Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2008 Martxoa

Artxiboa Martxoa 2008

Asmatu

Euskal zientzilari ezagunari leporatzen zaio esaldi hau: “Euzko Alderdi Jeltzalea da han-hemenka nora ezean aritu ostean une erabakigarrietan beti asmatzen duen alderdia”.

Auskalo egia den ala ez, baina EAJk asmatu egin zuen 1917n (Lausana),  1932n (Aberri Eguna) edo 2005an (Konstituzio Ituna), Europaren aldarria egin zuenean. EAJk asmatu egin zuen 1936an, Frente Popularrarekin batera eskuinaren kontra jaiki eta, faxismoaren eta demokraziaen artean, demokraziaren alde egin zuenean. Agirre lehendakariak esan bezala: Nos culparán de nuevo según les toque el turno. No importa... Hemos luchado entre la libertad que queremos alcanzar como nuestra y la revolución que, entorpeciendo su logro, es ajena a nosotros.*

EAJk asmatu egin zuen 1977an, Txibertan, ETAri aurre egin eta euskal gizartea erakundetzearen erronkari ekin zionean. Asmatu zuen bezala 1979an, Gernikako Estatutua negoziatzeaz gainera, zenbaitek zaharkitutzat gutxietsitako kontzertu ekonomikoa burujabetzaren zutabetzat aldarrikatu zuenean.

EAJk asmatu egin zuen 1986an, barne-zatiketaren osteko abertzaletasun sabindarraren kriseiluari eutsi zionean. Eta seguru gero Iñigo Urkulluk erabat asmatu zuela azken Aberri Egunean, inork zer esango zain egon barik EAJk euskal gizartearen ardatz izaten jarraitu nahi duela argitu zuenean.

Zer gerta ere, eskarmentu handia du EAJk. Ondotxo daki jendeak noiz erantzun dion eta noiz ez. Eta jendearen onespena lortzeko formula asmatzeko historia errepasatu besterik ez dago. Historiarik ez duenari ezin zaio atzera begiratzerik eskatu. Baina historia arrakastatsuaren jabe denari nekez barka dakioke bere aurrekoen ondareari muzin egitea.

Deia, 2008.03.30

   Jose Antonio Agirre

* José Antonio Agirre. Entre la libertad y la revolución, 1930-1935. Bilbao, 1935

Amatiño 2008/03/30

Sydneyko Aberri Eguna

Urtero ohi denez, Aberri Eguna ospatu da aurten ere Sydneyen eta hainbat lagun bildu Centennial Parkearen larre eta zuhaiztietan. Besteak beste, bertan izan ziren Carmen eta Xabier Iriondo senar-emazte eibartarrak ere.

Ideologia guztien gainetik eta euskal jatorri guztien azpitik, euskaldunen  bilera-eguna izan ohi da Berpizkunde Igandeko Aberri Eguna. Sydneyko “Gure Txoko” Euskal Etxeak antolatua, aurten ere ez da euskal girorik falta izan, ez haragi (saltxitxak eta solomoa) eta lukainka errerik, ez ardo eta garagardorik, ez sokatira txapelketarik, ezta Pasko Arrautzarik ere. Bazkalostean, berriz, gizonezkoak musean eta emakumeak briskan. Musikaz ere denetarik, herri-doinuak zein hard rocka, baina beti ere euskal jatorrikoa.

Aipagarri erretegian David Mendietak eta Pilar Morcillok ehundaka lagunentzat egindako sukalde-lana eta aipagarri ere, bertaratu ziren hogei inguru neska-mutikoez gainera, Brisbanen bizi diren Carmen eta Xabier Iriondo senar-emazte eibartarrak eta Sydneyen ikasketak egiten ari den Antton Berrizbeitia durangoar gaztea. Baita Jose Lasa, Rafael Alegria, Jagoba Landa, Elena eta Angel Alkala eta abar luzea ere.

Informazio hau Karlos Orue Euskal Etxearen lehendakariari zor diot eta, bereziki, Amaia Urberuaga adiskideari. Amaia Australian jaioa da eta 1972 urtean euskalerriratu zen estreinako euskaraz eta ingelesez baino ez zekiela. Buru belarri ahalegindu zen Munduko Telebista Publikoen Kongresoa Donostian eratu zedin 1996ean, eta baita berari esker lortu ere. Azken bi urteotan etenbako Australia galant eta garauan zehar bizi da karabana batean, Max txakurra lagun duela. 50.000 kilometrotik gora egin ohi ditu urtero han-hemenka, nahiz eta negua Townsvillen (Queensland) igaro.

