Artxiboa 2008
- Abendua (7)
- Azaroa (6)
- Urria (13)
- Iraila (15)
- Abuztua (13)
- Uztaila (4)
- Ekaina (11)
- Maiatza (12)
- Apirila (13)
- Martxoa (15)
- Otsaila (19)
- Urtarrila (25)
Cluetrain Manifestua. Bai, baina
“Publicado originalmente en el año 2000, el mensaje de ‘El Manifiesto Cluetrain’ no sólo mantiene su vigencia, sino que el paso de los años y la evolución de Internet no has hecho más que confirmar la validez y acierto de sus planteamientos”. Excusatio non petita accusatio manifesta.
Rick Levine, Christopher Locke, Doc Searls eta David Wienberger saltzaile onak, burutsuak, eraberritzaileak, iaioak eta artezak dira segurutik, baina ez digute kontatzen non egon diren azken zortzi urteotan. Epe horretan Internetek urraspide handia jorratu du eta nik ez dut esango laurak maisu nabarmenak ez direnik, baina 2008ko Gabonetan posta elektronikoa, posta-zerrenda eta newsgroupen nondik norakoak azaltzea… Egileek unean uneko solasaldi elektronikoa aldarrikatzen dute (hortik kanpora jarraitzen duenak beste galaxiaren batean iraungo balu bezala) baina berariek orain dela zortzi urteko ahots berberaz datozkigu. Enpresa konbentzionala jota dago, marketinga kontu zaharra da, publizitateak ez du honez gero ezertarako balio eta hainbat burutan ideia zaharkituak baino ez daude. Baina les affaires sont les affaires eta orain dela zortzi urteko liburua saldu egin behar da.
Aldi berean egileen injenuitateak ez du mugarik. Nonbait Internet aurreko enpresa guztiak dira itxiak, agintzaileak, zurrunak eta bertikalak. Eta Interneten ondorengoak, ostera, irekiak, partekatzaileak, malguak eta horizontalak. Batez ere beraiek adierazitako aplikazioei jaramonik eginez gero. Horrez gainera, zenbait unetako injenuitate-puntua narzisismo huts bihurtzen zaie. Baita inor isekatzen amaitu ere: “Si dejamos a un lado el rollo financiero y el hablar corporativo…”
Azkenik, liburu-egiturak ere baditu hainbat aje, “el ocaso de la empresa convencional” iragartzen dutenengandik datorkigularik. Lau lagunen artean sei-zazpi kapitulu idaztea ez da, behar bada, modurik onena testuen arteko koherentziari eusteko eta premia gabeko errepikapenak ekiditzeko.
Honek ez du inondik ere esangura, ordea, liburuak merezi ez duenik. Los mercados son conversaciones izenburupeko laugarren kapituluak liburu osoa justifika lezake, besterik gabe. Baina hainbat pasarteren tonua ez zaio irakurle honi piperrik gustatu. "Cluetrain" (arrasto-trena) labaingarria nonbait: aldaketak iradokitzen hasi, probokaziotan segi, harrotu, norberak sinetsi, besteek ezer gutxi dakitela uste izan, l'enfant terriblearenak egiten jarraitu eta perspektiba galtzen amaitu.
Cluetrain Manifestuaren 95 tesietarik 77garrenak zera dio: ¿Estás tan ocupado "haciendo negocios" que no puedes contestar a nuestro correo electrónico? Caramba, lo sentimos. Volveremos en otro momento. Quizá. Eta 96garrena beste hau izan zitekeen: Esaten ari garenaz honen seguru bageunde, ez al ginateke apalago izan behar?

TechnoLatina
Doc Searls eta David Weinberger editoreek ‘merkatuak solasaldiak’ direla diote ('El Manifiesto Cluetrain'. Deusto, 2008) eta solas horien arriskuetako bat TechnoLatinez hitzegin nahia da. Alegia, txakur handiko hitz teknikoez baliatu beharra. Ez, jakina, ulergarriago azaltzeko, jantziago agertzeko baino.
TechnoLatinari esker, enpresek ez dituzte orain txipak, zirkuitoak, monitoreak edo telefonoak egiten, “soluzio irekiak”, “estandar eraberritzaileak”, “arkitektura-sistema integratzaileak” eta “telekomunikazio-zerbitzuak” baizik. TechnoLatina ez omen da erabiltzen argiago hitzegiteko, hizlaria zein jakituna den adierazteko eta beste maila (edo leinu) batekoa dela frogatzeko baino.
