Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2006 Urtarrila

Artxiboa Urtarrila 2006

"El olvido de un Reyno"

Iruñeko Baluarten aurreko ostegunean irekitako “La edad de un Reyno” erakusketak merezi du bisita, bisitariak aldez aurretik itxaro lezakeenik aurkituko ez badu ere. Ikusiko du, bai, estetika eta teknika berriko agerraldi zoragarria --baita beste behin nekez topatu ahal izango dituen 250 inguru artelan, liburu eta agiriren bilduma ere-- baina ezer gutxi, ostera, guzti horren atzekaldean daudekeen gertakariez.

Erakusketak Nafarroaren historiaren bizpahiru mende laburbiltzen ditu, Aritza dinastia ostean sortu zen Ximeno dinastiarekin hasi (Antso I.a Gartzes, 905-928) eta Nafar dinastiarekin amaitu (Antso VII.a Azkarra, 1194-1234), Antso III.a Nagusiaren (1004-1035) eragina eta emaitza azpimarratuz batez ere.

Historia askorik ezagutzen ez duenak ere jakin badaki XI. eta XII. mendeak zein garrantzitsuak izan ziren Euskal Herriko historia erabakitzerako orduan eta, zentzu honetan, ezin nabarmenago Nafarroako Gobernuak pasa-misi egin nahi izan diela komenigarri iruditu ez zaizkion gaiei.

Zenbaitek esan dezake erakusketak ez duela politika helburutzat, kultura baino; baina, esanak esan, ezin gero ulertu nola arraio ez den aipatu ere egiten 1167ko agiria, non Iruñeko Gotzainak euskara “lingua nauarrorum” gisa adierazi zuen. Auskalo politikakeria ote litzatekeen gogoratzea, baina ez behintzat ahaztea baino gehiago.

Era berean, ez diogu erakusketari Nafarroaren euskal jatorririk behin eta berriz aldarrikatzea eskatuko, baina lotsagarri samarra ere bada behin ere ez gogoratzea, “hispaniar” atxikimendua minutuoro oroitarazten den bitartean sarrerako bideoan eta Miguel Sanz presidenteak, berriz, bost aldiz bere hitzaurrean aipatu... Menéndez Pidalen iritziaren kontra, hain zuzen ere.

Umekeria samarra ere, azkenik, Nafarroako kateen jatorria Navas de Tolosako batailan kokatu nahia, honez gero kontu jakina baita kateok bataila hori gertatu aurreko armarrietan agertzen direna. Gauza bat da mitoak ez uxatzea eta beste bat, berriz, erakusketa ofizial batez, premiarik gabe, indartu nahi izatea.

amat 2006/01/29

Euskadi eta Katalunia

Auskalo gero Katalunian gertatzen ari dena adierazgarri ote den euskal aldarrien aukerabideak aztertzeko orduan baina, zer gerta ere, badirudi espainiar gizarteak errazago uler dezakeela Euskadiren salbuespena Kataluniarena baino.

Historiaz, Konstituzio espainiarrak onartzen du euskal arazoa, Kataluniarena ez bezala, Konstituzioa bera baino 139 urte lehenagokoa dela. Eta, hala ere, sinbologiaz, euskal ikurrak ez dira espainiar memorian agertzen, Katalunia eta Gaztelarenak Estatuaren sortze berean agertzen diren artean.

Soziologiaz, espainiarrek sumatzen dute euskal bakantasuna. Turismo-azterketek adierazi bezala, Euskadi esotiko samarra da, “un País dentro de otro País” alegia. Hizkuntzaz, berriz, espainiarrek katalanei baino errezago ulertzen digute euskaldunoi, besteak beste gaztelaniaz hitzegiten diegulako.

Finantziazioaz, jakin nahi duenak badaki arabarrek eta nafarrek ez diotela inoiz Estatuari zergarik zuzenean ordaindu eta bizkaitarrek zein giputzek Francoren diktadurapean baino ez. Espainiako Erresumak ez du sekula euskal zergarik zuzenean bildu eta ahaztu egin zaizkio, ostera, Katalunian biltzen ez zituen garaiak.

amat 2006/01/22

Larre motzekoak

Bi hilabete eskasean euskalgintzaren hiru harribitxi joan zaizkigu harrapaladan: Juan Mari Lekuona, joan zen hilaren 5ean, Lurdes Iriondo, urte hondarreko 27an, eta Patxi Altuna, aurreko ostiralean. Hirurak polifazetiko samarrak izan arren, berba bakarraz laburtzekotan, Lekuona olerkaria izan zen, Iriondo kantaria eta Altuna filologoa. Eta hirurak, batez beste, larre motzekoak, urritasunean eta zailtasunean hazi eta hezitakoak alegia.

