Artxiboa Urtarrila 2008
Eta Jaionek gizon egin ninduen
Hamazazpi urte besterik ez nituen Jaione ezagutu nuenean. “Ezagutu” diot, elkarrekin ordu erdi eskas baino egon ez baginen ere. Aldez aurretik egindako zita zen, harreman profesional hutsa, ordaindu beharrekoak ordaindu eta kitto.
Harrez gero ez natzaio gehiago itzuli, geroztik ez dut berriro ikusi, kalean elkarrekin topo egingo bagenu ere, ez nuke nik neuk ezagutuko eta, segurutik, ezta berak ni ere. Izan ere, niretzat Jaione lehena –eta nolabait azkena— izan zen arren, zenbat nilako izan ote ziren berarekin nire aurretik eta, zer esanik ez, zenbat ote ondoren, ez baitira ordutik hona berrogeita bost urte luze alferrik pasatu.
Ezin gero asmatu nondik nora ibili ote den Jaione azken berrogeitaka urteotan. Bizi bada behintzat, honez gero hirurogeita hamar onak izango ditu-eta. Ez du, jakina, orduan bezain trinko eta lerden jarraituko baina, behar bada, heldutasunari esperientzia darionez, erakutsi zizkidan abileziak igarriko zaizkio oraindik ere.
Zenbaitek besterik pentsa lezakeen arren, Jaionez geratu zaizkidan oroitzapenak sentsukoiak dira gehienbat. Bere eskuak ditut batez ere gogoan. Atzamar arinak zituen oso, eta azal finekoak. Bekokitik hasi eta kokoteraino, inondik ere itxaro ez nituen fereka goxoak egin zizkidan eta emakumetara batere ohiturik ez zegoen nire gorputz gazte harek izugarrizko hotzikarak sentitu zituen bizkarrezurrean zehar.
Zita hartarako erabakia ez zen berehalakoa izan. Aspaldi samarretik ari nintzen joateko irrikaz, nire nahi eta ezinak argitu nahian, nire malurak lehertu gurarik, nire obsesioak zuritzeko asmotan, nire konplexu hasiberriak uxatzeko ahaleginetan, nire ezkutuko grinak plazaratzeko desiotan, deskubritu beharrekoak deskubritzekotan. Lagunminak eman zidan Jaioneren berri: “emakume horrek bajakik kontu horretan, bidia erreztuko deuk eta ez dok bape garestixa. Gainera, ez jok inork jakingo”.
Eta joan nintzen joan, arratsaldeko hirurak inguruan, ezohiko orduan, lotsaren lotsaz erdi ezkutuan, praka luzeak estreinatu berriak zituen gazteak sekula igaro behar ez zukeen atari hartara ate joka. Jaionek berak panpoxa asko ireki zidan atea eta, zuzen zuzenean, erreserbatura eraman ninduen, “beste gela horretan emakume asko dago-ta”. Bost minutu besterik ez zuen behar izan, egin beharrekoak egin eta lehen diagnostikoa adierazteko: “Seborrea¡” Ay ama, zer ote?
Jaioneren ustetan bi aukera baino ez nituen: ala etenbako sufrezko tratamendu lokala, burua urez ahalik eta gutxien garbitu eta bizi guztirako txerrikiak jateari agur esan... ala arazoaz ahaztu, egunero dutxatu eta jan-edanari normal eutsi. Lehenengo erabakiaren ondorioz, aitondu ere aitonduko omen nintzen ile dezente eta guzti; bigarren bidetik, ostera, hogeita hamar urte kunplitu aurretik erabat burusoilduko nintzela segurtatu zidan. Lehenak konplexuz beteriko ilearen morroi egingo ninduen. Bigarrenak, berriz, denbora baino lehen gizonduko, agian.
Hura izan zen emakume-ileapaindegira joan nintzen lehen eta azken aldia. Seguru asko sekula egin dudan kontsultarik errentagarriena. Geroztik ez dut gizonezkoenetara ere joateko premia handiegirik izan.
