Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2007 Urtarrila

Artxiboa Urtarrila 2007

“Noiz” ote gauden...

Eta orain zer? Galdetzen du orok. Baina, erantzuteko, aurrenik jakin behar da non gauden. Nekez asmatuko dugu aurrerantzean zer egin ez badakigu orain non gauden edota “noiz” ote gauden.

Batasunak hitzegiten du abenduaren 29an balego bezala, 30ean ezer gertatu izan ez bailitzan. Barajasko “istripua” ahaztu, ez ikusi egin, eta jarrai dezagun aurrera, bake-prozesuak eta konponbideak merezi dutelakoan.

PPk uste du, ordea, abenduaren 30eko erasoak arrazoia eman diola eta, funtsean, ezer ez dela zazpi urteotan aldatu, Itun Antiterrorista eta ondoko Alderdien Legea indarrean jarri zirenetik alegia. PPk 2000 urtean dirau.

Gainerako alderdi guztiek, berriz, Anoetako agirira itzuli dira, 2004ko azarorarte. Bakegintza eta normalizazio politikoa bai, baina, Kongresoaren ebazpenaren ildotik, gatazka kaleetatik atera, indarkeriarik ez eta eztabaida politikoa alderdien eskutan baino ez bada uzten.

Nork ote arrazoia? Batasunak izan dezake, ETAk behingoz armak utzi eta burujabetza politikoa ematen badio. PPk, berriz, ETAk 2000 urteko sarraskiari ekiten badio. Eta gainerako alderdiek, ondoko sei-zazpi hilabeteetan Barajasen zapuztutako aukerari emeki-emeki berriro heltzen baldin bazaio.

amat 2007/01/31

Aitaren etxea defendituko

Berrogei mila lagun baino gehiago kaleratu ziren bart iluntzean Bilboko kaleetan zehar “Gure erakundeen alde“. Ez dakit zuzen ari ote naizen baina, esango nuke, azkenengo 30 urteotan ez dela sekula gure erakundeen aldeko manifestaziorik izan. Atzokoa, beraz, aurrena.

Adrian Celaya adituak esana da euskaldunok berezitasun nagusi bi ditugula: Euskara eta foruetan oinarritutako erakunde-sistema. Izan ere, euskara da, segurutik, Bidasoaz gaindi, Hegoaldea eta Iparraldearen arteko zubirik nagusiena. Eta, aldi berean, gure foru-sistema da Euskal Erkidegoa eta Nafarroaren arteko anaitasunari errotik heltzen diona.

Euskararen garrantziaz, teoriaz behintzat, dezente asko kezkatzen gara euskaldunok. Gure erakundeen balioaz ez gara, ostera, horrenbeste jabetzen. Honez gero, gure artean gehiago dira lehendakaria, jaurlaritza, legebiltzarrak, diputazioak eta gainerako erakundeak ume-umetatik ezagutu izan dituzten hiritarrak, batere horiek gabeko euskal gizarte zaharraz gogoratzen direnak baino, kontzertu ekonomikoa, euskal eskola publikoa, unibertsitatea, ertzaintza, euskal irrati telebista etab. betidanik hor egon izan balira bezala.

“Nire aitaren etxea defendituko dut” aldarrikatu zuen Gabriel Aresti poetak: “Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik”. Eta, gaurkoan, atzekoz aurrera esaterik ere badugu. Ze, hain zuzen ere, guk guztiok aitaren etxea defenditu beharra bai baitugu, askasiak zutik iraun dezan, gure herri-arima galdu ez dezagun eta gutariko inork, sekula gehiago, inor ez dezan hil.

amat 2007/01/30

Kapuscinski

Aurreko astean hil zen Ryszard Kapuscinski, larre motzeko eta lege zaharreko kazetari ospetsua. Bielorrusian jaioa (1932), Polonia zen garaietan, 18 urte baino ez zituen kazetari-lanetan hasi zenean, bigarren Mundu Gerra amaitu eta estalisnismoaren denboretan. Gerra-erreportari 1956etik aurrera, lehenik Indian, Pakistanen eta Afganistanen eta gero, berriz, Afrikan gehienbat, 1981 urterararte.

