Umiekin eta txakurrekin Berbetan
Euskaldun zaharrak topau ezinda zebizela esan zestenian ezin neban sinistu. Eta Kittok martxan ipini daben Berbetan proiektuan euskaldun barrixeri euskeria ahozkotasunian lantzeko aukeria eskaintzen jakue euskaldun zaharrekin tertulixak egiñaz.
Izena emondako euskaldun barrixendako berbalagun euskaldun zaharrak topau ezinda zebizela jakin nebanian, jo ta ma geratu nitzan. "Ez ete dago euskaldunik Eibarren?" pentsau neban, "Ez, ezin da izan". Pentsatzen jarri ta... biharbada euskaldun zahar batzuk euren euskeria txarra dala-ta halakuetan izena emoten lotsatu egingo ziala pentsau neban. Baiña ez.
Egunero urtetzen dot kalera, ta berihala konturatu nitzan zer dala-ta pasatzen zan hau fenomenuau. Kalian dabillenak badaki hango barri. "Hola, ¿qué tal te va? Aii... qué niña más bonita... Hola, maittia, ze, amatxokin ondo, ezta? Apapa zoiaz amatxokin? Ay, chica, cómo ha crecido, cómo ha pasado el tiempo... bla, bla, bla...".
Zer esan nahi doten honekin? Umiekin eta txakurrekin bakarrik euskeraz berba egitten dan herri honetan normala dala halakuak pasatzia. Jakiña, euskaldun zaharrok eguneko euskara-dosisa ume eta txakurrekin gastatzen dogu, eta ez jaku dosi hondarrik geratzen euskaldun barrixeri eskaintzeko.
Umieri euskera batuan?
Aspaldi hontan umieri euskara batuan berba egitteko joeria igarri dot neure inguruan "Eske gero ikastolan be horixe ikasiko dabe". Horixe da gure gerria.
Badihardugu Elkartia aurten hasi da ikastetxietan ze maillatan erabiltzen dan euskalkixa aztertzen. Ezkorra da emaitza, momentuz. Ez da hemengo arazua bakarrik, baiña, jakiña, euskerian egoeria be ez da bardiña herri danetan.
Azkoittiko neska-mutikuak grazia egitten deskue gero bertara juan ta sano-sano "Hi haiz arraixe" edo "Eman ingo'ñat!" esaten deskuenian. Ta esaten dogu: "Jo, honek bai salauak, zelan berba egitten daben!". Baiña horixe dalako euren herriko berbetia. Ta guria txarraua ete da, ba? Eurak bardiña esango leukie hona etorri eta Eibarko neska-mutikuak sano-sano "Etxata gustatzen" esango balebe. Baiña bildur gara gure seme-alabak ez ote daben euskara batua ikasiko.
Bai, bai, euskara batua ikastia inportantia da, baiña... ta gure betiko berbetia? Euskaldun barrixa dan nere ezaun bat euskaldundu eta gero Eibarko euskeria ikasten ibili zan EUSKALDUN OSO, benetako euskaldun sentitzeko. Eta euskaldun zaharrak gure seme-alabak euskaldun berri bihurtzen gabiz?
Azkenaldixan herri askotan bertako euskeria jasotzeko bekak etaratzen dihardue: Zarautzen, Beasainen... Euskalkixak gainbehera doiazela usainduko zeben, biharbada, eta berandu baiño lehen euren euskeria sikieran papelian jasota geratu dein nahiko dabe.
Ji tta Jau
Batentenbatek biharbada pentsauko jon indixuen hizkeran-edo nabillela. Baiña ez. Nere amak jiñon eurak "ji tta jau" egitten dabela berba. Eta halaxe egitten jone, gaiñera: jittunat, jaonaz, jatonaz...
Aste honetan Badihardugu Euskara Elkartiak laster kaleratuko dittun Oñatiko eta Eibarko aditz-tauleri errepasua emoten jardun jonat eta benetan penia emoten jestan zenbat aditz-forma laga doguzen atzera ikustiak! Halako aberastasuna eukitta dana galtzen laga? Ez, ba! Horregaittik egin jonat zutabe hau "ji tta jau", ixa galduan dagon berba-moldian, idazteko ahalegina. Gizonezkuok, parkatidazue; nokako formia aukeratu juat, nesken arteko moldia mutillena baiño askoz egoera txarraguan dagolako.
Lehengunian gaztetxo batek esan jestanan kuadrillan egin izan dabela hika jardutzeko ahalegina. Aupa! Hori seiñale ona don, gitxienaz batenbat arduratzen don oindiokan. Bajakiñat, bai. Gaztiondako ez don erreza dana hika egittia, sarrittan ez jonau jakitzen forma guztiak ondo erabiltzen eta. Baiña, ze? Ez gaittun ahaleginduko? Bape saiatu barik burua makurtu bihar jonau? Poliki-poliki hasiko gaittun, aditz-taulak hartu ta hikako adizki errezenak erabiltzen. Ez don hain zaila izango! Ez dozue uste hikako moldiak lagunarterako konfiantza-puntu bat emoten dabela? Gaztiok, zer dala-ta egin bihar dozue igual-igual berba irakasle, guraso edo lagunekin? Gure altxorra aprobetxau bihar jonau!