Sydney 1
 Xabier eta Carmen eibartarrak

Sydney 2
 Centennial Park     

 

Amaia Urberuaga        

Amatiño 2008/03/28

Opulence underwired basque

“Basques” hitzari buruzko irudi bila hasi googlen eta, harrigarri zein ugari agertzen diren emakume lirainak barruko arropa hutsetan. Haritik tiratu eta, behin eta berriz estilo bereko kortse edo gerruntze aukera handia eskaintzen du sareak, gustu guztientzako eraz, moldez, kolorez, neurriz eta prezioz. Beti ere ingelesez noski. Zer ote da ba “basque”?

Irudi bakarrak mila hitz baino gehiago balio omen du eta, kasu honetan behintzat, askoz ere errazago suertatzen da basque arropa-motaz jantzitako neskak topatzea, basque hitzaren beraren esangura zehatzaz jabetzea baino.  Edozenbat hiztegitan buru-belarri miatu ondoren, hona argipide bakarrenetakoa: Basque =  a tight-fitting bodice for women. Alegia, emakumeentzako gerruntze, korpiño edo kortse erabat estua. Hona, nonbait,euskal janzkerak  kultura anglosaxoiari egindako ekarpen ezezaguna edo.

Esan bezala, aukera-maukera nahi bestekoa da. Zuzenean Basques  deritzan katalogoan nahiz lentzeria finean, kortseetan, farfailetan edota sexy estiloan, ezin esan behintzat non eta zer hautatu ez dagoenik. Modeluen hainbat izen ere, irudimenik geldoena suspertzeko bezainbatekoak: Venus basque, Eve basque, Versaille basque, Confidence basque, Chains of love basque... zein baino zein limurgarriagoak. Eta internautentzat, berriz, aproposena edo: Opulence underwired basque.

Rigby & Peller - Opulence underwired basqueOpulence underwired Panache - Venus basqueVenus basquePour Moi? - Confidence basqueConfidence basque

Basques

We have a range of stunning and affordable basques, crochet rose lace basques, satin lined cups, boned, and hook & eye back basques. Most of our basques include the g-string, and all are free UK delivery, normally our basques are delivered within 7 days of order. Click on the lingerie link above or the link in this paragraph to see our range of elegance basques.

 

 

Amatiño 2008/03/27

Biharamuna

Aurreko igandean Aberri Eguna izan genuen. Segurutik gutako bakoitzak bere iritzia izango du Aberria zer den laburbiltzeko orduan baina, behar bada, nekez bere sortzailearena baino definizio zehatzagorik. “Euskotarren aberria Euskadi da” esan zuen Sabino Aranak. Euskotarren aberria, alegia, ez abertzaleena soilik.

Egun gutxi gero urte guztian zehar, Aberri Eguna baino adierazgarriagorik, abertzaletasunaren zailtasunak zertan diren agirian jartzeko. Batetik, alderdi abertzaleen batasunik ezaren ispilu nabarmena da Aberri Eguna. Eta, bestetik, euskal gizarteak abertzale izateko dituen zailtasunen ezaugarri.

Hegoaldeko euskotar askorentzat behintzat, Aberri Eguna bospasei jai-egunen baitan murgiltzen zaigu, zeinetan opor-giroa gu guztioez jabetzen den eta gure gizartearen oinarrizko ardurak eta lehentasunak ez diren konpromisorik sakonenen seinale.

Igandeko Aberri Eguna tarteko, euskotarrik gehienontzako ia astebeteko jaiaren ondoko biharamuna izango da gaurko astegun buruzuri hau. Ez da holakorik Europa guztian, panderetadun Espainian zehar edo izan ezik.

Zenbaitek esango du Aberria eta abertzaletasuna hori baino gehiago direla. Bai, jakina hori baino gehiago direna, baina baita hori ere. Ez gero sekula ahaztu.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.03.25

Amatiño 2008/03/25

Naziobako estatua

Ezagutu ezagutzen ditugu nazio bakardun nahiz nazio askodun estatuak, baita estatubako nazioak ere. Baina, ba al da inon naziorik gabeko estaturik?

