Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Andoni Barbarin, Beriaingo zaindaria

Andoni Barbarin, Beriaingo zaindaria

Amatiño 2016/12/11 00:05
Andoni Barbarin lizarratarra 1313 aldiz, barrena, igo da Beriaingo gainera. Hobeto esan, zehatz, hilaren 4an. San Donato inguruan elkarrekin topo egin genuenean, 1313 igoaldi zeramatzan, bata bestearen ondoren. Geroztik, astebete igaro denez eta, azken bolada honetan, ia egunero igotzen ari denez gero ba… behar bada, honezkero, 1320ren bat bider edo.
Andoni Barbarin, Beriaingo zaindaria

Andoni Barbarin, aurreko igandean, Beriainen

Nago, Beriainen ezohiko edertasunaz bertatik bertara gozatzeko, ez dagoela mila aldiz goraino igo beharrik; baina uste dut, ordea, gutxienez behin joatea erabat gomendagarria dela. Leku gutxi gero, horren ederrak, etxetik hain gertu.

Unanutik (631 m.) gora, teoriaz, pare bat ordu pasatxotan egin daitekeen 4,5 km. inguruko igoaldia besterik ez den arren, praktikan, aldats benetan gogorra eta nekeza da, gaina hartu aurreko 400 metroak batez ere. Hala eta guztiz ere, astiro-astiro, emeki-emeki, ekin eta jarrai, 70 urteko adintsuak eta hamarreko neska-mutikoak igotzeko besteko harrizko horma garaua da. Are gehiago kontuan izanik, gaina hartu bezain laster amaitzen direla ordu arteko nekeak, larrialdiak, estuasunak, jarraitu-ezinak eta noizbaiteko damuak.

Etxarri-Aranaztik aurrez aurre ikusita, gailur zorrotza ematen duen arren, goiena lautada zelaitsua da. Ekialdeko muturrean, Donato eta Kaietano santuen ermita txukun asko zaindua, aterpe eta guztikoa, Pirinioetako mendilerro elurtsuetara begira. Sartaldean, Aizkorri aldera, ausartok katamarrean igo ohi duten Ihurbaingo tontor mitikoa. Iparraldera, ostera, Sakanaren gain-gainean, ikara eta bertigo latza sentitzeko besteko mila metroko amildegia (Huarte Arakil, 471 m. – Beriain, 1493 m.). Parapentez jauzi egiteko aparteko talaia.

Sekulako bistak. Gorbeia, Udalaitz eta Anboto, Bizkai aldean; Txindoki punta, Gipuzkoan; San Lorenzo, Errioxan; Moncayo, Zaragozan… Beriain munduaren erdi-erdian dago. Etxetik hiru ordutara. Andoni Barbarini goraintziak eman.

Soslaia

Beriango goienean (1.494 m.) dago San Donato eta San Kaietano ermita

NI

Gain-gainean, zelaia. Atzekaldean, Ihurbaingo tontorra eta, barrenean, Aizkorri. Argazkiaren ezkerraldean, Unanuko igoera. Eskuinaldean, Sakanako amildegia.

Aterpea

San Donato eta San Kaietano ermita barruko aterpea eta sutondoa. Garbi eta txukun.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: