Artxiboa Maiatza 2008
Espalik gabeko politikaria
Nekez aurkituko duzu kalean, entzule, Maria San Gil politikaria ez dena uste izango duenik baina, hala ere, orain bospasei urte eskas, Maria San Gilek berak esan ohi zion entzun nahi zion edonorri bera ez zela politikoa, politikoak Madrilekoak zirela. Eta ordurako Gipuzkoako Alderdi Popularraren buru izan arren, ez zekien 1979ko erreferendumean popularrek Gernikako Estatutuaren kontra bozkatu zutenik ere.
Orain hamahiru urte, ETAk Gregorio Ordóñez erail zuen, Maria San Gilekin bazkaltzen ziharduela. ETAk espaleko politikoa erail zuen eta, aldi berean, espalik gabekoa sortarazi. Geroztik Maria ETAren kontrako sasipolitikaria izan da, bestelako zereginik gabe.
Ez da lehenengoa. Orain 30 urte ere, Franco hil, amnistia lortu eta espetxeak hustu zirenean, preso politikoen abokatu gazte baten amak zera esan zuen: “Preso guztiak kalera... Orduan zer egingo du orain gure Joxe Marik?” Bai, hemengo trajedia konpontzen den egunean, kontra nahiz alde ETAren kontura ari diren asko eta asko zer eginik gabe geratuko dira.
Hauxe da Maria San Gili gertatu zaiona. Bera ez dela espalez politikoa, ETAren kontrako amorruaren amorruz ustekabean hazitakoa baino. Eta Alderdi Popularrak erabaki duenean, ETAren kontra aritzeaz gainera politikagintza hori baino zertxobait gehiago dela --Mayor Orejaren ildo zaharretik beste lau urte jarraitzerik ez dagoela alegia--... gure Maria, umezurtz, noraezean geratu da.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008-05-27
Politika da substantiboa
Aurrekoan “Herri Urrats” izan zen Senperen eta atzo, berriz, “Ibilaldia” Zornotzan. Euskararen egoera ez da gero berdina iparraldean edo hegoaldean, eta ezberdintasunik handiena ez dagokio lekuan lekuko euskal hiztunen borondateari, bertako hizkuntza-politikari baino.
Sarri nabarmendu izaten dugu hizkuntza-politikaren garrantzia baina gutxitan konturatu ohi gara, ostera, “hizkuntza-politika” aipatzen dugun bakoitzean, substantiboa politika dela eta adjektiboa, aldiz, hizkuntza. Eta politika ez dugu euskaldunok soilik erabakitzen.
Izan ere, iparraldeko euskaldunen proportzioa hegoaldekoena baino handiagoa izan arren, euskararen gizarte-osasuna zatia hobea da hegoaldean iparraldean baino, besteak beste hemengo hizkuntza-politika hangoa baino hobea delako.
Aldi berean, Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan euskararen egoera oso antzekoa bada ere, Errioxan ofiziala da eta Erriberan ez, lekuan lekuko politikak horrela agintzen duenez gero. Ez gehiago eta ez gutxiago.
Honek ez du balio Euskal Herrirako bakarrik. Esaterako, indio aimarak askoz ere gehiago dira Bolivian, euskaldunak Araban baino; baina Juan Jose Ibarretxe laudiotarrak euskaraz ikasi behar izan du inguruko tribu guztien lehendakari izateko eta Evo Morales aimarari ez diogu, ostera, sekula berba bakarra ere aimaraz entzun, jaiegunetan eguzki-lorez jantzi eta bere burua indigenen salbatzailetzat azaldu arren.
Horretara, ez ahaztu gero gramatika-kontu hau, gramatika baino zer edo zer gehiago da-eta: Hizkuntza-Politikan, politika da substantiboa eta hizkuntza, berriz, adjektiboa. Bai Senperen eta baita Zornotzan ere.
Deia, 2008.05.26
Eibartarrak "NoviaSalcedo" saria jaso
Ega Master enpresak, "Erasmus" erakundeak eta José María Pérez "Peridis" arkitekto eta marrazkilariak irabazi dute NoviaSalcedo Fundazioaren Bikaintasun Saria, "gazteen laneratzea errazteko" indarrean jarritako programengatik. Ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokian izan zen atzo, Felipe printzea bertan zelarik, eta Ega Master enpresaren izenean Iñaki Garmendia Urkizu eibartarrak jaso zuen saria.