Ez zuen bere burua idazle sortzailetzat, kazetari biltzailetzat baino: “La división entre los escritores que encuentran su inspiración en sí mismos y los que deben ser inspirados por motivos externos. En mi caso, yo reflejo el mundo: tengo que ir al lugar de los hechos para poder escribir”. Bere libururik irakurrienak (“El emperador”, “El Sha”, “El Imperio” eta “Ebano”) ez dira fikzioa, Kapuscinski berak Etiopian, Iranen, Sobietar Batasunean edo Afrika beltzean bizi izandako gertakarien kontakizuna baizik.

Hala ere, kontakizun hutsez gainera, benetan irakurgarriak bere “zatikako” hausnarketak (Lapidarium) non, gure artean Andu Lertxundik landu izan duen fragmentazio-formulaz, denetariko gaiak eta arloak llabur bezain sakon miatu zituen.

Kazetaritzaz maitemindua, Kapuscinskik estu hartu zituen informazioa baldintzatzen omen duten elektronika (telebista), digitalizazioa (interneta) edo konzentrazioa (enpresa garauak), kazetariaren autonomia eskulotzen dutelakoan. Bere ustez, komunikabideek euren mundu birtuala sortzen dute, alegiazko irudiei errealitateari baino garrantzi gehiago emanez.

Haren ustez, kazetari ona izateko, pertsona ona izateaz gainera, hiru baldintzak bete behar omen dira: Lehena sakrifizioa, zer gerta ere egunero eta orduoro kazetari izan. Bigarrena ikasmina, bizitza guztian zehar ikasteko prest egon. Eta, hirugarrena, kazetaritza ez dela aberasteko lanbidea gogoan izan.

Ideologiaz, Kapuscinski txairo eta behartsuen kazetaria izan zen, herri txiki eta hizkuntza gutxiagotuena. Tokian tokiko eta bertatik bertarako bizitzaren aldarrikatzailea.

amat 2007/01/28

Tratu berezia

Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak dei egin dio Ibarretxe lehendakariari, Batasunaren burukideekin izandako bilerengatik kontuak eskatzeko.

Demokrazian, Justiziak eskubide guztia du edonori kargu hartzeko eta, zentzu honetan, Lehendakariari ez zaio batere tratamendu berezirik zor. Baina ez onerako eta... ezta txarrerako ere. Eta hain zuzen, honelakoa da Lehendakariari eskaintzen zaion tratu berezia... ez bere mesedetan, bere kaltetan baino.

Batetik, bistan da Lehendakariarekin atzo bertan bildu ziren Batasunaren burukideak kalean daudela, egunero lanera joaten direla eta lagunarteko bizimodua egiten dutela. Ez da ulergarri zergatik kalean libre dabilen jendea gaizkile bihurtzen den Ajuria Enera sartzen den une berean.

Begi bistakoa ere, Batasunaren burukideak egunero-egunero daudela komunikabideetan. Orain hurrengo, esaterako, Goiz Kronika honetan egon ziren. Ez da erraz ulertzekoa zergatik Lehendakariak ezin duen Otegirekin bildu eta Manu Etxezortuk, ostera, bai.

Are gehiago. Denok dakigu Otegi takean potean bildu izan dela Imazekin nahiz Lopezekin. Eta, dirudienez, Barajaskoak eztanda egin zuen momentuan ere Arnaldo Otegi eta Jexus Egiguren elkarrekin omen zeuden batzartuta. Baina, hala ere, Justiziari Lehendakaria estu hartzea baino ez zaio ardura. Beste guztiak, hor konpon marianton.

Zergatik ote? Ba, nik uste, Lehendakaria lehendakari delako, euskal erakunderik nagusienaren lehendakari. Kontu hartze guztiz sinbolikoa da. Euskadiko Auzitegi Gorenaren presidenteak, Fernando Ruiz Piñeiro jaunak, zera adierazi nahi dio Eusko Jaurlaritzari: “Os vais a enterar”. Ez gehiago eta ez gutxiago.

amat 2007/01/23

Norberak esan, norberak sinestu

Orain 25 urte, ETBren sorreran, zenbait on hutsek nahi izan genuen Iurretan ezarri ordurako Alemanian indarrean zegoen lan-egitura. Baina hemengo sindikaturen batek gogoratu zigun hau ez zela Alemania. Ez zigun esan, ordea, “hau” zer arrazio zen baina, badaezpada, hemengo molde zaharkitua zuen nahiago. Hemen denok omen gara superabertzaleak... besterik komeni zaigun arte.