Urrunegi joan barik, Espainian zein Frantzian milioika hiritar dira euren burua abertzaletzat ez dutenak eta identitate-kontuak jende “baserritar” samarrari bizkarreratzen dizkiotenak. Ez dira antza konturatzen abertzaletasuna eta nazio-nortasuna aldarrikatu beharrik gabeko normaltasun hori euren abertzaletasunaren eta nortasunaren monopolioa besterik ez dela.

Daniel Innerarityk (El Nuevo Espacio Público. Espasa Calpe, 2006) salatu bezala, liberalismo klasikoari leporatu dakiokeen akatsik larrienetakoa zera da: gizabanakoen arteko berdintasunaren aldarria egin arren, ez dela gauza izan ohartzeko gizabanakoen berdintasuna egia izan dadin beharreko dela gizabanakoen talde, kultura eta lurraldeen berdintasuna ere betearaztea. Hau da, gizabanakoen berdintasun soila baino defenditzen ez bada, erabat zigortuak gelditzen direla minorien talde, kultura edo lurraldeen aldeko postura egiten duten hiritarrak.

Filosofo bilbotarraren ustez, arazo hau konponduko bada, ezinbestekoa izango da orain arteko espazio publikoaren ustezko unibertsaletasun eta neutraltasuna birplanteatzea, orain indarrean dagoena erabat unibertsala eta neutrala ez delakoan.

Hau da, modernitateak erlijioa eta espazio publikoa bereizi eta estatu konfesionala gainditu zuen bezala, behar beharrezko dela estatua eta nazioa ere elkarrengandik aldentzea eta, beraz, estatu konstituzionala eta nazionalitatea  bereiztea: fede edo sinesmen-esparruan ezezik, nazio eta nortasun-alorrean ere “laikua” izango den estatu modernoa alegia.

Deia, 2008.03.24

 Daniel Innerarity EL NUEVO ESPACIO PUBLICO

Amatiño 2008/03/23

Euskaldunak eta balearen arrantza

"Natura" telebista kateak euskal balea-arrantzaleei buruzko erreportaia eskaini du asteburu honetan. Alegia, Selma Huxley-Barkham ikerlariaren eskutik Kanadako ekialdean egindako azterketen berri. Honelako erreportaiak ezagun samarrak dirateke ETBn, baina berebiziko garrantzia dute nazioarteko emanaldietan.

Selma Huxley-Barkham historilariak Kanadako Artxibo Publikoen mandatua jaso zuen 1971an Espainiako agiritegietan aurkitu zitzakeen dokumentuak bildu eta mikrofilmatzeko, eta horrela heldu zen Oñatira. Ustekabean hainbeste agiri aurkitu zuen eze, Oñatin bertan kokatu zuela bere bulegoa. Geroztik, haren lan-emaitza izugarri oparoa izan da eta, Iñaki Zumaldek esan bezala: “Cuando en lo sucesivo se trate de la historia de los balleneros vascos en Canadá será obligado decir: antes y después de lo aportado por Selma Huxley”.

Nere aparteko amari esker, hogei urte kunplitu aurretik irakurri nuen nik Mariano Ciriquiain-Gaiztarroren “Los vascos en la pesca de la ballena” (Biblioteca Vascongada de los Amigos del País. San Sebastián, 1961”.  Liburu izugarri polita eta irakurgarria, gaur egungo zenbait adituren iritziz hainbat akats eta oker omen dituen arren. Baina, jakina, Zumaldek esan bezala, Selma Huxley-ren azterketen aurrekoa da, ezin bestean. Nere amak 125,- pta. ordaindu zuen liburuarengatik. Orain, berriz, 30 eurotan dago salgai, liburu zaharren artean.

Behar bada, gai honetaz zabalkunde-libururik landuenetakoa Itsasoa. El mar de Euskal Herria. La naturaleza, el hombre y su historia  (Etor-Ostoa, Donostia, 1992) da, egileen artean Selma Huxley bera tarteko delarik beste zazpi ikertzailerekin batera. Baita Eusko Jaurlaritzak Amerika eta Euskaldunak sortaren baitan argitara emandakoa ere, alegia: Agustin Azkarate, Jose Antonio Hernández eta Julio Núñezen “Balleneros Vascos del siglo XVI. Estudio arqueológico y contexto histórico. Chateau Bay, Labrador, Canada. (Vitoria-Gasteiz, 1992).  Eta, euskaldunen balea-arrantzaz bereziki, Jose Antonio Azpiazuren  Balleneros vascos en el Cantábrico” (Ttarttalo argitaletxea, Donostia, 2000).

