Amatiño
Asmatu
Euskal zientzilari ezagunari leporatzen zaio esaldi hau: “Euzko Alderdi Jeltzalea da han-hemenka nora ezean aritu ostean une erabakigarrietan beti asmatzen duen alderdia”.
Auskalo egia den ala ez, baina EAJk asmatu egin zuen 1917n (Lausana), 1932n (Aberri Eguna) edo 2005an (Konstituzio Ituna), Europaren aldarria egin zuenean. EAJk asmatu egin zuen 1936an, Frente Popularrarekin batera eskuinaren kontra jaiki eta, faxismoaren eta demokraziaen artean, demokraziaren alde egin zuenean. Agirre lehendakariak esan bezala: Nos culparán de nuevo según les toque el turno. No importa... Hemos luchado entre la libertad que queremos alcanzar como nuestra y la revolución que, entorpeciendo su logro, es ajena a nosotros.*
EAJk asmatu egin zuen 1977an, Txibertan, ETAri aurre egin eta euskal gizartea erakundetzearen erronkari ekin zionean. Asmatu zuen bezala 1979an, Gernikako Estatutua negoziatzeaz gainera, zenbaitek zaharkitutzat gutxietsitako kontzertu ekonomikoa burujabetzaren zutabetzat aldarrikatu zuenean.
EAJk asmatu egin zuen 1986an, barne-zatiketaren osteko abertzaletasun sabindarraren kriseiluari eutsi zionean. Eta seguru gero Iñigo Urkulluk erabat asmatu zuela azken Aberri Egunean, inork zer esango zain egon barik EAJk euskal gizartearen ardatz izaten jarraitu nahi duela argitu zuenean.
Zer gerta ere, eskarmentu handia du EAJk. Ondotxo daki jendeak noiz erantzun dion eta noiz ez. Eta jendearen onespena lortzeko formula asmatzeko historia errepasatu besterik ez dago. Historiarik ez duenari ezin zaio atzera begiratzerik eskatu. Baina historia arrakastatsuaren jabe denari nekez barka dakioke bere aurrekoen ondareari muzin egitea.
Deia, 2008.03.30
* José Antonio Agirre. Entre la libertad y la revolución, 1930-1935. Bilbao, 1935

ERABAKI EGOKIAK