin ibarreraino bizpahiru kilometro besterik ez. Behin barrenean, bidea baso ilun eta ainubean sartzen da eta, halakoren batean, ikaragarrizko astigar erraldoien artean, horra ustekabean, neurri eta itxura ederreko zubi lerden askoa, gain-gainean harrizko jarleku eta guztikoa: Oikiako zubi zaharra, alegia

Ez da gero adituegia izan behar erromatarren garaikoa ez dela konturatzeko. Segurutik ezta erromanikoa ere, googlen horrelako aipamenen bat edo beste aurkitzen den arren. Ibai gaineko begi biak eta erdiko oinak aspaldikoagoak izan daitezke baina, ezker-eskuma, bi ibarretako zutabeen harrizko hormek erakusten duten arkitektura-moldeak dezente berriagoa ematen du.

Gaur egun baserri-bidea besterik ez da alde batetik bestera doana baina, nonbait, garai batean egitura horretako zubitzarra behar zukeen olarik izan zen inguruan eta, jakina denez, Oikiako ibai-portua ere bertatik bertara omen. Juan Larrañagak eta Luis Pedro Peña Santiagok* ikertu bezala, Altzolarats araneko oletako produktuak Oikiatik zein Beduatik atera ohi ziren itsasaldera.

Larrañagak eta Peña Santiagok frogatu ere frogatu dute itsas-marea Oikiako zubi zaharreraino heldu ohi zela eta, hirurehun bat metrora, Konde jauregi ondoan kokatua zela Urolako Errenteria. Kondekuaren ate nagusi gainean bazen, duela zenbait hamarkada, bi metrotako balea-saihetsa**. Gaur egun ez da haren aztarrenik, begi bistan ez behintzat.

*EL MAR DE LOS VASCOS II. Del Golfo de Vizcaya al Mediterraneo. Leyenda, tradiciones y vida. Eusko Ikaskuntza, 2007.

** GUIPUZCOA, PASO A PASO. Luis-Pedro Peña Santiago. Bilbao, 1969

http://www.photo-b.net/photo/29445

Amatiño 2008/09/07

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04