Horrez gainera, aipagarri wikipediak gai honetaz eskaintzen dituen loturak eta bibliografía, "Balleneros vascos" deritzan sarreran.

Natura nazioarteko telebista-katearen erreportaiak esan bezala, balearen inguruko historia, arkeologia eta etnografia turismoaren erakargarri dira gaur egun  Red Bay, Saint-Pierre-et-Miquelon eta beste hainbat lekutan. Hain zuzen, euskaldunen eskuartzearen  adierazgarri, azken hiri honen banderak euskal ikurrina biltzen du bere baitan.

Flag of Saint Pierre and Miquelon              Saint Pierre eta Mikelune                    Coat of arms of Saint Pierre and Miquelon

Amatiño 2008/03/18

Emakumeak Errepublikaren kontra, omen

Emakumeen Eguna ia ezkutuan joan zaigu, martxoaren zortzia Arrasateko erailketaren biharamuna eta hauteskunde-bezpera izan zen-eta. Hala ere, merezi du gogoan hartzea, aurten hirurogeita hamabost urte baitira emakumeak boto-eskubidea bereganatu zuena.

Ez pentsa gero emakumeen botoa erabakitzeko orduan alderdi eta emakume guztiak alde agertu zirenik. Gehienek uste izan zuten, euren botoa eskuindarra izango zenez gero, emakumeek arriskutan jarriko zutela Errepublikaren etorkizuna. Horrela, bere burua aurrerakoitzat zuen hainbatek kontra egin zuen. Esaterako, Indalezio Prieto sozialista, Victoria Kent feminista eta Pio Baroja liberala emakumeen botoaren aurka azaldu ziren.

Lauaxeta poeta abertzaleak ere,  emeen sentsibilitatearen jabe izan arren, ez zuen nonbait garbi ikusten, bertso hau burutu zuenean:

Ludira etorri gara, uso-antzo zeu, urrumarako. Leoi-antzo, neu, gudatarako.

Hau da, emakumea urrumakoak egiteko eta gizonezkoa, berriz,  borrokarako.

Baina, azkenean, baiezkotan azaldu ziren gehienok, emakumearen boto-eskubidea Errepublikaren gainetik jarriz. Eta, kontra, ostera, ezkerreko errepublikarrak eta radikalak, Errepublikaren interesak emakumeen eskubideak baino garrantzitsuagoak zirelakoan.

Bai, orduan ere baziren pertsonen eskubideak interes politikoen gainetik jartzen zituztenak eta, alderantziz, aberriaren interes politikoa pertsonen oinarrizko giza-eskubideen aurretik ipintzen zituztenak.

Beraz, zaharra berri.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.02.18

     Indalecio Prieto        Pío Baroja        Victoria Kent       

        

Amatiño 2008/03/18

Politika? Bai, jakina

Zenbaitek dio ez dela ETAren zain egon behar politika egin, hitzarmenak adostu eta erabakiak hartzeko. Beste hainbatek dio, ostera, ETAk armetan jarraitzen duen artean, ez dagoela herri-galdeketa egin eta marku juridikoa aldatzerik.

Zalantzarik ez, jakina, ETAk ez duela politikagintza eragotzi behar. Baina hau ez da berria, 1976tik dihardugu-eta politika egiten. Urtero dugu hauteskunderen bat; parlamentuak, foru-biltzarrak eta udal-batzak lanean ari dira eta euskal gizarteak funtzionatu egiten du. Kontua da, ordea, egoera honetan marku politikoa aldatzearen proposamena zilegi den bezala, zilegi ere dela ETAk dirauen artean halakorik egiterik ote dagoen zalantzan jartzea.  Hiru arrazoirengatik.