Oharra: 1997ko abenduaren 14an, Errioxako Laguardian, Euskadiko Burusoil Umoredun Elkarteak bazkide egin ninduen eta “Lehen mailako busoila” domina eman, Jose Antonio Bastegieta “Marko” lehendakariaren eskutik. Jaione ere bertan izan zen, bihotzondoan bederen.

Nafar Diputazioaren euskararen aldeko aldarria
Eskola-maisuak euskaldunak izan zitezen txostena onartu zuen Gipuzkoako Diputazioak 1895eko azaroaren 12an. eta erabakiaren berri eman Araba, Bizkai eta Nafarroako Diputazioei, azaroaren 25ean. Nafarroakoak 1896ko urtarrilaren 11an. erantzun zion, onespena, laguntza eta elkarlana eskainiz: “Si V. E. lo estima así y prestan su apoyo las Diputaciones de Alava y Vizcaya, podrían desde luego iniciarse las gestiones colectivas”.
Nafarroako Diputazioaren izenean Gipuzkoakoari bidalitako erantzuna Ramón Eseverri lehendakari-ordeak (nafar kargurik altuena, diputazio-presidentea espainiar gobernuak izendatutako gobernari zibila zen-eta) sinatu zuen eta Fontes Linguae Vasconum aldizkariak argitaratu (Instituto Príncipe de Viana, mayo-agosto 1979).
Gutuna ez da kortesiazko erantzun hutsa, hamar mila karaktere inguruko dokumentu konprometitua baizik, non orduko nafar agintaritza gorena Nafarroako hizkuntza-historiaz jabetu, euskararen garrantzia azpimarratu, hizkuntza-eskubidea aldarrikatu eta gainerako hiru diputazioekin batera elkarrekin jokatu beharra aitortzeaz gainera, Estatuaren jarrerak zein izan beharko lukeen adierazten ere ausartu zen.
Historia aipatzerakoan, Nafarroako Diputazioak bere egiten du Antso Jakitun erregek aipatutako “lingua navarrorum” esaldia, ohorezko nafartzat aldarrikatzen ditu Etxepare eta Axular idazleak eta harro asko gogoratzen du sekula izan omen den lehen euskal olerki-lehiaketa Iruñean eratu zela, 1609 urtean, Nafarroako Errege Kontseiluak ordaindua.
Euskararen garrantzia aipatzerakoan zera dio gutunak:
Cada pueblo tiene el suyo (idioma) que expresa su conciencia colectiva. Con él habla el hombre á su madre, á su esposa y á Dios. Resuena en el hogar y en la plaza pública, comunica los afectos familiares y expone los arduos negocios del Estado. Es la cadena de oro que une á las generaciones: es la tradición viva. Representa la voz de la sangre que llega desde los remotos ascendientes á los tiernos nietezuelos. Perder la lengua propia es abrir un abismo infranqueable entre los progenitores y los descendientes, rasgar la trama de la conexión social e histórica, desnaturalizarse y cambiar de alma.
Eta Estatuak zer egin beharko lukeenaz edo, hobeto esan, zer egin beharko ez lukeenaz:
El pueblo vasco-navarro, como todos los pueblos del mundo, tiene derecho perfecto é indiscutible á su lengua. La raíz de este derecho se halla en la personalidad humana que las leyes han de respetar y mparar. El idioma particular, rasgo capitalísimo y distintivo de esa personalidad y medio preordenado á su proyección en el espacio y el tiempo, lo ha recibido el hombre de manos de la naturaleza y constituye un bien del individuo y de la comunidad social más íntimo y sagrado que la propiedad civil en todos los pueblos respetada. La ley que se interponga entre el pensamiento y la manifestación natural de él invade la esfera espiritual y libre de la idea, destruye el estatuto de la personalidad y merece el dictado de inicua. Si al hombre no le ha de ser dado hablar su idioma materno, preciso será confesar que carece de derechos y que el Estado es omnipotente.