Dena den, Doc Searlsek esan bezala, berba arolez jardun behar hau ez omen da sektore teknologikoan soilik gertatzen. Sektore bakoitzak –sukaldariak, kirol kazetariak nahiz dekoratzaileak izan-- bere mordoilo-hizketa berezia omen du, TechnoLatinaren bereizkuntza den-dena teknologiaren arabera azaldu beharra bada ere. Hautatzen diren hitz guztiek sendoak, mardulak eta zehatzak ematen dute, baina funtsean ez dute ezer esangura.
Egileek hizjario honi “zumbido erróneo” deritzate, baina gurean Joxe Ramon Zubimendik (Jokaera-liburua. Sendoa, 1995) aspalditxo deitu zion “durundia” inork ulertzen ez dituen bost hogerleko hitzez jarduteari, euskal letretan 1970 hamarkadan zabaldu zen jokamoldearen arabera: “zenbat eta ulergaitzago hainbat eta jakitunago”.
Mende erdi lehenago Jean Hiriart-Urruty (Mintzaira, aurpegia: gizon! Jakin 1971) kazetariak salatu zuen ajea, besteak beste. Ez da, beraz, ahuntzaren gauerdiko eztula.
El Manifiesto Cluetrain. Eta bere 95 errezetak
Liburua esaldi bakarraz laburbiltzekotan, nik esaldi bikoitz hauxe aukeratuko nuke:
La televisión es el mejor medio jamás creado para la publicidad. La web es el mejor medio jamás creado para las ventas.
Lehen partea frogatua da dagoeneko. Bigarrena frogatu-nahia da liburuaren tesi nagusia.
Gaizkideak
Orain bi urteko abenduaren 30ean, ETAk lehergailua jarri zuen Barajasko aireportuan eta etorkin bi hil, suetena hautsi eta bake-prozesua hankaz gora bota.
Burruka armatua justifikatzen dutenek izan ezik, gainerako guztiek gaitzetsi zuten erasoa. Salbuespen nabarmen batez, Ahotsak emakume-taldeak ez zuen erasorik salatu.
Ahotsak taldeko emakumeen artean batzuek nahi izan zuten ETAren jarrera salatu eta beste batzuek, aldiz, ez. Neutraltasunaren izenean aho batez erabaki zuten erabakirik eza. Baina emaitza ez zen neutrala izan. Hartara, ETA gaitzetsi nahi ez zutenek irabazi zuten-eta.
Urte bi geroago, antzerako gertatu da Azpeitiko ANVren barruan, Iñaxio Uriaren erailketa salatzerako orduan eta, oraingoan ere, ETA gaitzetsi nahi izan ez dutenek irabazi dute, batasunaren izenean.
Beste horrenbeste Abiada Handiko Trenaren plataformaren baitan. Segurutik jende asko da mugimendu horretan burruka armatuaren kontra baina, batasunaren aitzakiaz, ez dute gaitzespenik egin nahi izan.
Abiada Handiko Trenaren kontra ausart eta sutsu agertu arren, ETAren aurrean horren otsein eta morroi azaltzeko gauza direnak behar bada trenaren aurka egongo dira, baina ez behintzat ETAren kontra. Eta euren jarrera zehatz argitzen ez duten artean konplize dira, gaizkide hutsak alegia.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008ko abenduaren 30ean.
Australia
'Australia' zinea baino ez da. Mick Jaggerrek esango lukeen bezala: “Zinea besterik ez da, baina gustatzen zait”. Eta neri, gustatu gustatu, filme honetako Nicole Kidman inoiz baino gehiago, sekuentziarik atzenenetik atzenenera batez ere. Matazaren barnean, berriz, hasi eta buka, Nullah.
Arrazakeriak edozenbat bertsio izan du historian zehar eta, nolabait esateko, 'zibilizatuenetakoa' Australian gertatu zen aurreko mendean, ehun mila ume aborigen senitartetik atera eta kristau-misiotara eraman baitzituzten zibilizazioaren izenean, gobernuaren aginduz, elizaren bendeinkazioaz eta australiar gizarte zuri osoaren jaramonik ezaz.
Bekatu kolektibo eta historiko hura zuritzera dator Australia filmea, gurean Gabonetan estreinatu eta, Nicole Kidman eta Hugh Jackman australiar bikotea tarteko, segurutik arrakasta galanta lortuko duena.