Batetik, 1979an erabaki zen erreferendumez marku politikoa aldatzea eta historiak frogatu du ETAri ez zaiola ardura. Gaur egun ez dago arrazoirik pentsatzeko oraingoan herri-galdeketan erabakitakoa ETAk onartuko lukeenik. Orain ere ETAk esan lezake ez direla bere aldarriak betetzen eta... lehengo lepotik burua.

Bestetik, litekeena da sozialisten  eta popularren onespenik izan ez arren marku aldaketaren proposamena herri-galdeketan onartzea. Baina Estatuak proposamen hori onargarritzat joko ez lukeenez, aitzakia ezin hobea ETAk borroka armatua justifikatzeko. Eta, hirugarrenik, ezin gero ahaztu ETAren eskutan geratuko litzatekeela harako proposamena Eusko Legebiltzarrak onartzea ala ez, EHAKren botoek erabakiko lukete-eta.

Honek ez du esangura, baina, bai euskal alderdiok eta baita euskal zein espainiar erakundeek ere elkarrekin bildu, adostu eta politika egin behar ez dutenik. Hain zuzen, harreman hori da ETAk sekula eragotzi beharko ez lukeen politika.

Deia, 2008ko martxoaren 17an.

Amatiño 2008/03/16

Apenas queda ya trigo en Eibar

Seguro que no es posible conservarlo todo. Hay que saber discriminar. Hay que saber distinguir entre el trigo y la paja. Alguien decidió que el emblemático edificio de Alfa era paja.

Es evidente que los valores cambian. Asistimos a una generación incapaz de comerse un yogurt caducado un par de horas antes, pero dispuesta a comprar gusanitos a los críos con tal de que se callen. Toda una población se puede soliviantar por la instalación de una planta energética de última generación que contamina menos que las hogueras de San Juan, pero nadie reacciona por el derribo de un edificio catalogado por su valor histórico y artístico. ¡Total, para lo que sirve!

El arquitecto Iñaki Uriarte ha calificado de hecatombe el derribo de Alfa. Según este arquitecto bilbaíno es incompresible cómo no hubo una sublevación social ante lo que significaba la pérdida de un símbolo como Alfa, tanto más tratándose de una empresa que ha sido el sustento de muchas personas, en un edificio correctísimo que está clasificado entre los 21 mejores edificios del Docomomo ibérico.  Efectivamente, Alfa era una de las joyas del patrimonio industrial vasco. Era el buque insignia, era... era...

Y no es porque nadie lo supiera. En marzo de 2002,  cerca de treinta arquitectos de la organización Docomomo Ibérico (Documentación y Conservación del Movimiento Moderno) vinieron a Eibar para conocer in situ el sistema urbano eibarrés en el que conviven fábricas, viviendas, calles y plazas.  Tal como dijeron entonces, en Eibar y su entorno hay arquitectura industrial de calidad, que debe mucho y aporta mucho a la arquitectura del Movimiento Moderno.

Tras la visita, el grupo de arquitectos especializados acordó incorporar al Registro de Estructuras Industriales de la Comunidad Autónoma Vasca y Navarra reconocidos edificios eibarreses como El Casco, Aurrera, Beistegui Hermanos, Leonardo Azpiri y Alfa. En total fueron 25 los edificios catalogados en Alava, Bizkaia, Gipuzkoa y Navarra, y de ellos los cinco localizados en Eibar e incluidos concretamente en la corriente “Continuidad del Racionalismo de anteguerra, 1937-1950”.

Las joyas de la arquitectura industrial

La empresa El Casco nació en 1920, en la calle Ardanza, como fabricante de revólveres de gran calidad, pero diez años más tarde se inició en la producción de artículos de papelería y el conjunto arquitectónico --constituido por la fábrica y el edificio de viviendas de estilo neo-herreriano--  se construyó, en su actual ubicación, entre 1945 y 1947.

Beistegui Hermanos surgió en 1913, también como fabricante de armas, concretamente de pistolas tipo Mauser, si bien hacia 1929 pasó a la producción de bicicletas y, a partir de 1955, también de motocicletas. El edificio catalogado, ubicado en el Paseo de Urkizu, se construyó en 1938, y fue la sede central de BH hasta su traslado a Gasteiz-Vitoria en 1959.