Iñaki Garmendia Ajuriak Gasteizen sortutako Ega Master empresak benetan ahalegin nabarmenak egin ditu gazte-jendea laneratzeko, ez baita alferrik 30 urtekoa beren langileen bataz besteko adina. Gainera, langileen %88 estreinako hasiak dira bertan lanean eta, horren gazteak izan arren, %76 dira honez gero mugabako kontratua dutenak.
Aipagarri ere familia-orduak eta lantegi-egutegia uztartzeko erraztasunak, are gehiago kontuan izanik %63 emakumeak direna. Esaterako, haurdun dauden emakumeek gehien komeni zaien ordutegia hautatu dezakete; lanaldi erdia nahiz herena aukeratu; ostiral arratsaldean zein jai-bezpera guztietan lanik egin beharrik ez; mediku-segurtasun pribatua ere enpresaren kontura etab.
Ega Master azken bost urteotan Europan gehien hazi den esku-erreminta enpresa da. Bere ekoizpenaren %80 esportatu egiten du, 140 estatutara. Guztira 60 tresna-mota ditu patentatuak eta segurutik ezagunena eusko giltza, nazioarteko "basque wrench" edo "llave alavesa" espainiar merkatuan.
Ondo hiltzen ikasi
Atzo, Zarautzen, Imanol Murua maisuaren hiletak. Bai, eskola-maisu izan nuen nik Imanol pare bat udatan, 12-13 urte edo nituela. Berak, berriz, hamar gehiago besterik ez, maisu gaztea beraz.
Baina, eskolan ezezik, politikan eta herrigintzan ere maisu handia izan genuen Imanol. Joxe Azurmendi filosofoak atzo bertan elizatarian esan zidanez: Orain hitzetik hortzera aipatzen da morala... Imanolek, ordea, ez zuen sekula moralik aipatu beharrik izan. Bera zen morala.
Imanol Murua jator bizi izaten ahalegindu zen eta oinarrizko baloreak erakutsi zizkigun: konpromisua, lana, kemena, leialtasuna... Eta azkenean, bizi izaten ezezik, hiltzen ere erakutsi digu gure Imanolek.
Bizi izaten asmatzeak ez luke zail izan behar. Izan ere, gutako edonork ditu hogei, berrogei edo hirurogei urte zintzo bizitzen ikasi ahal izateko. Bizitzan zehar ondo portatzen ikasi ez izana ez da denbora faltagatik izaten, ikasi nahi ezagatik baino. Heriotza, ordea, bat-batean etorri ohi da, ezustean, azken momentuan. Nola arraio ikasi gero ondo hiltzen?
Imanolek orain urtebete jakin zuen hil egin behar zuena eta baita, ondotik, duin asko hiltzen ikasi ere... Iratzeder, Xalbador, Xabier Lete eta beste hainbaten olerki eta salmo erlijioso eta esistentzialista samarrak irakurtzen. Patxadaz, hausnarrean, buruaren jabe.
Batek daki zertan den ondo hiltzen jakitearen maratila baina, behar bada, aurretik zintzo bizi izanak ere dezente asko lagunduko du, ezta? Galdetu, bestela, Imanol Murua maisuari.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008-05-20
Imanol Murua
Trafiko giroa
Boroako zentrala indarrean jarri ondoko egunetan Zornotzako ingurumena hobetu egin zen. Ez, jakina, zentralak giroa hobetu zuelako, oporrak zirela-eta bertako trafiko-isuria gutxitu zelako baino. Inork aitortu nahi ez arren, trafiko-giroa da euskal inguru-giroak duen arazorik larriena.
Zornotzan gertu zeuden kristoren abantailak erakarriko omen zituen Lopez Arriortuaren auto-fabrika onartzeko, baina mortalak eta bi astindu ziren gas-zentralaren kontra, zentrala auto-fabrika baino dezente garbiagoa izan arren.
Lemoizen ere, argindarra eragiteko gas-zentralen bat jarriko ote den aipatzen den bakoitzean sekulako protesta-trumoia sortzen da. Baina astebururo milaka familia autoz bertaratuko lituzkeen parke tematikoa proposatuz gero, ostera, inork ez du kontrakorik ezer esaten. Alderanziz, ze ondo, denok pozik. Ulertzekoa da jaiegunetan haurrei nonbait amain eman behar dieten gurasoek besterik gabe pozarren hartzea, baina nekez ulertu daiteke ingurumenaz arduratzen omen direnak isilik geratzea.
Kutsaduraz, Bizkaiko punturik beltzenak ez daude Ezkerraldeko industrietan edo portu inguruko energia-instalazioetan, Bilboko Indautxu plazan baino. Eta Bilboko airea garbitu nahi duenak ez dezala gero industriarik ixtea proposatu, trafikoa debekatzea baino.