Australia pelikula arras epiko, erromantiko eta abertzalea da, Doctor Zhivago, Afrikako memoriak edo Bailando con lobos titulu ospetsuen ildotik. Baloreak dituen filmea. Balore moralak, etikoak, estetikoak, artistikoak eta sentimenduzkoak. Jakina, ez da saiakera filosofikoa, zine komertziala baizik; entretenigarria eta zirraragarria, hori bai.
Zenbaitek esango du filmea ez dela horren gai larriak behar lukeen bezain zorrotza. Ia hiru ordutan ez duela errudunik nabarmen salatzen. Gehiago dela borreroak lasaitzeko biktimak erridimitzeko baino. Behar bada, arrazoi du. Baina zinegintzan inork ez ditu ehun milioi euro gastatzen munduarekin haserretzeko, publikoa erakartzeko baino.
Bai. Australia zinea baino ez da. Mick Jaggerrek esango lukeen bezala: “Zinea besterik ez da, baina gustatzen zait”. Eta neri, gustatu gustatu, filme honetako Nicole Kidman inoiz baino gehiago, sekuentziarik atzenenetik atzenenera batez ere. Matazaren barnean, berriz, hasi eta buka, Nullah.
Doako autopistaren demagogia
Urtebete baino ez da oraindik, zenbaitek doako autopista aldarrikatzen zuena. Aurrerantzean, berriz, autopista ez direnak ere ordainduko omen ditugu. Albiste ona ala txarra ote?
Hainbatek uste du autopistarik ez kobratzea aurrerakoia dela. Nik alderantziz uste dut, ostera. Gaur eta hemen, doako autopista aldarrikatzea demagogia da eta dabilenari kobratzea, aldiz, egokia eta zuzena. Eta hau naizen honek esan dezake, hilero 3.000 kilometro autopistaz egiten duen honek alegia.
Nik ez dut honez gero seme-alabarik irakaskuntzan, baina gertu nago inoren seme-alaben irakaskuntza nere zergen bitartez ordaintzen laguntzeko.
Ni osasunez dezente ondo nabil, merke samarra natzaio Osakidetzari, baina prest nago nere zergez inoren osasunik ezaren gastuak arintzeko.
Baina nik 3.000 kilometro egiten ditut hilero euskal autopistetan zehar eta prest nago ordaintzen jarraitzeko. Hala ere, norbaitek autopista ordaindu nahi baldin badit, ez diot kontrakorik egingo. Eskerrik asko. Baina ez behintzat esan progresiaren izenean denik. Hori demagogia hutsa da.
Utikan gero konplejoak. Ongizate sozialaren izenean aldarrikatzen dizkiguten eskakizun guztiak ez dira sozialak, batere erantzukizun sozialik eta politikorik ez dutenen politikakeria baino.
Goiz kronika. Euskadi Irratia. 2008ko abenduaren 16an.

Enpresadun enpresariak
Euskal ekonomiaren sostengua enpresadun enpresariak dira, kapitala beraien enpresetan dutenak; eguneroko langintzan larre motzekoak direnak; finantza kanpolarrosek porrot egin dutenean ekoizpen-ekonomia errealaren konpontzailetzat nahi ditugunak. Telebistan ez baina, etxeko leihotik begiratu eta kale-bazterrean lagunartera joaten ikusi ditzakegunak. Dianan daudenak. Iñaxio Urialakoak.
Nekez suma nezakeen aurreko astelehenean –Kapitalistabako kapitalismoa deritzan minutu t´erdia burutzen ari nintzelarik--, egun koxkor biren bueltan gai berbera baina aldrebes, nolabait ahuspez, idazten amaituko nuenik. Hain zuzen, Iñaxio Uria bezalako enpresadunen enpresariei errotik zor zaien begiruneaz idazten.
Gure gizarte mediatiko eta globaldu honen ajeetako bat ezustean leihoz aldatzea da. Etxeko leihoa ireki eta bertatik bertara dugun kale-bazterrera begira jarri beharrean, sofan etzan, telebista isiotu eta aurrean dugun distira errealitaterik bakarra bailitzan irentsi. Segurutik, sasidenbora-tunelpetik datozkigun irudi distiratsu horiek ere egia dira, apokaliptikoek besterik uste izan arren, baina ez gero errealitate bakarra.
