Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2008 Abuztua 22 Joaquín Achúcarro etxeko, Deban
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Joaquín Achúcarro etxeko, Deban

Debarrek esker onez hartu dute gaur Joaquín Achúcarro, ez baita alferrik gure bilbotarra bizpahiru belaunaldiren pianojolerik ezagunena. Ia mende erdi bai Achúcarrok nazioarteko lehiaketa irabazi zuela Liverpoolen eta geroztik jaso beharreko sari eta ohore guztiak jaso ditu urtez urte, 2005 urtean Euskaldun Unibertsaltzat izendatua izan arte. Eibarren 1965ean edo jo zuen estreinako, Arrate Kultura Elkartearen aretoan. Orain ez da halakorik.

Maisuak bazekien nonbait Debako klaustroan abuztuko ostegunetan bildu ohi den jende-motaren berri eta aldez aurretik programa laburtu du, ondoren hainbat “propina” eskaintzeko denborarik izateko. Era berean programa ofizialean Chopin eta Debussyren errepertoriorik ezagunena aukeratu ez duen arren, gero propinetan espektakuloa eskaintzen  saiatu da nabarmen. Besteak beste, aipagarri ezker esku hutsez jo duen Scriabinen Nocturnoa.  Jendea guztura, urbitsetan, etengabe txalotzen eta artista, berriz, pozarren ezin bestean.

Hala ere, zenbaitek besterik itxaro arren, Achúcarrok ez du gaurkoan euskal doinurik jotzen amaitu. Juanjo Araolazari sinetsiko badiogu, Bilboko maisuak urtetan amaitu izan ditu bere nazioarteko kontzertu guztiak edo gehienak –Dallastik Pekina-- Aita Donostiaren Oinazez konposizio ezagunaz. Nonbait gaur ez du ez oinazerik ez bere bururik etxetik kanpo sumatu.

Zer gerta ere, pozgarri izan behar du gero 76 urtekin lanean jarraitu ahal izateak --arin, biziki eta buruz, batere partiturarik gabe--, norberari gehien gustatzen zaiona egiten eta jendearen harrera ezin hobeaz, gainera. Zorionak.

 

Amatiño 2008/08/22

Achúcarro Eibarren

Eneko — 2008/08/24 18:41
Ondo zabiltza, 1965eko ekainean jo zuen pianoa Joaquín Achúcarro-k Arrate Kultur Elkartearen aretoan. Helbide honetan dagoen dokumentuan jasotzen da: http://eibar.org/blogak/kultu/images/kultu50d.pdf (21. orrialdean)

Ez da memoria kontua

Amatiño — 2008/08/24 23:53
Eskerrik asko. Asmatu dut nonbait, baina ez buruz gogoratzen nintzelako. Ez nenkien zehatz-mehatz baina ni ezkondu baino zenbait urte lehenago izan behar zuen, ezkontzearekin batera utzi nien-eta zuzendaritzako ardurei. 18 urte nituela hasi nintzen Kulturalean buru-belarri, 1963an, eta ezkondu nintzenean uzten hasi, 1969an. Horretara, tarte horretan izan behar zuen.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30