Azken hamar urteotan euskal industriek aurrerakuntza nabarmena egin dute energia-kontsumo eta isurietan. Ez super ekologistak direlako, dirua aurreztu nahi dutelako baino. Baina, arrazoi batez zein bestez, sekulako ahalegina egin dute. Bitartean, etxebizitzetako kontsumoa apurtxo bat gehitu da eta trafikoarenak, berriz, izugarri gora egin.
Bai, jakina, samurragoa da edozein industria-egitasmoren kontra pankarta irekitzea, trafikoa gelditzea baino. Edo, beste modu batez esanda, euren burua ekologistatzat dutenek lantegirik ez izan arren, autorik behintzat badute. Baita trena gelditzeko pankartak autoz eroan ere.
Deia, 2008.05.19
Hildakoak erre eta zaborrak ehortzi
San Markoseko zabortegia itxi beharraren beharrez, Donostialdeko 130.000 tona zakar Azpeitia, Beasain, Zarautz eta Bizkaialdera eraman beharko dituzte urtero hurrengo bost urtean. Nola arraio heldu ote garen egoera honetara? Auskalo! Baina Bilboaldean orain hamar urte erabaki zuten erraustegia jartzea eta Donostialdean, aldiz, beste hamar erabaki nahi ezean.
Errudunik ere bada. Batetik, donostiarren berekoikeria, zaborrik gehienak eurak eragin arren, beraien hondakinen ardura inorena balitz bezala. Bestetik, printzipioetan galtzen diren ekologistak, beti ere eguneroko erantzukizunei uko eginez. Eta, hirugarren, hainbeste demagogiari aurre egiten ausartzen ez garen gu guztiok.
Errausketa ez da segurutik erabateko soluzioa, baina bai gaurko teknologiaz sistemarik aproposena. Europar arauek ere lehenago hobesten dituzte erraustegiak zabortegiak baino. Eta, txarrenean, kutsagarriagoa da 130.000 tona zakarren kamioi-trafikoa, edozein erraustegiren isuria baino.
Garbi gera bedi gero: urteak joan eta urteak etorri, errausketa eragozten aritu izan diren donostialdekoek ez dute inoren laguntzarik merezi. Alderantziz, merezi izango lukete hurrengo bost urtean ozta-ozta jardun beharra, zaborrak non ezkutatu asmatu ezinik.
Milaka urteko zibilizazioaren ondotik, gizakiok ikasi dugu zakarrak erre egin behar direla eta hildakoen gorpuak, berriz, ehortzi, lurperatu. Orain, ostera, progresia faltsuaren izenean, gorpuak erre egin nahi dira eta zakarrak lurperatu. Guztiz aldrebes alegia.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.05.13
1968 gori-goria
Ez, ni ez nintzen 1968ko maiatzean Parisen izan. Hainbat urtez, udaberri hartan han egon izana nolabaiteko progresiaren ziurtagiria izan zen. Eta ez ondorio politikorik erakarri zuelako, giza-harremanetan (sexua, hedonismoa, aginte-oreka...) belaunaldi-aldaketaren ikur bihurtu zelako baino.
Lau urte lehenago idatzi zuen Umberto Ecok Apocalittici e integrati saiakera eta 1968ko maiatzean kaleratu ziren unibertsitariak apokaliptiko samarrak izan arren, azkenean integratuek irabazi zuten, hurrengo ekainean Frantziako eskuina atera baitzen indartua eta komunismoak ez baitu geroztik bururik altxatu.
Baina, Nanterre eta Sorbonako matxinadaz gainera, beste hainbat gauza gertatu zen 1968an, Paris ezezik mundu osoa zegoen-eta pil-pilean. Ezin gero ahaztu unibertsitari frantsesen protesten suziria izan zela Vietnamgo gerra, non urte berean amerikar marinek 500 inguru ume eta emakume erail zituzten My Laiko sarraskian.
Erail ere erail zituzten Ipar Ameriketan Robert Kennedy senatore demokrata eta Martin Luther King buruzagi beltza, beronen ametsik --I have a dream-- nahi ez zutenen eraginez. Eta, 1968an ere, sobiet armadaren 200.000 gudarik eta 5.000 tankek suntsitu zuten “Pragako udaberria”ren aldaketa nahia. Aldi berean, Joan Manuel Serratek ezin izan zuen Eurovisioan parte hartu katalanez kantatu nahi izateagatik --gure zenbait eskola publikotan euskara estreinako onartua zen bitartean-- eta Apollo 8-ko astronautak izan ziren ilargiaren atzekaldea sekula ikusi zuten lehen gizakiak.