Munduan zehar kapitalistabako kapitalismoa nagusitzen ari dela egia izanik, egia ere bada euskal ekonomiaren sostengua enpresadun enpresariak direla, euren kapital guztia edo gehiena beraien enpresetan dutenak; burtsa-kontuetan batere maisu ez izan arren, eguneroko langintzan larre motzekoak direnak; finantza kanpolarrosek porrot egin dutenean ekoizpen-ekonomia errealaren eta hurbilaren konpontzailetzat nahi ditugun enpresariak. Telebistan ez baina, etxeko leihotik begiratu eta kale-bazterrean lagunartera joaten bertatik bertara ikusi ditzakegunak. Dianan daudenak. Iñaxio Urialakoak.

Kapitalistabako kapitalismoa
Finantza-krisiak kapitalismoaren kontrako kritikak suspertu ditu. Lotsagarriak benetan jende arrunta larru gorritan utzi duten finantzariek euren buruari jarritako soldata galantak. Baina, maltzurkeria hau, kapitalisten ondorio da ala kapitalistarik ezarena?
Bizpahiru mendetan sistema kapitalistaren prototipoa zera izan da: lanaren truke zenbait behargini soldata eskaintzen zion ugazabaren aberaspidea. Harreman honek betidanik sortu izan ditu edozenbat tentsio eta jokamolde kontrajarri baina ez da berau orainez gero gehien kezkatzen gaituena.
Kapitalista tradizionalak ez du behar bada beti jabegorik merezi izan eta ez du segurutik behar beste ordaindu, baina ez dio sekula bere buruari soldatarik blindatu. Hori egin beharra sentitu duena ez da ugazaba, jabea edo kapitalista, nagusi berria baizik: kapitalik gabeko buruzagia.
Eredu berri honek erakarri digu exekutiboen boterea, euren dirua arriskutan jartzeke inorenak bildu eta noraezean ipini dituzten kudeatzaileen txanda.
Sekulako paradoxa gero. Behar bada ez da inoiz aurretik izan gaur bezainbat aberats xume, ugazaba txiker eta ondaredun langilerik. Eta, aldi berean, sekula ez da gaur besteko dirutzarik izan kapitalaren jabe ez direnen agintepean. Kapitalistarik gabeko kapitalismoa, alegia.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008ko abenduaren 2an.

Konpetentziabako Konpetentzia Batzordea
Jakinekoa da Konpetentziaren Batzordea dela Europako Batasunaren kontrolatzailerik zorrotzenetakoa, Europako enpresen zein bezeroen eskubideak defenditzeko eta tokian tokiko Estatuek euren esparrupeko enpresei dirulaguntza berezirik eman ez diezaieten.
Euskal hiritarrok ondotxo asko entzun izan dugu harako Konpetentzia Batzordearen zorroztasunaz, euskal erakundeak sarri izan baitira salatuak, autonomia fiskalaren aitzakiaz euskal enpresei ezohiko dirulaguntzak emateagatik. Azken hogeitabost urteotako euskal fiskaltzaren historia handik eta hemendik jasotako salaketez josia dago.
Baina hona non, krisia dela eta, Europako Batasunaren zenbait Estatu hasi zaigun euren eremuko banketxeei dirua barra-barra ematen eta inork ez duen gero txintik ere esan. Batetik, petral jokatu duten bankuek dirutza publiko galanta jaso dute, zintzo asko portatu direnei beste horrenbeste eskaini ez zaien bitartean. Eta, bestetik, Estatu bakoitzak nahi izan duena egin du, Europako Batasunaren merkatu bateraturik inondik ere ez balego bezala. Aurrenengo erabakiaz, konpetentziaren ardatza hautsi da, enpresarik onenen lehiakortasuna zigortuz. Eta bigarren erabakiaz Europaren Batasunaren agintaritza kolokan jarri da, Konpetentzia Batzordeari erabat muzin eginez.
Izan ere, auskalo gero zer den nabarmenago: urtetan otsein huts izan diren gobernuek Konpetentzia Batzordeari orain egiten dioten jaramonik eza ala orain arteko Konpetentzia Batzorde ahalguztiduna isilik-misilik kaka-jaten mutu gelditzea.
Konpetentzia Batzordearen konpetentzia ere krisian nonbait.
Philip Lowe. Konpetentzia Batzordearen zuzendaria
Itxaropena ala hipokresia ote?
Espainiako Energia Batzordeak esan du argindarraren diru-zorra kitatzeko argiaren faktura ehunetik hogeita hamaika igo beharko dela. Gobernuak erantzun du, ostera, hori egitea astakeria hutsa litzatekeela. Behar bada, biek dute arrazoi. Segurutik astakeria litzateke, bai, argiaren tarifa horrenbeste igotzea, baina horrek ez du esangura gure zorra horrenbestekoa ez denik.