Juan Mari, Lurdes eta Patxi, hamar urteren bueltan belaunaldi beretsukoak izateaz gainera, giro eta andana berekoak izan ziren: kristauak, euskaltzaleak, militanteak, euren herriarekiko konpromisoaren jabeak, askatasun eta giza-eskubide aldarrikatzaileak, behargin amorratuak, ondo egindako lanaren artesau zorrotz eta sotilak.

Patxi, Lurdes eta Juan Mariren emaitza zehatzak liburu-apaletan, diskografian zein interneten aurkituko ditu irakurle zailduak baina, behar bada, ez du inon haien eskuzabaltasun eta emankortasunaren berri hain erraz topatuko. Nik neuk, hirurak ezagutu nituen neurri pittinean behintzat, esango nuke esan hobeak izan zirela ematen, eskatzen baino. Zorrotzoagoak euren buruarekin, inorenarekin baino.

Gaur egun nagusi diren hedonismoak, aseezinak eta gero eta gehiago nahiak besterik erakutsi arren, Lurdesek, Juan Marik eta Patxik asmatu zuten ezer gutxirekin zoriontsu izaten, bizitzari gehiegirik eskatu gabe ere bozkarioa aurkitzen, eta barne-lasaitasunari darion bat-bateko poz hori euren inguru-minguruan ereiten, barreiatzen eta sakabanatzen.

Euskaltzaindiak aurkituko ditu berandu baino lehen Juan Mari eta Patxiren aulkietan jarriko diren ordezko euskaltzainak, euskal kantagintzak urteak daramatza honez gero Lurdesik gabe ere, eta euskal literaturan, ikerkuntzan zein irakaskuntzan jaioko dira segurutik gure hiru adiskide eta maisuok bezainbateko lagun berri, jantzi, jakintsu eta prestuak. Baina berriro ere horren erraz jaioko ez direnak haien pareko larre motzekoak izango dira.

amat 2006/01/22

Irujo: el león navarro

El 25 aniversario del fallecimiento de un político de la talla de Manuel Irujo permite cuando menos tres reflexiones de distinto signo: la importancia del entorno familiar, el compromiso de toda una generación de políticos inigualables y el valor actual de su herencia ideológica.

Los docentes acostumbran a recordar que la educación de los jóvenes empieza veinte años antes de su nacimiento, subrayando con ello que la educación de los hijos tiene mucho que ver con la formación y disposición previa de los propios padres. En este sentido, el amueblamiento intelectual e ideológico de Manuel Irujo es un buen ejemplo del entorno que le vio nacer y crecer.

Baste recordar que Manuel Irujo fue hijo y nieto de personas comprometidas que fueron concejales de su pueblo natal, Lizarra/Estella. Hombres singulares, hasta el punto que el abuelo se negó a prestar juramento al rey y la Constitución y el padre fue el primer profesor laico de la Universidad de Deusto, además de abogado defensor de un joven en dificultades políticas como Sabino Arana. Tampoco es de pasar por alto que Manuel Irujo tuviera entre sus profesores a personajes como el filósofo Miguel Unamuno o el primer presidente de Euskaltzaindia, Resurrección María de Azkue. Con semejante entorno no es de extrañar que Irujo interviniera en el congreso fundacional de Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, ni que se granjeara una gran popularidad como político a raíz de su encendida defensa de los intereses de los agricultores navarros.

Manuel Irujo mamó el compromiso político que aprendió de sus mayores. Forma parte de las Juventudes Vascas de EAJ-PNV y, con apenas 28 años, se estrena como Diputado Foral de Navarra. El alzamiento militar del general Franco le coge, en 1936, como Diputado a Cortes por Gipuzkoa y asume la dirección de la Junta de Defensa guipuzcoana que se constituye en favor de la República y en contra del ejército golpista. Ese mismo año, por indicación expresa de Juan Ajuriaguerra, acepta el cargo de Ministro de la República a cambio de la aprobación del Estatuto de Autonomía.