Stanley Kubrick-ek ere 1968an aurkeztu zuen 2001. A space oddissey eta 33 urte geroago, benetako 2001an, denok konturatu ginen zein gutxi asmatu zuen.
Segurutik bestelako gehienek bezalaxe.
Deia, 2008.05.12
Paris
Vietnam
Praga
El trabajo femenino en 1962
En 1962, con motivo del 50 aniversario de la fundación de la Escuela de Armería, la junta del centro que entonces dirigía José Ormaechea publicó un libro conmemorativo de 280 páginas, en el que participaron de una u otra forma --con testimonios, adhesiones, enhorabuenas y apoyos publicitarios-- las empresas más representativas de la industria eibarresa de la época. Una publicación sencilla que, por supuesto, no pretendía pasar a la historia pero que hoy, casi medio siglo más tarde, se nos presenta como un documento de inevitable interpretación histórica.
Además de las consabidas presentaciones de las autoridades del momento, tampoco faltaron las colaboraciones de intelectuales, escritores, periodistas, cronistas y publicistas de la época, como Julián Marías, José Luis Martín Descalzo, Carlos Santamaría, Ramiro Pinilla, Jenaro Garate, José María Donosty, Julio de Sarasua, Pedro Celaya, Juan San Martín o José de Arteche, quienes desde su personal perspectiva más vital que ideológica (eran tiempos poco propicios para posicionamientos políticos confesos) nos dejaron el reflejo de una sociedad en la que muchos de los valores que, por básicos y elementales, hoy apenas apreciamos eran en aquel tiempo más deseo que realidad.
La evolución más radical
Entre ellos destaca el artículo Unas consideraciones acerca del trabajo femenino, de José de Arteche, en las que el prolífico periodista guipuzcoano observa con interés e incertidumbre la entonces incipiente incorporación de la mujer en el mundo laboral: “La mujer trabaja en actividades que hasta hace poco parecían reservadas exclusivamente al hombre. Mirando el porvenir sin prejuicios, al trabajo femenino, por lo menos en países de cierto desarrollo, se le ofrecen perspectivas que cada día será preciso tener más en cuenta. La creciente carencia de servicio doméstico tiene mucho que ver con esa realidad”.
José de Arteche intuía en 1962 los cambios revolucionarios que se avecinaban: “Puede que esta nueva e insospechada versión que equipara el trabajo femenino al trabajo del hombre signifique la evolución más radical de nuestra sociedad <...> El trabajo no distingue de sexos, pero el trabajo de la mujer rompe un equilibrio milenario; toca, acaso, con un aspecto Sacral de la vida social”.
La gran aventura
El periodista intuye la radicalidad del cambio: “El trabajo, que introduce a la mujer brutalmente en el mundo de los hombres, contacta asimismo violentamente con lo más profundo de nuestra manera de ser. Pocas aventuras más trascendentales en el mundo moderno que ésta de lanzar a la mujer masivamente al mundo del trabajo”.
Considera además, que la mujer no lo hace por gusto, sino por razones más prosaicas: “Pero no se trata, por lo general, de ninguna mística de la emancipación. Pura y simplemente, en la mayoría de los casos, son motivos económicos los que empujan a la mujer al mundo trabajador”.
E incluso le augura a la mujer un duro futuro: “El progreso técnico y el progreso social permiten en muchos sitios reducir la jornada de trabajo hasta límites insospechados hace algunos años, pero no ocurre lo mismo con la mujer trabajadora, sobre todo si es casada. Esta necesita añadir un plus de trabajo casero, muchas veces agotador, a su labor profesional”. Y se atreve a adelantar el futuro: “Las responsabilidades familiares pesaban –y siguen pesando y pesarán— particularmente sobre las espaldas de la mujer”.
El hombre y la mecanización hogareña
Pero Arteche advierte en 1962 las ventajas de la revolución tecnológica: “La maquinización de muchas labores del hogar es hoy una feliz realidad”. Y añade: “Puede que este aspecto haya derribado otro gran obstáculo. La mecanización hogareña destruye bastante imágenes del hombre considerado como señor inapelable de la casa. El hombre, al margen de ciertos quehaceres, está hoy obligado a participar de las labores de su hogar, sin sentirse por ello desvalorizado en lo más mínimo. Hay ciertas discriminaciones laborales que deben desaparecer en el seno de las familias. Un marido necesita de modo elemental ayudar a su esposa. Es obligado dar sentido a la mecanización del hogar”.