Argiaren fakturarekin pasatzen zaigu, uraren, zakarren edo kale-garbiketaren fakturekin gertatzen zaigunaren antzekoa: alegia, ez dugula kostatzen zaigun guztia ordaintzen. Hau da, egiazko kostuei ez ikusi egin eta gure ahalmenen gainetik bizi garela.
Auskalo zergatik ez dugun argia, ura, zakarrak edo kale-garbiketa kostatu bezainbat ordaintzen. Dena den, dirua barra-barra egon denean kostu-prezioa ordaintzeko gauza izan ez bagara, nekez ordainduko dugu, orain, krisialdian.
Ez dakit nik benetako gastuak ezkutatu behar hau zelan konponduko den baina, bitartean, ez dut nik uste argia, ura edo zakarrak behar baino gutxiago ordaintzea kontsumoa murrizteko edo pedagogia egiteko eskolarik onena denik.
Eta, ez ahaztu --argiaren fakturari dagokionez behintzat-- guk geuk geroko gerotan uzten dugun zorra, geure seme-alabei lagatzen diegun zuloa besterik ez dela. Zergatik ote? Gurea baino etorkizun aberatsagoa opa diegulako ala hipokrita samarrak garelako?
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008ko azaroaren 18an.

Karmelo Etxenagusiaren gutun bi
Berriketabako gizon ona, puritano samarra, zentzuduna, langile amorratua eta, zer gerta ere, beti laguntzeko gertu. Horrelakoa zen Karmelo Etxenagusia. Bizkaiko gotzain zela Iurretara joan izaten zen bere herriko abadeari ordezkotzak egitera. Arrate egunean Arraten bertan zela gaixotu eta hezurmuinetako “kokuak” eraman du ziztuan. Atzo arrastian agurtu genuen Begoñako Santutegian. Goian bego.
Karmelo Etxenagusiak eta biok hainbat gutun idatzi genion elkarri 1968ko udaberrian, martxotik uztailera bitartean hobeto esan. Ordurako argitara emana zuen Euskal Idazleen Lorategia Itz Lauz II (gipuzkeraz) delakoa eta nik hogeitaka ale saldu nizkion Eibarren, 40 peseta aleko. Lehenik banan-banan eskatuta eta azkenean, berriz, hogei ale batera, berak maiatzaren 14eko gutunean idatzi zidan moduan:
Ogei bialdu badeutsudaz, ez dau orrek esan gura dan-danok zabaldu bear dozuzanik: kanpaña ori amaitutakoan gelditzen jartsuzanak, neuk jasoko ditut barriro, ta kittu! Euki be ez daukadaz asko geiago, ta neure ikasleentzako be gorde bearko ditut, urrengo urterako. Ikusten dodanez, lan ederra darabizue esku artean Eibarren: ea Toribio’ ren (G.B.) utsunea zuetariko gazteen batzuk betetan dozuen…
Idazle giputzen antologia hau egin aurretik Etxenagusiak egina zuen idazle bizkaitarrena ere eta, hain zuzen, garai hartan ari zen biekin bat egin nahirik, 1969an argitara eman zuen Euskal Idazleen Lorategia ezaguna prestatzen alegia. Asmo horren berri eman zidan, urtebete lehenago, 1968ko uztailaren 11ko gutunean:
Egunokaz, emen diardut neure Antolojia biok barriren barri sakon aztertu ta bat egiñik argitara emoteko prest jartzen. Ermua´ko batzarrean auxe eskatu eusten, eta HEGOSA sortu-barri dogun Editorialak argitaratuko ei leukee onango liburu bat… Arin baten, gauzen batzuk zuzendu, beste batzuk moztu, ta, jakiña, barri batzuk sartu be egin bearko ditut, batez be leenengo egindako Lorategian (bizkaierazkoan). Ba daukat uda guztirako lan ederra! Ta… zertarako? Batzuetan poztu egiten gara, gure gauzak polito doiazala-ta; beste batzuetan, ostera, lanerako gogoa otzitu egiten jaku, erdalkeriak artzen duan indarra ikusita. Dana dala, guk geure aldetik aal doguntxua egin daigun, bai, ta besterik ez deuskue eskatuko.
Beste barriketa barik, agur bero bat. Ba dakizu non dozun adiskide eta lagun zintzo bat.
Karmelo Etxenagusia
Iurreta, 1932
Bilbo, 2008