Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2006 Abuztua

Artxiboa Abuztua 2006

Txintxin, txintxin, diruaren hotsa

Orain 22 urte, 1984ko irailaren 7an, ostiral iluntzean, Josu Erguinek egin zuen produktoreak ordu horretan sekula egin behar ez duena: zuzendariaren bulegora joan agur esateko. Erguin sartu bezain laster, zuzendariak teletipoa irakurri zion: “TVE no ofrecerá la final de Flushing Meadows entre McEnroe y Lendl”. Eta ezarri: “Izango al genikek hau diferituan ematerik astelehenean?” Produktoreak galderaz erantzun: “Eta zergatik ez igandean, zuzenean?” Zuzendariak, berriz: “Zuzenean? Ba al zegok hori egiterik?” Eta produktoreak: “Zenbat diru daukak?”

Garai hartan dirua ez zen ETBren arazorik nagusiena eta, gainera, ez zen garestiegia ere izango, telebista bi besterik ez zeuden-eta merkatuan. Dena dela, igande hartan, 1984ko irailaren 9an, ETBk sekula egin duen lehen nazioarteko emanaldia eskaini zuen zuzenean. Geroztik merkatua aldatu da eta baita merkatu horren diru-eskabidea ere.

Edozein negoziotan da garrantzitsua dirua, baina egungo telebistan behintzat beharrezkoa zenbait emanaldi eskaini nahiez gero. 1983rarte TVE zen telebista bakarra eta berak zituen aukeran merkatuaren kirol-ekitaldi guztiak: futbola, saskibaloia, txirrindularitza, atletismoa, pelota, estropadak... liga, kopa, tourra, giroa, buelta, joko olinpikoak eta txapelketa denak. TVEk ez zuen behar beste ordurik eskaintza guzti hura emateko. Eta dena erdi prezioan edo kobratzen. Gezurra dirudien arren, TVEk kobratu egiten zuen pelota-finala edo Donostiako estropadak emateagatik.

ETB aurrena izan zen TVEren monopolioa hausten. Lehenik, hondakinak urratu zizkion eta gero, gainerako telebista autonomikoen laguntzaz, baita lehian irabazi ere. ETB gai izan zen telebista pribatuen tirakadari eusteko baina plataforma digitalekin batera orain arteko oreka aldatu da eta beste ziklo bati hasiera eman: lehen mailako futbolbako ETB.

Lehen mailako futbola ETB1z zuzenean eman ahal izana euskararen prestijio sozialtzat hartu zen. Ez dirudi oraingo eman ezinak prestijio hori auzitan jarri duenik. Normalkuntzaren ezaugarri ote?

amat 2006/08/29

Kitxuak, siuxak eta autoktonoak

Abuztuaren 15ean, Andre Mari eguna, jaiegun handia Donostian. Jendetza ikaragarria, bazter guztiak gainezka, arratsalde erdian milaka lagun alde batera eta bestera, jira eta buelta, Boulevardean zehar.

Han-hemenka, kale-ekitaldiak, zein baino zein exotikoagoak. Kursaaleko zubiaren inguruan hiruzpalau beltz danbor joka; Bretxako azokaren parean siux musika-taldea, lumadun gandor eta guzti; harantzago bikote eslaviarra txirulaz eta bibolinaz; erdi-gunean dozena bat kitxua ator loretsuz jantzita. Bertatik bertara, artistaren bat lurrean makurtuta, koloretako irudiak margotzen; aldamenean plantatutako sasipelukerian, emakume galanta neskatila gazteari ilea kizkurtzen; eta, alboan, txinarra lepoko mina arintzeko masajeak eskaintzen.

San Jeronimo kalearen pareko kioskoan, berriz, musika-banda eta, tradiziorik onenari eutsiz, ehundaka entzule jezarrita, adi-adi, munduan beste ezer garrantzitsuagorik ez balego bezala. Hala ere, inguruko bankuetan, nor bere kautan, ume zaratatsuak ugari, atso zaharrak ez gutxiago eta, lantzean behin, gazte-jendea, elkar zirrika. Aldi berean, kale-kantoian, ertzainen eta Segiko jarratzaileen arteko ika-mika partikularra.

Ustekabean, tiro-hotsa. Segikoek San Jeronimo kalean zehar hanka egiten dute eta nik behintzat besterik itxaro arren, Boulevard masifikatu hartan inor ez da izutzen. Siuxak, kitxuak, eslaviarrak, musika-banda, ume zaratasuak, agure zaharrak, gazte zirrizaleak... inor ez da gero mugitzen. Are gehiago, turista jendea “beltzen” atzekaldean jarri eta, argazki-kamerak buru gainetik jasota, hango kea eta abarra digitaltzen ahalegintzen dira, tipismoak aukerarik galtzerik merezi ez duelakoan.

