Amatiño
Ur-marra gainetik
Lehen karlistada hasi bezain laster, 1834ko ekainaren 30ean, ikaragarrizko euritea egin zuen Bizkai eta Gipuzkoako mugartean, Deba ibaia inoiz baino gehiago hazi zen, sei metro bai gora, eta Maltzagatik barrena egundokoa jaitsi. Hiru zubi hautsi ziren, hamahiru etxe birrindu, beste hogeita bi alferrik galdu, zortzi errota izorratu eta ola bi norazean geratu. Guztira zortzi hildako.
Trajediarik handienetakoa Elgoibarko Andikao errotan jazo zen, bertan errentan zegoen familiak teilatu gainera igo behar izan zuen-eta urak noiz baretuko zain baina, atzenean, uholdeak senar-emazte bikotea eta semea eraman zituen behin betiko.
Ibaia berera etorri zenean, errota-jabeak berria egitea erabaki zuen. Non jaso eta, maldan gora, urak utzitako marraren gainetik, Andikao berria eraiki zuen, baita beste maizter batzuk aurkitu ere, errotaz arduratu zitezen: Luis Aranberri eta Josepa Arano. Bertan jaio zen hamar urte geroago Txomin semea, nere aittitta.
Andikao errotan eskopeta-kainoiak forjatzen ziren 1638an eta, horretara, gutxienik berrehun urte iraun zuen erreka-bazterrean 1834ko uholderarte. Eta ez klima-aldaketarik etorri zelako, arrazoi batez zein bestez inoiz baino ur gehiago bildu zelako baino. Baina, hori bai, uholdeak eramandako etxea eraberritzeko orduan, errota-ugazabari ez zitzaion lehengo leku berean egiterik bururatu, urak utzitako aztarrenetik gora baino.
Orain ere uholdeak izan badira. Ez dira uholdeak aldatu, gure jarrera baino. Teknologiak eragindako handikeriaz erabaki dugu uraren arrastotik behera jarraituko dugula eraikitzen, ez dugula etsiko, ez dugula atzera egingo. Ez dugula irabazitako eremurik galduko. Hurrengorarte, alegia.
Deia, 2008.06.22
Ur errota
Behera eta eztuago¡
Nun dagok Andikao?
Elgoibarren... jeguan