Ocho años antes de su marcha a Vitoria, en 1951, la propia empresa Beistegui Hermanos amplió sus instalaciones construyendo en el mismo Paseo de Urkizu, entre Arragueta y Bidebarrieta, un nuevo edificio que en 1963 lo adquirió Leonardo Azpiri para dedicarlo, en su mayor parte, a la actividad de fontanería.

La fundición Aurrera comenzó a construirse en 1940. La propia fundición tuvo siempre la entrada por la antigua calle de Fundidores, actual Urtzaile kalea, si bien el edificio de oficinas --y sigue teniendo-- acceso por la esquina de Bidebarrieta.

Finalmente, Alfa, considerada como el buque insignia de la industria eibarresa, nació en Vista Alegre, en 1920, como Sociedad Anónima Cooperativa de Producción de Armas de Fuego, si bien cinco años más tarde fabricaba ya las primeras máquinas de coser, en el Paseo de San Andrés. En 1940 se reconvirtió en Máquinas de Coser Alfa, S.A. y en 1957 inauguró su emblemática fachada modernista, con espacios diáfanos, escaleras palaciegas y amplísimo salón multiuso. En 2004 fue demolido y pasado al archivo fotográfico de “te acuerdas...”

Seguro que no es posible conservarlo todo. Hay que saber discriminar. Hay que saber distinguir entre el trigo y la paja. Alguien decidió que el emblemático edificio de Alfa era paja.

EIBAR, revista popular. Núm. 82. 2008ko martxoa.

 

Alfa
 
             
BH
 

 
 

 Edificios de Alfa (1951) y BH (1957). Archivo Municipal de Eibar.

Movimiento Moderno

Corriente arquitectónica aparecida en las primeras décadas del siglo XX, que marca una ruptura radical con las formas compositivas tradicionales. Se caracteriza por sus plantas y secciones ortogonales, la ausencia de decoración en las fachadas, y los grandes ventanales horizontales divididos por perfiles de acero. Por extensión se conoce como movimiento moderno a todas las artes que aparecen después de las vanguardias históricas y hasta los años 90 del siglo XX.

La arquitectura racionalista del movimiento moderno se caracteriza por la desornamentación decorativa, la sinceridad de los materiales y los volúmenes de geometría perfecta, cubos y prismas cuadrangulares. La forma es consecuencia de la función. El racionalismo colabora con las nuevas tecnologías y se sirve de ellas, de la industria, y ayuda a optimizar el precio del suelo en los países capitalistas…

Amatiño 2008/03/11

Igandeko mezua

Euskal abertzaletasunak bere buruaz beste egin nahi baldin badu, ez du igandeko emaitzen mezuari ez ikusi egin baino.

Igandeko hausteskundeen emaitzek zer aztertu asko eskaintzen digute. Baina nik, hurrengo minutuan, puntu bat baino ez dut nabarmenduko.

Izan ere, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak hurrengo lau urteetan Diputatuen Kongresuan izango dituzten hamazortzi ordezkarietatik, bederatzi Alderdi Sozialistarenak izango dira, sei Eusko Alderdi Jeltzalearenak eta hiru Alderdi Popularrarenak. Eta Nafarroako emaitzak ezarriez gero, berriz, guztira Hegoaldean, Alderdi Sozialistak hamaika, Alderdi Popularrak bost eta abertzaleak zazpi.

Hau da, Ipar Irlanda gogoratuz zenbaitek horren gustuko duen terminologia erabiliez gero, unionistak hamasei eta nazionalistak zazpi. Hamasei – zazpi, beraz.

Hainbatek esango du mapa politiko hau ez dela egin daitekeen bakarra, jakineko momentu batean Espainiako hauteskunde orokorretako emaitzak besterik ez direla eta euskal biztanlegoa hori baino anitzagoa eta konplexuagoa dela.

Ba... bai. Nik ez diot euskal gizartea igandeko emaitzek adierazi baino anitzagoa eta konplexuagoa ez denik. Esangura dudan bakarra, hain zuzen, zera da: zenbait aldarrikapen abertzale egiteko orduan ez dagoela, inondik ere, igandean hauteskundeak irabazi zituztenen aniztasuna eta konplexutasuna ahazterik.    

Alegia, beste modu batez esanda, euskal abertzaletasunak bere buruaz beste egin nahi baldin badu, ez duela igandeko emaitzen mezuari ez ikusi egin baino.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.02.11

 

Amatiño 2008/03/11

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04