Beti izan dut nere burua euskaltzale eta abertzaletzat, baina erdipurdikoa baino ez, nonbait, azken bolada honetako kanpolarrosen aldean. Euskalgintzan, seme-alabak ikastolara eraman baino egin ez duen jendea ikusten dut nik euskaltzaletasun klaseak ematen; aberrigintzan, bizpahiru manifestaziotara joan besterik egin ez dutenak entzuten ditut mortalak eta bi aldarrikatzen, eta Europako bataz besteko soldataren %150 irabazten duen hainbat antisistema agertu nahirik dabil sarri.

Segurutik gurea ez da gizarterik eskasena eta txaplatena, baina edozenbatek esaten duten eta egiten dutenaren arteko amildegiari erreparatuez gero... nabarmen behintzat zein iaioak garen gure burua behin eta berriz engainatzen. Norberak esan eta norberak sinestu.

Behar bada zaharregia naiz, estajanobista samarra eta balore ahituetan hazia eta hezia, baina nik ez dut nere inguruan zenbaitek aldarrikatzen duen gizarte iraultzailerik sumatzen, dezente hedonista baizik. Jendeak segurtasuna nahi du, ez du bere eguneroko bizitzan eta lanorduetan arriskurik nahi, eta lagunarteko hitz-jariotan baino ez da euskaltzale eta abertzale sutsu. Euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak frogarik, kontsumorik, ekintzarik behar izango ez balute bezala.

Erronka ekintzetan erakutsi behar da, ez hitzetan. Egin egin behar da. Gaurko askoren konpromisoa estetiko hutsa da. Zenbait kasutan baita etikoa ere, baina ez, ostera, transformatzailea. Utopiak eskatzen du hastapenetan sendo eta bitartekoetan malgu. Ez da kontserbadurismo handiagorik errealitatea ukatzea baino.

amat 2007/01/21

Atzerakada

Arabiar esaerak zera omen dio: “Jo egizu noizik behin emaztea. Berak jakingo du zergatik”. ETAk ere honelako zerbait esaten digu: “Guk lehergailuren bat jarriko dizuegu lantzean behin. Zuek jakingo duzue zergatik”.

Auskalo gero “Ahotsak” taldeak ba ote dakien zergatik senar arabiarrek emazteak jotzen dituzten, baina bistan da ez dakiela zergatik ETAk bonbak jartzen dizkigun. Ez du behintzat Barajasko erasoaz iritzirik eman nahi izan.

“Ahotsak” taldeko emakumeek erabaki dute ETA gaitzesteak euren arteko elkartasuna hausten duela eta, elkartasunaren mesedetan, hobe dutela isilik egon. Norbaitek esango balu bezala, hobe dela, elkartasunaren izenean, sexu-diskriminazioaz jarrerarik ez azaltzea. Danok elkarrekin, aho batez isilik, eta kitto.

Zenbaitek esango du ez dela, horratik, berdina. Emakumeek sufritzen duten diskriminazioa oinarrizko giza-eskubideen kontrakoa dela eta ETAren mehatxu armatua, ostera, eztabaida politikoa baino ez. Baina hori ez da erabat egia. Munduan zehar herri asko dira, kulturaren izenean, emakumea bigarren mailakotzat jotzen dutenak. Gu gara, europarrok, erabaki dugunok emakumeak eskubide guztien jabe direla; guk geuk, europarrok, erabaki dugu ez dagoela alderdikeriaren aitzakiaz inor hiltzerik. Erabaki biak dira gure zibilizazioaren fruitu.

“Ahotsak” taldeko emakumeen artean batzuek nahi zuten ETAren jarrera salatu eta beste batzuek, aldiz, nahiago isilik geratu. Neutraltasunaren izenean onartu dute erabakirik eza. Baina emaitza ez da neutrala. Erabakirik hartu nahi ez zutenek irabazi dute.

Eta neri atzerakada nabarmena iruditzen zait.

amat 2007/01/16

ETA, beranduko faxismoa

Ez da gero batere erraza jakitea zer pasatu ote zen ETAren buruzagien burutik, larunbateko manifestazioaren irudiak ikusita. Hainbat urtez “ETA Herria zurekin” pankartapean hazi eta hezitako organizazioari zer pentsa eman beharko lioke zahartzaroan “ETAri indarkeriaren amaiera exijitzen diogu” irakurri beharrak.