Era 1962. José de Arteche fue sin duda un adelantado a su época. La cuestión hoy, en 2008, es saber sin son muchos o pocos los atrasados a su época.
EIBAR Herriaren arima. Revista popular. Año 56 - Número 83
Rosario Iriondo, Angelita Zubia, Rosarito Goenaga, Begoña Zezeaga, Amaia Paredero, Juanita Albizu, Alizia Loiola y Joxepa Aurtengua (Elgeta), el 23 de mayo de 1954, en la despedida de soltera de una de ellas. Fue la primera generación que, en palabras de José de Arteche, "mecanizó el hogar".
Emakumeen bigarren aukera
Nere belaunaldikoen artean jazoten ari da gure gurasoei gertatu ez zitzaiena eta gure seme-alabek nekez ezagutuko dutena: emakumeen bigarren aukera. Gero eta gehiago dira 50-60 urteko emakumeak errebantxari ekin diotenak.
Gure gurasoen garaian senarrek izan zuten hil arterainoko aginte-makila eta emazteek ez zuten etxeko jaunaren erregetza sekula eztabaidan jarri. Honek ez du esangura etxekoandrea morroi hutsa zenik, emakumeek egoera hura bere kaxa gobernatzen asmatu zutela baino, itxuraz behintzat gizonari aurre egin beharrik gabe.
Oraingo senar-emazteak, berriz, hasiera beretik dira oreka berriaren jakitun eta jabe, elkarren lana zein agintea dezente banatua dute eta, asko botata ere, lantzean behin gizonak gizonkeriak egiten baldin baditu, gehiago da kaskarina delako, inongo erregea delako baino.
Baina nere belaunaldiko senar-emazteen artean, ostera, elkarren arteko bizitza epe bitan ari da banatzen. Batetik, gizona erretiratu artekoa eta, bestetik, jubilatu ondokoa. Lehen fasean etxeko jaun, kalezale, lagunzulo eta seme-alaben kontuetan ardurabako demasa izandako senarra; bigarren fasean, berriz, zeharo gizajotuta agertzen zaigu, aje guztiek jota, osasunez urri eta bizipozez buru makur, noiz emaztearen gonak aldamenetik aldegingo ote dion beldur.
Emazteak, berriz, ez du bere amaren etsipenik, ez eta alabaren zorrik ere. Oraindik ere gazte, buru argi eta larrosaren pare, etxeko pasilloan zehar senarrarekin topo egiten duen bakoitzean seguru pentsatzen duela: Zer egin behar ete jonat nik txorimalo honekin hurrengo hogei urtean¡
Bigarren txandaren aukera da, errebantxaren kanpai-hotsa. Emakumea soka-saltoan jarraitzeko gertu, kapitan pilotu, eta senarra medikuak galarazitako ezgauzatxoen amets, kantoiko eskale.
LA SEGUNDA VIRGINIDAD. El poder sexual de la mujer madura
Euskara, guztiona
Eusko Jaurlaritzak plazaratu ditu XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak. Laburtu beharraren beharrez, proposatzen zaiguna zera da: “Euskara euskal hiritar guztion ondarea da; eta, hain zuzen ere, guztiona denez gero, guztion artean erabaki behar dugu euskararen hizkuntza politika”.
Proposamen xinplea, logikoa eta edonork ulertzeko modukoa, nahiz eta gero, praktikan, denok onartu ez.
Izan ere, ondo dakizu entzule, hitzetik hortzera aipatu ohi dugula euskara Euskal Herriaren hizkuntza dela, euskal herritar guztiena... Baina gero, ostera, benetako erabakiak hartzerako orduan, zuk eta biok sarri hitzegiten dugu euskara euskaldunona bakarrik balitz bezala, euskararen etorkizuna euskaltzaleok baino erabaki behar izango ez bagenu bezala.
Hau da, euskara denona da, bai. Baita euskaraz ez dakitenena ere. Baina erabaki, euskaldunok erabaki beharko genuke batez ere, gu geu gara-eta euskaraz hitzegiten dugun bakarrak.
Auskalo horrela izan beharko ote lukeen, baina, horrela izatekotan, argi gera bedi gero zein jokotan sartzen garen. Ze, euskararen hizkuntza politika euskaldunon gustura eta neurrira egin behar badugu... ez ondoren euskararik ez dakitenei laguntzarik, elkartasunik edo inplikaziorik eskatu.
Eta hori gertatzen den egunean... gureak egin du.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.05.06