Caracterizado por su profundo humanismo y defensor a ultranza de la dignidad del hombre, se opuso en todo momento al cumplimiento de las penas de muerte y dos años más tarde cesó como Ministro de Justicia por su posición contraria a los fusilamientos, aún en tiempo de guerra. Cuarenta años después se mostraría opuesto “al diálogo de las pistolas” y no paró hasta conseguir la amnistía para todos los represaliados por la dictadura.

Manuel Irujo participa, junto con José Antonio Agirre, Jesús María Leizaola, Javier Landaburu y tanto otros, de una generación de oro del nacionalismo vasco. Gente intelectualmente bien preparada, posibilista, con dedicación personal a prueba de guerras, exilios y penurias vitales, visión de auténticos estadistas y vocación internacional con gran perspectiva de futuro. Cualquiera de ellos, y el propio Irujo por supuesto, hubiera podido justificar por sí mismo toda una generación.

El ideario político de Irujo tiene hoy plena vigencia en democracia, con altas cotas de bienestar económico y dentro de la Unión Europea, a pesar de haber sido formulado hace ya décadas, en tiempo de dictadura, autarquía y al margen de la comunidad europea.

De formación cristiana, liberal y republicana, gustaba de utilizar el término de “democracia social” . Fue en todo momento contrario a estrategias de “todo o nada” que, a su juicio, “suele ser la fórmula para no hacer nada” y preconizó con ardor la convivencia de identidades. Europeísta convencido, reivindicó la participación de Euskadi en el concierto europeo en tiempos en los que el Estado español vivía de espaldas a Europa y apenas nadie hablaba de esos temas.

Poco amigo de conformarse con abrir el frasco de las esencias, tenía una concepción pragmática de la política: “Yo soy de esos nacionalistas que no se satisfacen con gritar Gora Euzkadi Askatuta, sino que procuro además que viva de veras, que reafirme su riqueza, y que pueda pensar en resolver sus problemas internos de trabajo, de progreso social, con base económica fija. Lo de contigo `pan y cebolla` será muy romántico pero yo quiero imaginar la Patria, además de libre, rica, con independencia económica puesta al servicio de su independencia espiritual”.

La biógrafa de Irujo, Arantzazu Amezaga, recoge en su recopilación los detalles en los que se desarrollaron, ahora hace 25 años en Estella, la misa-funeral y entierro de aquel viejo luchador de 90 años. Sus familiares, amigos, jelkides y pueblo de Estella rindieron homenaje al viejo león navarro. Sin demérito de nadie y sin menospreciar el valor del ritual humano, religioso y político del momento, fue de destacar la presencia de un hombre muy viejo y menudo, sabio como pocos y nada habituado a significarse públicamente: Don José Miguel Barandiaran. Todo un símbolo.

amat 2006/01/19

Burujabetza partekatua

Xabier Ezeizabarrenak (Donostia, 1970), Zuzenbide Doktorea eta EAJren zinegotzi Donostian, euskal arazoa zertan den aztertu du asteburu honetan Belfasteko Unibertsitatean, non Eskozia eta Ipar Irlandako egoerak zein Alemania, Austria eta Belgikako ereduak ere azaldu diren.

Hiru dira, Ezeizabarrenaren ustez, egungo euskal politikagintzan burujabetzari buruz azaltzen diren aldarriak. Lehena, orain arteko autonomia baino gehiago ukatzen duena eta, beraz, euskal lurraldeen eta Espainiaren artean ezelango burujabetza partekaturik onartzeko gertu ez dagoena. Bigarrena, euskal autogobernu gehiago aldarrikatu arren, burujabetza partekatua ontzat joten ez duena, burujabetza osokoa baino ezin delakoan izan. Hirugarrena, berriz, hainbat ordenamenduren arteko burujabetza partekatua gogoan duena, gero eta gehiago munduan zehar gertatzen ari omen den bidetik.

Ezeizabarrenaren iritziz, nazioarteko sistemari dagokionez, funtsean bi eredu nabarmen daude mendebaldean. Batetik, Ameriketako Estatu Batuen osoko burujabetza, gizabanakoen oinarrizko eskubideak hausteaz gainera Irakeko inbasioa edo Guantanamoko presondegiarenak bezalako esperientziak eragiten dituena. Eta, bestetik, Europako Batasunaren burujabetza, munduan zehar “europartzat” joten diren baloreak jagotearekin batera, baldintza eta muga guztien gainetik burujabetza partekatuaren gero eta adibide gehiago eskaintzen dituena.