Tarteka-marteka ETAk plazaratu izaten dituen agirietan bada puntu bat etologoek inoiz baloratzen ez dutena, talde armatuak herritarrekin suspertu nahi izaten duen konplizitate eta atxikimenduarena, alegia: “Euskal herritarrei dei zabala egiten diegu... gure Herri eskubideen alde borroka egiteko”.

Ergela ez bada, honez gero ETAk konturatu behar izan du benetan gutxi direla jaramonik egiten dioten herritarrak. Eta horren estimu handitan omen duen lurraldetasuna zehaztuko badugu, Iparraldean inor ez, Nafarroan hutsaren hurrengoak eta Autonomia Erkidegoan lau katu baino ez. Beraz, ETAri geratzen zaion zalantza existentzial bakarra zera da: Batere jaramonik egiten ez dioten herritar horiek... ez daude Herri eskubideen alde borroka egiteko gertu... ala ez daude ETAren borroka armatuaz baliatzeko prest?

Ulergaitza, bai, ETAren eta bere jarraitzaileen eskizofrenia. Batetik sinetsi eta aldarrikatu izan dute euskal gizartearen antimilitarismoa eta, bestetik, militarismoaren mehatxupean oinarritu nahi dute euren estrategia. Batek daki zentzurik ote zukeen bortizkeriak 1960ko hamarkadan, baina ez da gaur egun indarkeriaren defentsa intelektuala egin dezakeenik inor geratzen.

Orain 50 urte, berandu samar beraz, heldu zen existentzialismo mugimendua Euskadira. Bada esaten duenik belaunaldi existentzialista haren fruituetako bat dela ETA. Auskalo gero, egia ote den edo ez, baina garai hartako existentzialismoak faxismotan amaitu behar zuenik nekez sumatu zezakeen orduan inork.

Gurean dena da, antza, berant samarra. Baita euskal faxismoa ere. ETAren faxismoa Francorena baino belaunaldi bat beranduago hasi eta amaituko da-eta.

amat 2007/01/14

Maite Barnetche

Ehundaka lagun bildu ginen larunbatean Miarritzen, Maite Barnetxe zenaren omenetan. Hegoaldean uste dugu euskarazko telebista Euskal Telebistarekin batera sortu zela. Baina ez da egia. Euskarazko telebista egiten aurrena Maite Barnetxe izan zen, ETB baino hamabi urte lehenago.

Maite Barnetxe Baxenabarreko Bidarrain jaio zen, ez urik eta ez argindarrik ez zuen baserrian. Neskatila zela Cóte Basque irrati frantsesean hasi zen idazkari. Euskaldun bakarra zenez gero, euskaraz hainbat minutu egin zezan eskatu zioten. Baita nora ezean hasi ere, bere etxekoaz kanpo bestelako euskararik, euskaldunik edota Euskal Herririk zenik ere jakiteke.

Hogeita hamar urte zituela telebistan aritzeko aukera eskaini zioten. Ondoko urteetan 300 dokumental moldatu zituen eta Iparraldeko aurpegirik ezagunena bihurtu. Denetik ikasi behar izan zuen, gidoigintzan, aurkezletzan eta edizio-lanetan. 1978an, Frantziako Telebista Publikoaren errealizatzaile-karnet ofiziala lortu zuen, Euskal Telebista sortu baino bost urte lehenago.

Maite minbiziaz hil zen, gazterik, 70eko hamarkadaren lekukotza bildu ostean: Etxegaray kardinala, Intxauspe politikoa eta Lafitte euskaltzaina; Labéguerie, Estitxu, Errobi, Etxart, Idirin eta Pantxoa eta Pello kantariak; Etxahun eta Landart antzerkigileak; Mattin eta Xalbador bertsolariak; Lantziri eta Dirassar kazetariak; Lartzabal, Etxezaharreta, Itzaina eta Kanblong eragileak... eta, horrez gainera, Francoren heriotza, merkatu batuaren eragina. ikastolen eta kooperatiben sorrera eta beste hainbat eta hainbat.