Eta hizkuntza-eskubideei buruz, berriz:
En un orden de consideraciones más amplio, el Estado que se arrogue la facultad de asegurar la preponderancia de una de las lenguas regionales, aunque sea la más extendida dentro de la nación, con perjuicio de las demás, cuyo aniquilamiento persigue conjuntamente, ora invoque el provecho de la común cultura, ora una mal entendida unidad mecánica y externa, se rebaja á instrumento de hegemonías injustas y causa notorio agravio á la hermandad nacional .
Nafarroako Diputazioaren gutunari darionez, badirudi Gipuzkoan maisu-maistren izendapena Diputazioari zegokion arren, Nafarroan udalen ardura zela. Hala ere, ez zela hori elkarrekin aritzeko gainditu ezinezko arazo izango aurreratu zuen Ramón Eseverrik lehendakari-ordeak; baita, bide batez, Gipuzkoan onartutako txostena laudorio eta lausengu handiz onetsi ere:
No habrá de ser esto motivo para romper la unidad en la gestión de las Diputaciones hermanas. Con la fórmula adoptada, cualquiera que sea la autoridad revestida con el derecho de nombrar los maestros, autoridad que por fuero tienen aquí los Ayuntamientos, habrá de exigirse á las personas que hayan de regentar las Escuelas, como condición ineludible el conocimiento de la lengua vasca, que es precisamente la laudable y patriótica moción de V. E. Muestra con ejemplos copiosos, el informe aprobado por esa Corporación, que en las naciones cultas de Europa, han logrado las lenguas regionales, aquel respeto que nosotros tenemos derecho á obtener para el vascuence.
Era eta molde txukunak
Jean Haritschelharren omenetan, eta Iparraldeko erakundeekin Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmenaren inguruan, mugaz handiko jende ugari bildu zen orain hurrengo Bilboko egoitzan. Gertatua gertatu, onartu behar gero, Euskaltzaindia maisu dela protokolo kontuetan eta Iparraldeko euskaldunak, berriz, finak eta xarmangarriak kortesiazko moldeetan.
Hegoaldekook askoz ere baldarragoak garena gauza jakina da. Baina, behar bada, txarrena ez da zein zakarrak garen, gure zakarkeriaz zein lotsa gutxiz harrotzen garen baino, zakarra edo baldarra izateak nolabaiteko balio erantsia eskainiko baligu bezala.
Harrokeriaren harrokeriaz, gure artean inoiz aipatu izan dugu Iparraldeko euskaldunak horren finak eta goxoak direla... frantses samarrak omen direlako. Bapo. Baina guk ez dugu ostera sekula santan pentsatu gu honen baldarrak eta narratsak ote garen... español samarrak garelako.
Benetako euskaldun jatorrak xarmangarri ala narrats izan behar ote duen eztabaidatzen dugun bitartean, onartu beharko dugu Iparraldekoek guk baino apalago eta leunago hitzegiten dutela. Eta ez, behar bada, euskaraz guk baino txartoago hitzegiten dutelako, segurutik hobetoxeago egiten dutelako baizik.
Euskaldun arlotearen irudia gainditu beharra dagoen bezala, euskaldun baldarraren zabarkeria ere gailendu beharra dago. Norberaren hizketa lantzea, moldeak txukuntzea eta jendaurreko formak gordetzea ez da inondik ere ahuleria, konplejuak uxatu eta geure buruan gehiago sinestea baino.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.01.29
Vicinayk bizi nahi
Sabino Arana Fundazioak aurtengo sarietako bat eman dio Vicinay Kateak izeneko enpresari. Zer egiten ote duen Vicinayk?
Ba, izenak berak dioenez, kateak, baina ez nolanahiko kateak, ur gaineko petrolio-plataformak eusteko itzelezko kate galantak baino. Orain hurrengoko Katrina urakanak Mexiko golkoan hankaz gora bota ez zuen plataformak Vicinayren kateak zituen lokarri. Geroztik bere ospea zeharo sendotu da munduan eta merkatuaren %70a kudeatzen du.