Burujabetza partekaturen kontzeptu hau Ezeizabarrenak berak duela hiru urte Oxfordeko Unibertsitatean landu zuen eta orain argitara eman berri du (La ciaboga infinita). Gai berbera Daniel Innerarityk aztertzen du Bilboko Udalak 2002an saritutako saiakeran (La transformación de la política) eta hainbat hamarkada lehenago Manuel Irujok aurreratu zuen, Estatua aldarrikatzearen gainetik nazioa aldarrikatu beharra azpimarratu zuenean, Josu Legarretak (Desde el futuro. Nacionalismo es más democracia) gogoratu bezala.

amat 2006/01/15

Michel Labéguerie

Hogeita bortz urte joan dira Michel Labéguerie (1921-1980) hil zenetik eta zonbait ekitaldi eratu da Kanbon haren omenetan.

Gazte-gaztetandik EAJ-PNBri atxikia, Enbata taldearen sortzaileetakoa (1959) izan zen Ximun Aran, Piarres Larzabal, Jacques Abeberry, Jean-Louis Davant eta bertze lau lagunekin. Geroztik, Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakari (1960), euskal kanta berriaren aita (1961), diputatu kristau demokrata (1962-1967), “Itsasuko Agiri” (1963) abertzale sutsuaren sinatzaile, Pyrénées Atlantiques departamenduaren Kontseilari Nagusi (1964-1980), Kanboko auzapez (1965-1980) eta senatari zentrista (1969-1980)... bi hamarkadatan Iparraldeko politikari euskaltzalerik nagusiena izan zen.

Uztaritzen sortua eta arotzen seme, mediku-ikasketak egin zituen Bordelen eta doktoretza erdietsi. Unibertsitari zela, “Irrintzi” talde jeltzalearen partaide izan zen Eugène Goyhenetcherekin eta, diotenez, gerla ondoko PNBren “zerbitzu berezietan” iharduki zuen. ETAko errefuxiatuen lagungarri aritu zen 1960ko hamarkadaren hasieran, baina bortizkeria tarteko, giro harekin erabat hautsi zuen 1964tik aitzinat.

Labéguerieren erranetan, Iparraldea abertzale bilakatzeko beharrezko omen alderdi abertzale moderatua, “nationalisme” hitzak berak ere beldurra sortarazten duelakoan. Euskalduntasunaren eta euskaltzaletasunaren aldeko erronka azkarra egin zuen, baita Iparraldeko hautetsien biltzarra suspertarazi eta “Zazpiak bat” izeneko egitasmo politikoa proposatu ere, Hegoaldea eta Iparraldea elkarrekin bilduko lukeena Europaren baitan. Hegoaldeko Eusko Legebiltzarraren sortze-egunean Gernikan izan zen eta baita, 1979an, EAJ-PNBren Alderdi Egunean ere.

Erran gabe doa, politikari euskaltzale ezezik euskal kanta berriaren gurasoetakoa ere izan zela, Mikel Laboarekin batera. Labégueriek Georges Brassens (1921-1981) interpretea izan zuen oinarri eta Laboak, berriz, Kataluniako “nova canço” mugimenduaren ekarpena egin. 1960ko gazteriak ez ditu bizirik dirauneino ahantziko Labéguerieren “Gu gira Euskadiko”, “Haurtxo haurtxoa”, “Primaderako lilia”, “Zer duk nigarrez”, “Gure astoa balaan”, “Bakearen uxoa” eta bertze anitz.

Gizon argi, atsegin eta solaskide ona, Kanboko bere etxe-baita ireki zigun ardura.

amat 2006/01/09

Irujo, kriston tipoa gero

Larunbatean gorazarre egin zitzaion, Lizarran, Manuel Irujo Ollo jeltzaleari, hil zeneko 25. urtebetetzean. Nahiz eta gazteen artean gutxik jakin nor izan zen Irujo, berau dugu XX. mendeko euskal politikaririk handienetakoa.

Jaiotzez ere ezpal onekoa. Aitonak, Manuel Irujo Apalategi, Lizarragako zinegotzi karlista (1866) izan arren, muzin egin zion Erregetza eta Konstituzioaren alde zinegiteari. Daniel Irujo aita, berriz, Deustuko Unibertsitateak izandako lehen irakasle laikua (1886) eta Sabino Arana kartzelatik birritan libratu zuen legelaria.