Maite Barnetxe, gure Maite xarmanta, izango da, beti, euskarazko telebistaren andregaia eta ama.

amat 2007/01/09

Mikel Atxaga bidegilea

Urte Berriarekin batera zutabe honek galdu du euskal kazetaritzaren dekanoaren partaidetza. Urte zaharrarekin batera Mikel Atxagak "agur eta adio" esan eta, 30 urte luzez hutsik egin gabe aritu ostean, ez duela gehiago zirrikitu honetan idatziko agindu digu. Zahartu samarra sentitzen dela, beti gauza beretsuak errepikatzen ari ote den susmoa duela eta ordua dela gazte jendeari lekua uzteko.

Mikel Atxaga (Urnieta, 1932) 1965etik aurrera euskal kazetaritzan koskortu ginen gazteon maisurik maisuena izan zen. Orduan ez bezala, segurutik milaka gazte izango dira gaur egun Atxagaren hutsunea betetzeko lain, baina nekez gero bat bera ere haren idaz-jario jatorraren eta gauzarik zailena modurik errazenean kontatzeko ahalmenaren jabe.

Atxaga sekula gehiago itzuliko ez diren garaien lekuko aparta dugu. Berak esan ohi duenez "errepublikanoa jaiotzez", Errepublikan jaioan alegia,baserritarren sindikatuaren biltegian aritutako apaiz langilea izan zen 1960eko hamarkadan, "Francok Elizari eman ohi zion soldata jaso nahi" ez zuelako. Apaiz izateari utzi ondoren, berriz, Zeruko Argia astekariaren zuzendari, argitaratu aurretik ale osoa zentsuratik pasatu behar izaten zen garaietan.

Zenbaitek besterik uste arren, Mikel Atxaga ez da inoiz euskaldun sutsua izan, euskaldun hutsa baizik. Bada gero alderik. Ez du sekula erdaraz idatzi beharrik sentitu eta, are gutxiago, tentaldi hori gainditu beharrik izan. Demokraziaren atarian ere, Felipe Gonzalezek Donostian emandako lehen prentsaurrekoan (1976), Mikelek euskaraz galdetu zuen. Eta, egia esan,erantzunak ez zuen galdera gaztelaniaz egin izan balio baino oihartzun gutxiago izan.

Mikel Atxaga orain 40 urte arnasberritu zen euskal kazetaritzaren bidegile isila dugu. Larre motzeko bidegilea. Ziurren ziurrenean jaioko dira bai berriak, baina Xabier Letek esan bezala, "izan zirelako gara", eta Mikel bera dugu gu guztion aita pontekoa.

amat 2007/01/07

Zaharra berri

Denok izaten ditugu denboraldi onak eta txarrak. Eta, egoera aldagarrien dantza honetan, ez dirudi Esaiten, Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldearen azken bolada onena izan denik.

Lehenik, Euskadi-Serbia partidoa zela-eta, Euskal Federazioaren kontra azaldu zen, babesa ukatuz eta boikota aldarrikatuz. Zenbaitek esango du Esaitek eskubide osoa duela nahi duen jarrera hartzeko. Bai, seguru baietz. Baina, hala ere, Euskal Federazioaren kontra egon arren, ez da gero batere normala Euskadiren garaipenaz ez poztea eta San Mamesen bildu ginen 30.000 lagunoi ez ikusi eta pasamisi egitea.. Euskadik lau eta huts irabazi... eta Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea mutu. Isilik-misilik¡

Beste horrenbeste ETAk Madrilen egindako atentatuaren inguruan. Isildu. Ezta txintik ere. Eta seguru gero entzuleren bat egongo dela pentsatzen: Baina... baina... zer dela-eta Esait bezalako kirol-elkarteari eskatu behar zaio iritzi politikotan sartzea?

Ba erantzuna erraza da. Strasburgoraino joan eta bakegintzaren alde Esaitek bere weborrialdean idatzi zuen arrazoi berberagatik. Zenbait egun lehenago presoen aldeko aldarrikapena egin zuen arrazoi berberagatik. Zergatik Strasburgoko pleno koskorra bai eta Madrilgo sarraski galanta ez? Zergatik presoen egoera bai eta ekuatorianoen bizitza ez?

Euskaldunon memoria historikoa apartekoa omen da. Baita, segurutik, zenbaiten amnesia ere, benetan historikoa.

Urte berri... zaharra berri.

amat 2007/01/02

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04