Izen adierazgarria Vicinay, edozein egitasmori jartzeko modukoa. Ingelesez dituen Interneteko orrialdeetan ere, Vicinay izenak euskaraz zer esangura duen harro adierazten du enpresak: “want to be”, “want to live”.
Izen hau ez da publizista argiren bati otu zaion marka komertziala, antzinako euskal abizena baino. Izan ere, Otxandioko Vicinay familiak sortu zuen burdina eta altzairu tailerra orain 250 urte inguru. Gaur egun Deustun eta Galdamesen ditu lantegian, baita Norvegian, Erresuma Batuan, Ipar Ameriketan, Brasilen, Txinan, Singapurren eta Malaysian ere.
Berrehun eta berrogeita hamar urte enpresa sortu zela... ez dira gero artalak. Ez dut nik horren aspaldiko euskal enpresarik ezagutzen, zer esanik ez nazioarteko onenen artean. Eta harrigarriena zera da, oraindik ere, Vicinaytarren familiak jarraitzen duela nagusi izaten.
Zertan ote Vicinaytarren iraupenaren arrazoia? Auskalo gero, baina, zer gerta ere, tradizioa eta berrikuntza elkarrekin uztartzeko gaitasuna. Segurutik euskaldunok zertaz harrotu badugu, baina zein gutxitan harrotzen garen gero gure enpresen arrakastaz. Hala ere, guk gogoan ez izan arren, enpresak dira oraingo mundu globalizatuan euskal enbaxadorerik onenak.
Deia, 2008.01.28
Imanol Murua, bai baina
Imanol Murua kazetariak jaso zuen aurreko ostiralean "Argia" astekariaren aurtengo prentsa idatziaren saria. Ondo asko merezitako saria, batere zalantzarik gabe, euskal kazetari politikorik onenetakoa baita. Muruak ez zuen asmatu, ordea, saria jasotzerakoan egin zituen bat-bateko adierazpenetan.
Imanol Murua dugu 1980eko hamarkadan hasitako kazetari-andanaren ordezkaririk ezagunenetako bat eta, behar bada, euskal kazetari politikorik onenetakoa. Informatua, zehatza, euskal errealitatearen konplexutasuna ulertarazten saiatzen dena. Asmatuko du ala ez, baina nekez uka dakioke ahaleginik.
Hala ere, Muruak ez zuen asmatu saria jasotzerakoan egin zituen bat-bateko adierazpenetan. «Euskarazko prentsa bultzatzea delitua bada, gaizkile bati eman diozue saria» esan zuen Euskadi Irratiaren mikrofonoen aurrean eta, bereziki Egunkaria kasuko auzipetuak gogoratuz, ezarri: «Euskarazko egunkaria sortzeagatik eta bultzatzeagatik zigortu nahi dituzten hamabi lagunei esan nahi diet epaitzen dituztenean ni ere epaituko nautela».
Ez. Euskarazko prentsa bultzatzea ez da delitu, euskaraz ari diren kazetariak ez dira gaizkile eta euskarazko egunkaria sortzeagatik eta bultzatzeagatik ez dute inor epaituko. Imanol Muruak ulertarazi nahi izaten duen errealitatea hori baino konplexuagoa da. Eta berak badaki.
Honek ez du esangura auzipetuekin ez gaudenik, baina ez euskal kazetariak direlako, oinarrizko giza-eskubideak zor zaizkien hiritarrak direlako baino. Nik ez dakit Egunkariaren arduradunek iruzur ekonomikorik egin duten ala ez, baina txarrenean ere salaketa hori frogatu beharko da eta frogatuko balitz ere ez litzateke arrazoi aski izango enpresa ixteko. Ez, nik ez dut uste auzipetuak ETAren morroi direnik baina, balira ere, salaketa hori frogatu egin beharko litzateke, eta frogatuko balitz ere, erruak gizabanakoarenak izango lirateke eta ez egunkariarenak. Eta, txarrenean ere, enpresa osoa errudun suertatuko balitz ere, lehenengo frogatu egin beharko litzateke eta gero, akaso, enpresa itxi, baina ez lehendabizi itxi eta gero frogak aurkitzeari ekin.
