Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2007 Abendua 30 Eskiula
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Eskiula

Udaletan eseki beharreko banderen eztabaida berpiztu eta Nafarroako ezein leku publikotan ikurrinik jartzerik ez dagoen artean, Zuberoa eta Biarno arteko mugan, Eskiulako Udaletxean, Euskadiko ikurrina ipiniko da gaur ere eta, Gabonak direnez gero, neonezko lauburuak kaleetan zehar zintzilikatuko. Albistea ez litzateke apartekoa izango Eskiula Euskal Herrian balego baina... ez dago. Eskiula da Euskal Herritik kanpoko udalerri euskaldun bakarra.

Hiru Erregeren Mahaia edo Auñamendi baino ekialderago, Eskiula Biarnon dago, Oloroetik zazpi kilometrora baino ez. Euskaltzaindiak 1998an egin zuen Zuberoako Herri Izendegia eta Eskiula sartu zuen tarteko, nahiz eta zehaztu Eskiula ez zela Zuberoa. Euskaltzaindiak esan zuen Eskiula ez zela Zuberoa, ez zen ostera ausartu Euskal Herria ez zenik esaten.

Biarnotarra denez gero, Eskiula ez da Iparraldeko Euskal Udal Kontseiluaren partaide, baina herri barruan sartu baino ez dago konturatzeko ez duela bere euskalduntasuna saltzeko. Sarreran bertan, frantsesez gainera, Esquiule, herri-izena euskaraz adierazten duen kartela, Eskiula,  euskal moldeetan idatzia.

Bestetik, Herriko Etxean, hiru ikurrinak, Europakoa, Frantziakoa zein Euskadikoa eta, eliza alboko hilerrian, euskal abizenak nagusi hilobietan, euskarazko “othoitzak” eta guzti, “gure ama maitiari” eta gainerako senideen “orhoitzapenetan”.

Ez da orain giro Eskiulan, ez behintzat udan besteko girorik. Abuztuko jaiak dira Eskiulako onenak, Baiona, Iruñea zein Oloroeko bisitariak biltzen ahalegintzen direnak.

Eskual jeiak mintzo direnian,

Eskula beti da aitzinian.

Egün ereinten dügün azia,

bihar date o giure frütia

Frantziar Iraultzaren ondotik eragindako kantonamendu-banaketa indarrean jarri zenean, Eskiula Biarnoko Aramits-en baitan geratu zen. Hala ere, 1796ko urtarrilaren 23an egin zen erreferendumean, eskiulatarrek --74 alde, 11 kontra-- Barkoxeko kantonamenduan sartzea eskatu zuten. Baina eskakizun hau ez du Estatu frantsesak sekula onetsi.

 

Amatiño 2007/12/30
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30
Arabako euskara Jaime, 2012/04/27