Gure Manuel Irujok Bilbon egin zituen ikasketak eta, besteak beste, Unamuno eta Azkue izan zituen irakasle. Gaztetandik EAJri atxikia, Eusko Ikaskuntzaren sorreran parte hartu zuen Oñatin (1918) eta 30 urte besterik ez zituen Nafarroako Diputatu atera zenean; 1936an, altxamendu militarraren kontra Gipuzkoako Defentsa Juntaren lehendakari. Baita Errepublikaren Ministro ere, sozialistek Autonomia Estatutua onartzearen truke. Gerra aurretik (1933-1936) zein demokrazia berreskuratu ostean (1977-1981) Espainiako Gorteetan parlamentari izandako politikari bakarra.

Ideologiaz liberala, errepublikarra, abertzalea eta, giza-eskubideen defendatzaile amorratua, heriotza-zigorraren kontra, preso politikoak askatzearen alde eta pistolen menpeko elkarrizketaren aurka saiatu zen buru-belarri. Erabat aitzindaria orain pil-pilean dauden gaiak aurreratzeko orduan, etorkinen gizarteratzea, Europako Batasuna eta burujabetza partekatua kasu.

Dena ala ezer ez jokamoldearen etsai, ez zuen hitzen mitologiarik gustuko eta ogerleko berba handiak baino nahiago zituen funtsezko errealitate apalak: independentziaren ordez interdependentzia, balizko estatu politikoaren aurretik ekonomiazko eta izpirituzko askatasuna, eta inork aitortu beharreko nazioa baino batere konplejurik gabeko errejio europarra.

Hau guztia ez orain, XXI. mendean, duela mende erdi baizik, Francoren diktadurapean zein berrogei urte luze erbestean bizi beharra izan ostean...

amat 2006/01/08

Bueno ba, Urteberri on

Gero eta sarriago entzuten da han-hemenka “bueno” hitza euskaldunen artean. Ez da berria. Orain dela 24 urte inguru, ETB martxan jartzera etorri zen Herbie Eisner austriarra gure ohitura horretaz jabetu zen, ez baitzen alferrik euskaraz ari ginela ulertzen zigun hitz bakarrenetakoa. Geroztik, ohitura hori ez da batere murriztu, erabat gehitu baino.

Ez dago irratian edo telebistan edozein elkarrizketa entzun baino, behin eta berriz, etengabe gero, takian potian “bueno” esaten entzuteko. Azken bolada honetan minutuko zenbat “bueno” entzuten dudan kontatzeari ekin diot eta, kontatu beharraren beharrez, ez naiz elkarrizketaren nondik norakoaz jabetu ere egiten. Irakurleak joko horri ekin baino ez du. Nere errekorra erantzuneko zazpi “buenotan” dago.

Ulergarri edo barkagarri, gainera, euskaldunberrien artean edota hizketarako entrenatuak ez diren kirolari gazteen artean, baina guztiz lekuz kanpo irakasle, idazle, kazetari, euskaltzain edo politikarien artean behintzat. Dagoeneko auskalo gero zer soluzio duen gehiegikeria honek baina, jira eta buelta, horrenbeste “bueno”rekin adierazten dugun eskasia benetan arduratzekoa da.

Hala ere, ez da hitza bera erdaraz izana asaldagarriena, batere neurri eta premiarik gabe zein sarri erabiltzen dugun konturatzea baino. Gaztelaniaz (bueno), frantsesez (bon) eta ingelesez (well) ere behar baino sarriago erabili ohi da segurutik, baina ezta hurrik eman ere euskal erabilpenarekin alderatuz gero. Guk denetarako erabili ohi dugu, zer esanik ez dugunean batez ere, baina gezurra dirudien arren, baita zer esan dugunean ere.

Dena den, ezinbestean horrelako makuluren bat erabiltzekotan, gogoratu beharko euskaraz izan badela “bueno”ren hainbat pareko, antzerako edota ordezko. Besteak beste, tira, bapo, ondo, aski, eta?, hala ere, haatik, alabaina... Eta, gehienetan, batere ordezkorik gabe ere, nahikoa eta sobera.

Izan ere, Urteberri ona opa izateko... “bueno ba, Urteberri on” esan beharrik ba al dago? Benetan?

amat 2006/01/01

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04