Baina hau guztiau adierazi ondoren esan ere esan behar da Egunkaria ez zela itxi euskaraz zelako, Egin itxi ez zuten bezalaxe, gaztelaniaz zelako. Euskal errealitate politikoa hori baino dezente konplexuagoa da.
Egunkariaren zein Eginen kazetariek gu guztion elkartasuna merezi dute, ETAk erail, zauritu, erasotu eta mehatxatu dituen kazetari guztiek gu guztion elkartasuna merezi duten bezalaxe, euskaldunak zein erdaldunak izan, euskaraz nahiz gaztelaniaz aritu. Euskal gatazka politikoa ez da hizkuntza-arazoa. Euskarari egin dakiokeen kalterik handienetakoa, hain zuzen ere, euskara mozorrotzat erabiltzea da. Eta Imanol Muruak horrenbeste badaki.
Imanol Murua, ostiralean, "Argia" saria eskutan.
Eguzki ikurraren aztarrenak
"Joan ziren, joan, Jaengo Navas de Tolosara (1212) nafarrak, eta kateekin itzuli ziren etxera, eta kateak ekarri Herrira, eta kateak harmarrira" holaxe dio Joxean Artzeren poemak eta holaxe kontatu izan du nafar historia ofizialak, geroztik Tomas Urzainkik zalantza jarri duena. Bai, historilari honi jaramonik egingo badiogu, Nafarroako harmarriaren kateen historia asmakizun hutsa da, bai baitira 1212ko guduaren aurretik molde bereko kateak, Lizarrako San Migelen (1160), Chartreseko katedralean (1164) zein Iruñeko zenbait Biblia-erreprodukzio txikitan (1189).
Auskalo gero zein ote den Nafarroako harmarriaren jatorria baina, zer gerta ere, begi bistakoa da nafar kateek, euskal ikurrin sabindarrak eta krismoi erromanikoek erro berekoak ematen dutela. Lehenak, Antso Azkarrak Jaendik edo ekarritako kateak omen; bigarrena, Arana Goiri anaiek elkarren gainean jarritako gurutze bik osatzen dute; eta hirugarrena, Kristo zenaren monograma, X gehi P. Hiru ideia zeharo diferenteak behar bada, baina hiruron jatorrian zentzu berbereko ikurra segurutik: eguzkiaren ikurra.
Hiruron sinkretismoa edo, San Juan de la Peña (Huesca) monastegiko Errege Panteoian dago, XII. mendeko hilobi batean, nik dakidanez inon katalogatu gabeko eguzki-ikurrean hain zuzen, Iparraldeko edozein hilerritan batere nabarmenduko ez litzatekeena. Bertatik bertara ikusita, edozein abertzale sutsuri ikurrina gogoraraziko dio, nafarrei euren ezkutuaren adierazgarria eta kristauei, berriz, oinarrizko krismoia baino ez. Baina, ez bata, eta ez bestea. Antso Azkarrak XIII. mendean bereganatu omen zituen kateak (Navas de Tolosa, 1212), Arana anaiek ia zazpirehun urte geroago asmatu zuen ikurrina; eta adituek ez dute San Juan de la Peñako ikur hori bertako krismoien artean krismoitzat katalogatu.
San Juan de la Peñako (Huesca) Errege Panteoia, XII. eta XIII. mendeetakoa

Ezkerraldean krismoi erromanikoa, katalogatua. Eskuinean, berriz, katalogatubako kristaurreko eguzki-ikurra edo. Biak, elkarrekin, San Juan de la Peñako Errege Panteoian daude, beste hogeitaka hilobiren artean.

Beste bikote honetan, ezkerraldean Nafarroako harmarria, non Antso Azkarrak Jaengo Navas de Tolosatik ekarri omen zituen kateak agertzen diren eta eskuinean, ordea, Arana Goiri anaiek elkarren gainean jarritako gurutze biak.