Surrealismo hutsa? Ala nostalgia besterik ez? Tradizioaren, iraultzaren edo lehen amodioaren nostalgia... Berdin dio. Gizartea aldatzen ari denik ezin uka, zenbaiten komunikatuek lehengo lepotik jarraitzen duten arren. Xabier Leteren habanera: “Antillak zintzilik daude, argazkien paretetan”.

amat 2006/08/19

Atleta fantasma, Europan txapeldun

Goteborg. Europako Atletismo Txapelketa. Keskilaso finlandiarra bizkorrena izan zen 3.000 metro oztopoen finalean eta, helmugara aurrena heldu zenez, urrezko domina irabazi zuen, TVEk espainiarrak irabaztea itxaro arren. Esatariak, haserre asko, bota zuen: “Ha ganado un fantasma”.

Ez dakit nor den Keskilaso jauna baina segurutik Finlandiako telebistak etxeko izango du, hango zaleak poztu dira eta inork ez du zalantzan irabazterik merezi zuenik, merituren bat egin baitzuen finalera heltzeko. Baina, TVEren iritziz, fantasma hutsa.

EiTBko administrazio kontseilariren batek salatu zuen behin, ETB1en albistegiei “hizkuntza-abertzalekeria” zeriela, euskararen aitzakiaz bigarren mailako lekukoei ematen zielako hitza. Baina euskara gaixoari ezezik, gaztelania handikiari ere beste horrenbeste gertatzen zaio Estatu Batuetako telebista hispanoetan. Izan ere, kate hispanoen aurrenengo irizpidea gaztelaniaz informatzea da, ETB1ena euskaraz egitea den bezala. Informazioa gaztelaniaz nahi duenak badu beste hainbat eskaintza euskal merkatuan, ingelesez nahi duenari aukerarik falta ez zaion bezala Kalifornian.

Euskara estu-mestu hartu eta ETB1en lehentasuna ematea abertzalekeriatzat joten duten kritikatzaileek normaltzat dute, ostera, TVEk behin eta berriz eskaini ohi duen kirol-informazio partzial eta populistaren setakeria, eta atzo amaitu zen Atletismo Txapelketaren emanaldia azken adibidea baino ez da izan.

Ulergarri da atleta espainiarren emaitzak nabarmendu nahia, baina ez da zentzuzkoa espainiar atleten galerak eta negar-zotinak albiste bihurtzea eta, bitartean, Europako atleta txapeldunen merituak eta irudiak ezkutatzea. Europa ez da beste galaxia bat. Ezta atzerria ere.

ETBk inoiz horrelakorik egingo balu Andalusiako atleta irabazleekin, euskal atleta galtzaileen mesedetan, seguru gero Madrilgo prentsak sekulako kritikak astinduko lituzkeela eta administrazio kontseilari presturen batek kexua azalduko.

amat 2006/08/13

La historia (no) me absolverá

Kubak ezagutzerik merezi ote duen galdetzen didatenei baietz erantzun ohi diet. Baina ez polita, merkea edo sexuala delako, geratzen zaigun turismo politikorik interesgarrienetakoa delako baizik. Berandu baino lehen Fidel Castro hil egingo da eta nekez iraungo du Castrorik gabeko castrismorik.

Castrismoak etsai amorratuak bezain defendatzaile sutsuak ditu. Batzuoi zein besteoi ez zaie arrazoirik falta. Munduan ezer gutxi da zuri-zuria edo beltz-beltza. Ugariena grisa omen eta Kuba ere grisa da, bere ozkarbi argi eta hodei ilun galantekin. Munduan denetariko egoerak daude eta ez dago guztiak Europako demokrazia aberatsaren ikuspegitik aztertzerik.

Europatik ikusita Kuba ez da behar bada sistemarik eredugarriena, baina egia ere bada Karibeko herrialderik gehienekin alderatuez gero dezente eredugarria dela. Eta bertako politika –edo politikarik eza-- kritikatzen denbora galdu beharrean, komeni ere komeni da Habanako Iraultza Kubatarraren museoa bisitatzea hainbat jarreraren nondik norakoa hobeto ulertu ahal izateko.

Baina, aldi berean, komenigarri ere bada gogoratzea Castro, Che Guevara, Cienfuegos, Hechevarria eta beste hainbat armetan jaiki zirela Batistaren kolpe militarraren aurka eta, irabazi arren, ez zirela gero agindu zuten demokrazia indarrean jartzeko gauza izan. Segurutik 1959ko Kuba “Ameriketako putetxea” zen, Batista kapitalistaren erruz. Baina, ia 50 urte geroago, Kuba hainbat europarren sexu-azoka da, Castro marxistaren lotsaz.

Ametsak amets dira dirauten bitartean baina, jira eta buelta, ezer ez da luzera konpontzen gizarteari ondarerik oinarrizkoena ukatzen baldin bazaio, alegia: Askatasuna. Izan ere, Batistarekin zein Castrorekin, Kubak ez du azken sei hamarkadotan hauteskunderik ezagutu. Batistaren diktadura militarrak Castro atxilotu zuen 1953an. Eta 27 urteko iraultzaile gazte harek bere aldarria jakinerazi zuen orduan: “La historia me absolverá”. Ba... ez, historia demokratikoak ez behintzat.

amat 2006/08/06

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04