Zornotzako Nafarroa Torrea
Aipagarri ere Zornotzako Nafarroa Torrearen harmarria, gaur egun Bilboko Euskal Museoaren klaustroan begi bistan dagoena. Izan ere, oraindik ere bada Zornotzan Nafarroa auzoa, non Nafarroa torrea zegoen eta, Juan Ramon Iturriza (Berriz, 1741-Munitibar, 1812) historilariaren esanetan: “Se hallaba edificada en el sitio donde estuvo plantada la mojonera del Reyno de Navarra, la cual arrancaron los vizcaínos de común acuerdo el 28 de enero de 1150”.
Egia esan, ez dut uste garai hartan nafarrek eta bizkaitarrek ezer egin zutenik “elkarren akordioz” baina, tira, bertan zegoen zorioneko harmarria, “con cadenas como las de Navarra”, Javier Ybarra y Bergéren (Bilbo, 1913 - Barazar, 1977) iritziz.
Gaur egun Zornotza urrun samar dago Nafarroatik, eta zer esanik ez gero Aragoitik, baina ez ahaztu XI. mendean Bakioko Gaztelugatxe Doniene izen bereko Huescako San Juan de la Peñaren menpe zegoela. Izan ere, testu zaharretan Gastel-Ugach agertzen da, atxa alegia, ez gaiztoa. Garai hartako erregek eta jauntxoek San Juan de la Peñan nahi izaten zuten ehortzi eta hantxe hilobiratu zituzten Iñigo López Ezkerra naiararra eta Toda Ortiz aulestiarra, Bizkaiko jaun-andereak.
Behingoz
Heldu da eguna. Heldu beharreko eguna heldu da. Jean Haritschelharrek urtetan itxaro izan duen ekitaldia izan da gaur, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Bai, estreinako, Euskaltzaindiak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak elkarren arteko hitzarmena sinatu dute eta gaur, hain zuzen ere, Hegoaldeko zein Iparraldeko agintari politikoak elkarrekin bildu dira, lehen aldikoz, mugalde honetan.
Haritschelharrek ez omen zuen beste ametsik. Batetik, behingoz, Akitaniako eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko agintariak Bilbora etorri dira eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako zein Eusko Jaurlaritzaren ordezkariekin bildu. Espainiako Gobernuaren Ordezkaria ere bertan izan da. Bestetik, behingoz ere, Andres Urrutia Euskaltzaindiaren lehendakariak eta Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoarenak sinatu dute elkarren arteko lehen hitzarmena, non Iparraldeko erakunde publikoen babesa eta finantziazioa zehazten den.
Behingoz, beraz, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako agintariak, batetik, eta Baxenabarre, Lapurdi eta Zuberoako, bestetik, elkarrekin bildu dira mugalde honetan, bere egin dute euskara eta Euskaltzaindia bere erakundetzat hartu.

Jean Haritschelhar
Ezin egun aproposago eta gogoangarriago, halaber, Jean Haritschelharri zor zitzaion omenaldia egiteko. Ur bitsetan zegoen Baigorriko mutila eta, berak, esan bezala, heldu da Iparraldearen orena, eta “hona non den etorria, eskertzeko tenoria“.
Euskaltzaindiak, besteak beste, 750 orrialdeko liburukotea eskaini dio, Jean Haritschelharri omenaldia – Iker/21, non hogeita hamabosten bat adiskidek beste hainbat idazlan burutu duten haren gomutaz eta esker onez. Baita Remigio Mendibururen eskultura ere, "hainbat urtetan metatu lanaren" adierazgarri, Euskaltzaindiaren historian ez baita alferrik Haritschelhar akademiaren zuzendaritzan urterik gehien iraun duen euskaltzaina, 38 urte alegia.
Gonbidatuei liburu bana eman zaigu eta Euskaltzaindiak erosi berri duen Leizarragaren “Testamentu Berria“ (1571) bertatik bertara ikusteko –ikusi besterik ez-- aukera eskaini.
Arregik oraintxe erosiko luke
Balore-burtsak sekulako beherakada izan du. Adituek diotenez, ez omen da funtsean jaitsi merkatuak balio ez duelako, jendea izutu eta, badaezpada, saltzeari ekin diolako baino. FUD (Fear, Uncertainty and Doubt ) estrategia ote? Auskalo.
Zer ote lehenago, arrautza ala oiloa? Izuak dakar beherakada ala beherakadari dario izua? Batek daki baina, zer gerta ere, ez dugu sekula jakingo jendea bat-batean izutu ote den ala zenbaitek ahalegin bereziak egin dituen jendea beldurtzeko. Garbi dagoena zera da, gainbeherakada honek hauteskundeetan ari den eskuinari egiten diola mesede. Ipar Ameriketan bai omen. Baina, Ipar Ameriketan soil-soilik?
Zenbaitek uste baino hiritar gehiagok ditu bere aurrezkitxoak burtsan. Zer egin orain? Ni ez naiz inondik ere aditua eta, horretara, are gutxiago aholkularia, baina burtsan dirurik duten aurreztaile txikiei betidanik eman izan zaien oinarrizko mezua Loiolako San Inaziorena da: “Estualdian ez aldaketarik egin”. Beraz, geldi, lasai, iso, mendebala pasatu arte. Pasatuko da-eta, goiz nahiz berandu, berandu baino lehen behar bada, Ipar Ameriketako hauteskundeak amaitu ondoren edo, segurutik.
Dena den, egia da, bai, ez dela ezer saltzeko garaia, baina egia ere bada, dirurik izanez gero behintzat, orain dela inbertitzeko unerik egokiena. Juanito Arregi enpresari arabarrak esan ohi zuenez: “Merke danean erosi eta garesti danean saldu”.

Juan Arregi
Juan Arregi Garai zena (Aretxabaleta, 1907 – Gasteiz, 1999) ia laurogeita hamar urte zituela elkarrizketatu nuen nik, oraindik ere buru argi askoaz lanean ari zela. Don Juan aurreko mendean Arabak ezagutu zuen enpresaririk eragileenetakoa izan zen. Gure Juanito lau pasio handiren jabe izan omen zen: lana, ehiza, Alavesa eta emakumeak.
Gipuzkoako Aretxabaletan jaioa, Gasteiza joan zen gazterik eta hogeitaka enpresa sortu zituen bertan: Forjas Alavesas, Esmaltaciones San Ignacio, Acesa, Herramientas Arregui etab. Ez omen zuen sekula langileekin arazorik izan, bera “ugazaba aurretik bihargina izandakoa” zelako. Zertan ote zen bere arrakastaren giltza edo maratila galdetu nion behin eta apal asko erantzun: “Erreza, gauzak merke dagozenean erosi, eta garesti dagozenean saldu”. Eta ez da esaera hutsa. Gasteizen gremio guztiek zekiten Arregirenean makina-erosketak, eraberrikuntzak eta inbertsio handiak krisialdian egin ohi zirela, merkealdietan alegia.
Bost bider izan zen Deportivo Alaves-aren presidente, eta denetan kargutik aldegin izan zuen zorrak kitatu ostean. Azken aldiz, 1989tik 1998ra bitartean izan zen lehendakari. Hirugarren mailan hartu (2. B) eta lehen mailan utzi zuen talde zuri-urdina. Lehendakari fina ezezik, baita eskuzabala ere: Ibaiako entrenamendu-instalazioak berak Alavesari musu-truk emandako lur-sailetan eraiki ziren.
Ehiztari amorratua, safarizale handi izan genuen. Bere bizitzan zehar 102 elefante ehizatu omen zituen. Gaur egun San Mamesen dagoen lehoi disekatua ere Arregik berak hildakoa da eta Athletic-i opa izana.
Ohorea ohore
Batasunaren inguru-minguruak sarri leporatu izan dio Eusko Alderdi Jeltzaleari haren legez kanporatzea, baina atzo Auzitegi Gorenak Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knörren aurka erabakitako epaiak zer gogorarazi ematen digu.
Bai, egia da bai, era honetako erabaki hauekin espainiar Justiziak ondotxo frogatzen duela oraindik ere ez duela bere baitan trantsizio demokratikorik egin; egia den bezala nekez ukatu daitekeela zein neurri handitan politikak baldintzatzen duen justizia. Baina hau esan eta gero, gogoratu ere gogoratu behar da Auzitegi Gorenak ezin izango zuela inoiz hartutako erabakirik hartu, Diputatuen Kongresuak alderdiak legez kanporatzeko Legea onartu izan ez balu 2002ko maiatzaren 23an. PSOE eta PP alde, noski, eta Eusko Alderdi Jeltzalea, Ezker Batua eta Eusko Alkartasuna, kontra.
Orain gogoratzekoa ere bada, aipatu hiru alderdiek Eusko Legebiltzarrean (2002.09.12) proposatu zutela Alderdi Legearen kontrako helegitea aurkeztea eta ez zela proposamen hori onartu, PSE, PP eta... Batasuna bera kontra azaldu zirelako.
Batasunak, helegitea aurkeztearen kontrako botoa eman ezezik, legerik ez betetzeko eta “intsumiso” jokatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Hau da, Batasunak –ETAren beldur-- bere buruaren alde ezer eginez eta, hori bai, besteei zehatz asko esan zer egin beharko luketen eta zer ez. Are gehiago, zeharo harropuztuta, Arnaldo Otegik hitzez hitz orduan esan zuenez: "Es un honor estar fuera de la legalidad española". Bapo, ba ez gero ohore horri sekula etsi.
Ohorea ohore, tentaldi guztietarik erabat salbu dagoen ohore bakarra, Atutxa, Bilbao eta Knörren ohorea da. Bestalde, bost axola neri une honetan epaileen ustezko ohorea. Baina legea indarrean jarri zuten PSOE eta PP, “zenbat eta txartoago hobe” delakoaren apostua egin zuen ETA, eta sekula berak zer egin behar ez duen ez dakien Batasuna... ohorez behintzat, benetan urri.

Etorkinak
Etorkinak euskal gizartearen parte direnik ezin uka. Kalean, lanean, eskolan, administrazioaren egitasmoetan eta komunikabideetan ikusten eta entzuten ditugu etorkinak, egunero egunero. Badakigu zenbat diren, nondik datozen, zertan diharduten, gustura ote dauden etab.
Sekula ez da Euskadin, etorkinak direla-eta, honenbeste informazio izan. Frankismo-garaian etorritako kanpotarrak gertukoagoak izan arren, dezente informazio urriagoz etorri ziren. Demokraziak etorkinak hobeto hartzeko ere balio izan du.
Frankismoan etorritakoek Espainiatik Espainiarako bidea egin zuten eta inork ez zien kontrakorik esan. Orduan etorri zirenei ez zien inork euskal gizarterik zenik ere adierazi. Eta hemen ginenoi ez ziguten etorkin hitza aipatzerik ere utzi.
Oraingo etorkinek, ostera, jakin badakite bertako erakunde, kultura eta hizkuntzaren jabe den Herrira etorri direna, eta euskal gizarteak orain berrogeita hamar urte ez zituen tresnak ditu kanpotarrak hobeto barneratzeko, euskal zerbitzuak eta eskola publikoa tarteko.
Nabarmen, gainera, etorkin berriek gure artean eragingo duten terapia onuragarria. Oraingo etorkinei begiratuta, zalantza-izpirik ez gero, euren aurretik etorritakoak nekez izango direla gehiago kanpotar eta, beraz, zenbaitek hauteskundeetan astindu nahi izaten dituen maleten mamuak –bertakoen erruz sorterrira itzuli behar omen duten kanpotarren mamuak alegia-- zeharo zaharkituak geratuko dira behingoz.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.01.22

